Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko urriyek 6,  ASTELEHENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Blogak »  Txetxu Urbieta »  Anoetako seme-kuttun

Txetxu Urbieta

Kirol kazetariaren bloga

 ARTXIBOA

 HARPIDETU

  • Jarioa: XML
  • Blog honetara harpidetu nahi? Mezu bat jasoko duzu zerbait idazten duenean. Sartu hemen zure e-posta:



    (rssfwd zerbitzuari esker)

     ORRI HAU...

     

    «« Itzuli blogera

    Anoetako seme-kuttun

    Futbola | Txetxu Urbieta |  2005/10/3  18:32

    Anoetak gehien maite duen jokalaria. Etxekoa, ona eta zintzoa. Izar izateko jaio eta, apal-apal, besteek adina lan eginez bizi. Asko egin du eta urrutira iritsi da baina oraindik ere gehiago eskatzen diogu. Agur esaten duenean jokalari handi baten arrastoa utzita joan behar du.

    Aurreneko aldiz, Betharramdarren patioan ikusi nuen. Sei urte zituen eta Margarito zuen entrenatzaile. Txundituta utzi ninduen. Mukizu hark bera baino hiru urte zaharrago zirenei parre egiten zien. Neure eskuetatik ere pasa zen eta ez nuen izorratu (ez da gutxi). Jirafarekin Zarautzen denak harri eta zur utzi eta Realak fitxatu zuen.

    Lehen mailan 200 partidu jokatu ditu, denek ezagutzen dute eta denek ona edo oso ona dela diote. Baina aditu gehienek ere badiote hotza dela, genioa eta kasta falta zaizkiola. Erraz izkutatzen dela.

    Liga haserako partiduak ikusita, etxekoa, ona eta zintzoa izateaz gain, uste dut, gure Mikelek behar zuen heldutasun punttua hartu duela. Gurditik tiratzeko ardura hartu duelakoan nago. Anoetak maite du. Arrastoa utziko du.

     

     

    1.  Enekoitz Esnaolak, gordin jarrita - 2005-10-04 | 17:53
    Kaixo, Txetxu.

    Arrastoa utzi behar dik, bai, Mikel Aranburuk. Baina denboraldi hau erabakigarria izango duk horretarako.

    Neu Zubietan Realaren entrenamenduak-eta 'Egunkaria'-rako segitzen ibili nintzenean, orduan entzundakoa Luis Perezi: "Gozamena da Aranbururekin jokatzea: baloi denak hankara pasatzen dizkizu". Eta Realeko harrobiko teknikoei entzuna: "Zamoraren garaitik sortu den jokalaririk onena da Aranburu" (Txiki Begiristain, Joxe Mari Bakero, Alkiza, De Pedro...; ez dituk jokalari makalak pasatu Zamoraren eta Aranbururen artean).

    1997an egin zian debuta Realeko lehen taldean, Irureta zenean entrenatzaile (harrobiari kasu gutxi egiten omen dion entrenatzailearekin...). Segituan hasi zuan nabarmentzen. Eta Van Gaalek, Bartzelonako tekniko zenean, Espainiako Ligako jokalari gazte bat azpimarratu behar eta: "Aranburu".

    Denoueixen lehen denboraldian jo zian goia: taldeak bigarren bukatu eta Mikel bera, fenomeno. Nire ustez, taldeko hiru onenen artean. Eta Txiki Begiristain, jada Bartzelonako kirol zuzendari zela, 'Berria'-n mintzo: "Realeko bi jokalari aukeratzeko? Rekarte eta Aranburu". Ez Nihat, ez Karpin, ez De Pedro, ez Aranzabal, ez Kovacevic... Rekarte eta Aranburu. 24 urte zitian azpeitiarrak orduan.

    Baina nolabaiteko etena segituan. Realak Alkiza fitxatu zian eta Aranburu, aulkira (ezin ulertzekoa). Kostatu zitzaioan titular postua hartzea eta motorra berotzea. Eta hurrengo denboraldian (iazkoan) Realak Arteta fitxatu zian eta Aranburu, aulkira (ezin ulertzekoa hura ere). Orduan ere kostatu zitzaioan titular postua hartzea eta motorra berotzea.

    Denboraldi honetan hasieratik duk titular. Eta onena, dudarik gabe.

    Hauxe dik salto handia emateko garaia. Zergatiak: taldean zelai erdian ez dik 'lehiarik', erraz nabarmentzen duk, hurrengo denboraldian 'jada' 28 urte beteko ditik...

    Bidean zoak. Madrilen ere, neure ustez, hasi dituk Aranburu lehen ez bezala baloratzen. Espainian gehien saltzen den egunkarian, esaterako, denboraldiko ekipo titularrean ditek jarria.

    Kolpea orain jotzeko, ez hukek txarra mutilak lehengoan Atletico Madrilen kontra erakutsi zuen jarrera erakutsiko balu oro har. Lider sentitu zuan eta ez zuan mugatu entrenatzailearen taktikara (ezkerrean jokatzera). Taldeko jokoaren barruan betiere, Aranburuk ez dik izan behar hain jokalari diziplinatua, ona hukek pixka bat 'txupoiagoa' balitz...

    Gordin jarrita: Aranburuk ezin ziok aukera honi aldegiten utzi. Bestela, berandutu egingo zaiok, agian; baldin eta Zamoraren garaitik Realetik pasatu den jokalaririk onenetakoa bezala gogoratu nahi badu jendeak.

    Animo, Mikel!

    2.  Real zale bat - 2005-10-04 | 18:46
    Atsaldeon danoi.

    Egia esan, ez diat uste, Zamoraren garaitik onena denik, baina bai onenetakoa. Egia esan Anoetan maitea dela gehien artean baina ez denen artean, badao zaletu batzuk ez dutena gogoko, noski ni ez naiz gutxi ohietakoa.

    Nire ustez oraingo taldean futbolean gehien dakien jokaliria da, baina zerbait falta zaio. Gainera hain gogoratua izateko, iaz baina denboraldi hobea egin beharko duela, neretzat Realean denetik denboraldi kaskarrena. Egia da bi denboralditan bere puestorako jokalariak ekarri zituztela eta horrek puestoa hartzea kostatu zitzaion, baina oker ez banago txapeldunorde izan ginenean 1º buelta min harturik ibili zen eta 2º honetarikoa izan zen, onena ez esate arren.

    Espero dut, partida gehigotan hartzea zelai erdiko pisua, bestela Realak nahi aldean asko sufrituko du, eta gainera gehiago jaurtitzen hasi behar du. Realek zelai erdikoa ligago gol gutxien sartzen dituenetakoak dira.

    Bono Aupa Mikel eta Zaragoza 3 puntu bila, han jendeak ez du besterik merezi eta.

     

     

    Erantzuteko izena eman behar duzu



    »» Pasahitza ahaztu zait
    »» Lehenengo aldia da eta alta eman nahi dut

    uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
    Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
    Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
    Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
    Sareko Argia 2005 - Estatistikak

    Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
    Parte hartzeko arauak