Aberri digitala
indioak - aberria - egia & gezurra | Xabier Gantzarain / Xabier Alday |
2005/10/3
09:13
Baina Alday, nola esan dezakek halakorik? Nola deitoratzen duk Kilometroak bezalako euskararen aldeko ekimen bat? Nola esan dezakek erreserban mugatuta bizitzera kondenatuak garela? Baina Alday, nola esan dezakek egia, gezurra hain ederra denean?
Orain toki txarrean utzi nauk, eta neuk ere egia esatea beste erremediorik ez diat ikusten. Eta egia norberarena denez, has nadin neugandik. Ez esan inori, baina ez nauk abertzalea. Inoiz izan banauk, damu diat hain itsu izanaz. Aberria ederra baduk, aberria maite badiagu, gezur itzela delako duk; herri ideala, haurtzaroa bezain urruna eta gozoa, gure ideia eta sentimenduen neurrira eraikia. Horregatik zagok hainbeste abertzale bazterretan, gezurrekin maiteminduta egia itsusia delako.
Herria duk egia, jendea duk egia. Azpeitia, digitala ala analogikoa, egia duk; benetakoa duk. Martxilek ke zikina botatzen dik, jeltzaleek agintzen ditek diktadura demokratikoan, jendeak euskaraz hitz egiten dik oro har; horra erreserbaren zutabeak.
Eta euskaraz hitz egiten duela idatzi badiat, horixe esan nahi nialako idatzi diat; jendeak euskaraz hitz egiten baitik oro har, baina oro har, beti oro har, ez duk euskaraz bizi, batzuek kontrakoa uste arren. Adibide bat jartzearren, adibide batere ez egokia bestalde, azpeitiarrek ez ditek aukerarik pelikula porno bat euskaraz ikusteko. Bazekiat pelikula porno batean hizkuntza ez dela justu garrantzizkoena, baina ez zekiat zergatik, guzti-guztiek ditek hizkuntzaren bat. Beharbada euskaldunak ez diagu hitzik egiten maitasuna egiten dugunean; beharbada euskaldunak ez diagu larrutan egiten; beharbada euskaldunak ez gaituk ugaltzen sexu bidez, espora bidez edo itsas-izarren modura baizik.
Behin honaino iritsita, beste gauza ere aitortu behar diat, bestela lehertu egingo nauk-eta. Hau ere ez esan inori, baina ez nauk euskaltzalea. Ez diat maite euskaraz dagoen oro; maite dudana ez diat maite euskaraz dagoelako. Ez zaidak inporta euskara, hizkuntza legez, salbatzea, iraunaraztea. Euskara tresna bat besterik ez duk. Tresna erabiltzen dakien jendea nahi diat nik, erabiltzen dakiena eta erabiltzen duena; ez tresnari noizean behin brilloa atera eta berriro kutxa zaharrean gordetzen duen jendea. Egoista nauk, eta euskaraz egiten dudanez egiten dudan apurtxoa, jendea euskaraz bizitzea nahi diat, baina ez euskaragatik, nigatik baizik.
Nik ez diat nahi euskara altxortzat duen aberririk. Nik euskaraz bizi den herria nahi diat. Izan logikoa, analogikoa ala digitala.
|
1. Amelie - 2005-10-04 | 15:30
Argi zagok: euskaraz dagoelako ez duk dena bedeinkatu behar. Ongi bedeinkatutakoa gustukoa diagu, eta euskaraz baldin bazagok, askoz hobe, baina ez bedeinkatu euskaraz dagoelako.
Makina kutrekeria irensten diagu lehen ere euskaraz dagoelako.
Eta nik, neurri handi batean, eta barkatuko didazue, baina horrela ulertzen ditiat Kilometroak eta horrelakoak, antolatzen dituenaren arabera.
Esaterako, igandekoa euskararen aldeko festatzat salduko digute.
Nork eta MCCri estuki lotutakoek. Espainiako erregeari harrera egin eta haren bisitaren aurka kalera atera zirenak egurtu zituzten haiek beraiek.
Begira zer den literatura edota musika nazionala Eroskin. Euskarazkoa ez behintzat.
Besarkadak.
[azkenportu.blogspot.com]
2. Leire Larraņaga - 2005-10-05 | 10:52
Gaurko argia.com-en xabier ber bi blogeko artikulu hauxe jarri dute. Zorionak zuei!
3. km-k - 2005-10-05 | 21:43
kilometruek eztie euskerin aldeko festak. IKASTOLAN aldekuek baizik.
4. Maite - 2005-10-06 | 19:26
Kilometroak, aurrekoak dioen bezala Gipuzkoako ikastolen festa da eta kontutan hartuta ikastolen sorrera eta hauen helburua, nire ustez baita euskararen aldeko festa bat ere.
Lehenengoak dioen bezala, arrazoi hau dela eta ez dago zertan defendatu edo bultzatu beharrik festa hau baina ezta boikoteatu ere berak dioen pertsona "klase" hori Kilometroei lotuta dagoelako.
5. Aitor - 2005-10-07 | 17:34
Nola esan dezakezue km-ak pertsona klase horri loturik dagoen ekintza bat dela? Zein dira pertsona mota horiek?
Km-ak ikastolen aldeko urteko festa da. Ikastolen etorkizunari laguntzeko tresna, eraikin berriak egiteko, material berria erosteko, ... dirua lortzeko festa alai zein zoragarria.
Beraz MCCren laguntza ez al zuten onartu behar? Eta Azpeitin egin zirenean ere pertsona klase horri lotuta al zegoen km-ak?
6. o - 2005-10-11 | 09:43
Ez ditut kmk maite euskaraz direlako. Ez eta ikastolen aldeko festa direlako. kalimotxo litronek, ikurrinek, gora euskadi txapelek, tabernetako bultzadek eta mozkor itxuragabeek ez didate batere graxiarik egiten. Zahartu egingo nintzen agian.
KMK-ak beste era batera bizitzera joan beharko dut. Politikoki korrektoek bezala, "rekorridoa" egin eta txorixo egosia eta sagardoa hartu eta erakusketak eta aizkolariak ikustera.
7. Josu Azpillaga - 2005-10-14 | 17:22
Artikulu hau dezente zabaldu da, eh? Asmatu duzue, nonbait. Azkena, Tiraka blogean ikusi dut, Jaurlaritzan lan egiten duten hainbat euskaltzaleren ekimena den blogean. Begi asko, nonbait, zuek zer idatziko. Animo, ez beldurtu! (Esan beharrik ere ez duzue izango, baina...)
8. patxi lurra - 2005-10-22 | 14:38
Euskara baino euskaldunak (euskaradunak) interesatzen jataz neuri be bai. Aspaldi dabilz Xamar eta beste txepetxiano batzuk hauxe aldarrikatuz.
Hau da, Euskara biziagoa edo erakargarriagoa izateko euskaldunak biziagoak eta erakargarriagoak izan behar gara: blog politak egiten, euskarazko produktuak kontsumitzen, hizkuntza maite izaten baino gehiago erabiltzen,...
|
Erantzuteko izena eman behar duzu
|
|