Arrate etarra
ipuina palindromoa | Xabier Gantzarain / Xabier Alday |
2006/03/7
15:02
Astelehenean, goizeko zazpiak eta laurdenetan arnasestuka jaitsi
dituenean eskailerak, portaleko etxe-jabeen hurrengo bileran igogailua
ipintzea erabakiko ote duten kezkak jo du lipar batez. Alokairua
garestituko dioten beldur da, eta ez, ez zaio ahaztu oraindik... bere
jatorriaren berri izatean, alokairua ukatu ziotela birritan. Eta ez
zuela jakin laguntza eske nora jo.
Enparantza ostean jasotzen ditu egunero furgonetak, sei lagun, ez dio
berandu datorrenari itxaroten. Bertakoek baino seiehun euro irabazten
dituzte; diruak ez du aberririk, are gutxiago ordutegia betetzen ez
badute. Ez du ohikoa presa, baina hona iritsi zela sei hilabete
igarota, urrats erabakiorra ematera ausartu da, euskaltegian izena
emanez, gaueko txandan. Duela sei hilabetetik, atzerritarra da Euskal
Herrian, eta ordudanik, atzerritarra bilakatu da betirako bere
senideentzat. Ihes egitea ez omen datza soilik arazoak ukatzean, edo
ataka larrietan soara urrutiratzean, batzuetan norabiderik gabe aurrera
abiatzea, ihes egiteko modu bat besterik ez baita izaten; horrela dio
aitak hilabetean behin etxera deitzen duenean, beharrezko harreman
minimo horri eutsi nahian. Horrelakoetan isiltasuna izaten da
erantzunik onena, eta besterik gabe, telefonoa eskegitzen du, hariaz
bestaldean duenari ezer gehiago eransteko denborarik eman gabe.
Kazetaritza fakultatean ikasi zuen probetxuzko lezio bakarra da,
isiltasunarekin erantzutea, paradoxa dirudien arren, azken hitzaz
jabetzea, alegia, inoiz soberan gertatu ez eta gauza ttipien historia
ere markatzen duen hartaz. Azkenaldian bizitzan zehar atzean utzitako
irudiak gero eta sarriagotan etortzen zaizkio burura, esaterako
fakultatean alferrik emandako lau urteak, ez baitu inoiz argitaratua
izango den folio zuri baten aurrean esertzeko aukerarik izan, orri zuri
xinple batek luzatutako desafio horri erantzuteko abagunea, aitzitik,
azken hitza beti besteren esku gertatu da, bidezkoa izan ala ez, beti
aurkitu du norbait isiltzera behartu duenik, ozenago oihu egin
zezakeenik. “Konpromezua duk” zioten lanpostuak eskuratzen zituzten
ikaskideek. Egia da, beti mantendu izan du tarte bat inguratzen duten
gauza guztiekiko, hausnarketarako puntu bat. Norbere kriterioa, barne
ahotsa. Independentzia. Maizegi izana da zenbaki bat: polikiroldegiko
bazkide zenbakia, zentsu-nazionaleko zenbakia, liburutegiko bazkide
zenbakia, autoen aldizkariko harpidedun zenbakia, pasaportearen
zenbakia. Duela sei hilabetetik, betosko iluna izana da kalean
gurutzatu zaizkion guztien bisaietan. Behingoz, bere kabutara erabaki
nahi luke zertan zikindu eskuak, zertan inplikatu, zein konpromezu
hartu. Zer aldarrikatu.
Folio zuri bat aberria izan litekela bururatu zaio, aberririk ez
duenarentzat. Folio zuri bat, ataju guztiak baino zubi laburragoa izan
litekeela, helmugara iristeko. Alferrik xahu liteke, hitz joko eder eta
palindromoekin, edo are alferrikako bihurtu, demagogiari eskegita, egia
eta gezurraren gainetik epaile, hizki nagusiz idazten den Historiaren
epaile.
Egunkari eta aldizkarietako iritzi edo gutunen atalean parte hartzea du ezkutuko irrikia.
Okindegira sartu da, hiztegia eta joskerak osatzeko plangintza zehatza
du. Erlojuari begiratu dio, ezker-eskuin egunkariz betetako apala
gainbegiratzearekin batera. “Españolistak” bururatu zaio, bila
zebilenik aurkitu ezean. Esku hutsik irtetea otu zaio; okindegiko
andreak, kutxatik txanpon bat atera du, eskalea bailitzan. Barre egin
du, eszeptikoki, eta eskura zuen lehen alea hartu du.
- Mikel –esan dio kopetilun begiratzen dion zerbitzariari-. Mikel Hernandez, andrea.
Nor ez da ba inoiz, bere herrian bertan, atzerritarra gertatu.
Nork ez ditu ba, bere etxean bertan aurkitu, etsairik okerrenak.
Lotura zuzena |
Erantzun
Graffitiak literatura dira...
Anonimotasuna-Egunkariak | Xabier Gantzarain / Xabier Alday |
2005/12/5
07:55
… zalantzarik gabe, eta ez diot Julio Cortazar-ek idatziriko ipuinarengatik.
Errepasa dezagun: anonimotasunak partaidetza dakar interneten. Hein batetan uler dezaket, legez kanpoko orrialde bati buruz ariko bagina, baina, Garzon jaunak aurkakorik ez dioen bitartean, ez da hori gure kasua. Zertaz babesten gaitu orduan anonimotasunak? Partaide batek kritikak asimilatzen herri zaila dela Azpeitia zioen. Baliteke, baina ezin dezakegu ahantzi onerako edo txarrerako Azpeitia, eta kritikekiko bere eramanezina, guztion artean eraikia izan dela. Alegia, kritikak –batik bat txarrak direnean- irribartsu jasaten dituztenak desagertzeko zorian dagoen espezimena dela. Harrika akabatzen baititigu. Eta gure izaeraren alderdi hori aldatu nahi izanez gero, alferrik egongo garela beste norbaitek gure eginbeharrak bete zain. Ulertuko nuke anonimotasuna, orri honetan agertutakoak mundu mailan oihartzuna balute, baina euskararen abantail edo eragozpen, sinetsi iezaidazue, ez da hori kontua. Eta bestera, konta iezazkidazue astero euskaraz irakurtzen dituzuen ehundaka liburu horien berri. Uztarria.com-eko blogak errepasatu ostean, bertan parte hartzen dugun lagun guztiok bilduta, ez dugu zailtasun berezirik izango edozein asteburutan edonon afaltzeko lekua hartzen aurrez abisatu gabe. Alegia, gure iritziek ez dituztela hipotekak garestitu edo merkatzen.
Biziki harritu nauen beste iritzi batek, anonimotasunaz baliatu beharra zuen, kazetaritza ez baizik eta administraritza ikasi zuelako. Tira, agian unibertsitate garaian neu erratuko nintzen gelaz, despistatu xamarra bainaiz, baina bost kurtsoak gainditu ostean, niri ere administraritza edo antzeko zerbaiten titulua eman zidaten. Nahi izanez gero galdetuko dut, bertan administraritza ipini ordez, kazetaritza idatzi nahi izan ote zuten, baina huraz geroztik, administraritzarekin zerikusia duten ogibidez bizi naiz, eta horrek ez nau nire izena ematera gaitzetsi orain artean. Eta berriro esango dizuet, blogetan, leku guztietan bezala, batzuk hobeto egiten dutela besteek baino, batzuk batuaz, beste batzuk azpeitiarrez. Neure testuetan akats bat baino gehiago ere aurkitu dut, eta ez nau, tximistaren batek zerua erdibituta bertan erraustu –ziur aski mereziko nuen arren-.
Beste iritzi batek, interneteko partaidetza eta sariei buruz egin nuen aipamena azaltzeko eskatzen zidan. Tira, nik ezin dezaket burutik baztertu, agian “Ni Neu”, “49.”, “Asteasun Euria goitik behera jalgitzen da” goitizenek ez dagozkiola Fabiola Agirreri. Eta Fabiola Agirre berberak ez dituela beste 3 goitizen ibiltzen Goienkariako blogetan. Eta besterik gabe, herriko kultur koordinadoraren internet orriak herrian duen eragina neurtzean, bertara eginiko bisitek eta bertan iritzia zenbatek eman duten kontatuz atera lezakeela nolabaiteko estatistika. Eta antzeko ikerketetan oinarriturik, herriko kultur koordinadorak dituen baliabide apurrak esleitzean, webaren alde gogor apustu egitea erabaki dezakeela. Eta gurean, kulturak, rock and rollak bezala, diru askorik ematen ez duenez –arruntena, euren lanetatik irtendakoan, aisialdiari denbora kenduta orduz kanpo lana erruz egiten duten militanteez osatzen baitira kultur taldeak-, nik uste informazioa, euskara eta kulturarekiko horrelako lan itzela egin duen taldeak, bestelako erantzuna edo ausardia merezi zuela gure aldetik ezer askorik jaso gabe, hainbeste eman digutelako.
Joxe Irazu Garmendia izatea Bernardo Atxagaren benetako izena ez zuela baldintzatzen bere literaturaren balioa, azaldu zen, anonimotasunaren defentsan, beste iritzi batean. Ados. Baina literatura eta blogak ez dira berdin. Literatura kontsumitzerakoan, ez naiz orohar Uztarria herri aldizkaria edo uztarria.com-eko albisteekiko dudan jakinmina edo aldartea. Literaturak bere funtzioa du, eta herri-mailako blog batek, beste batzuk. Eta ez dira berdinak. Edo ez lukete behar.
Eta horretan nengoela, Diario Vascori buruz egon den solasaldiaren berri izan dut. Tira, azken bloga idatzi nuenean, ez nuen Francoren eskela zela eta orohar Diario Vascori buruz zeuden iritzien berri. Ez dut atsegin Francoren eskelarik edonon agertzerik, baina Diario Vascoren ideologia, ezaguna eta nirearengandik ezberdina izanik, nahiago dut zer irakurri aholkatzen xahutzea denbora eta ez, zer irakurri behar ez den aholkatzen. Badut teoria bat, eta zuzenduko nauzue oker banago, baina nire ustez Hitza Diario Vascori eskelek eta herrietako kronikek ematen dioten irakurlegoa euskarazko komunikabide batera igarotzeko apostua da. Eta nik uste, apustu hori bultzatu duten Egunkariako partaideek zein Hitza bertakoek ere, arretaz beha dutela komunikabideen inguruan dauden joerak, eta horrek, adibidez, Diario Vasco-k edo Marca-k edo El Pais-ek edo ABC-ek edo nik ez dakit nork erabiltzen dituen prozedurak aztertzea dakar, egunkari profesionala egingo bada. Eta ez zait gaizki iruditzen, alderantziz baino. Adibidez, hasera batean Egunkariak ez zituen gainontzeko egunkariek, Kultura edo Gizartea edo bien arteko anabasa den sailean, egunero argitaratzen dituzten bitxikeria friboloak argitaratzen. Eta beranduago bai. Eta horretan darrai Berriak ere. Produktuaren kalitateari, mesede baino kalte gehiago egiten dion arren, nire iritziz. Agian, ordea inork uste duena baino jende gehiagori, antzeko sailak irakurtzeko aukerak bultzatuko du Berria erostera; eta Berriaren arduradunek errazkeria horiek onartu behar izan dute konpententziari irakurleak kenduko badizkiote. Liburuak ez bezala, normalean, egunkariak irakurtzeko egiten baitira –saia zaitezte egongelako armairuetako apaletan egunkariak toles-toles kolekzionatzen-, argazkiaren azpikaldeko testuak behinik behin. Lanak daude osoki euskaraz dauden produktu bakarrak lehiakorrak bihurtzeko konpetentzia ohiko errazkerietan lokaztu aurretik.
Are gehiago harritu nau ordea, Diario Vascoren aurka egiten zutenek, nola defendatzen zuten Gara. Euskara hutsez idatzia dagoelako ziur aski. Besteak beste, zenbaitetan irizpide falta izan du, Iparraldea edo Nafarroa Euskal Herritik at utzi dituenean. Baina ez, Diario Vasco gaitzetsi liteke baina Gara ez. Eta bi egunkarien artetik zein den onena argudiatzeko garaian, eztabaidak azaletik bada ere ukitu dituen, gauza asko adierazten dituzte gutaz, eta bakar bat ere ez jenduarrean, laudagarri aipatzeko modukoa.
Eta honetan, Gantzarainek gose greba amaitu duela. Eta honako proposamenarekin datorrela: aski ez badira espetxeetan eta etxetik urrun dauden preso guztiekin, Euskal Herrian gauden bost indio euskaldunok ere geure buruen preso, ideia motz eta finkoetatik zirkinik egin gabe egon behar dugularik aski ez badira jada espetxeetan eta etxetik urrun dauden preso guztiekin, ahantz gaitezen Xabier Gantzarain eta Xabier Alday deitzen garela –inork ez badu bere iritzien jabe egin behar, zergatik izan behar dugu ba gutxiago?-, sor dezagun Xabier Gantzalday Berbi pertsonaia fiktizioa, eta utz diezaiogun, beste herrietan baino areago, soilik euskaldunok ditugun bekatu itsusiez, elkarren arteko ezinikusiez, ironiaz eta umorez barrenak askatzen. Anonimotasuna zilegi izango da, Uztarriari axola ez bazaio, irain edo ez-irainen zentsura ere ebatsi liteke. Azken finean, izena mihi puntan dudan idazle batek zioenez, ez da indiferentzia baino zigor krudelagorik. Axola zaizkigunekin, haserratu baigaitezke. Eta adiskidetu. Berriro haserratzeko.
Baina arren, ez diezaidala inork esan zein egunkari irakurri beharko ez nukeen, azpeitiarra izan arren, neure kabuz hautatzen bai baitakit. Oraindik.
Xabier Alday
Lotura zuzena |
11 erantzun. Azkena:
ega | 2006-07-31 | 03:26
Bukatu da greba
gairik ez | Xabier Gantzarain / Xabier Alday |
2005/12/3
13:30
Neu ere galduta nabil aspaldian, bai blogean, bai blogetan. Ez dakit teknofobofiloa naizen, ala teknofilofoboa. Ez dakit Interneteko demokraziaren alde nagoen ala Interneten tiraniaren kontra. Eta hori gutxi ez balitz, serioegi hartzen ditut gauza serioak, ez dakit zortzigarren probintziarako bakarrik al den zorabioa eta malura. Dena iruditzen zait zarata eta zalaparta, eta neuk gizentzen dudan munstroaren beldur naiz.
Alpertuta nengoela jartzen nuen aitzakia (gehiago?!, pentsatzen zuten guztiek), baina ez zen hala: isiltasun greban nengoen.
Hogeita hamar urte bete ditut, hogeita hamar begiko zubia igaro dut oinez Rubicon ibaiaren gainetik. Eta ez dut malkorik inori erakusteko. Ez dut gogorik ezer esateko. Berdin-berdin zait, egia esan, padela, ez dela, labela, edo pardela; baina ez zait berdin nire sakela, sabela, txartela edo eskela. Zuei inoiz gertatu al zaizuen galdetzeko hautsi dut greba. Nora zoazte (ni gabe), Adan eta Eba. BECera? Garbi dago Txapelketa Nagusiak kalte egiten duela. Erotu naizela, zeharo.
Isiltasun grebaren ondorioak dira. Gose greba utzi ondoren poliki-poliki hasi behar omen da, eta berdin gertatzen da isiltasun grebarekin ere, antza, ontxe ematek santxo gantza, mihiak alde egiten du, eta bere kasa hitz egiten hasten da, ez du ezer esaten zentzuzkorik. Ez du esaten nik pentsatzen dudanetik ezer, baina pentsatzen ez dudana ez esateari ere ezin dio eutsi, eta orduan hor hasten da: Hi, Alday, aitzealdik, letu al dek Ramon Etxezarretana? Kiston jende pillie ezkondu omen dik. Geuke ezkontzie diau onena. Umin izena bazaukeau: Xabier Gantzalday Berbi. Ta ume honek hitzeingoik la hostia: berbi berbin gañin. Iguel bertsolaxe ertengo ziuk. Aukeran, burue iguel, haundi xamarra.
Hori gertatzen da hogeita hamar urte bete eta isiltasun greba hautsitakoan. Mihiak Dena esan nahiko luke batera: inork ez duela aipatu zuri bikaina iruditu zitzaizun Jose Luis Otamendiren Hogeita hamar artikulua, eta oraindik ez zarela ohitu ez esistitzera, baina ohitzen joan beharko duzula. Ohitzen joan beharko duzula zapatu goizeko zortzietan poetak pasiran eta ardiak zaunkaka ikustera. Hori dena batera, hitz bakar batean esan nahi du mihiak, baina gero halakoak ateratzen zaizkio: bihotzak krak egin zidan, eta gibelak zast, eta birikak plof, eta buruak klank. Eta nik esaten diot: mihia, txost.
Baina alferrik da, okerrago ere bai gehienetan, ikaragarri pozten baita isiltasun greba hausten dudanetan, eta aske sentitzen da, eta ez daki ezin duela edozer esan, eta ni saiatzen naiz kontrolatzen, baina alde egiten dit, eta joaten da edozeinengana eta edozer esaten dio, eta horrela ez dago ibiltzerik. Gaur bertan ba al dakizue zer esan duen? Xabier eta euskalduna, abenduaren hiruko zalduna. Tapiak bezela, aldunak alduna. Zain dugu zulo iluna.
Lotura zuzena |
Erantzun bat.
patxi lurra | 2005-12-04 | 12:51
Eskerrak
Webguneetako partaidetza | Xabier Gantzarain / Xabier Alday |
2005/11/24
13:55
Egoismo hutsagatik izango da, baina ez dut ezagutzen irakurtzea atsegin eta zerbait idaztera ausartuz gero, seudonimoa erabiltzen duenik. Gurea onartzen ez dugun munduari, edo onartzen ez gaituen mundu honi bagarela aldarrikatzeko ahalegin hutsagatik beharbada. Edo munduaren xilkoa garela pentsatzen dugulako. Hainbeste gorrotatzen ditugun irrati-telebista eta egunkarietako tertulianoen konplexua sartzen zaigulako, ziurrenik.
Gustokoak izan ala ez, horrelakoek izen-abizenez sinatzen dute, eta maiz, ez dutela arrazoirik uste dugulako, edo objetiboki zuzenak ez diren aldrebeskeria galantak esaten dituztelako, bazkalondo edo afari osteko elkarrizketak alaitzen dizkigute.
Askotan, iritzi-zutabe batek egunkari osoaren balioa justifikatzen baitu. Begira besterik ez dago, azaroaren 5ean, Iñaki Garay, Iñaki Garay, Expansion egunkariko erredakzio buruak, duela ehun urte gizakia ilargia zapaltzea iritsiko zenik imajinatzen ez zen moduan, duela hogei urte inorri ez zitzaiola burutik pasa ere egiten Athletik bigarren mailara jaitsi zitekeenik idatzi zuen. Eta hara nondik, estatu mailan zabaltzen den egunkariko erredakzio buruak, egun posible dela Athletik bigarren mailara jaistea zioen. Ez darabilen joku-eskema okerra delako edo jokalariek ez dutelako behar bezalako maila ematen. Bai zera.
Egun, klubeko lehendakaria den Lamikiz jaunak, bere aurreko guztiek politika eta kirolaren arteko muga ederki banatu zuten bitartean, ez omen zuen erreparorik izan Ibarretxe plana zela Euskal Herriaren konponbidea aitortzeko. Are gehiago, Alderdi Eguna zela eta Lamikiz-ek Bilbok etxean jokatu behar zuen partida ohizko ordutegitik atzeratu egin omen zuen. Horrelako erabakiekin, Lamikiz jauna Bilboko jarraitzaileen arteko batasuna hausten ari omen da, eta horrek, eta ez emaitzek jaitsiarazi omen dezakete Athletik bigarren mailara.
Alegia, Lamikizen ustezko abertzaletasunak Bilbo bigarren mailara kondena dezakeela zioen Iñaki Garayk.
Nik behintzat, barre egin nuen ateraldiarekin. Eta egun berean ete hurrengo egunetan, nire gertukoei kontatu nien. Gertuko zenbait egunkarietan, ez dut sarritan ez negar ez eta barre egiteko motiborik aurkitzen. Orain berriz, inoiz Iñaki Garay-ren izena entzuten dudanean, irri gaizto bat edo beste ezpainetaratuko zait.
Geurera itzulita berriz, galduta nago, ez bakarrik uztarria.com-eko blogetan, baizik eta orohar argitaratzen dituzten albiste orok izaten dituen erantzuekin baizik. Ez dakit nola hartu behar ditudan “Ni” edo “Ni neu” eta antzera sinatzen dituztenen iritziak. Ez didate ezer adierazten, ezta munduko egiarik handienak badira ere. Agian, lanetik ari direnez, lotsa ematen die benetako izen-abizenarekin sinatzea. Agian aldiz, iritzi interesatuak zabaltzen dituztenez, nabarmen ez geratzeagatik, izengoitiz sinatzera behartuta sentitzen dira.
Eta beldurra ematen dit, web-orri batek duen eragina neurtzerakoan, izengoiti guzti horien atzetik izen eta abizen ezberdinak aurkitzen direla isla duten estadistikek. Eta estadistiken ondoren etortzen diren sari eta zigorrek.
Gutxi dira norbere izen-abizenez sinatzen dutenak, bestelakorik espero behar genuen arren, eta besterik gabe, eta gaurkoan, eskerrak eman nahi nizkieke, honelakoetan, babestuago sentiarazten nautelako.
Lotura zuzena |
6 erantzun. Azkena:
Lander Garro | 2005-11-25 | 15:16
Arnasa hartzeko zirrikituak
azpeitia azkotia pijoak paddle | Xabier Gantzarain / Xabier Alday |
2005/10/17
09:00
Izugarria da bi herriak inoiz bat egin dezaketela pentsatzea ere.
Aurrez antzeman ezina hortik sor litekeena. Galerak, nabarmenak:
nortasuna esaterako. Esan ohi da azpetiarrak harroxkoak direla, eta
azkoitiarrak berriz xanoak. Errealitatean, nik uste azkoitiarrak ez
direla topikoak dioen bezain xanoak –ikusi besterik ez dago babes
ofizialeko etxebizitzak lau kilometroren buruan zein adiera ezberdin
duen- bai ordea azpeitiarrak handitasunari eta ugaritasunari abegikoak
kalitateari baino. Alde horretatik begiratuta, baliteke batasunarekin
Azpeitiak irabaziko duena, Azkoitiak galtzea.
Bestalde ordea, beldurra ematen dit, bi herriak batuta nik ez dakit
zenbat kultur-etxe, museo, auditorium, zinema, antzoki eta antzeko
kultur-eraikin azal daitezkeen. Kosta egiten zait gurean hori
guztiarentzat publikorik egon litekeen, eta dagoen apurra ez ote den
arnasa hartzeko zirrikiturik gabe ere geratuko, Antxieta antzerki
taldearekin zoritxarrez gertatu moduan. Dispertsio-politikak
honaino iritsi behar zuenik ere!
Beldurtu egiten nau, etxean daukaguna zaintzen lagundu ez eta herriaren
sarreran –edo irteeran- ez ote garen hondartza bat eraikitzen hasiko.
Surfa baita, lagun, gure herriotako pasio izkutua. Parisen egiten omen
dute, udan garaian, eta beharbada, Uztarriaren azken alean
agertutakoak, ez dira fotomuntaiak, mezu subliminalak baino.
Eta nola ez, Hitzak kezkatzen nau biziki. Maiatzetik abuztura
bitartean, astean kaleratuko sei aleetatik, ozta-ozta laurek aurkitu
dituzte bizi naizen eraikineko buzoiak. Oraingoa zaila bada, are
nekosoagoa gertatuko zaie Hitzaren banatzaileei nire etxe xumeko buzoia
aurkitzea, bi herriek bat egiten dutenean.
Asko dira etorkizunak dakarren zalantzak. Eta horregatik zera proposatu
nahi nikek: hurrena, C*** eta S******-rekin biltzen gaitukenean,
Urrestilan geratu behar diagu, han baitzegok nire ustez, etorkizunaren
giltzarria. Frontoiaren luze-zabal osoan jokatuko diagu pelotan eta
Nuarbe edo Matxinbenta bidean, aurkituko diagu jan-edanaz non asebete.
Guk, herriak maite ditugunok.
P.D.: etorkizuneko gure herriaren izenarekin egin duan moduan,
ausartuko hintzateke etorkizuneko gure herriaren agintariak nortzuk
izan daitezkeen iragartzen?
Lotura zuzena |
8 erantzun. Azkena:
ZIHARA | 2005-11-09 | 12:52
Albiste zaharragoak »»