Erregeak, Olentzero, Papa Noel, San Nikolas, ...
Erregeak, Olentzero, Papa Noel, San Nikolas | Ramon Etxezarreta |
2008/01/7
22:32
Gure etxera opariak Olentzerok ekartzen ditu abenduaren 24ko gauean. Zapata jartzen baitiogu balkoian, errege magoei jarzen genien bezala, ikus dezan eta kontura dadin hemen gaudela.
Entzuten direnak entzunda, esaten direnak esanda eta biltzen gaituzten giroak bizirik, zenbait lerdobururi, gero eta ugariago den jeneroa hau, arraroa egingo zaio, non eta gure etxean, ospakizun hori horrela izatea. Pasatuko zaie.
Bizimodua antolatua daukagun bezala antolatua edukirik, eta tradizioekiko ia batere atxekimendurik gabeak izanik, praktikotasunaren aukera egin genuen etxean eta Olentzero atera zen garaile. Opor osoak jostailuekin, hauek puskatzen ez diren bitartean behintzat.
Aurreko arraozirik ere bazen Olentzerori abantaila hori emateko, bai emaztea eta bai neu, Urola bailararen historiaren luze zabalean lehen aldiz kalera atera zen Olentzero bultzatu zuen taldekoak ginen. Urrestillako eta Nuarbeko gazte talde bat izan zen Olentzero Urrestillako ikastolaren aldeko diru eskera atera zuena.
Ikusi egin behar ziren –ohitura hain gurea eta betikoa uste dutenentzat- jendeak jartzen zituen aurpegiak, ia inork ez zuen ezagutzen galtza urdin, abarka, artilezko galtzerdi, brusa beltz, pipa, txapel herraldoiz eta farolez jantzi genuen bi metro inguruko belar ondozko gizon-panpinaren izena ere, gutxiago irudia. Martin Alegria genuen txsitulari, lehen urtetan izan genuen musika tresna eta musika jole bakarra. 1971 edo 72 aldean izango zen.
Geroztik makina bat bide egin du gure inguruetako herrietan, batzuek betidaniko tradizioa dugula uste izateraino. Hala ere ezin uka, dendarien mesedeagatik edo, elkarbizitza orekatu samarra lortu duela errege magoekin. Lehen hauek ziren gaizki portatzen zenari ikatza ekartzen ziotenak, orain berriz, ikazkin benetakoa da hain zuzenak ez garenok dena ikazten gaituena.
Gauzei, adarretatik ordez, boskarren hankatik heltzea gustatzen zaienak teorizatua daukate dena. Olentzero gurea eta hemengoa, erregeak Espainiakoak eta Papa Noel, Santa Klaus eta enparauak gainerako atzerri globalizatukoak. Teoria erridikulo samarra deritzot.
Nekeza da zein dugun etxekoena eta zein arrotzena erabakitzea. Egia da Olentzero dugula berariazkoena, hain berariazkoa Euskal Herritik kanpo errorik ez duena dela. Aldi berean gehiegikeria dirudi Euskal Herri osoko ohitura zela esatea, esan dudan bezala gure aldean, adibidez, ezagutu ere egiten ez zenean orain gutxi arte.
Literatur tradizioari bagagozkio, gabon kantak etabar, erlijio sinesmenak eta abar, ez dago dudarik gurean errotuenak errege magoak izan direla, iparraldea salbu noski. Opari ekartzaile bezala biak direla berriak esango nuke, haur eta umeekin lotura aski garaikidea dutela, mende eta erdi erregeak eta mende erdi bat Olentzerok.
Bien bitartean, eta ume eta haurrekin guztiz lotua, beste ohitura bat galdu dugu bidean, San Nikolas. Oraindik ere gure artean bizi da jendea umetan San Nikolas egunean eskera, gabon eskera bezalaxe, ateratzen zena eta kantuak ere gogoan dituena. Gaurko jende askori ohitura guztiz arrotza irudituko zaio hau, baina hau zen umeekin lotuena. Sasoi batean saturnalak zirela eta ospatzen ziren ihaute gisako haiek San Nikolasez hasten ziren eta urte hasierataraino iristen ziren.
San Nikolas Santa Klaus bihurtu zen Europan eta hau Papa Noel, amerikarrei kopiatuz, mundu gerrate ostean. Coca Colaren indarra geroztikakoa da nahiz eta jendeak zenbait esames edo denboraz kanpoko egia ere gogoan duen.
Irudi hauen arteko istiluen, politikakeriazko istiluen, lekuko gara eta oso burugabea dirudi isitilu hoiek haizatu eta indartzea. Gure lasaitasunerako, auzia oraindik ez da iritsi 1951an Frantzian iritsi zen mailaraino. Dijongo hirian, gabon egunez, eliza katolikoak (“berriro...”) Papa Noel plaza publikoan erre zuen, berrehun haurren aurrean. Sonatua izan zen Frantzian.
Olentzaroetan, dena eta denak libre.
|
1. ander - 2008-01-08 | 11:18
Ramon, zuk esan bezala, olentzero, gure herriak duen mitorik berriena da. Gure aiton-amonek eta arbasoek ez zuten ezagutu eta euskal tradizioan ere inungo oihartzun berezirik ez du. Gauza asko nahastu dira olentzeroren sorrera honekin. Batetik izena, adituek diotenez "O" garaiaren edo "O" aroaren (hortik Olentzaro) kristau tradiziotik dator. Kristauek, Abenduak 17-23 bitartean dauden egunetan, handik egun gutxitara jaioko den Eguzki berriari, Mesias salbatzaileari "titulo" batzuk ezartzen dizkiote (Oh sapientia, Oh adonai, Oh Emmanuel...) "oleriak" deiturikoak.
Bestetik, amerikarrek papa noel behar izan zuten bezala Coca-Colaren koloreekin bat zetorrena, guk Santa Klaus euskalduna behar genuen (nire iritziz estetika oso kutrearekin), ikazkina, begigorria, ardozalea... Azken batean abertzalea izan behar zuen. Horregatik baserritarrez jantzi genuen, kartzelan ere sartu izan dugu, gure herrietan prozesioak eginez eta horrelako beste hainbat gauza egin ditugu euskal tradizio eta kulturarekin inungo zerikusirik ez dutenak. Noski, bestetik kristau magoak, borboiak, monarkikoak zirenez, kitto, beraienak egin dik! Laister Jainkoa bera ere euskalduna dela esango dugu. Txiste horrek dioen bezala, "Dios y hombre Alaves"
Beste behin, gure benetako tradizioak ukatu, ezabatzen eta baztertzen ari gera, eta gureak ez diren mito hutsak bultzatzen ditugu. Egunen batean konturatuko gera zertan ari geran. Baina agian beranduegi izango da, ze gure emakumeak zapiarekin ibiliko dira eta gizonezkook txilabarekin, nork daki...!
2. azpeiti - 2008-01-08 | 14:54
egunean 50-60 aldiz egiten zidaten poltsa" "etengabe jotzen ninduten" "mangera bat ahoan sartu eta urez puztu nintzen arte eduki ninduten" "ipurditik makil bat sartu zidaten" "zakila eta barrabilak soka batez lotu eta tiraka aritu zitzaizkidan, odoletan hasi zitzaidalarik" etab. GORKA LUPIAÑEZ, PSOE eta Ramonen guardia zibilak torturatua.
IGOR PORTU, uvi-n egoera larrian kostilla bat puskatuta, birika zulatua, begi bat lehertuta eta gorputz guztian kolpeak eta erosioak dituelarik. Mattin Sarasola, El Mundoren arabera "fuertemente contusionado" iritsi zen madrila. Orain zer agiten ari zaizkio??
Ramon, hik badakik ondo zer gertatzen ari den, baina ixildu egingo haiz. Hau alda zuen tolerantzia? zuen demokrazia? zuen metodo baketsuak?
3. Anam - 2008-01-08 | 15:26
Azpeiti, mamire mesedez! Zer idatzi du Ramonek, hortaz? Ez. Bai, larriye dek hik aipatzen dekena, ados natxiok, baino inportantie iruditzen zitek gauzek bereiztie. Hasi hadi blogari heu, ez?
4. ander - 2008-01-08 | 20:14
Egia da, azpeiti kokapena! Nik ere guztiz gaitzesten ditut Igor-en eta Mattin-en egoera larria. Tortura, biolentzia, mehatxua eta hilketak ez da bidea; gutxiago oraindik herri demokratiko batean. Hala ere blog honetako azken idazkiaren helburua ez zen honetaz jardutea...
|
Erantzuteko izena eman behar duzu
|
|