Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko urriyek 14,  ASTEARTIE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Blogak »  Urrestildarrok hobeak!?

Urrestildarrok hobeak!?

(Ramon Etxezarreta)

 ARTXIBOA

 HARPIDETU

  • Jarioa: XML
  • Blog honetara harpidetu nahi? Mezu bat jasoko duzu zerbait idazten duenean. Sartu hemen zure e-posta:



    (rssfwd zerbitzuari esker)

     ORRI HAU...

     

    Gaia: urrestilla

    ««Itzuli blog osora

    Gure jolas haiek

    jolasak jokoak urrestilla | Ramon Etxezarreta |  2008/05/26  10:49

     

    "Urrestillako Herri Batzordeak proposatu eta Udalarekin elkarlanean, garai bateko jolasen tailerra egingo dute larunbatean auzo horretan". zioen uztarria.comek maiatzaren 16an. Zer esan? Gauza asko baina, bata, notiziaren erredakzio erari buruzkoa da. Alegia oso Urrestillatik kanpokoa izan behar dela, gutxien gutxienez Azpeitikoa (besteok ez bagina bezala), notizia horrela idazteko. Ez naiz ari "auzo" hitzagatik "horretan" erakusleagatik baino. Badaude argitalpen lokal batean idazteko modu ez-zentralistagoak, kar, kar, kar....

    Baina, zergatik ukatu, notiziak poz eman zidan, gustuko bait dut gaia, gustukoago jolasen gogoratze soila baino neure eta neure garaikoen haurtzaroa gogoratzea, baina biak dira bereiz ezinak.

    Behin baino gehiagotan egon naiz tentatua, neuretzat bederen, umetan eta mutikotan genituen joko eta jolasak idatziz deskribatzera baina, ez dakit, probetxu gutxiko lana iruditu edo, alferkeria edo, aitona puzkarti irudia ez hartze aldera edo, halako latazoa agoantatuko didaten gutxi egongo diren usteak, zergatik eta zertarakoen zalantzek, ez didate bultzarik egin aurrera pauso hori ematera. Baina ez inbidiak eta poz txiki ugari pasa ez ditudalako zenbait idazle irakurtzean.

    Gustuko dut Baroja eta Unamunoren testu memorialistikoak aldian behin eta saltoka irakurtzea. Irakurketa horretan konturatzen zara gutako edozeinen haurtzaroa literaturaratu daitekeela eta guztion interesa piztu. Harrigarria ere egiten da Bilbo bezalako ziudade batek, adibidez, eta Urrestilla bezalako herri koxkor batek eduki dezaketen elkarren antza, hizkuntza aztarna, joko, jolas eta abar.

    Zenbat aldiz ez ditut gogoratu eta mentalki errepasatu gure zapoketan, atxeketan, potekilloketan, karabaketan, ameriketan, erregeketan, altapumean, katean herrenkan... eta hainbat eta hainbat joko (hauek denak, pare bat kenduta, mutilenak ziren). Zenbat muxika hezur eta kartutxo azal!. Zenbat aldiz ez ote zait bururatu deskribatu, arauak idatzi eta hizkuntza aldetik eduki zitzaketen kuriositateetan behera murgiltzea. Baina dena eginkizun dago.

    Horregatik asko poztu nau uztarria.comeko notizia irakurtzeak eta hori Urrestillako frontoian izateak. Ez nintzen ikustera azaldu kuxkuxerotzat har ez nazaten, baina bai gustura kuskuxeatuko nuela.

    Ez zait iruditzen tradizio guztiak berreskuratu beharrekoak direnik eta gutxiago lehengo gauzak, lehengo edo "garai bateko" izateagatik on eta mesedegarri direnik, baina bai batzuei oroimena haurtzaroko zorion askoren lurrinez blai egiteko balio digula eta beste batzuei denbora-pasa atsegin baterako baliabide zaiela. Ez da gutxi.

    Beraz, gogoz txalotzen dut jarduna, Jolasaren pareko oroimena bait dugu urrestildar askok, Azpeitiko Udalak gure herrian ezer ere, baina zero zero, antolatzen ez zuenekoa. Ez hasierarik eta ez bukaerarik ez duen oroimena da, oroimen eternoa.

    Bejondeiola Azpeitiko udalari! Eta pasadizoz esplikatzen badigu zer den Herri Batzordea, izen propioa edo izen arrunta, nola funtzionatzen duen, nork har dezaken bertan parte, zer erabakimen duen, zer arauk erregulatzen duen, eta abar, hobe baino hobeto. Zapo!

    Lotura zuzena  |  Erantzun

     

    Animena. Hildakoak maiteago?

    hildakoak urrestilla elizkizunak | Ramon Etxezarreta |  2007/11/19  22:55

    Ohiturek, eta ohiturak zaintzeak eta gordetzeak, balio ikaragarria hartu dute gure artean. Nerurririk gabeko indarra izateaz aparte, ohitura bera noiz den ohitura, noiz betiko, noiz gurea, gutarra.... ez da auzi makala, baina beste baterako.

     

    Hil honetakoez, azarokoez, datozkitk burutazioak, santuguztienetaz, animenaz eta ingurunmariez. Guztiz attite-pollo egina nagoela irudituko zaizue baina ezin dut ebitatu egun ikusten duguna eta nere haurtzaroan bizi genuena alderatzea.

     

    Badirudi santu guztien egunean etxekoen artean hildakorik ez duenak, loretan norekin gastaturik ez duenak alegia, erridikulua egiten duela gizarte osoaren aurrean, herriko jaietan festak direla enteratu nahi ez duenaren parekoa.

     

    Ez nituen nik hala ezagutu. Gure etxean ostiral santuz izaten zen kanposanturako bisita eta, loreena geroago etorri zen, aitagure bana edo errezu bana egin bi amamei eta jaisten gienen herrira, Urrestillara esan nahi dut. Horrekin bukatzen zen dena.

     

    Ez dut esan nahi azaroko santu guztien egun hau izaten ez zenik, izango ez zen bada! Elizak alderdi frankistako santu berriez aparte ezer gutxi asmatu du azken mendean. Bi egun izaten ziren. Bata, santu guztiena, santu izanik inork ezagutzen ez genituen santuena, mundu osoan ospatzen dena,  eta bestea, azaroaren 2koa eta orain inork ez duela gogoratzen dirudiena, animen eguna. Halloween nagusitu da globalizazioan bere bertsioa ezberdinetan.

     

    Animena beste kontu bat izaten zen. Astegun burugorria baina elizkizunak topera, sei meza ezagututa nago Urrestillan, bata bestearen ondoren kedarik gabe. Hau beste animen eguna izaten zen, santu ez ziren guztiena. Españia, Portugal eta Latinoameriketako apaizek hiruna meza ospatzen zituzten, aita santuak ez zien baimenik eman munduko beste apaizei beste hainbeste egiteko.

     

    Nere oroimenean lauso dago, hala ere, animen eguneko kontu hori. Egun horretan uste dut, edo horren aitzakian bezpera arratsaldeko elizkizunean, egiten genuela Urrestillako akolitook diru fortuna handia (gure irudirako noski) jasotzearena. Behingo batean gogoratzen dut nola hirurogeitamasei pezeta eraman nituen etxera nere hileko soldata normala hiru durokoa zenean.

     

    Baina joan ziren kontu haiek eta aldatu dira ohitura denak. Gaur dena azaroaren bata da eta inon halako lore sortak eramaten dizkiegu gure hildakoei eta beste hark zioena esan nahi dut nik ere. “Bizi zenean, onenean ere, salda parrastadatxo bat ez zien opa izango eta orain... hara!”. Ez dauka gezurra zer izanik gizarte itxurakeriak hainbesteko garrantzia duen garai hauetan.

     

    Hala ere, dena esan beharra dago, santu guztienetakoa berria izango da, baina hildakoekin gogoratzearena ez. Garibayk esaten zuen jada bere amagatik: “Fue caritativa, limosnera, abstinetísima, y tan devota de las ánimas del purgatorio, que en su casa poco mas pan era el que comían los vivos que el que se ofrecía en la iglesia por ellas”.   Eta ez zuen ama hori bakarrik izan behar debozio hain sustraitua zuena,  Euskal Herrietako jende asko baizik  Justo Garateri kaso egiten badiogu.  Haren esanera euskalduan oso hildakoei kasu egin zalea zen, hainbeste, non XVgarren mendeko bidaiariren bat, Tetzel, guztiz harritu zen, gure ohiturak behatzen hasi eta, emakumeek beren arauak betetzen baino hilarrien gainean denbora gehiago pasatzen zutelako

    Lotura zuzena  |  2 erantzun. Azkena: ander | 2007-11-22 | 23:35

     

    Hona non!

    urrestilla agurra | Ramon Etxezarreta |  2007/06/26  12:25

    Ez da makala jarri Azpeitia alde hori. Egoera berriak asko dauka gaiztotik, beste hainbeste itxaropenetik, auskalo, auskalo, eta guzti guztia berritik. Joko du nonbaitetik.

    Denborak dira inguru haietatik Donostiaratu nintzela baina, oraindik ere, hogei urtetik aurrrera dihoazen nere semealaba donostiarrek ere ez dute esaten urrestildarrak ez direnik. Esan daiteke beraz gogoa eta zerbait gehiago ere neure herrian, Urrestillan, ditudala.

    Beti jakin nahi izan dut hango –Uztarrian nagoenez esan dezadan hemengo- berri, eta beti jarraitu izan dut gogoz. Ez gutxitan, parte hartzeko gogoari eutsiz, gogor eutsiz. Errespeto falta eta dena iruditzen zitzaidan Donostian eta bertako udal gobernuan egonik horko –hemengo- kontuetan sartzea, baina ikusten nuen kezkaz, gehiegitan, eta pozez, askotan, oraindik ere bertakotzat nindutela horkoek, bai eta ezagutzen ez nindutenek ere.

    Ez dakit zertarako. Saltsetan sartu eta atera gabe ibiltzeko, oraindik hain urruti ez dudan gaztaroa berbizitzeko, beste lau urtez isilik egon nahi ez dudalako, nere urrestildartasuna, ergo aho txikiz baina, eskubidezko azpeitiartasuna, aldarrikatzeko, gauzari kolore pixka bat emateko, Azpeitian orduan ikusi nahi nituen ahalbideak orain ikusten ditudalako, neure buruari gustu emateko (arrazoirik garrantzitsuena)... Bloga eskatu diot Uztarriari eta baietza eman didate. Ez dakizue nolako poza daukadan!

    Saiatuko naiz gauzak errespetuz esan eta egiten.

    Lotura zuzena  |  14 erantzun. Azkena: Igor | 2007-07-02 | 14:00

     

    uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
    Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
    Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
    Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
    Sareko Argia 2005 - Estatistikak

    Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
    Parte hartzeko arauak