Gaia: zezenak
««Itzuli blog osora
“Programa”ren esperoan, je!...
Azpeitia Urrestilla herri-jaiak programa zezenak saninazioak | Ramon Etxezarreta |
2008/07/11
23:13
Herrietako festetako programek esan nahi handiak, esan nahiak eta esan ezinak ere bai, izaten dituzte. Azpeitikoaz zer esan, tradizioz programa bera izaten da festetako ekitaldi esanguratsu eta indartsu bat. Ziur ez dela horrela izan beti baina.
Nere memorian lehendabizikoa Urrestillako eskola berrien zuri beltzezko argazkia zekarren hura da. 1962koa edo izan behar zuela kalkulatzen dut, urte horretan uste baitut inauguratu zirela Urrestillak historia unibertsalean zehar eduki dituen eskola bakarrak, urte eta belaunaldi ugariren eskaeren ondoren. Hala esaten omen zuen izenik esan nahi ez dudan harako hark:
- Ez zaiok inporta, lehen ere ez hituen eta gero ere ez dituk Urrestillako umeak azpeitiarrak baino tontoago izango horregatik.
Baina harira etorriz. Atzera begira jarrita, batallitak batallita, xehetasun esanguratsuak izaten dituztela herrietako festa egitaraua iragartzen duten eskuorri, kartel, liburuxka eta abarrek.
Adibidez, inork eskura balitza, begira beza, hemen hauetako herrien bueltan zein festa ziren beren egitaraua euskaraz argitara eskaintzen hasi ziren lehenak. Lepoa jokatuko nuke urte batena baino bentaja handiagoz Urrestillan egiten genituenak izan zirela lehenbizikoak, bigarrenak eta hurrengoak. Ez zigun barre gutxi egin listo usteko askok, Azpeitiko bezala kanpokoagoak, “Ziripot biribilketa”, “herraldoi eta buruhandiak”, “suziriak” eta abar idatzita ikusi zuenean. Denboran atzera begira jarrita lasai esan ditzakegu bi gauza: Bata, burla eta iseka dela tontoek beren ezjakintasuna adierazteko daukaten modu natural bat eta, bia, Urrestillan egitarauari pieza literariorik jasoenak behar duen tratamendua ematen saiatzen ginela.
Guzti honek ez du esan nahi urte askotan, leku guztietan bezala, gaztelera hutsean jardun ez genuenik egitarauak ateratzen. Baina Azpeitikoaz hasi naiz eta Azpeitikoaz aritu behar dut.
Garai zaharretatik dator Azpeitiak, bertako herritarrek arropa bezala, festa egitaraua ere esajeratu dotorea ateratzearena. Kuatriokomia, paper garestia, argazki asko, orri ugari eta zer ez gehiago.
1979an sartu ginen gerrate zibilaz geroztik izandako lehen udal hauteskundetatik ateratako korporazioa. Garbi geneukan “lehen korporazio demokratikoa ginela” eta, ez zegoen zalantzarik herriaren borondatea inork ez bezala entzun eta gauzatuko genuela. Lehenengotako froga Saninaziotako herri jaiena izan zen – ordura arte “fiestas patronales”. Hala moduz igaro genuen froga. Igaro esan dut eta ez gainditu, gainditu genuenik ia inori ez baikenion entzun.
Akastun nagusiak, arduradun gupidagabeak, historiak absolbitu ez gaituenak, bi izan ginen: Leopoldo Etxeberria, Leo deitzen geniona eta Anatsan goitizenez sinatzen zuena, eta ni neu. Biok ginen, nolabait esateko, korporazio hartako euskaldun jantziak, alfabetatuak esan nahi da, euskara irakurtzen genuenak, sasoi hartako azpeitiarrentzat nahiko ahalmen urria, eta idazten ere moldatzen ginenak, aparte biok genuen idazle bokazioa,. Hogeita bost urtetik gora dira, oker ez banago, Leo zena hil zela eta harrigarriki isilik pasa dira urte horiek, harrigarria nola bere oroimenezko inolako ospakizunik ez den egon. Agian PNVrekin lerratu zelako izango dela iruditzen zait eta PNVri berriz, askotan, euskara hainbestexe axola zaiolako izango da. Inor gogoratuko da!
Bi espezialista izan bagina bezala enkargatu ziguten, borondaterik onenez, urte hartako herri jaietako egitarauaren argitarapena Luxiano Lazkano alkateak eta ordurako capo manerak bereganatzen hasia zen nere lagun Bastidak. Gogor ekin genion lanari. Guretzat ez zen halako aukerarik izan historian.
Letra idatziak garrantzia eta prestigioa zituen, gaur dituenak baino handiagoak ziurrenik, eta edozein publikazio kaleratzea, zeuden periodiko eta aldizkari urrietatik aparte, gauza aski zaila zen, euskaraz ia-ia inposiblea ez esateko. Garbi zegoen beraz euskarak ez ohiko presentzia izan behar zuela eta hala izan zuela. Ez genuena kontuan izan zera izan zen, jenderik gehienari euskara irakurtzea ikaragarri zaila egiten zitzaiola. Jendeak zailtasun gaindiezin baten inpresioa jaso zuela guk nahi genuen geure hizkuntzarekiko atxikimendua eta zaletasunarena baino.
Euskaraz idatziak, gazteleraz idatziak.... aldizkari bat atera zitzaigun festa egitarau bat baino gehiago. Gainera diru publikoa ez xahutze kontu horrekin eta zintzo, zuzen eta zuhur izan nahiarekin zuribeltzeko argazkiak gehiago izan ziren koloretakoak baino eta, zer arraio gero!, ez zen toreadore bakar baten argazkirik ere atera. Uste dut zezenetako argazki bakarra atera zela eta bera bi zezenena izan zen, bata bestearen gainean beste hori egiten bezala. Bertan nagoen bezala ez genuela asmo bihurriz edo okerrez egin baina zezenzaleek eta Azpeitia zezenzaletasunarekin identifikatzen zutenek burla, iseka eta iraintzat hartu ziguten.
Guzti horri eransten badiogu azalean festa giroko irudi edo argazki koloretsu baten ordez don Julian Elorzaren argazki bat sartu genuela “herri jaiak 1979” legendarekin –Leoren obsesioetako bat garai hartan, zorioneko don Julian, neri gaizki iruditzen ez zitzaidana-, kontsumatutzat eman dezakezue burutu genuen lehenbiziko festa egitarau demokratikoaren desastrea. Inoiz gehiago ez ziguten utzi programaren edizioan eskurik sartzen, lerroren batzuek edo testuren bat izan ezik.
Gaur neuk ere beste era batera egingo nuke lantegi bera, baina ez daukat batere damurik gauza horrela eginarena. Geroztik litekeena da urteren batean edo gehiagotan egitarau hobeak atera izana, baina 79ko hark zuen baliokoak ez asko.
Galera handiagoak izan ziren Kubako gerratean eta hemen gaude. Hori bai, korporazio hartako inork ez zigun errietarik egin, ez orduan eta ez gero, garai hartako aldizkari batzuetako posterren gisara programaren erdiko bi orriek korporazio berriaren argazkia zekartelako. Bibote asko, emakume gutxi eta azpeitiar gehiegi, Je! Aurtengoaren esperoan.
Lotura zuzena |
Erantzun
Idiak, behiak, zezenak, zekorrak...
Idiak zezenak sokamuturra | Ramon Etxezarreta |
2008/01/26
00:06
Ez da nere asmoa inolako auzitan eta eztabaidetan sartzea zezenak eta tankerako festakerak direla eta. Baina, Uztarria.comen ikusirik Azpeitiko sokamuturzaleak Eusko Jaurlaritzarekin adiskide ez dabiltzala, behin eta berritan gure kulturaren historian egon den eztabaidaren lekuko ugariren artean bitxi bat berreskuratu dut, Serapio Mujica ormaiztegiarrarena.
1911koa da. Hemen argitaratzeko euskaratu dut, ez oso itzulpen ortodoxoan, baina bai esan nahi zuenarekiko fideltasunean. Barka presak
En fin, ezer gutxi berririk eguzkiaren azpian
EUSKALERRIAREN ALDE –Revista de Cultura Vasca- año I. Num. 5
IDI APUSTUAK
Izenburu honekin berarekin argitara eman zen Euskalerriaren alde –ko lehen alean artikulua, non Bizkaiko Gobernadore jauna zoriontzen zen probintzi hartan idi apustuak egotea debekatu zuelako.
Egun hauetan ikusi dugu egunerokoetan notizia, berriro ere baimenduak izango direla ikuskizun barbaro haiek nahiz eta horretarako zenbait baldiuntza exijituko den.
Hala genion gure artikuluan. Gai honetan radikalak gara, eta gure asmoa da borroka ezduin hoiek errotik desager daitezela. Idi eta behien apustuen etsai gara, antzaren jokoena, aharien topetakadena eta inkultura erakuskeria eta sentimentuen gogorkeria adierazten duten ikuskizun guztiena.
Gure sentipena auzi honetan garbi geratu zen une egokian.
Idi apustuena –genion orduan- ez dugu ulertzen ez eta nola existitzen diren ere; ezin dugu ulertu nola gure baserritarrek, idiak, beren familiako jendeei dietenari inbidiarik ez dion kariñoz maitatuz, nola martirizatzen dituzten gero plaza publikoetan, gure lotsarako Gipuzkoako herri askotako plazetan dagoen, beste helbururik gabe, harri ikaragarri bat garraiatzeko zigortuz eta eztenkatuz. Idi gizarajoak, larrua odolez eta izardiz estalita, ahotik aparra dariela, luzatu eta kizkurtu egiten dira, erori eta altxatu, arnas estuarekin ibiltzen dira harria garraiatuz kolpe eta eztenkada artean, inguratzen dituzten zaleen deihadar basatiak zirikaturik.
Oraindaino ez ziren maiz gertatzen: inoiz edo edo behin egunerokoek lasai kontatzen zizkiguten protestarik gabe irakurtzen ziren ankerkeriak. Orain egunero gertatzen da berdina; ikuskizun ezduina bere esparrua zabaltzen ari da. Noraino eta ia gutxiraino non periodikoek zabaldu duten notizia jokoetan euskaldunena denerako eraikitako hiri bateko plazan –antzina kultura gipuzkoarra ateratzen zen- lehiaketa bat ospatzera zihoan, diruz saritua, inkultura alarde hoiek ordaintzeko.
Ikuskizun honek amaitu egin behar du, ezin dezake denbora gehiagoz jarrai. Proba ezduin hauen desagerpena beharrezkoa da; ezinbestekoa da, plaza publiko askotan, sen ondoltsuen salatari, dauden harriak hauts eginda uztea.
Diputazio txit gorenak, nekazaritzaren alde hainbeste laboratzen duenak, ahal duen guztia egin behar du, ezer ahal badezake, joko hauek mugatzeko eta esku gogorrez zigortzeko, kupidarik gabe, bere langintzaren kontran, odola eta eszena inhumanoen zaletasuna herritarren artean piztu edo gehitzen dutenak. Eta Gobernadore jaunak lortzen badu proba hoietarako baimen batek berak ere Gobernu zibilaren ataritik ez irtetea, ikuskizun hau makula bat dela uste dugunon eskerron egiazkoa izango du.
Eta zer esan antzar jokoaz? Ikusitako ikuskizunen oroigarri bezala aipatze hutsak izularria eragiten du. Joko hori, bada, gure zelaietako oihal berdean egiten da; danbolin hotsarekin dantzan egitera etorritako jende xumearen artean. Antzar gajo bat ikusi dugu hanketatik zintzilik, etsita balantzan, eta zaldun batzuk iksui ditugu agudo korrika eskuak luzatzen antzararen aldera, bere azpititk igarotzean, ezpata kamuts batekin zaztada emateko edo tirakada beldurgarri bat ematen abere gixagajoari lepoa etenez, gainerantzekoa zintzilik eta odol jariotan uzteko.
Ikusi nuen bai, ikusi, eszena nazkagarri hori Gipuzkoa kulto honetan, ikusi nuen herririk basatienentzat ere ezduina den joko hori, arbola ostotsuz eta baserri zuriz inguratua. Ez jokatzen dutenak eta ez ikustera joaten direnak daukate barkaziorik, baina hutsa chistu-a entzutera joanak, aurrean duten guztia ikustea, hutsa jokalariek ere, txalo lausengarien irrikiz, ankerkeria ekintza hauek egitea. Inolaz ere gerta ezin daitekeena da festa antolatzaileek baliabide anker hoietara jo beharra eta, agintariek, ia beti antolatzaile, dibertsio barbaro hoien ospatzea ametitzea agintzen duten herrietan. Apaiz jaunek ere moraltzeari ekiteko bide bat daukate festa hoien abolizioan, bihotzetan ekintza nardagarri hauek gaitzetsiko dituzten sentimendu eztiak txertatuz.
Baina agintariek ez dute aholkua eman behar, debekatu egin behar dituzte, behin betirako, gure herriaren izen onarentzat atentatuak diren hoiek.
* * *^
Ez da falta izan, lehen aipatutako gure artikulua irakurri ondoren, ikuskizun hauen hain kontra geure burua erakutsi dugunok zezen korriden kontrako hitz erdirik eduki ez izanarekin harritu direnak.
Gure isiltasunaren esplikazioa soila da. Zezen korridak ez dira Esukalerrian bakarrik burutzen diren ikuskizunak; hauek desagertarazteko gure ahaleginak alperrikakoak izango lirateke. Ojala hala ez balira!
Gainera uste dugu egungo euskaldunen zezen korridetarako zaletasuna itxura gehiago dela errealitatea baino. Badirudi zezen plazarik gabeko herri ertainik apenas dagoen herrialde batek muinetaraino sartua behar duela zaletasun toreroa. Hala ere, hona Gipuzkoa, sei zazpi zezen plazekin, zaletasuna inondik ere bistaratzen ez zaiola. Plazak, hiriburukoa kenduta, herriko jai egunean bakarrik zabaltzen dira, jendea zezenetara egun horretan eskainiko litzaiokeen beste edozein ikuskizunetara jonago litzatekeen bezalaxe joaten da. Eta hiriburukoak bere ateak itxita edukitzen ditu atzerritarrena multzorik nagusiena ez den bitartean.
Gipuzkoako plazei ez die eusten zalego gipuzkoarrak; Donostiakoa kanpoko zaleei esker bizi da, eta herrietakoak urtean behin zabaltzen dira, mila arretarekin eta herriko festa egunean bertakoak zezenetara joango diren esperantzan, izan ere egun hoietan jendea prest baitago egiten zaizkion dibertsio promesa guztiak entzuteko.
Zaletasuna, beraz, itxura da asko. Eta noski, gure esku balego guztiz desagertaraztea, ez genuke ahaleginik txikiena ere egin gabe utziko. Ez dago esan beharrik inkultoak eta inhumanoak izateagatik antzar jokoak, idi probak, etab. arbuiatzen ditugunok, arrazoi askoz ere gehiagorekin arbuiatzen ditugula zezen korridak, hauek mila aldiz krudel eta barbaroagoak bait dira haien aldean, lentejuelazko eta urre harizko jantzi dotore diztiratsuan bildurik azaltzen baldin bazaizkigu ere.
GREGORIO MUJICA
Lotura zuzena |
Erantzun bat.
krixpin | 2008-04-03 | 12:09