Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko irailek 6,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Blogak »  Urrestildarrok hobeak!?

Urrestildarrok hobeak!?

(Ramon Etxezarreta)

 ARTXIBOA

 HARPIDETU

  • Jarioa: XML
  • Blog honetara harpidetu nahi? Mezu bat jasoko duzu zerbait idazten duenean. Sartu hemen zure e-posta:



    (rssfwd zerbitzuari esker)

     ORRI HAU...

     

    Gaia: Saizarbitoria

    ««Itzuli blog osora

    Artecheri zor ez dioguna

    Artetxe euskara azpeitia Saizarbitoria | Ramon Etxezarreta |  2007/07/17  01:21

    Donostiako Urgull mendian dagoen Jesusen Bihotzak ba omen du bere barruan aztarna azpeitiarra. Modesto Arrieta obra maisu azpeitiarrak, bere eskuz idatzi, eta bere menpeko langile koadrilak, beren eskuz sinatu eta tubo batean gorderik, Jesusen Bhihotzaren irudi barruan, sartu zuten otoitza edo errezoa. Hala dio José de Artechek bere El gran asombro liburuan.

    El ansia de las cuartillas izenburua duen atalean esplikatzen du Artechek hori, zergatik kontra egotetik Urgull mendiko irudi horren aldeko zale bilakatu zen esplikatzen duenean. Liburu horretan badaude irakurlearen jakin mina piztu eta asetzeko beste zenbait atal ere, Jauregui Azpeitiko erretore gerrilari karlistaren historia kontatzen duena adibidez edo, beste bat esatearren Ildefonso Gurrutxaga historialari jelkide azpeitiar erbesteratuaren zenbait aipu.

    Ez nuen nik Arteche ezagutu, nere euskaltzaletzearen bezperetako urtetan hil zen. Eta beraz eta bere, pentsakeraz gehiago, lanaz nituen erreferentziak ez nituen batere gogoko. Gazte ideologiaztua ni, aurreiritziz josia eta pertsonen juzku errazegiak egiteko arriskuduna, higuina eragiten zidan nigan Jesusen Bihotzaren kapitulu horrek eta Ildefonsoren aipu ez sakonduek susmoa eta amorrazioa eragiten zidaten. Ildefonso erbestean hil bait zen eta bere ondareak hemen, Azpeitian, gelditu bait ziren nork daki noren eskuetan.

    Bazuen beste merezimendurik ere Artechek Etxezarreta gaztearen gogoko ez izateko, adibidez, Ramon Saizarbitoriak Egunero hasten delako nobela idazteagatik belauniko eskatu beharko ziola barkazioa Euskal Herriari esan izana. Azken iritzi hau idatzia zela uste nuen baina bere artikuluen argitarapen bilduma ezberdinetan begiratu eta ez dut aurkitu, beraz Saizarbitoriak nobelaren azken argitalpenari egiten dion hitzaurrean esaten duenarekin ase beharko.

    Errieta egin omen zion Artechek Saizarbitoria gazteari Diputazioko Liburutegian irakurle guztien aurrean. Ramonek dio orduan Donostian inork ez zuela euskeraz ulertzen eta denek pentsatuko zutela liburu bat harrapatzeagatik ari zitzaiola errietan, horrek lotsatzen zuela, ez bestek. Esaten du, bai eta, ez ziola errietan eman abortoa gai zuen nobela bat idazteagatik, liburu lizun hartako azaleko emakumearen irudia Santa Bernardettena zela iruditzeagatik baizik. Azken hau ez zait neri guztiz sinesgarri egiten, Ramonek berak ere hirugarrenen ahotan jartzen du, baina balio du inpresio horrek sasoi hartako Euskal Herriaren metafora egiteko.

    Nobela horren azalak historia luzeago ere eduki dezake. Alberto Corazón diseinatzaileak egina zen, gaur RENFE, Anaya, ONCE, Mapfre, Liburutegi Nazionala eta abarretako logoak egin dituen egile berak, eta Santa Bernardette ez omen Santa Bernardette, Maria Teresa Castells baizik, ETAk hiltzeko ahalegina egin zuen Jose Ramon Recalderen emaztea gaur.

    Saizarbitoriari egindako errietarena ez dela honen kontakizun dotore bat jakiteko modu bat izan nuen nik, don Pedro Berrondok, Kixotearen euskal itzultzaileak kontatua. Don Pedro apaizak bazuen joera bere ingurukoei eta diszipuloei zenbait harreman ez gomendatzeakoa. Ez zen gomendagarria marxista, komunista, fedegabe, fede epeleko eta antzeko erlijiogabe heterodoxoekin harremanak izatea eta haien literatura hutsa edo hutsaren hurrengoa ziren. Baina don Pedro berak denekin tratatzen zuen, gustora gainera, eta bion arten izan genituen adiskide unetako haietako batean kontatu zidan.

    Don Pedro ari zitzaiola telefonoz hizketan Ramon Saizarbitoriari, bere algara eta irriparre zinikoekin, errieta gisako  bat egiten. “Baina Ramon, nola idatziko dituk bada Holandako auzo zikin hoietako kontu lohi eta lizunak euskeraz? Ez bada, moteil... ez... ez.. gure jendea hori baino xume eta sotilagoa duk, garbiagoa...” eta bitartean, telefonoaren beste aldean eta don Pedro konturatzen ez zelarik, orduko telefono haietan ematen zuten  aukerako zelatan, José de Arteche, liburuzain nagusia, entzun behar ez zituenak entzuten. Telefonoa eskegi orduko azaldu omen zitzaion hau Berrondori eta trumoirik beltzena baino bronka beltzagoa botaz, arduragabekeria ikaragarria zela halakorik idatzi zuen gaztea algara eta irrifarre artean tratatzea.

    Ez dakit Artechek Saizarbitoriak Euskal Herriari belauniko barkamena eskatzea nahi zuen, baina bai nahi zuela, edo gomendagarri ikusten zuela Euskal Herri osoak Saizarbitoriari errieta egitea. Honengan liburu lapur izatearen pudorea idazle txar edo eskritore gaizto izatearena baino handiagoa zelako esan dezakegu gaur euskal idazle on bat irabazi zutela euskal letrek guda honetan. Ez diogu dena Artetxe bezalako gizon zintzoei zor.

    Lotura zuzena  |  Erantzun

     

    uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
    Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
    Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
    Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
    Sareko Argia 2005 - Estatistikak

    Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
    Parte hartzeko arauak