Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko urriyek 7,  ASTEARTIE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Blogak »  Urrestildarrok hobeak!? »  Urrestilla, izenik ere ez ia

Urrestildarrok hobeak!?

(Ramon Etxezarreta)

 ARTXIBOA

 HARPIDETU

  • Jarioa: XML
  • Blog honetara harpidetu nahi? Mezu bat jasoko duzu zerbait idazten duenean. Sartu hemen zure e-posta:



    (rssfwd zerbitzuari esker)

     ORRI HAU...

     

    «« Itzuli blogera

    Urrestilla, izenik ere ez ia

    Urrestilla euskara kaleak | Ramon Etxezarreta |  2007/07/10  00:42

    Arkitekto jaunak marraztu zuen Azpeitiko mapan, Gipuzkoaren lurralde antolaketa bat aitzakia, Landetatik gorako bailara erraldoia ateratzen zen alkatearen begietarako. Bailara haren barruan zeuden lurrek Urrestilla distritua, auzoa, edo tankerako edozein izen eraman zezaketen. Kajoian sartzeko agindu zuen. “Deja, deja... que los de Urrestilla van a pedir la independencia.”.

     

    Eta berriro independentismoa, independentismo susmoa hobeto esateko, zigortua izan zen eta Urrestilla ia ezer hutsera mugatua. Tradizioaren eta historiaren irizpidea gelditu zen nagusi eta gaurko gizarteak beharko lukeen funtzionamendua atzendua. Hala, Urrestillan, beren ustez, jaio, bataiatu, eskolaratu eta bizitako jendea ez dela urrestildarra esan beharko genuke. Azpeitiko izendegiko larogeitamar baserri eta etxetako kontua da hori, zeintzuk Eizaguirre (sic), Elosiaga, Oñatz eta Aratz Erreka auzoetakoak edo Olalde eta Larrañaga areatakoak izan daitezke. Honetatik ondoriozta daitezkeen zentzugabekeriak gerta ez daitezen inoizko batean kontua zuzen daitekeela uste dut. Jakin beza jakin behar duenak, Urrestilla hirigune eta zerbait gehiago dugunok laguntzeko gaudela.

     

    Beraz, Azpeitiko udalarentzat Urrestilla dena, sei leku izentxo dira eta, seitatik, erdiak ez oso egoki idatziak, euskaraz behintzat, eta ez nago neu kulpa guztietatik libre. Esango dut zergatik.

     

    Zinegotzi nintzela proposamen bat aurkeztu nuen Urrestillako kale izenak euskarazko bertsio behin betirako eta ofiziala izan zezaten. Herritarren erabilera eta euskara aldetik derrigorrezko ziren zuzentasuna izan ziren irizpide. Hala herriko plazari Antxieta plaza jartzea onartu zen. Pentsa daiteke horren ondorio izan daitekeela zimitarioko habe batean zegoen portzelana urdinezko plaka “Plaza del Beato Padre Jose de Antxieta” kentzea eta ordez hojalatazko “1” miserable bat jartzea elizari. Baina ez dauka zer izanik, horrela izatekotan ez bait zuten kenduko “Urrestilgo erria” jartzen zuen portzelana urdinezko plaka “Población de Urrestilla” jartzen zuena kendu zuten bezala. Madarikazio eternalak gal dezala plaka horiek gorde zituena.

     

    Zergatik jakin ez eta, irri eginez calle Mantzano deitu eta Zerra alde deitzen genionarentzat Serra alde proposatu nuen eta hala onartu zen. Inoizko dokumentu ofizialetan Manzana de Echevarrieta bezala agertzen da, ulertuko da orain gure irria, eta Zerra hitza idazten ikasi nuenetik ez dit alde egin inork zuzentzen ez duen arte “Serra Alde” proposatu izanaren lotsa. Orain arteko ahaleginek kale egin didate.

     

    Beste hiru izenek ere ez daude arazoetatik libre. Googleko mapetara joz gero hauek lirateke. calle de Barrena, calle de Aundia eta calle de Txikia. Uztarria.com-eko izendegira joz, ofiziala uste dut, Kale-barrena (Telesforo Monzonek idazten zuen bezala), Kale-Aundia eta Kale-txiki. Total Kale Haundia bada baten izena, Kale Txikia beharko lukeela bestearenak, edo alderantziz “Txiki” bada batena “Haundi” beharko lukeela bestearenak. “H” hizkia, udalak ezean, geuk jartzen diogu.

     

    Nik uste Urrestillak bi kale zituela, orain gehiago dauzka, bata kale nagusia Azpeititik Nuarberako bidea egiten duena eta bi zati dauzkana. Zubitik gorakoa bata, kale gorena, zaharrei ikasi genien bezala, eta zubitik beherakoa bestea, kala barrena, erabileran eta izenean gordetzen dugun bezala. Horren parean eta konparazioz kale txikia edukiko genuke. Azken honetatik datoz, egoera diglosikoan, kale haundia (haundi ez dena errealitatean),edo kale behearen pareko kale goia, eta gainerantzeko aldaera ustelak.

     

    Argia astekarian “Debagoiena” izena abian jarri zuen Iban Aranzabalek adierazten zuen oraintsu, formazioz irakaslea eta filologoa dela, baina aurretik euskalduna. Eta horregatik gustatzen zaiola, euskalduna delako, prakabarrenari “praka-behea” ez deitzea. Deba Garaia ez omen  da ezer Debagoienaren ondoan”.

     A! Eta beste gauza bat ere esaten du Aranzabalek honekin zer ikusirik ez duena baina neri asko gustatu zaidana. “Anonimoaren mozorropean edozer esaten da eta edozeinez”.

     

     

    1.  luix - 2007-07-10 | 09:06
    Esaldi polita bai azkeneko hori Ramon. Eta egia eder bat. Gero eta denbora gehiago pasatzen dut, kaleko hormetan agertzen diren marrazki anonimo horiei begira. Gero eta ederragoak iruditzen zaizkit egunero kalean diren marrazki anonimo horiek. Izan ere denok ez dugu bizkartzainak izateko aukera, ezta Donostiara bizitzera joateko aukera ere, ezta Uztarrian bloka izatekoa ere. Baina anonimo izateko eskubidea bai ordea, iritzia era anonimoan emateko eskubidea. Adierazpen askatasuna hein handi batean bermatzen duen eskubidea. Azken udal hauteskundetan anonimatuan bozkatzeko eskubiderik izan ez bazen, ez zen emango horrelako aldaketarik Azpeitian, izan ere anonimatuan edozeinek edozer iritzi eman dezake. Naziek hori ere desegin zuten bai. Eta garai hauek ere Ramon diren bezalakoak dira, hor dugu De Juana bi iritzi artikulu idazteagatik txiripaz bizirik, non dira Egin eta Egunkaria? Ez dakit oso gogoko ote duzuen adierazpen askatasuna zuok, beldurra sumatzen da zure hitzetan, beldurra adierazpen askatasunari. Azpeitia txikia da, txikiegi agian zuretzat, baina gu Azpeitiko zein Urrestillako kaleetan barrena egunero gabiltza, eta ibili nahi dugu. Kontu izan bi gauza ordea, batetik Uztarrian iritzia emateko arauak badirela, eta bestetik Azpeitiko udal hauteskundetara alkate-gai aurkeztu zinen hartan, ez zizuela zinegotzirik ere eman herriaren bozka anonimoak. Uztarriak bloka eman badizu ere. Eta egia dela ere batzuk bizkartzainak izan ezkero edozeini edozer gauza egiteko gai direla. Horra Ramon beste egia batzuk ere.

    2.  larranaga - 2007-07-10 | 10:48

    Aupa Ramon, zein ederra den zure artikuluak irakurtzea eta zein ederra den konturatzea ze demagogo zeraten zu eta zu bezalako beste asko. Kasik (guztiz ez esatearren) urrestilaren independentzia nahia plazaratzen duzu zure idatzietan, eta azpeitiko udala jartzen duzu hori eragoztearen erantzule, ni guztiz ados urrestilla herria dela baina zuk hori idazterakoan ez al zaizu bururatzen beste adibide ia ia ia ia berdin bat? EUSKAL HERRIA - ESPAINIA esaterako? Guztiz txundituta geratzen naiz zuri gauza hauek irakurrita eta zure partidukideek zer egiten duten ikusita (eta zu barne noski).Zuek autonomista porrokatuok ongi ikusi beharko zenuketen Urrestilla eta Nuarbe, Oñatz eta Matxinbenta, eta beste auzoak Azpeitia bakar eta handi baten barnean ezta? Arrigarriak benetan zure adierazpenak. Ez dit denbora gehiagorik merezi holako pertsona bati idazteak, baña bukatzeko gauzatxo bat: zure kontraesanak berriro ere ikusteko, anonimotasunaren atzean erantzuten dugunoi kritika egiten diguzu, zuk lau haizetara esan duzunean anonimo izan nahi duzula, lasai ibili nahi duzula etab. Orduan zergaitik eskatzen diozu Uztarriari blog bat (Azpeitian irakurrienetakoa den web orri batean)?



    3.  POTTOKA - 2007-07-13 | 14:53
    Lasai,Ramon, Urrestilla aldean,naiz autonomia zale naiz independentziaren zaleak,pozik egongo dirata zure adierazpenekin.
    Ala ere,konturatzen zera, garesti xamarra irtetzen ari zaizula adierazpen askatasun hori.Gaiñean dauzkatzu
    edozer harrikada jaurtitzeko prest dauden zentzurazale
    belaunaldi berria(luix,larranaga eta abar).
    Arira ezdatozen adierazpen askotxo ikusten ohituak gaude,baiña beti agertzen da zerbait oraindik pauso bat aurrerago(edo atzerago?) garamazkin ateraldi bat.
    Horrela epaitzen dut nik gutxienez honako hau: Orain enteratzen gera bizkarzaiñekin ibiltzera behartuak aurkitzen direnak edozer egiteko gai direla...(eta neuk erantzi,bizkarzain gabe ibiltzera behartuak gauden
    gixajoak,dena sufritu eta jasan behar...)Zenbat bizkarzaiñ nahi dituzu,Luix,herriko peztak ere badatoz,
    ta rifa bat antolatzeko prest nago zuk ere lasaitasun
    hori izan dezazun...?
    Eutsi goyei,Ramon,Uztarriak gatz apur bat behar dik eta ...

     

     

    Erantzuteko izena eman behar duzu



    »» Pasahitza ahaztu zait
    »» Lehenengo aldia da eta alta eman nahi dut

    uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
    Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
    Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
    Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
    Sareko Argia 2005 - Estatistikak

    Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
    Parte hartzeko arauak