Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko azaruek 21,  OSTIRELA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Blogak »  Xabier Gantzarain / Xabier Alday

Xabier Gantzarain / Xabier Alday

Izarrek argi ematen badute inork behar dituelako da?

 ARTXIBOA

 HARPIDETU

  • Jarioa: XML
  • Blog honetara harpidetu nahi? Mezu bat jasoko duzu zerbait idazten duenean. Sartu hemen zure e-posta:



    (rssfwd zerbitzuari esker)

     ORRI HAU...

     

    Gaia: pijoak

    ««Itzuli blog osora

    Arnasa hartzeko zirrikituak

    azpeitia azkotia pijoak paddle | Xabier Gantzarain / Xabier Alday |  2005/10/17  09:00

    Izugarria da bi herriak inoiz bat egin dezaketela pentsatzea ere. Aurrez antzeman ezina hortik sor litekeena. Galerak, nabarmenak: nortasuna esaterako. Esan ohi da azpetiarrak harroxkoak direla, eta azkoitiarrak berriz xanoak. Errealitatean, nik uste azkoitiarrak ez direla topikoak dioen bezain xanoak –ikusi besterik ez dago babes ofizialeko etxebizitzak lau kilometroren buruan zein adiera ezberdin duen- bai ordea azpeitiarrak handitasunari eta ugaritasunari abegikoak kalitateari baino. Alde horretatik begiratuta, baliteke batasunarekin Azpeitiak irabaziko duena, Azkoitiak galtzea.

    Bestalde ordea, beldurra ematen dit, bi herriak batuta nik ez dakit zenbat kultur-etxe, museo, auditorium, zinema, antzoki eta antzeko kultur-eraikin azal daitezkeen. Kosta egiten zait gurean hori guztiarentzat publikorik egon litekeen, eta dagoen apurra ez ote den arnasa hartzeko zirrikiturik gabe ere geratuko, Antxieta antzerki taldearekin  zoritxarrez gertatu moduan. Dispertsio-politikak honaino iritsi behar zuenik ere!

    Beldurtu egiten nau, etxean daukaguna zaintzen lagundu ez eta herriaren sarreran –edo irteeran- ez ote garen hondartza bat eraikitzen hasiko. Surfa baita, lagun, gure herriotako pasio izkutua. Parisen egiten omen dute, udan garaian, eta beharbada, Uztarriaren azken alean agertutakoak, ez dira fotomuntaiak, mezu subliminalak baino.

    Eta nola ez, Hitzak kezkatzen nau biziki. Maiatzetik abuztura bitartean, astean kaleratuko sei aleetatik, ozta-ozta laurek aurkitu dituzte bizi naizen eraikineko buzoiak. Oraingoa zaila bada, are nekosoagoa gertatuko zaie Hitzaren banatzaileei nire etxe xumeko buzoia aurkitzea, bi herriek bat egiten dutenean.

    Asko dira etorkizunak dakarren zalantzak. Eta horregatik zera proposatu nahi nikek: hurrena, C*** eta S******-rekin biltzen gaitukenean, Urrestilan geratu behar diagu, han baitzegok nire ustez, etorkizunaren giltzarria. Frontoiaren luze-zabal osoan jokatuko diagu pelotan eta Nuarbe edo Matxinbenta bidean, aurkituko diagu jan-edanaz non asebete.

    Guk, herriak maite ditugunok.

    P.D.: etorkizuneko gure herriaren izenarekin egin duan moduan, ausartuko hintzateke etorkizuneko gure herriaren agintariak nortzuk izan daitezkeen iragartzen?

    Lotura zuzena  |  8 erantzun. Azkena: ZIHARA | 2005-11-09 | 12:52

     

    Azpijoitia

    Bi herriak bat - pijoak - kirola | Xabier Gantzarain / Xabier Alday |  2005/10/13  13:34

    Aspaldiko kontuak dira, eta ahaztuta daude honezkero, baina gu gazte ginenean, pijoa hitza nonahi entzuten zen. Eta ez zen debaldekoa. Pijoa iraina zen, edo gutxiesteko modu bat, behintzat. Egia esan, adiera ezberdinak biltzen zituen hitzak, eta bakoitzak bere modura ulertzen bazuen ere, denok genekien zer eta zein ziren pijoak. Bakoitzak bere pijoak zeuzkan.

    Gerora galdetu izan dut han eta hemen hitz honi buruz, nola ulertzen zen eta zertarako erabiltzen zen jakin nahian, eta oso izan dira diferenteak jaso ditudan erantzunak (galdetutakoak ezagutzen zituen pijoen araberakoak, nik uste), baina sintesi ahalegin bat eginez, eta ñabardurak albo batera uzteko tentazioan eroriz, esan dezaket pijoa hitzak bi adiera nagusi zituela.

    Lehen adiera, diruz ondo zebilen familia bateko seme edo alaba esne-mamitan haziari atxikitzen zitzaion, beti nahi zuen guztia lortzen zuenari, eta hori lortzeko lanik edo ahaleginik egin beharrik ez zuenari; lehen adiera honek, gainera, mutil edo neska horrek beste guztiei gainetik begiratzen ziela ematen zuen aditzera, bazekiela ez zeukala (eta ez zuela izango) diru arazorik, eta larderiaz agertzen zela horren jakitun. Nik, klase ertaineko familia batean jaioa nintzelako edo, adiera honekin erabiltzen nuen.

    Bigarren adiera, benetan zena baino gehiago zela agertu nahi izaten zuenari atxikitzen zitzaion, esan zidatenez; dirurik izan ez eta hori ezkutatzeko bere diru guztiak arropa dotore eta garestietan xahutzen zituen arlotea zuen jomuga pijoa hitzak. Itxurakerian (Aupa Etxebeste!) oinarritutako bizimodua zeramanarentzat erabiltzen zen, beraz.

    Laburbilduz, Pijoak ziren pijoak eta pijoak izan nahi zutenak.

    Niretzat pijoen kirola izan da beti paddle-a, eta Aznarrena. Ez dakit, Neguriko nerabe aberatsek kristalezko kaioletan babestuta izerdia botatzeko asmatutako joko bat, langileen semeekin nahasian futbolean jolastu ez dezaten. Baina orain Azpeitian ere paddle-eko pista bat egin dutela ikusi dut. Azkoitian squash-eko pista eta pistina pribatua izango dituen urbanizazio bat egingo omen dute. Azpeitian jada bada pistina pribatudun etxerik…Hemendik urte batzuetara Azpeitiak eta Azkoitiak herri bakarra osatuko dutela esaten zen ez dakit zein Lurralde Antolamenduko Planean; etxebizitzak egingo direla Azkoitia eta Azpeitia artean, eta bi Udal (eta bi Udaletxe) izango diren arren, espazio bakarra, leku bakarra, herri bakarra izango dela. Oraingo martxan, izena jartzen ez da zaila egongo: Azpijoitia.

    Lotura zuzena  |  12 erantzun. Azkena: EEII | 2005-10-15 | 12:18

     

    uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
    Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
    Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
    Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
    Sareko Argia 2005 - Estatistikak

    Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
    Parte hartzeko arauak