Gaia: herriak
««Itzuli blog osora
Azpijoitia
Bi herriak bat - pijoak - kirola | Xabier Gantzarain / Xabier Alday |
2005/10/13
13:34
Aspaldiko kontuak dira, eta ahaztuta daude honezkero, baina gu gazte ginenean, pijoa hitza nonahi entzuten zen. Eta ez zen debaldekoa. Pijoa iraina zen, edo gutxiesteko modu bat, behintzat. Egia esan, adiera ezberdinak biltzen zituen hitzak, eta bakoitzak bere modura ulertzen bazuen ere, denok genekien zer eta zein ziren pijoak. Bakoitzak bere pijoak zeuzkan.
Gerora galdetu izan dut han eta hemen hitz honi buruz, nola ulertzen zen eta zertarako erabiltzen zen jakin nahian, eta oso izan dira diferenteak jaso ditudan erantzunak (galdetutakoak ezagutzen zituen pijoen araberakoak, nik uste), baina sintesi ahalegin bat eginez, eta ñabardurak albo batera uzteko tentazioan eroriz, esan dezaket pijoa hitzak bi adiera nagusi zituela.
Lehen adiera, diruz ondo zebilen familia bateko seme edo alaba esne-mamitan haziari atxikitzen zitzaion, beti nahi zuen guztia lortzen zuenari, eta hori lortzeko lanik edo ahaleginik egin beharrik ez zuenari; lehen adiera honek, gainera, mutil edo neska horrek beste guztiei gainetik begiratzen ziela ematen zuen aditzera, bazekiela ez zeukala (eta ez zuela izango) diru arazorik, eta larderiaz agertzen zela horren jakitun. Nik, klase ertaineko familia batean jaioa nintzelako edo, adiera honekin erabiltzen nuen.
Bigarren adiera, benetan zena baino gehiago zela agertu nahi izaten zuenari atxikitzen zitzaion, esan zidatenez; dirurik izan ez eta hori ezkutatzeko bere diru guztiak arropa dotore eta garestietan xahutzen zituen arlotea zuen jomuga pijoa hitzak. Itxurakerian (Aupa Etxebeste!) oinarritutako bizimodua zeramanarentzat erabiltzen zen, beraz.
Laburbilduz, Pijoak ziren pijoak eta pijoak izan nahi zutenak.
Niretzat pijoen kirola izan da beti paddle-a, eta Aznarrena. Ez dakit, Neguriko nerabe aberatsek kristalezko kaioletan babestuta izerdia botatzeko asmatutako joko bat, langileen semeekin nahasian futbolean jolastu ez dezaten. Baina orain Azpeitian ere paddle-eko pista bat egin dutela ikusi dut. Azkoitian squash-eko pista eta pistina pribatua izango dituen urbanizazio bat egingo omen dute. Azpeitian jada bada pistina pribatudun etxerik…Hemendik urte batzuetara Azpeitiak eta Azkoitiak herri bakarra osatuko dutela esaten zen ez dakit zein Lurralde Antolamenduko Planean; etxebizitzak egingo direla Azkoitia eta Azpeitia artean, eta bi Udal (eta bi Udaletxe) izango diren arren, espazio bakarra, leku bakarra, herri bakarra izango dela. Oraingo martxan, izena jartzen ez da zaila egongo: Azpijoitia.
Lotura zuzena |
12 erantzun. Azkena:
EEII | 2005-10-15 | 12:18