Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2010ko martxuek 20,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Blogak »  Xabier Gantzarain / Xabier Alday »  Graffitiak literatura dira...

Xabier Gantzarain / Xabier Alday

Izarrek argi ematen badute inork behar dituelako da?

 ARTXIBOA

 HARPIDETU

  • Jarioa: XML
  • Blog honetara harpidetu nahi? Mezu bat jasoko duzu zerbait idazten duenean. Sartu hemen zure e-posta:



    (rssfwd zerbitzuari esker)

     ORRI HAU...

     

    «« Itzuli blogera

    Graffitiak literatura dira...

    Anonimotasuna-Egunkariak | Xabier Gantzarain / Xabier Alday |  2005/12/5  07:55

    … zalantzarik gabe, eta ez diot Julio Cortazar-ek idatziriko ipuinarengatik.

    Errepasa dezagun: anonimotasunak partaidetza dakar interneten. Hein batetan uler dezaket, legez kanpoko orrialde bati buruz ariko bagina, baina, Garzon jaunak aurkakorik ez dioen bitartean, ez da hori gure kasua. Zertaz babesten gaitu orduan anonimotasunak? Partaide batek kritikak asimilatzen herri zaila dela Azpeitia zioen. Baliteke, baina ezin dezakegu ahantzi onerako edo txarrerako Azpeitia, eta kritikekiko bere eramanezina, guztion artean eraikia izan dela. Alegia, kritikak –batik bat txarrak direnean- irribartsu jasaten dituztenak desagertzeko zorian dagoen espezimena dela. Harrika akabatzen baititigu. Eta gure izaeraren alderdi hori aldatu nahi izanez gero, alferrik egongo garela beste norbaitek gure eginbeharrak bete zain. Ulertuko nuke anonimotasuna, orri honetan agertutakoak mundu mailan oihartzuna balute, baina euskararen abantail edo eragozpen, sinetsi iezaidazue, ez da hori kontua. Eta bestera, konta iezazkidazue astero euskaraz irakurtzen dituzuen ehundaka liburu horien berri. Uztarria.com-eko blogak errepasatu ostean, bertan parte hartzen dugun lagun guztiok bilduta, ez dugu zailtasun berezirik izango edozein asteburutan edonon afaltzeko lekua hartzen aurrez abisatu gabe. Alegia, gure iritziek ez dituztela hipotekak garestitu edo merkatzen.

    Biziki harritu nauen beste iritzi batek, anonimotasunaz baliatu beharra zuen, kazetaritza ez baizik eta administraritza ikasi zuelako. Tira, agian unibertsitate garaian neu erratuko nintzen gelaz, despistatu xamarra bainaiz, baina bost kurtsoak gainditu ostean, niri ere administraritza edo antzeko zerbaiten titulua eman zidaten. Nahi izanez gero galdetuko dut, bertan administraritza ipini ordez, kazetaritza idatzi nahi izan ote zuten, baina huraz geroztik, administraritzarekin zerikusia duten ogibidez bizi naiz, eta horrek ez nau nire izena ematera gaitzetsi orain artean. Eta berriro esango dizuet, blogetan, leku guztietan bezala, batzuk hobeto egiten dutela besteek baino, batzuk batuaz, beste batzuk azpeitiarrez. Neure testuetan akats bat baino gehiago ere aurkitu dut, eta ez nau, tximistaren batek zerua erdibituta bertan erraustu –ziur aski mereziko nuen arren-.

    Beste iritzi batek, interneteko partaidetza eta sariei buruz egin nuen aipamena azaltzeko eskatzen zidan. Tira, nik ezin dezaket burutik baztertu, agian “Ni Neu”, “49.”, “Asteasun Euria goitik behera jalgitzen da” goitizenek ez dagozkiola Fabiola Agirreri. Eta Fabiola Agirre berberak ez dituela beste 3 goitizen ibiltzen Goienkariako blogetan. Eta besterik gabe, herriko kultur koordinadoraren internet orriak herrian duen eragina neurtzean, bertara eginiko bisitek eta bertan iritzia zenbatek eman duten kontatuz atera lezakeela nolabaiteko estatistika. Eta antzeko ikerketetan oinarriturik, herriko kultur koordinadorak dituen baliabide apurrak esleitzean, webaren alde gogor apustu egitea erabaki dezakeela. Eta gurean, kulturak, rock and rollak bezala, diru askorik ematen ez duenez –arruntena, euren lanetatik irtendakoan, aisialdiari denbora kenduta orduz kanpo lana erruz egiten duten militanteez osatzen baitira kultur taldeak-, nik uste informazioa, euskara eta kulturarekiko horrelako lan itzela egin duen taldeak, bestelako erantzuna edo ausardia merezi zuela gure aldetik ezer askorik jaso gabe, hainbeste eman digutelako.

    Joxe Irazu Garmendia izatea Bernardo Atxagaren benetako izena ez zuela baldintzatzen bere literaturaren balioa, azaldu zen, anonimotasunaren defentsan, beste iritzi batean. Ados. Baina literatura eta blogak ez dira berdin. Literatura kontsumitzerakoan, ez naiz orohar Uztarria herri aldizkaria edo uztarria.com-eko albisteekiko dudan jakinmina edo aldartea. Literaturak bere funtzioa du, eta herri-mailako blog batek, beste batzuk. Eta ez dira berdinak. Edo ez lukete behar.

    Eta horretan nengoela, Diario Vascori buruz egon den solasaldiaren berri izan dut. Tira, azken bloga idatzi nuenean, ez nuen Francoren eskela zela eta orohar Diario Vascori buruz zeuden iritzien berri. Ez dut atsegin Francoren eskelarik edonon agertzerik, baina Diario Vascoren ideologia, ezaguna eta nirearengandik ezberdina izanik, nahiago dut zer irakurri aholkatzen xahutzea denbora eta ez, zer irakurri behar ez den aholkatzen. Badut teoria bat, eta zuzenduko nauzue oker banago, baina nire ustez Hitza Diario Vascori eskelek eta herrietako kronikek ematen dioten irakurlegoa euskarazko komunikabide batera igarotzeko apostua da. Eta nik uste, apustu hori bultzatu duten Egunkariako partaideek zein Hitza bertakoek ere, arretaz beha dutela komunikabideen inguruan dauden joerak, eta horrek, adibidez, Diario Vasco-k edo Marca-k edo El Pais-ek edo ABC-ek edo nik ez dakit nork erabiltzen dituen prozedurak aztertzea dakar, egunkari profesionala egingo bada. Eta ez zait gaizki iruditzen, alderantziz baino. Adibidez, hasera batean Egunkariak ez zituen gainontzeko egunkariek, Kultura edo Gizartea edo bien arteko anabasa den sailean, egunero argitaratzen dituzten bitxikeria friboloak argitaratzen. Eta beranduago bai. Eta horretan darrai Berriak ere. Produktuaren kalitateari, mesede baino kalte gehiago egiten dion arren, nire iritziz. Agian, ordea inork uste duena baino jende gehiagori, antzeko sailak irakurtzeko aukerak bultzatuko du Berria erostera; eta Berriaren arduradunek errazkeria horiek onartu behar izan dute konpententziari irakurleak kenduko badizkiote. Liburuak ez bezala, normalean, egunkariak irakurtzeko egiten baitira –saia zaitezte egongelako armairuetako apaletan egunkariak toles-toles kolekzionatzen-, argazkiaren azpikaldeko testuak behinik behin. Lanak daude osoki euskaraz dauden produktu bakarrak lehiakorrak bihurtzeko konpetentzia ohiko errazkerietan lokaztu aurretik.

    Are gehiago harritu nau ordea, Diario Vascoren aurka egiten zutenek, nola defendatzen zuten Gara. Euskara hutsez idatzia dagoelako ziur aski. Besteak beste, zenbaitetan irizpide falta izan du, Iparraldea edo Nafarroa Euskal Herritik at utzi dituenean. Baina ez, Diario Vasco gaitzetsi liteke baina Gara ez. Eta bi egunkarien artetik zein den onena argudiatzeko garaian, eztabaidak azaletik bada ere ukitu dituen, gauza asko adierazten dituzte gutaz, eta bakar bat ere ez jenduarrean, laudagarri aipatzeko modukoa.

    Eta honetan, Gantzarainek gose greba amaitu duela. Eta honako proposamenarekin datorrela: aski ez badira espetxeetan eta etxetik urrun dauden preso guztiekin, Euskal Herrian gauden bost indio euskaldunok ere geure buruen preso, ideia motz eta finkoetatik zirkinik egin gabe egon behar dugularik aski ez badira jada espetxeetan eta etxetik urrun dauden preso guztiekin, ahantz gaitezen Xabier Gantzarain eta Xabier Alday deitzen garela –inork ez badu bere iritzien jabe egin behar, zergatik izan behar dugu ba gutxiago?-, sor dezagun Xabier Gantzalday Berbi pertsonaia fiktizioa, eta utz diezaiogun, beste herrietan baino areago, soilik euskaldunok ditugun bekatu itsusiez, elkarren arteko ezinikusiez, ironiaz eta umorez barrenak askatzen. Anonimotasuna zilegi izango da, Uztarriari axola ez bazaio, irain edo ez-irainen zentsura ere ebatsi liteke. Azken finean, izena mihi puntan dudan idazle batek zioenez, ez da indiferentzia baino zigor krudelagorik. Axola zaizkigunekin, haserratu baigaitezke. Eta adiskidetu. Berriro haserratzeko.

    Baina arren, ez diezaidala inork esan zein egunkari irakurri beharko ez nukeen, azpeitiarra izan arren, neure kabuz hautatzen bai baitakit. Oraindik.

    Xabier Alday

     

     

    1.  iban - 2005-12-05 | 18:01
    Gaur eguerdian agerraldi interesgarria izan da Donostian. Jon Maiaren Riomundo liburua aurkezteko ekitaldia zen. Liburua, entzun dudanez, Euskal Herriaren aldeko borrokan konprometitutako etorkin baten istorioa kontatzen du –Txikiri eskainitakoa da liburua–. Asko izan ziren, jakina denez, gure herriaren aldeko borrokan konprometitutako kanpotarrak. Kanpotar horiek euskaltasunarekin egin zuten, baina ez euskararekin. Egin sortu zenean horixe ikusi zen, eta erdaraz –batez ere– egitea deliberatu zen. Herri proiektua zen, herri erakundeek bultzatutakoa, baina erderaz.
    Urte batzuk geroago sortu zen Egunkaria, eta, askok –zuek– aurkakoa pentsatu arren, Egin beraren atzean zegoen idearioaren zati handi bat konpartitzen zuen, noski, hizkuntzaren afera kenduta.
    Denboraren perspektibari esker, zera ikusten da argi: euskarazko egunkari bakarrarentzako dagoela tokia, balizko bigarren proiektu bat hondoratu egingo litzatekeelako, ez litzatekeelako ekonomikoki bideragarri. Euskal Herriak ezaugarri soziologiko jakinak ditu, ez guk nahi genituzkeenak, eta herri hedabideak hori aintzat hartuz sortu dira, sortu badira.
    Egin eta DVren artean ezberdintasunak ez ikustea, miopea litzateke, gaiztoa ez balitz. Oso gaiztoa. Eginek, Garak bezala, oso irizpide politiko zehatzak eta garbiak ditu, eta, horren arabera, Euskal Herriak zazpi –sei– probintzia ditu, ez hiru, eta ez lau. DVren arabera, berriz, hiru baino ez lituzke. Gararen arabera, Indurain euskal txirrindularia zen, DVrentzako, berriz, espainiar petoa. Berdin, beste kasu guztietan. Gara-rentzako selekzio bakarra Euskal Herrikoa da, eta Espainian aritzen diren euskaldunak ez dira espainiarrak. DVrentzako, bai. Gara-rentzako Egunkaria auzian preso eraman zituztenak, kulturaren aldeko langile finak ziren. DVrentzako, aldiz, gaizkileak, eta odolzaleak.
    DVren eta Gara-ren aldeko defentsek, beraz, ez daukate ezer ere komunean. Euskararen gabezian antzekotasunak izateak ez du ezer ere esan nahi, baldin eta, antzekotasun hori antzekotasun bakarra bada –eta hala da, onartu ala ez–.
    Pena ematen duena, zera da, arrazoibide hau etengabe errepikatzen aritu beharra. DV ez da erosi behar, DVk Euskal Herriak suposatzen duen horren aurkako gerra gupidagebea egin baitu. Bai euskararen beraren aurka, eta bai naziotasunarekin lotutako edozeren aurka ere. Nazio ikuspegiaren aurrean, probintzialismoa inposatzeko sekulako lana egin du, eta egiten darrai –"el equipo guipuzcoano", eta abar–. Horregatik ez da, ahal bada, erosi behar. Ez da agindu bat, ez da obligazio bat, iritzi bat da. Askok, nik bezala, aldarrikatu eta konpartitzen duguna. Nik ez diot inori zer erosi behar duen esango, baina iritzi bat daukat, eta esan egiten dut, egiteko aske naizenez.
    DVren inguruko aferan agindua ikusten dutenek, normalean, eztabaidatu beharrekoa ez eztabaidatzearren aipatzen dute balizko inposaketa hori. Ez dago, berriro diot, inolako inposaketarik, ezpada DVk espainiartasunaren alde egiten duena.

    2.  Anonimoa - 2005-12-14 | 14:45
    Ba nik anonimotasunetik idatziko dut, sentitzen dut. DV eta Gara/Egin, Gara/Egin eta DV. Nik ez dut DV erosten Ibanek dionagatik agian... ez dut atsegin zenbaitetan darion fatxakeria. Baina gauza batzuk gehitzea ahaztu zaizu edo ahaztu nahi izan duzu nire uste apalean. Gara/Egin-(e)k ETAko kideak gudaritzat ditu, DV-k hiltzailetzat (nik ere bai). Gara/Egin-(e)k Otegik diona aldarera eramaten du, DV-k ez (nik astakeria handiak esan ohi dituenean behintzat ahaztea nahi izaten dut zuzenean). Gara/Egin-(e)k PP-PSOEko zinegotziak mespretxatzen ditu, DV-k alderdi abertzaleetakoak. Gara/Egin-(e)k Espainia deitoratzen du, DV-k Euskal Herria. Beraz, berdinean gaude.

    Eta DEIA-k berriz PNV-ren propaganda itzel eta ustela egiten du...



    3.  iban - 2005-12-15 | 13:24
    Nik ez dut, inoiz ez, Garan edota Eginen ETAkoak gudariak direnik irakurri, besteak beste hori esatea debekatuta dagoelako. Tarteka politikariren bat esan badu, Eginek edota Garak jaso egin dute, gainerako hedabideek bezala. Garak ildo edirorial bat jarraitzen du, abertzalea, baina ez du, horregatik, etengabeko manipulazioa egiten. Garak ez du, poliziaz jarduterakoan, "los criminales" edo horrelakorik esaten, eta ez da, justuki, arrrazoi edo argudoi faltagatik. Errespetuagatik da. Bush-ez jarduterakoan, edota PSOEko buruzagiez, ez du "asesinoz" erabiltzen, horietako asko ETAkoak baina askoz ere asesinoagoak izan arren. Errespetuagatik, eta hedabideari zein ofizioari berari zor zaion begiruneagatik. DV "los terroristas" egiten duenean, ez du irizpide bera jarraitzen, beraz, ez gaude kasu berean.
    Gararentzako hemen gerra bat badago, eta horretan, hainbat bando, hainbat aurkari. Bakoitzak bere izena du, eta ez ditu berezko izenak kalifikatiboengatik ordezkatzen, DVk eta gainerako hedabide guztiek, aldiz, bai. Baina ez beti, eta hortxe dago kontua, ez beti: ETAri dagokionean bakarrik –eta, noski, kutsu independentista duen orori –"los familiaren de los presos etarras", "el entorno de la banda", "los que dan cobertura a los asesinos", etc–. Eginek, Garak, edota Berriak, ez dute sekula hain maila eskaseko kazetaritzarik egin, eta ez dute egingo. Errespetuagatik. Bere buruarekiko errespetuagatik, hasteko, eta urkoari zor zaionagatik.
    Horrez gain, gogoratuko duzu Egunkaria itxi eta bertako langileak tortura eremuetara eraman zituztenean, egun horretan bertan, Egunkariaren azalean bere burua pentsalaritzat duen Savater agertzen zela, hari elkarrizketa egin baitzioten. Ez da kasu bakarra. Kazeta independieneetan, izan ere, hori ohitura da. Garan eta Berrian, egun bat bai, eta beste egun bat ere, pareko lubakian daudenak agertzen dira, batzuetan argudio politikoak azalduz, eta beste batzuetan, gauza pertsonalez berbetan. Gure berripaperek samurtasun hori dute, aniztasun hori, eta, zertarako ukatu, kategoria hori. Gainerako guztiek, aldiz, gurekin akordatzen diren bakoitzean, zein maltzurrak garen gogoratzeko egiten dute, eta, gainera, ez digute hitz egiten uzten.
    Hau guztia, baina, ez da kasualitatea: operazio handi baten zati bat baino. ZEN izena du operazioak –militar batek abiatua–, eta ez da, preseski, askatasunaren aldeko ekimena. Beste batean argituko.

    4.  Anonimoa - 2005-12-16 | 09:52
    Ongi da Iban, ez naiz horrenbeste fijatu agian esateko moduetan, gudariak... terroristak desberdintsun horietan. Baina PP eta PSOEkoekiko errespetua... horri buruz askok oso gutxi dakitela jakinekoa da. Iritzi artikuluetan ez dut zuk diozun samurtasun hori atzematen. Autokritika ere beharrezkoa da batzuetan.

    DV-k ez du inor hil, Gara-k ere ez... baina biak ere erradikalak dira. Ematen dituzten iritziekiko hurbiltasunaren arabera erosiko du bakoitzak bat edo bestea... edo agian kirola edo herriko karta nolakoa denaren arabera. Dena den ados nago abertzaletasunaren aurkako muntaiak... batzuei hiltzaile deitzea libre besteei ez... baina batak ez du bestea kentzen.

    5.  Anonimoa - 2005-12-16 | 09:52
    Ongi da Iban, ez naiz horrenbeste fijatu agian esateko moduetan, gudariak... terroristak desberdintsun horietan. Baina PP eta PSOEkoekiko errespetua... horri buruz askok oso gutxi dakitela jakinekoa da. Iritzi artikuluetan ez dut zuk diozun samurtasun hori atzematen. Autokritika ere beharrezkoa da batzuetan.

    DV-k ez du inor hil, Gara-k ere ez... baina biak ere erradikalak dira. Ematen dituzten iritziekiko hurbiltasunaren arabera erosiko du bakoitzak bat edo bestea... edo agian kirola edo herriko karta nolakoa denaren arabera. Dena den ados nago abertzaletasunaren aurkako muntaiak... batzuei hiltzaile deitzea libre besteei ez... baina batak ez du bestea kentzen.

    6.  iban - 2005-12-16 | 13:54
    Azken apunte bi:
    1-Euskal hedabideak abertzaleak dira, baina, abertzaleak izanda ere, ez dira Espainiako hedabideak baina abertzaleagoak. Espainiakoak hiper-nazionalistak dira: "Todos con la seleccion", "La infanta tuvo una niña preciosa", "La unidad de España es un bien moral", eta abar. Espainiako eta Euskal Herriko abertzaletasunen artean, bada ezberdintasun nabarmen eta erabakigarri bat: Espainiakoak nazio bat ukatzen du, gurea. Euskaldunon abertzaletasuna, berriz, eta da beste nazionarebn ukazioan oinarritzen. Aldea, izugarria da. Espainianko nazioa, eskubide batzuen ukazioan oinarritzen, eta finkatzen da, eta, Espainiako nazioaren egitura politiko eta juridiko guztia, ukazio horren gainean bizi da. Bi abertzaletasunak, horregatik, ezin dira konparatu.
    Ni abertzalea naiz, hasteko hemengoa naizelako, eta, gainera, gure abertzaletasunak ez didalako –bere izaeragatik–, goragalea ematen. Guk ez dugu inoiz ez Espainiako eskuindarren izaera eta aldartea edukiko: INOIZ.
    2-Eztabaida hau euskaraz edukitzea, horrek harritzen du; hau da, zein neurritaraino pentsa dezakegun gure aurka, gure oinarrien aurka, nork zanpatzen gaituen, eta nola ahaztuz. Lotsagarria da.

    7.  Anonimoa - 2005-12-16 | 14:17
    Horrek zer esan nahi du... nik dudan iritzia lotsagarria dela zure ustez. Eta euskaraz ezin daitekkela eztabaidatu edozeri buruz eta edozein iritzirekin. Euskara ez da abertzaleena denena baizik eta denera irits dadila gainera.

    8.  iban - 2005-12-17 | 15:30
    Bai, lotsagarria iruditzen zait, zure iritzia konplexuz betetakoa delako. Euskal Herrian, euskaldunok beste maila batean aritu beharko genuke eztabaidatzen: egunkari bat nola egin, edota nola hobetu eztabaidatzen; ez gurearen edota etsaiaren arteko egunkaria onena ote den eztabaidatzen. Abertzale ez izateak ez du ezer esan nahi: bakoitza kolektibo batean baita bizi da, kolektibo horrek arazo jakin batzuk ditu, eta arazo horien erantzuleak ez dira ezkutukoak. Euskal Herrian euskaraz ezin bizi izatea, ez da euskaldunon errua, erdaldunena baino, eta, zehazkiago, Espainian eta Frantzian boterea izan dutenena: nazionalistak, eta jakobinoak. Beraiek debekatu, zapaldu, bortxatu, zokoratu, iraindu, eta desagerrarazi nahi izan dute gure hizkuntza, ez gu. Hori ez da abertzaleon arazoa, hori kolektibitate osoaren arazoa da, mundu osoarena –ondare izugarria delako–. Arazoa, noski, ez da gure etsaiena, beraien biziraupena gure irupenaren gainetik ipintzen dutelako. Horregatik bizi gara gatazkan. Frankismoa euskaldunon aurkako azken aurreneko antolakuntza mota izan zen. Azkenekoa demokrazia delako hau da. Frankistak matxinatu zirenean, egunkari bat sortu zuten, juxtu zuk Egin-ekin konparatzen duzun hori: DV. Gu, hala ere, eztabaidatu egiten dugu, eta, esan bezala, eztabaida hori gaindituta behar luke. Abertzalea izatea ez da bandera baten aurrean makurtzea, zure ondokoa –eta zure burua– apur bat estimatzea baino. Eta euskaldunok, askotan, ez dugu horrelakorik demostratzen. Horregatik, besteak beste, erosten dugu DV, edo erosten dugu Marca. Igual dio.
    Euskara abertzaleena ez dela esaten duzu: ez da abertzaleena, baina abertzaleek defendatu dute, nazionalisten aurka!
    Nork sortu zuen AEK, nork ikastolak, nork euskarazko hedabideak? Ez-abertzaleek? Anda ya!

    9.  Anonimoa - 2005-12-19 | 09:48
    Zuk zeuk diozu egunkari bat nola egin eztabaidatzea dela egin behar duguna, eta egunkari bat nola egin eztabaidatzeko puntu bat ez al da ba batzuek eta besteek dituzten alde on eta txarretatik eta autokritikatik ikasita egiten... edo experientziatik ikasi gabe egiten dira gauzak zuzenean. Eginen editoriala, beste egunkari guztiena bezala berea da eta adierazpen askatasun osoa beharko luke gainera, beste bat da azken finean, batzuei gustatzen zaie besteei ez... eta kritika eskubidea gutako guztiok dugu. Askotan erosi edo ez erostera bultzatzen gaituena. Eta euskara mundu osoaren ondarea bada zergaitik diozu lotsagarria dela euskaraz X-gatik eztabaidatzea. Badakit nik nork lan egin duten bere alde, eta neu naiz euskal produktuak kontsumitzen eta alde guztietan erabiltzen ahal bada behintzat saiatzen den lehena. Maitatzeko balio du, baita intsultatzeko ere... Nire iritzia konplexuz betetakoa omen da... ez naiz ni intsultuetara pasako.

    10.  iban - 2005-12-19 | 12:34
    Ez dizut konplexuena iraintzeko asmoz esan. Hala hartu baduzu, barkatu. Uste dut, hala ere, egia dela. Konplexua izatea ere librea da, haatik.

    11.  ega - 2006-07-31 | 03:26
    mila esker elkarrizketa honegatik.

     

     

    Erantzuteko izena eman behar duzu



    »» Pasahitza ahaztu zait
    »» Lehenengo aldia da eta alta eman nahi dut

    uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
    Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
    Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
    Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
    Sareko Argia 2005 - Estatistikak

    Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
    Parte hartzeko arauak