Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2010ko martxuek 12,  OSTIRELA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Euskara »  Patxi Baztarrikari, pluraltasunaz-eta

 HIZKUNTZA ESKUBIDEAK

 EUSKARA

 ORRI HAU...

 

Itzuli euskara orrira

Patxi Baztarrikari, pluraltasunaz-eta

EnekoitzEsnaola |  2007/02/15  15:33

Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailean 2007an komunikabideen arloan, "euskarazko hedabideak sendotzen, garatzen eta normalizatzen laguntzeko" asmoz, 825.000 euroko hazkundea egongo da, eta horietatik 250.000 herri aldizkarientzat izango dira eta 75.000 tokiko telebistentzat. Ez dute beste atalen igoerarik zehaztu (baina amorratuta segitzen dute gaztelerazko egunkarien euskarazko gehigarriak laguntzeko...).

Hori dela kausa, Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordearen adierazpenak irakurri ditut gaur Berria egunkarian: herri aldizkariei "arreta berezia" eskaini nahi izan dietela, besteak beste "pluraltasunaren lekuko" direlako eta herritarrek gogoko duten hurbileko informazioa lantzen dutelako.

Uztarria herri aldizkariko taldeko kidea naiz hasieratik, 'Urola Kostako Hitza'-ko administrazio kontseiluko lehendakaria izan naiz hasieratik oraintsu arte, Bertako Hedabideetako eduki arduraduna izan naiz —Hitza denetan bazkide da Bertako— eta esan beharra dut: Hitza egunkariak ere pluraltasunaren lekuko dira —esaterako, Hitzetako irakurleen artean %90ek baino gehiagok diote egunkari pluralak direla— eta herri aldizkarien aldean askoz eragile desberdin gehiagoren iritzien eta albisteen berri jasotzen dute Hitzek, arrazoia sinplea baita: egunerokoak dira.

Hurbileko informazioaz ere esan beharra dut: Hitza egunkariek ere herritarrek gogoko duten hurbileko informazioa lantzen dute, herri aldizkariek baino gehiago, arrazoia sinplea baita: egunerokoak dira.

Herri aldizkariak pluralak dira eta hurbileko informazioa jasotzen dute. Bistan da. Baztarrikak ere esan du. Hitza egunkariek ere lan bera egiten dute, maiztasun handiagoarekin, egunerokoak direlako, baina Baztarrikak ez du Hitzen ekarpen hori aitortzen eta, proportzioan, 'Hitza'-k gutxiago laguntzen ditu. Datu bat: iaz herri aldizkariek %40 inguruko hazkundea izan zuten diru laguntzetan —ondo iruditzen zait— eta Hitzek %4 ingurukoa.

Baztarrikak esan du: "Sailburuordetzaren urte eta erdi honetako jarduna bi hitzetan laburbildu beharko banu, ekin eta egin erabiliko nituzke". Hitza egunkarien kasuan esango nuke: Baztarrikak ez dio haien lana aitortzeari ekin eta ez du haiek laguntzeko behar bezainbeste egin.

 

 

 

 

Erantzun artikulu honi

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak