Gaia: azpeitia
««Itzuli blog osora
Biba alkate berria!
azpeitia | Ramon Etxezarreta |
2007/10/3
23:35
Ez zaio bada herri honetan inori baimena eskatu beharko oihu hori egiteko, ez? Horra bada berriro, altu, klaru, irmo eta ozen: “Biba alkate berria!” Eta zer?
Lehenago nuen hau esateko asmoa, dexentez lehenago, baina goizegi iruditzen zitzaidan xurikeria eta koipekeriarekin nahastu gabe ulertzeko. Izango nuela gerora ere denbora pentsatzen nuen, esan eta esplikatzeko. Garaia etorri zenean, denborak okertzen hasiak ziren eta ez zitzaidan deihadar egokia iruditzen. Denbora aurrera egin ahala berriz ez da giroa hobetu, okerrera egin duela esango nuke eta gero eta aukera gutxiago dudala eztarria urratzeraino egin nahi nuen ulua egiteko. Guztiz ezinezko egin dadin baino lehenago horra beraz: “Biba alkate berria!”
A esan, be esan, orro itsuan lapidatzera ateratzen zaizkidan ziberadiskide hoiei ea nondik jotzen dien oraingoan eta esaten didatena, edozer dela ere, nereak ulertu ondoren esateko saioa egiten duten. Ahalegina eskertuko da.
Eta zergatik egin behar dut nik oihu Azpeitiko alkate berriaren alde? Bada garbi dago, Azpeitiko egungo udal gobernuak ondo egingo dituen lan guztiak herritar guztientzako ere on izango direlako. Gaizki egingo dituenak kalterako izango diren bezalaxe. Beraz, ez dago inor alkate txar bat komeni zaionik. Baina arrazoiketa honek zerikusirik ez du Azpeitian gertatu den lurrikara politikoarekin.
Alkate berria, alkate on bat izan daitekeena, itun txar baten ondorio dela iruditzen zait, erresuminezko harreman bihurrien adierazpena, eta hori ez da oso ona ere izaten. Behin erresuminez jokatu duenak erakutsi du, besterik ez bada ere erresuminez jokatzen dakiela.... ez bedi horrelakorik izan.
Alkate berriaren alde oihu egiteko ikusten dugu zenbaitek motiborik, hauetan nagusiena aukera historiko bat izatearena izango litzateke. Aukera historikoa esaten dut, zeren oraindainokoan herri horretako arrazoi historikoa PNVk zeukan indarra zen. Hain izan da indartsua non zenbait herritarrek beste aukerarik, ez dut esaten komeni zenik, posible zenik ere ez zuela ikusten. Eta hara non posible izateaz gain gauzatu ere egin den, eta bi gauza ikasi ditugun. Bata PNVrik gabeko gobernu bat, garrantzizkoa da hau, posible dela eta bestea PNVk ere ikasi beharra zeukala gauzak ez direla betikoak, beti eta betirako izaten ez eta bere euskal herrietan ere.
Posible izan da Azpeitian alkate ezkertiar bat, orain aukera apartekoa da politika ezketiarra ere egiten duen alkatea dagoela frogatzeko.
Beste aukera bat ikusten dut nik guztiz garrantzizkoa, bere biziko garrantzizkoa. Hau da, Azpeitia herri indartsu eta bizia da edozein aldetatik begiratzen zaiola. Sarean bueltatxo bat jo besterik ez dago potentzialitate eta dinamismo handiko gazteria eta herritarrak daudela ikusteko, Euskal Herrian bere tamainako herrien eta handiagoen artean erreferente bihurtzeko lain baliabide duena. Eta dinamismo guzti horrek, ahalbide eta potentzialitate guzti hoiek ez zeukaten, nere irudiko eta salbuespenak salbuespen, islada politikorik erakundeetan. Euskal kultura, euskarazkoa eta bestea, folklore soiletik oso gaindi dago eta ez dauka munduko beste adierazpen kulturalen beldur zer izanik.
Oraindainokoan balio hoietatik gehienek ezker abertzalearen mundu marjinal eta bazterrekoan zuten kabi. Orain da erronka. Ezker abertzaleak alkatetzan eta udal gobernuan daude. Marjinalitaterako arrazoirik ez dago, bolantista eta ganberroentzat salbu, beraz erakundeek kulturari eta ahalmen kritikoari leku egin behar diote marjinalitatean ezer utzi gabe. Eta batik bat, batik bat, ezker aberttzaleek konsziente izan behar dute autoexijentzia maila jaso beharra daukatela, eta autokritikari etengabe eragin beharko diotela. Erraza zela, errazegia, PNV eta enparauak kritikatzea, baita arrazoi edukita ere, baina orain egin beharrekoa beste hori dela, hain erraza ez den beste hori, PNVk egiten ez zuena alegia... klientelismorik gabe, noski.
Eta horretarako ezinbesteko bada, ba hori, oihu egin beharko dugula:
Biba alkate berria! Biba!
Oharra: Testu hau, bere osotasunean edo zatika, beste komunikabideren batean erreproduzitu nahi duenari zera eskatzen diot, jakinaraz dezala beste hamabost egun edo hilabete barru alkate berriaren kontra idazteko asmoa dudala. Libre izango delakoan beti ere.
Lotura zuzena |
32 erantzun. Azkena:
ander | 2007-10-09 | 15:34
Artecheri zor ez dioguna
Artetxe euskara azpeitia Saizarbitoria | Ramon Etxezarreta |
2007/07/17
01:21
Donostiako Urgull mendian dagoen Jesusen Bihotzak ba omen du bere barruan aztarna azpeitiarra. Modesto Arrieta obra maisu azpeitiarrak, bere eskuz idatzi, eta bere menpeko langile koadrilak, beren eskuz sinatu eta tubo batean gorderik, Jesusen Bhihotzaren irudi barruan, sartu zuten otoitza edo errezoa. Hala dio José de Artechek bere El gran asombro liburuan.
El ansia de las cuartillas izenburua duen atalean esplikatzen du Artechek hori, zergatik kontra egotetik Urgull mendiko irudi horren aldeko zale bilakatu zen esplikatzen duenean. Liburu horretan badaude irakurlearen jakin mina piztu eta asetzeko beste zenbait atal ere, Jauregui Azpeitiko erretore gerrilari karlistaren historia kontatzen duena adibidez edo, beste bat esatearren Ildefonso Gurrutxaga historialari jelkide azpeitiar erbesteratuaren zenbait aipu.
Ez nuen nik Arteche ezagutu, nere euskaltzaletzearen bezperetako urtetan hil zen. Eta beraz eta bere, pentsakeraz gehiago, lanaz nituen erreferentziak ez nituen batere gogoko. Gazte ideologiaztua ni, aurreiritziz josia eta pertsonen juzku errazegiak egiteko arriskuduna, higuina eragiten zidan nigan Jesusen Bihotzaren kapitulu horrek eta Ildefonsoren aipu ez sakonduek susmoa eta amorrazioa eragiten zidaten. Ildefonso erbestean hil bait zen eta bere ondareak hemen, Azpeitian, gelditu bait ziren nork daki noren eskuetan.
Bazuen beste merezimendurik ere Artechek Etxezarreta gaztearen gogoko ez izateko, adibidez, Ramon Saizarbitoriak Egunero hasten delako nobela idazteagatik belauniko eskatu beharko ziola barkazioa Euskal Herriari esan izana. Azken iritzi hau idatzia zela uste nuen baina bere artikuluen argitarapen bilduma ezberdinetan begiratu eta ez dut aurkitu, beraz Saizarbitoriak nobelaren azken argitalpenari egiten dion hitzaurrean esaten duenarekin ase beharko.
Errieta egin omen zion Artechek Saizarbitoria gazteari Diputazioko Liburutegian irakurle guztien aurrean. Ramonek dio orduan Donostian inork ez zuela euskeraz ulertzen eta denek pentsatuko zutela liburu bat harrapatzeagatik ari zitzaiola errietan, horrek lotsatzen zuela, ez bestek. Esaten du, bai eta, ez ziola errietan eman abortoa gai zuen nobela bat idazteagatik, liburu lizun hartako azaleko emakumearen irudia Santa Bernardettena zela iruditzeagatik baizik. Azken hau ez zait neri guztiz sinesgarri egiten, Ramonek berak ere hirugarrenen ahotan jartzen du, baina balio du inpresio horrek sasoi hartako Euskal Herriaren metafora egiteko.
Nobela horren azalak historia luzeago ere eduki dezake. Alberto Corazón diseinatzaileak egina zen, gaur RENFE, Anaya, ONCE, Mapfre, Liburutegi Nazionala eta abarretako logoak egin dituen egile berak, eta Santa Bernardette ez omen Santa Bernardette, Maria Teresa Castells baizik, ETAk hiltzeko ahalegina egin zuen Jose Ramon Recalderen emaztea gaur.
Saizarbitoriari egindako errietarena ez dela honen kontakizun dotore bat jakiteko modu bat izan nuen nik, don Pedro Berrondok, Kixotearen euskal itzultzaileak kontatua. Don Pedro apaizak bazuen joera bere ingurukoei eta diszipuloei zenbait harreman ez gomendatzeakoa. Ez zen gomendagarria marxista, komunista, fedegabe, fede epeleko eta antzeko erlijiogabe heterodoxoekin harremanak izatea eta haien literatura hutsa edo hutsaren hurrengoa ziren. Baina don Pedro berak denekin tratatzen zuen, gustora gainera, eta bion arten izan genituen adiskide unetako haietako batean kontatu zidan.
Don Pedro ari zitzaiola telefonoz hizketan Ramon Saizarbitoriari, bere algara eta irriparre zinikoekin, errieta gisako bat egiten. “Baina Ramon, nola idatziko dituk bada Holandako auzo zikin hoietako kontu lohi eta lizunak euskeraz? Ez bada, moteil... ez... ez.. gure jendea hori baino xume eta sotilagoa duk, garbiagoa...” eta bitartean, telefonoaren beste aldean eta don Pedro konturatzen ez zelarik, orduko telefono haietan ematen zuten aukerako zelatan, José de Arteche, liburuzain nagusia, entzun behar ez zituenak entzuten. Telefonoa eskegi orduko azaldu omen zitzaion hau Berrondori eta trumoirik beltzena baino bronka beltzagoa botaz, arduragabekeria ikaragarria zela halakorik idatzi zuen gaztea algara eta irrifarre artean tratatzea.
Ez dakit Artechek Saizarbitoriak Euskal Herriari belauniko barkamena eskatzea nahi zuen, baina bai nahi zuela, edo gomendagarri ikusten zuela Euskal Herri osoak Saizarbitoriari errieta egitea. Honengan liburu lapur izatearen pudorea idazle txar edo eskritore gaizto izatearena baino handiagoa zelako esan dezakegu gaur euskal idazle on bat irabazi zutela euskal letrek guda honetan. Ez diogu dena Artetxe bezalako gizon zintzoei zor.
Lotura zuzena |
Erantzun