Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko azaruek 21,  OSTIRELA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Blogak »  Xabier Gantzarain / Xabier Alday

Xabier Gantzarain / Xabier Alday

Izarrek argi ematen badute inork behar dituelako da?

 ARTXIBOA

 HARPIDETU

  • Jarioa: XML
  • Blog honetara harpidetu nahi? Mezu bat jasoko duzu zerbait idazten duenean. Sartu hemen zure e-posta:



    (rssfwd zerbitzuari esker)

     ORRI HAU...

     

    Gaia: ipuina

    ««Itzuli blog osora

    Arrate etarra

    ipuina palindromoa | Xabier Gantzarain / Xabier Alday |  2006/03/7  15:02

    Astelehenean, goizeko zazpiak eta laurdenetan arnasestuka jaitsi dituenean eskailerak, portaleko etxe-jabeen hurrengo bileran igogailua ipintzea erabakiko ote duten kezkak jo du lipar batez. Alokairua garestituko dioten beldur da, eta ez, ez zaio ahaztu oraindik... bere jatorriaren berri izatean, alokairua ukatu ziotela birritan. Eta ez zuela jakin laguntza eske nora jo.

    Enparantza ostean jasotzen ditu egunero furgonetak, sei lagun, ez dio berandu datorrenari itxaroten. Bertakoek baino seiehun euro irabazten dituzte; diruak ez du aberririk, are gutxiago ordutegia betetzen ez badute. Ez du ohikoa presa, baina hona iritsi zela sei hilabete igarota, urrats erabakiorra ematera ausartu da, euskaltegian izena emanez, gaueko txandan. Duela sei hilabetetik, atzerritarra da Euskal Herrian, eta ordudanik, atzerritarra bilakatu da betirako bere senideentzat. Ihes egitea ez omen datza soilik arazoak ukatzean, edo ataka larrietan soara urrutiratzean, batzuetan norabiderik gabe aurrera abiatzea, ihes egiteko modu bat besterik ez baita izaten; horrela dio aitak hilabetean behin etxera deitzen duenean, beharrezko harreman minimo horri eutsi nahian. Horrelakoetan isiltasuna izaten da erantzunik onena, eta besterik gabe, telefonoa eskegitzen du, hariaz bestaldean duenari ezer gehiago eransteko denborarik eman gabe.  Kazetaritza fakultatean ikasi zuen probetxuzko lezio bakarra da, isiltasunarekin erantzutea, paradoxa dirudien arren, azken hitzaz jabetzea, alegia, inoiz soberan gertatu ez eta gauza ttipien historia ere markatzen duen hartaz. Azkenaldian bizitzan zehar atzean utzitako irudiak gero eta sarriagotan etortzen zaizkio burura, esaterako fakultatean alferrik emandako lau urteak, ez baitu inoiz argitaratua izango den folio zuri baten aurrean esertzeko aukerarik izan, orri zuri xinple batek luzatutako desafio horri erantzuteko abagunea, aitzitik, azken hitza beti besteren esku gertatu da, bidezkoa izan ala ez, beti aurkitu du norbait isiltzera behartu duenik, ozenago oihu egin zezakeenik. “Konpromezua duk” zioten lanpostuak eskuratzen zituzten ikaskideek. Egia da, beti mantendu izan du tarte bat inguratzen duten gauza guztiekiko, hausnarketarako puntu bat. Norbere kriterioa, barne ahotsa. Independentzia. Maizegi izana da zenbaki bat: polikiroldegiko bazkide zenbakia, zentsu-nazionaleko zenbakia, liburutegiko bazkide zenbakia, autoen aldizkariko harpidedun zenbakia, pasaportearen zenbakia. Duela sei hilabetetik, betosko iluna izana da kalean gurutzatu zaizkion guztien bisaietan. Behingoz, bere kabutara erabaki nahi luke zertan zikindu eskuak, zertan inplikatu, zein konpromezu hartu. Zer aldarrikatu.

    Folio zuri bat aberria izan litekela bururatu zaio, aberririk ez duenarentzat. Folio zuri bat, ataju guztiak baino zubi laburragoa izan litekeela, helmugara iristeko. Alferrik xahu liteke, hitz joko eder eta palindromoekin, edo are alferrikako bihurtu, demagogiari eskegita, egia eta gezurraren gainetik epaile, hizki nagusiz idazten den Historiaren epaile.

    Egunkari eta aldizkarietako iritzi edo gutunen atalean parte hartzea du ezkutuko irrikia.  

    Okindegira sartu da, hiztegia eta joskerak osatzeko plangintza zehatza du.  Erlojuari begiratu dio, ezker-eskuin egunkariz betetako apala gainbegiratzearekin batera. “Españolistak” bururatu zaio, bila zebilenik aurkitu ezean. Esku hutsik irtetea otu zaio; okindegiko andreak, kutxatik txanpon bat atera du, eskalea bailitzan. Barre egin du, eszeptikoki, eta eskura zuen lehen alea hartu du.

    - Mikel –esan dio kopetilun begiratzen dion zerbitzariari-. Mikel Hernandez, andrea.

    Nor ez da ba inoiz, bere herrian bertan, atzerritarra gertatu.

    Nork ez ditu ba, bere etxean bertan aurkitu, etsairik okerrenak.

    Lotura zuzena  |  Erantzun

     

    uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
    Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
    Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
    Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
    Sareko Argia 2005 - Estatistikak

    Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
    Parte hartzeko arauak