Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2010ko martxuek 19,  OSTIRELA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Blogak »  Urrestildarrok hobeak!? »  Herritarrok 0 – ab(h)erriek 2, edo auskalo!, asko

Urrestildarrok hobeak!?

(Ramon Etxezarreta)

 ARTXIBOA

 HARPIDETU

  • Jarioa: XML
  • Blog honetara harpidetu nahi? Mezu bat jasoko duzu zerbait idazten duenean. Sartu hemen zure e-posta:



    (rssfwd zerbitzuari esker)

     ORRI HAU...

     

    «« Itzuli blogera

    Herritarrok 0 – ab(h)erriek 2, edo auskalo!, asko

    futbola, kirola, selekzioa | Ramon Etxezarreta |  2008/11/24  19:34

    Blogari gai lokalagoekin ekin aurretik. Aldaketa16 aldizkariak eskatu eta aste honetako alerako idatzitako artikulua da hau

     

    Herritarrok 0 – ab(h)erriek 2, edo auskalo!, asko

     

                Inoiz jokatu behar ez zen partidaren emaitza da lerro hauen goiburua, baina ezkutuko norbaitek, ustezko ezkutuko nabarmenak, jokatzea erabaki duena eta, ez joko ez arau, guztioi galdu arazi diguna. Ez dira horregatik gure jokalariak euskaldunago izango, ez eta pobreago ere, seguruena. Galdu ditugu lotsa guztiak!

                Ez nuen asko irudikatuko neure burua futbolari buruz, edo futbola aitzakia, idazten. Baina lortu dute. Hogeitabatgarren mende hasierako jauntxo eta señorito berri galtzamotxek inbaditu dute nire barrena modurik antidemokratikoenean. Antidemokratiko esaterakoan kasu honetan herritarrekiko begirunegabeziaz eta honen eskubideen kontra esan nahi da.

                Joan den mendeko azken laurdenean euskal herritarron artean halako indarra hartu duen onkeria zuri nardagarriz janzten denak esan dezake, egoki eta zuzen itxura batera, beraiena dela kontua eta beraiek erabaki beharko luketela. Noski baietz, beraiek, futbolariek, erabaki dezakete zer egin, jokatu ala ez, baina ez inoiz selekzioaren izena. Izen hori guztiona da eta guztiok erabaki behar dugu, errugbilariek, padeljokalariek, pilotariek, ziklistek... eta..., panderojole, adarjole, bestelako eta herritar guztiok. Beraz egin dezatela nahi dutena, baina izena guztiona da.

                Nik ez dakit zer autoritate edo zilegitasun ikusten dieten beren buruei aginte politiko, akademiko, eta zera guztien gainetik beraiek beren kabuz (je, je...! haizatzeko proposamen-baldintza-inposizio hori. Agian geuk dugu errua, bai seguruena, eraiki dugun mundu honetan gizarte prestigioa hankak baloiarekin jotzeari ematen diogulako, edo geure herriaren ordezkaritza kirolari aberats batzuen eskuetan jartzen dugulako, edo kirol profesionalari balio humano, etiko, politiko eta gainerantzekoak ematen dizkiogulako. Gero hori pasatzen da, sinestu egiten dutela eta hara!

                Dena den, ez guretzat baina, bitxia da kontua. Bitxia besteengandik zertaraino berezi behar dugun eta besteentzat erraza dena inorenganatzen dugun eta zaila dena geureganatzen. Gureak erremediorik gabea, ez beste inorena, behar du, bestela ez da gurea.

                Ezin dut ahaztu nola Franco hil artean Euskal Herria hitza erabiltzen genuen, hain esanahi politiko gutxirekin entzule maliziagabearentzat, non “gora Euskal Herria!” (“viva” gehiagotan) esatea ez zen Viva España! Esatea baino kondenagarriagoa erregimenarentzat, inokuitate guztia zeukan. Auzia orduan ere geure artekoa zen, hatxearekin ala hatxerik gabe zen kontua. Baina irakurri eta idatzi euskaraz ia inork nola ez zuen egiten eta ez telebistarik eta ez irrati eta komunikabiderik geneukanez euskaraz liskarra lau temosoren artekoa zen. Hatxez behar zuela esaten genuen kanon-zaleok baina souvenir dendetako irudietan gabe saltzen zitzaigun (tradizioari eutsiz) eta errearen gainean tildearekin.

                Diktadorea hil eta geroxeagora gauzak lasaitzen hasi zirenean eta gauzak askatasun gehiagorekin aukerak zeuden heinean, ahalegin gorriak egin genituen Euskal Herria hitza eta orduan hain ugaria zen vasconavarra kontzeptua gure hiztegietatik baztertzeko. Euskadi behar genuen, Euskadi zen, historia zipitzik ez genuenontzat ere, abertzaletasunean berri berriak ginenontzat ere, beharrezko izena, Euskadi zen gure karga politiko guztiak bere bizkar eramateko gai zen hitz bakarra. Eta kostata baina lortu zuen arrakasta,  gaurdaino iritsi da gure ezpainetan, aspertu gaituen arte.

                Esan beharra dago Euskadi nagusitu bada ere erabileran Euzkadi erabiltzen duenik ez dela oraindik ere falta, begira nola erabiltzen den oraindik gure partidu printzipalean, inor ofenditu nahi gabe esanda. Auzoari kontuak eskatzerakoan hain garden eta hain zehatz eta etxekoan izenean ere ez adostasunik. Enfin.

                Erdaldunek Euskadi hitza bereganatzea uste dut izan dela detonantea. Diglosia kronikoaren eragina, Españiako prentsak Pais Vasco Euskadi hitzagatik ordezkatu, garai hartako gure exijentziek nahi zutena, eta Españian hori erkidego autonomoko lurraldeen izentzat hartzen da, ezin baitute imajinatu hiru herrialdeetatik kanpora euskaldunik egon daitekeenik. Horrek molestatu egin du zenbait jende euskaldun.

                Nik uste Euskal Herria dela izenik egokiena gure herriarentzat, jendeak errazen onar dezakeena, tradiziorik gehienekoa eta inolako neologismorik gabea. Baina egun egiten ari garen erabilera egiten badugu, euskaraz ez diot arriskurik ikusten, baina bai gazteleraz, Euskadirekin pasa zaigun antzekoa pasako zaigu. Euskal Herria erdaldunen Euskadi izango dela, nazionalisten aberriaren izena, ezker abertzalearen eta biolentzia politikoaren aldekoen aldarrikapena soilik. Aspertu egingo gaitu. Guztiak izanik ere, denik ukatu gabe, Euskal Herria hitza gu guztiontzat zerbait gehiago da.

                Etorkizunean ez dakigu zeinek egingo digun xantaia, baina pentsatzen hasi behar genuke Euskal Herriak izenaren balioez eta gaitasunez eta futbolari txarren desprestigio intelektualaz. Zer ez lukete hauek esango Españiako ligetako lehen mailako bi azkenak eta bigarren mailako erdipourdikoz beherakoak ez balira!

                Aberatsen krisia izango da gertatu dena, baina galdu, galdu esaten dena, herritarrek egin dugu.

     

     

     

    1.  Panpoxa - 2008-11-25 | 09:53
    Barkatu Erramun, baina zuzenketa txiki bat adierazi nahi nizuke. Alegia, hirugarren parrafoan, -noski baietz- diozunean, Mitxelenak zion erderazko -claro que si- traduzio literala zela, akats euskerikoa.
    Zuzena: noski, edo bai noski.

    Beste guztiarekin ados (conforme ulermenarekin, eta ez Eguzkitzeren -ados lagunak, ados- empate??? Azpeitian berdin, beti esan izan den eran).

    2.  mikel - 2008-11-25 | 13:17
    Sentsazioa dut, sarri, ezker abertzalea "hor dagoen" ala ez, horren arabera babesten dituzuela zenbait ekimen. Alegia, Euskal Herria izena erabiltzea ongi iruditzen zaizula, baina ezker abertzalearen txantaia aipatzen duzu ondoren. Baina kasu honetan non dago ezker abertzalearen txantaia? Badirudi, batzuontzat, ezker abertzalea zenbait aldarrikapen babesten egote hutsa txantaia dela.... Eta hori bera ez al da txantaia?

    3.  EnekoitzEsnaola - 2008-11-25 | 15:48
    Nire galderak: iaz 'Euskal Herria' izena jarri bazioten futbol selekzioari -EAEko Federazioa eta jokalariak ados jarrita; ala presiorik salatu zuen Federazioak?-, aurten zergatik aldatu du EAEko Federazioak izena? Ba al da aldaketa hori eragin duen "ustezko ezkutuko nabarmenik"? Zeinena izan da 'Euskadi' jartzearen ez proposamena, baizik eta "baldintza-inposizio hori"?

    4.  ramon - 2008-11-25 | 15:57
    Eskertzen dut, Panpoxa, zure oharra. Ez dakit berriz ere ez ote dudan gisa horretan hanka sartuko. Ugaritan esan edo idazten dudan expresioa dela esango nuke. Saioa aginduta dago.

    Mikeli: blogean esanak neuk neure ardurapean esanak dira eta ez dago hor inolako "gu"-rik, ez dagoen bezala "ezker abertzalearen txantaia" aipamenik. Ez du horrek esan nahi itzalak luzeak ez direnik ez eta zenbaitetan gauzak zuk esaten duzun bezala izaten ez direnik ere. Ez eta alderantziz ere.

    Mila esker

    5.  Ander - 2008-11-25 | 21:38
    "Euskal Herria" izena XVI mendean jada erabiltzen zen (Joanes Leizarraga-1571, Juan Perez de Lazarraga-1564,Aita Larramendi...). Nik Euskadi izena ere asko maite dut, euskaldunen borrokarako izena izan bait da 100 urtean, frankisten gorrotagarri izan zen Euskadi izena. Ez dezagun ahaztu Euskal Herrian egin diren kanta aunitzek Euskadi aipatzen dutela. "Eusko gudariak gera Euskadi askatzeko...","Zain dago ama, zain aita, zain andre ta lagunak! Hator Hator, Euskadira! Hator Hator etxera!", "Euskadi Ta Askatasuna", Su ta Gar-ren disko batean "Jo Ta Ke" kanta amaitu ostean Gorosabelek "Gora Euskadi askatuta!" oihukatzen du eta horrela beste milaka adibide. Gaur egun PNV-k bereganatu du Euskadi izena, guztiz deformatzeko eta hiru herrialdeei zuzentzeko. Zeharo amorrarazten nau horrek, gaur egun pertsona askok Euskadi hitza PNV-rekin lotzen dutelako eta ez luke inondik inora ere horrela izan behar! Esan behar dut ordea, Euskal Herria izena nahiago dudala. Gure selekzioa Euskal Herrikoa da. Antza PNV-ri eta zehazki Urkullu,Imaz, Bilbao, Ardanza, Azkuna... ez zitzaien batere gustatu aurreko urtean gure selekzioari Euskal Herria izena eta izana jartzea eta aurten denborarik ez dute galdu gure betiko demokratek federazioari xantaia egiteko. Gora Euskal Herria ta gora gu ta gutarrak!

    6.  jabi - 2008-11-26 | 11:46
    Ander-ek idatzi duen gauz askokin ados nago, zenbat manifatan esan genuen "NAFARROA EUSKADI DA" aspertu ginen hori esanez, orain batzuek etortzeko hori ez dela egia esanez, eta gainera hori esaten dute gu bezelako abertzaleak, adarra jo nahi digute edo zer.
    Nik bi izenak maite ditut, eta bat edo bestie jartzie ez zait inporta, ez dezegun egin arazo, arazoa ez dagoen lekuan.

    7.  jaione - 2008-11-26 | 13:17
    konforme nago arazorik ez dagoen lekuan arazorik ez sortze kontu horrekin. Baina, zergatik aldarazi dute izena. Enekoitzek esan duen bezala iaz denen artean jarritako izena zergatik aldatu da? Ze presio egon dira hor, horrela, egun batetik bestera orain euskadi izena inposatzeko? Nork egin du presio hori?... Niri ere Euskal Herria gehiago gustatzen zait. Euskadi, azken aldian, hegoaldeko hiru lurralderekin lotuago dago herri guztiarekin baino.

    8.  nineu - 2008-11-26 | 15:11
    Nondik datorren presio hori? Aurrekoan Kalaka-n egon zen eztabaidan, bertan parte hartu zuen kazetari batek (ez dakit nola den bere izena) esan zuen EBB-tik etorri zela presio hori. Bueno denok genekien hori baina tira....

    9.  Igor - 2008-11-27 | 08:06
    Ai Ramon!
    Abertzalea bazina bezala idazten duzu, zerbait galdu al dut?

    Enekoitzi, galdera ez da aurten zergaitik aldatu den, lengo urtean zergaitik aldatu zen? Nork ipini zuen lengo urtean baldintza - inposizioa?

    10.  mikel - 2008-11-27 | 14:22
    Ramon: "Sentsazioa dut, sarri, ezker abertzalea "hor dagoen" ala ez, horren arabera babesten dituztela hainbatek zenbait ekimen", jarri behar nuen beharbada, afirmazio hau ez baizijoan zuregana zuzenean. Barka.
    Igor-i: ez eta ez, galdera ez da iaz zergatik aldatu zen. Galdera hori iaz egin zuten batzuek, eta hala ere izena aldatzea erabaki zen, jokalari, federazio eta gizarteko babes talde garrantzitsuenaren arteko akordioa bitarteko. Aurten, galdera da A-U-R-T-E-N zergatik aldatu den....erabakia ALDE BAKAR batek, bere kasa hartuz. Agian, Juan Mari Juaristik bezala (EAJ), pentsateko duzu bidezkoa dela EBBk federazioari horrela egin zezan agintzea. Baina gero ez etorri demokraziaz lezioak ematera.

    11.  EnekoitzEsnaola - 2008-11-27 | 16:37
    Igor-ek: "Nork ipini zuen lengo urtean baldintza-inposizioa?". Nork esan du baldintza-inposizioa jarri zutela iaz izena aldatzean? Ezta EAEko Futbol Federazioak berak ere! Honatx zer zioen iaz Iñaki Dobaran EAEko federazioburuak izen aldaketaz: "'Euskal Herria' izenak definitzen du ondoen selekzioa osatzen duten jokalarien jatorria". 2007ko abenduaren 10ean esan zuen hori, Euskal Herria-Katalunia lagunarteko partidaren aurkezpenean.

    12.  mikel - 2008-11-27 | 17:18
    To, igor! harrapazak Esnaolarena!

    13.  Igor - 2008-11-28 | 08:30
    Aupa Enekoitz,
    lengo urtean baldintza inposatu zuena ESAIT izan zen (hau da ezker abertzalea).

    Aspalditik dabiltz, abertzaletasunaren historiatik, jelkide kutsua duen edozer kendu nahirik. Bat Euskal Herria, izenarekin, bestea, abertzaletasunari oinarria "Nabarra"ko jatorrietan bilatuz...

    Dena kontextu horretan dago.

    Eta federazioko burua? Egia esan kriterio sendorik ez duen pertsona da, lengo urtean ezkerretik tira zioten eta ezkerrera joan zen, aurten berriz eskubitik tira diote eta eskubira...

    14.  mikel - 2008-11-28 | 10:20
    Igor, zertan oinarritzen zara baieztatzeko "lehengo urtean bialdintza inposatu zuena ESAIT izan zen"? Ezin dena ukatu da, lehengo urtean ESAIT, jokalariak eta Federazioa bat eginda agertu zirela Euskal Herria egokia dela esanaz. Eta aurten federazioak bera kasa hartu duela erabakia. Horixe da ukatu ezin den errealitate bakarra. Besteak iritziak, usteak...eta hipotesiak dira.

    15.  EnekoitzEsnaola - 2008-11-28 | 12:56
    Igor-i: jokalariek proposatu zuten duela bi urte 'Euskal Herria' izena jartzea futbol selekzioari. Durangoko Kafe Antzokian egin zuten agerraldia, abenduaren 22an, eta hainbat eta hainbat jokalari bildu ziren. Beraz:

    1. Kontua lehenagotik dator, ez zen iaz sortu.

    2. Jokalariek (izan) dute gai horretan ekimena, ez ESAITek (beste kontu bat da ESAIT, beste edozein eragile bezala, ekimenarekin ados egotea edo ez).

    3. Zuk bezalako jendeak uste badu hori dena ezker abertzalea ari dela manejatzen, eta hori kritikatzen baduzue, kezkatuta egon beharko zenukete ezker abertzaleak hainbesteko eragina eta pisua izateagatik, 150 bat jokalari konbentzitzeagatik funtsezko pauso hori ematera (besteak beste, EAJko deklaratuak daude futbolari horien artean —jakina, zilegitasun osoz dira EAJko, eta horko deklaratuak—), iaz Euskal Herriko selekzio ofizialaren aldeko manifestazioan 20.000 lagun biltzeagatik... Baina esan dut: jokalariek hartu dute ekimena (datu objetiboak daude), eta hor daude emaitzak (beste kontu bat da ezker abertzalea, beste edozein eragile bezala, ekimenarekin ados egotea edo ez).

    16.  Ander - 2008-11-29 | 15:24
    Ño....ederra hirea Igor. ESAIT=Ezker Abertzalea. Ez huan gehiegi nekatuko garuna hori idazterakoan ezta? Hori duk hori tesi doktorala.

    17.  Ander - 2008-11-29 | 15:25
    Zergatik ez duk esaten Zazpi euskal lurraldeek osatzen duten nazioa defendatzen duten guztiak ETAkoak direla? Total....ez?

    18.  joxemari - 2008-11-29 | 23:14
    Konturatu gabe arrazoia ari zarete ematen Igor-eri, foro honetan danok ezagutzen gara eta zuek horrela defenditzea ESAIT zeozer esan nahi du.

    19.  Jonmi - 2008-11-30 | 13:24
    joxemari, dixkuro earra daukek. Diarrea mental baten bizi haiz. Nere etxin danok EAJ-kuek gaituk bizi guztitik eta eztiau pentsatzen ESAIT Ezker Abertzalie danik. Ezker Abertzalie apoiatzeun jendie eongoala? oixe baietz! kontutan euki zak 187.000 pertsona daudela Euskal Herriyen bat itebena alderdi honekin. Akaso pentsatze al huan kobazuluen bizi ditukan engrendruek ditukela? Nike zazpi euskal herriyek bat einda ikustie nahi diat eunen baten eta ezker abertzalikine jungo nitxikik ETA-k armak uzteizkikenin...zeatik ez? Oin etzaukeau bate problemaik PSOE eta PP-kuei eskue emateko. Zeatik gure anayei etzoau ba eskuik emango?

    20.  JoxeJoxe2 - 2008-12-01 | 10:06
    Pixka bat gaitik aldegitea da baina komentario txiki bat egin nahi nuke egunotan zenbait politikok futbolariei buruz hitzegitean erakusten duten mespretxuari buruz. Bigarren mailakoak direla, irabazten dutena irabazteko meriturik ez dutela, eta abar. Hori politiko batek esatea ere!. Herri hontan balio duenak futbolean jokatzen du eta balio ez duena politikan sartzen da. Zerbait mediokrea izatekotan politikoak ditugu.

    Adibidez, norberak jarri beza gertueneko adibidea, baina har ditzagun gure inguruan futboletik bizitzera heldu den pertsona bat eta politikatik bizitera heldu den beste bat. Seguru futboletik bizitzera heldu dena bere ingurukoekin konparatuta fenomeno bat dala, (azkarragoa, biziagoa, koordinazio hobea,abilidade haundiagoa eta abar). Poitikatik bizitzera heltzen dena normalean ezer demostratu ez duen tipo normal bat da.

    Beste era batera esateko, futbolariak politikan sartuko balira ez lukete orain daudenak baino okerrago egingo. Alderantziz parregarria izango litzake.

    Enfin , galtza motzetan baloiaren atzetik dabiltzenak zuek baino prestigio gehiago edukitzeak ez dakit zergaitik arritzen zaituzteen politikook, azken finean zein meritu egin dezute zuek zeuen partiduen barruean aukeratuak izateaz aparte?.

    21.  ramon - 2008-12-01 | 16:30
    Zorionez demokraziak badu akats hori, tontoenak ere, herritar izate hutsagatik, baduela eskubdiea. Horregatik da demokrazia eta ez aristokrazia, adibidez. Etxe batean gertatu zen beste harena kontatuko dizut. Familiako guztiak mahaian otorduan zeudela semeetako batek esan zuen: “zera, udal hautskundeetara aurkeztu behar dut neure burua, eta laster udaletxeko kontzejal izango naiz”. Aitak eman omen zion lehenbiziko erantzuna. “Ederra egin duk. Lehen etxean bakarrik genekian tontoa hintzela, orain herri guztiak jakingo dik.” Galtzen luze laburrak gora behera, hemen, tonto guztiok daukagu geure papera. Bakoitza geure paperetik atera gabe ibiliko bagina, agian.... baina. Zeure ardurapean esan duzu hemen hauetako futbolariak onak direla, antzeko zerbait ulertu dizut behintzat. Ez naiz egokiena futbolari mediokre baten definizioa egiteko, baina, diot, onak balira, on onak, auskalo.

    22.  jaione - 2008-12-02 | 08:22
    Nik uste denok garbi xamar daukagula, on-onak ez izanagatik zuek politikagintzan baino, haiek futbolean askoz hobeak direla. Eta "auskalo" hori futboletik politikara pasa ezkero, errealitate egin duzuela behin baino gehiagotan, lotsa gutxirekin. Gogoratuko ditugu politikariek egindako diru lapurretak, GAL, familiako tontoenak kargu publikoetan jartzeko abildadeak...
    Kirolariei kosta behar zaie politikarionak haustea...

    23.  JoxeJoxe2 - 2008-12-02 | 10:27
    ramon,poltikoei kritika egiten diedanean ez nauk bereziki hitaz pentsatzen ari, zerbait pertsonal bezala etzak hartu behintzat.

    Onartu ezak poltikan ardurak edukitzeko pasa beharreko galbaeak zulo haundiak dituela. Realeko jokalariak, onak edo txarrak , Gipuzkoan dauden onenak dituk. Pentsa dezagun futbolari ona izateko beharrezko bertuteak hauek direla: azkartasuna, indarra, kordinazioa, abilidadea, eta reflejoak. Norbait balego Gipuzkoan orain Realean jokatzen ari direnek baino kualidade hobeekin, ia seguru Realean jokatzen bukatuko dik.

    Eraman dezgun orain adibide bera poltikara, pentsa dezagun herriarentzako politiko ona izateko beharrezko berturteak hauek direla: inteligentzia, herriari leialtasuna, norbere interesen gainetik herriarenak jartzea,beti egia esatea eta abar. Ba uste diat bertute hauek dituen politikoa inoiz ez dela politikatik bizitzera ailegatuko.



    24.  maddik - 2008-12-02 | 10:33
    Ramon, Mikel Laboaz artikulu txiki bat bai?

    25.  ramon - 2008-12-02 | 22:25
    JoxeJoseri: Lasai, ez da kontuan inork esandakoak modu pertsonalean hartu ditudanik. Hala izanda ere berdin litzateke. Publikoan idazten duenak eta pentsatzen duenak jakin behar du publikoan entzuten ere, beraz trankil. Baina politikoez ari naizenean ezin dut jardun neure burua sartu gabe, ez litzateke zuzena izango

     

     

    Erantzuteko izena eman behar duzu



    »» Pasahitza ahaztu zait
    »» Lehenengo aldia da eta alta eman nahi dut

    uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
    Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
    Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
    Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
    Sareko Argia 2005 - Estatistikak

    Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
    Parte hartzeko arauak