Bukatu da greba
gairik ez | Xabier Gantzarain / Xabier Alday |
2005/12/3
13:30
Neu ere galduta nabil aspaldian, bai blogean, bai blogetan. Ez dakit teknofobofiloa naizen, ala teknofilofoboa. Ez dakit Interneteko demokraziaren alde nagoen ala Interneten tiraniaren kontra. Eta hori gutxi ez balitz, serioegi hartzen ditut gauza serioak, ez dakit zortzigarren probintziarako bakarrik al den zorabioa eta malura. Dena iruditzen zait zarata eta zalaparta, eta neuk gizentzen dudan munstroaren beldur naiz.
Alpertuta nengoela jartzen nuen aitzakia (gehiago?!, pentsatzen zuten guztiek), baina ez zen hala: isiltasun greban nengoen.
Hogeita hamar urte bete ditut, hogeita hamar begiko zubia igaro dut oinez Rubicon ibaiaren gainetik. Eta ez dut malkorik inori erakusteko. Ez dut gogorik ezer esateko. Berdin-berdin zait, egia esan, padela, ez dela, labela, edo pardela; baina ez zait berdin nire sakela, sabela, txartela edo eskela. Zuei inoiz gertatu al zaizuen galdetzeko hautsi dut greba. Nora zoazte (ni gabe), Adan eta Eba. BECera? Garbi dago Txapelketa Nagusiak kalte egiten duela. Erotu naizela, zeharo.
Isiltasun grebaren ondorioak dira. Gose greba utzi ondoren poliki-poliki hasi behar omen da, eta berdin gertatzen da isiltasun grebarekin ere, antza, ontxe ematek santxo gantza, mihiak alde egiten du, eta bere kasa hitz egiten hasten da, ez du ezer esaten zentzuzkorik. Ez du esaten nik pentsatzen dudanetik ezer, baina pentsatzen ez dudana ez esateari ere ezin dio eutsi, eta orduan hor hasten da: Hi, Alday, aitzealdik, letu al dek Ramon Etxezarretana? Kiston jende pillie ezkondu omen dik. Geuke ezkontzie diau onena. Umin izena bazaukeau: Xabier Gantzalday Berbi. Ta ume honek hitzeingoik la hostia: berbi berbin gaņin. Iguel bertsolaxe ertengo ziuk. Aukeran, burue iguel, haundi xamarra.
Hori gertatzen da hogeita hamar urte bete eta isiltasun greba hautsitakoan. Mihiak Dena esan nahiko luke batera: inork ez duela aipatu zuri bikaina iruditu zitzaizun Jose Luis Otamendiren Hogeita hamar artikulua, eta oraindik ez zarela ohitu ez esistitzera, baina ohitzen joan beharko duzula. Ohitzen joan beharko duzula zapatu goizeko zortzietan poetak pasiran eta ardiak zaunkaka ikustera. Hori dena batera, hitz bakar batean esan nahi du mihiak, baina gero halakoak ateratzen zaizkio: bihotzak krak egin zidan, eta gibelak zast, eta birikak plof, eta buruak klank. Eta nik esaten diot: mihia, txost.
Baina alferrik da, okerrago ere bai gehienetan, ikaragarri pozten baita isiltasun greba hausten dudanetan, eta aske sentitzen da, eta ez daki ezin duela edozer esan, eta ni saiatzen naiz kontrolatzen, baina alde egiten dit, eta joaten da edozeinengana eta edozer esaten dio, eta horrela ez dago ibiltzerik. Gaur bertan ba al dakizue zer esan duen? Xabier eta euskalduna, abenduaren hiruko zalduna. Tapiak bezela, aldunak alduna. Zain dugu zulo iluna.
|
1. patxi lurra - 2005-12-04 | 12:51
Kontxo! Gogor jo deutsu 30 urteen krisialdidxak! Neuk 34 urte bete dot arestidxan, atzean gelditu da 30. muga hori, baina krisialdidxan segitzen dot, zelabait.
Yours faithfully.
|
Erantzuteko izena eman behar duzu
|
|