Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko maiatzak 17,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Blogak »  Urrestildarrok hobeak!?

Urrestildarrok hobeak!?

(Ramon Etxezarreta)

 ARTXIBOA

 HARPIDETU

  • Jarioa: XML
  • Blog honetara harpidetu nahi? Mezu bat jasoko duzu zerbait idazten duenean. Sartu hemen zure e-posta:



    (rssfwd zerbitzuari esker)

     ORRI HAU...

     

    Idiak, behiak, zezenak, zekorrak...

    Idiak zezenak sokamuturra | Ramon Etxezarreta |  2008/01/26  00:06

    Ez da nere asmoa inolako auzitan eta eztabaidetan sartzea zezenak eta tankerako festakerak direla eta. Baina, Uztarria.comen ikusirik Azpeitiko sokamuturzaleak Eusko Jaurlaritzarekin adiskide ez dabiltzala, behin eta berritan gure kulturaren historian egon den eztabaidaren lekuko ugariren artean bitxi bat berreskuratu dut, Serapio Mujica ormaiztegiarrarena.

     1911koa da. Hemen argitaratzeko euskaratu dut, ez oso itzulpen ortodoxoan, baina bai esan nahi zuenarekiko fideltasunean. Barka presak

    En fin, ezer gutxi berririk eguzkiaren azpian

     

    EUSKALERRIAREN ALDE –Revista de Cultura Vasca- año I. Num. 5

    IDI APUSTUAK

                Izenburu honekin berarekin argitara eman zen Euskalerriaren alde –ko lehen alean artikulua, non Bizkaiko Gobernadore jauna zoriontzen zen probintzi hartan idi apustuak egotea debekatu zuelako.

                Egun hauetan ikusi dugu egunerokoetan notizia, berriro ere baimenduak izango direla ikuskizun barbaro haiek nahiz eta horretarako zenbait baldiuntza exijituko den.

                Hala genion gure artikuluan. Gai honetan radikalak gara, eta gure asmoa da borroka ezduin hoiek errotik desager daitezela. Idi eta behien apustuen etsai gara, antzaren jokoena, aharien topetakadena eta inkultura erakuskeria eta sentimentuen gogorkeria adierazten duten ikuskizun guztiena.

                Gure sentipena auzi honetan garbi geratu zen une egokian.

                Idi apustuena –genion orduan- ez dugu ulertzen ez eta nola existitzen diren ere; ezin dugu ulertu nola gure baserritarrek, idiak, beren familiako jendeei dietenari inbidiarik ez dion kariñoz maitatuz, nola martirizatzen dituzten gero plaza publikoetan, gure lotsarako Gipuzkoako herri askotako plazetan dagoen, beste helbururik gabe, harri ikaragarri bat garraiatzeko zigortuz eta eztenkatuz. Idi gizarajoak, larrua odolez eta izardiz estalita, ahotik aparra dariela, luzatu eta kizkurtu egiten dira, erori eta altxatu, arnas estuarekin ibiltzen dira harria garraiatuz kolpe eta eztenkada artean, inguratzen dituzten zaleen deihadar basatiak zirikaturik.

                Oraindaino ez ziren maiz gertatzen: inoiz edo edo behin egunerokoek lasai kontatzen zizkiguten protestarik gabe irakurtzen ziren ankerkeriak. Orain egunero gertatzen da berdina; ikuskizun ezduina bere esparrua zabaltzen ari da. Noraino eta ia gutxiraino non periodikoek zabaldu duten notizia jokoetan euskaldunena denerako eraikitako hiri bateko plazan –antzina kultura gipuzkoarra ateratzen zen- lehiaketa bat ospatzera zihoan, diruz saritua, inkultura alarde hoiek ordaintzeko.

                Ikuskizun honek amaitu egin behar du, ezin dezake denbora gehiagoz jarrai. Proba ezduin hauen desagerpena beharrezkoa da; ezinbestekoa da, plaza publiko askotan, sen ondoltsuen salatari, dauden harriak hauts eginda uztea.

                Diputazio txit gorenak, nekazaritzaren alde hainbeste laboratzen duenak, ahal duen guztia egin behar du, ezer ahal badezake, joko hauek mugatzeko eta esku gogorrez zigortzeko, kupidarik gabe, bere langintzaren kontran, odola eta eszena inhumanoen zaletasuna herritarren artean piztu edo gehitzen dutenak. Eta Gobernadore jaunak lortzen badu proba hoietarako baimen batek berak ere Gobernu zibilaren ataritik ez irtetea, ikuskizun hau makula bat dela uste dugunon eskerron egiazkoa izango du.

                Eta zer esan antzar jokoaz? Ikusitako ikuskizunen oroigarri bezala aipatze hutsak izularria eragiten du. Joko hori, bada, gure zelaietako oihal berdean egiten da; danbolin hotsarekin dantzan egitera etorritako jende xumearen artean. Antzar gajo bat ikusi dugu hanketatik zintzilik, etsita balantzan, eta zaldun batzuk iksui ditugu agudo korrika eskuak luzatzen antzararen aldera, bere azpititk igarotzean, ezpata kamuts batekin zaztada emateko edo tirakada beldurgarri bat ematen abere gixagajoari lepoa etenez, gainerantzekoa zintzilik eta odol jariotan uzteko.

                Ikusi nuen bai, ikusi, eszena nazkagarri hori Gipuzkoa kulto honetan, ikusi nuen herririk basatienentzat ere ezduina den joko hori, arbola ostotsuz eta baserri zuriz inguratua. Ez jokatzen dutenak eta ez ikustera joaten direnak daukate barkaziorik, baina hutsa chistu-a entzutera joanak, aurrean duten guztia ikustea, hutsa jokalariek ere, txalo lausengarien irrikiz, ankerkeria ekintza hauek egitea. Inolaz ere gerta ezin daitekeena da festa antolatzaileek baliabide anker hoietara jo beharra eta, agintariek, ia beti antolatzaile, dibertsio barbaro hoien ospatzea ametitzea agintzen duten herrietan. Apaiz jaunek ere moraltzeari ekiteko bide bat daukate festa hoien abolizioan, bihotzetan ekintza nardagarri hauek gaitzetsiko dituzten sentimendu eztiak txertatuz.

                Baina agintariek ez dute aholkua eman behar, debekatu egin behar dituzte, behin betirako, gure herriaren izen onarentzat atentatuak diren hoiek.

    *  *   *^

                Ez da falta izan, lehen aipatutako gure artikulua irakurri ondoren, ikuskizun hauen hain kontra geure burua erakutsi dugunok zezen korriden kontrako hitz erdirik eduki ez izanarekin harritu direnak.

                Gure isiltasunaren esplikazioa soila da. Zezen korridak ez dira Esukalerrian bakarrik burutzen diren ikuskizunak; hauek desagertarazteko gure ahaleginak alperrikakoak izango lirateke. Ojala hala ez balira!

                Gainera uste dugu egungo euskaldunen zezen korridetarako zaletasuna itxura gehiago dela errealitatea baino. Badirudi zezen plazarik gabeko herri ertainik apenas dagoen herrialde batek muinetaraino sartua behar duela zaletasun toreroa. Hala ere, hona Gipuzkoa, sei zazpi zezen plazekin, zaletasuna inondik ere bistaratzen ez zaiola. Plazak, hiriburukoa kenduta, herriko jai egunean bakarrik zabaltzen dira, jendea zezenetara egun horretan eskainiko litzaiokeen beste edozein ikuskizunetara jonago litzatekeen bezalaxe joaten da. Eta hiriburukoak bere ateak itxita edukitzen ditu atzerritarrena multzorik nagusiena ez den bitartean.

                Gipuzkoako plazei ez die eusten zalego gipuzkoarrak; Donostiakoa kanpoko zaleei esker bizi da, eta herrietakoak urtean behin zabaltzen dira, mila arretarekin eta herriko festa egunean bertakoak zezenetara joango diren esperantzan, izan ere egun hoietan jendea prest baitago egiten zaizkion dibertsio promesa guztiak entzuteko.

                Zaletasuna, beraz, itxura da asko. Eta noski, gure esku balego guztiz desagertaraztea, ez genuke ahaleginik txikiena ere egin gabe utziko. Ez dago esan beharrik inkultoak eta inhumanoak izateagatik antzar jokoak, idi probak, etab. arbuiatzen ditugunok, arrazoi askoz ere gehiagorekin arbuiatzen ditugula zezen korridak, hauek mila aldiz krudel eta barbaroagoak bait dira haien aldean, lentejuelazko eta urre harizko jantzi dotore diztiratsuan bildurik azaltzen baldin bazaizkigu ere.

      GREGORIO MUJICA

    Lotura zuzena  |  Erantzun bat. krixpin | 2008-04-03 | 12:09

     

    Erregeak, Olentzero, Papa Noel, San Nikolas, ...

    Erregeak, Olentzero, Papa Noel, San Nikolas | Ramon Etxezarreta |  2008/01/7  22:32

    Gure etxera opariak Olentzerok ekartzen ditu abenduaren 24ko gauean. Zapata jartzen baitiogu balkoian, errege magoei jarzen genien bezala, ikus dezan eta kontura dadin hemen gaudela.

     

                Entzuten direnak entzunda, esaten direnak esanda eta biltzen gaituzten giroak bizirik, zenbait lerdobururi, gero eta ugariago den jeneroa hau, arraroa egingo zaio, non eta gure etxean, ospakizun hori horrela izatea. Pasatuko zaie.

     

                Bizimodua antolatua daukagun bezala antolatua edukirik, eta tradizioekiko ia batere atxekimendurik gabeak izanik, praktikotasunaren aukera egin genuen etxean eta Olentzero atera zen garaile. Opor osoak jostailuekin, hauek puskatzen ez diren bitartean behintzat.

     

                Aurreko arraozirik ere bazen Olentzerori abantaila hori emateko, bai emaztea eta bai neu, Urola bailararen historiaren luze zabalean lehen aldiz kalera atera zen Olentzero bultzatu zuen taldekoak ginen. Urrestillako eta Nuarbeko gazte talde bat izan zen Olentzero Urrestillako ikastolaren aldeko diru eskera atera zuena.

     

                Ikusi egin behar ziren –ohitura hain gurea eta betikoa uste dutenentzat- jendeak jartzen zituen aurpegiak, ia inork ez zuen ezagutzen galtza urdin, abarka, artilezko galtzerdi, brusa beltz, pipa, txapel herraldoiz eta farolez jantzi genuen bi metro inguruko belar ondozko gizon-panpinaren izena ere, gutxiago irudia. Martin Alegria genuen txsitulari, lehen urtetan izan genuen musika tresna eta musika jole bakarra. 1971 edo 72 aldean izango zen.

     

                Geroztik makina bat bide egin du gure inguruetako herrietan, batzuek betidaniko tradizioa dugula uste izateraino. Hala ere ezin uka, dendarien mesedeagatik edo, elkarbizitza orekatu samarra lortu duela errege magoekin. Lehen hauek ziren gaizki portatzen zenari ikatza ekartzen ziotenak, orain berriz, ikazkin benetakoa da hain zuzenak ez garenok dena ikazten gaituena.

     

                Gauzei, adarretatik ordez, boskarren hankatik heltzea gustatzen zaienak teorizatua daukate dena. Olentzero gurea eta hemengoa, erregeak Espainiakoak eta Papa Noel, Santa Klaus eta enparauak gainerako atzerri globalizatukoak. Teoria erridikulo samarra deritzot.

     

                Nekeza da zein dugun etxekoena eta zein arrotzena erabakitzea. Egia da Olentzero dugula berariazkoena, hain berariazkoa Euskal Herritik kanpo errorik ez duena dela. Aldi berean gehiegikeria dirudi Euskal Herri osoko ohitura zela esatea, esan dudan bezala gure aldean, adibidez, ezagutu ere egiten ez zenean orain gutxi arte.

     

                Literatur tradizioari bagagozkio, gabon kantak etabar, erlijio sinesmenak eta abar, ez dago dudarik gurean errotuenak errege magoak izan direla, iparraldea salbu noski. Opari ekartzaile bezala biak direla berriak esango nuke, haur eta umeekin lotura aski garaikidea dutela, mende eta erdi erregeak eta mende erdi bat Olentzerok.

     

                Bien bitartean, eta ume eta haurrekin guztiz lotua, beste ohitura bat galdu dugu bidean, San Nikolas. Oraindik ere gure artean bizi da jendea umetan San Nikolas egunean  eskera, gabon eskera bezalaxe, ateratzen zena eta kantuak ere gogoan dituena. Gaurko jende askori ohitura guztiz arrotza irudituko zaio hau, baina hau zen umeekin lotuena. Sasoi batean saturnalak zirela eta ospatzen ziren ihaute gisako haiek San Nikolasez hasten ziren eta urte hasierataraino iristen ziren.

     

                San Nikolas Santa Klaus bihurtu zen Europan eta hau Papa Noel, amerikarrei kopiatuz, mundu gerrate ostean. Coca Colaren indarra geroztikakoa da nahiz eta jendeak zenbait esames edo denboraz kanpoko egia ere gogoan duen.

     

                Irudi hauen arteko istiluen, politikakeriazko istiluen, lekuko gara eta oso burugabea dirudi isitilu hoiek haizatu eta indartzea. Gure lasaitasunerako, auzia oraindik ez da iritsi 1951an Frantzian iritsi zen mailaraino. Dijongo hirian, gabon egunez, eliza katolikoak (“berriro...”) Papa Noel plaza publikoan erre zuen, berrehun haurren aurrean. Sonatua izan zen Frantzian.

     

                Olentzaroetan, dena eta denak libre.

                 

    Lotura zuzena  |  4 erantzun. Azkena: ander | 2008-01-08 | 20:14

     

    Jaiak denak, gorri

    Euskararen eguna, konstituzioa, inmakulada, sortze garbia | Ramon Etxezarreta |  2007/12/8  11:42

                Aste hau ere astelehenarekin hasi eta igandearekin bukatzen da. Baina tartean jai mordoa eta, dirudienez, ez denak denen gustokoak. Zazpik zazpiak jai egindakorik izango da eta denak aste egindakorik ere. Bakotzak izango zituen bere motibo eta halabeharrak.

                Astelehena, abenduaren hirua, Xabierreko (san) Frantzisko. Nafarroan Nafarroaren eguna, santua dute zaindari. Iparraldean ez dakit, ezer ere ez seguruena, eta erkidego autonomoan Euskararen Nazioarteko Eguna. Euskeraz hitzegin omen zuelako izendatu zen santuaren eguna euskararen egun.

                Sei urtez egon nintzen ikasle eta interno Xabierren jaiotetxean eta ez euskararen antzik, ez aztarnik, ez kontzientziarik ez nuen hartu, eta ez zidaten eman ere, inguru haietan. Geroztikakoa dut dena. Dena den ez du inon dokumentatua egon behar Xabierrek esukara zekienik eta erabiltzen zuenik, baina guztiz logikoa dirudi hark ama hizkuntza euskara izatea, nahiz eta aztarranik ez zuen utzi.

                Zein hizkuntzatan hitzegiten ote zuen Liolako Inaziorekin? Asma. Kontua da bere misiolari lanetan laguntzaile edo morroi portugaldar bat zuela hizkuntza asko zekitzana. Xabierrek, agonian, sukarretan, azken beltzean, hitzen batzuek ahoskatu omen zituen portugaldar poliglotak ulertu ez zizkionak. Geroztiakoa zeuek imajina dezakezue, hizkuntza asko zekitzanak ulertu ez zuen hizkuntzan hitzegin bazuen horrek euskara besterik ez zezakeen izan.

                Oraindik ere gure artean dirau hainbeste kalte egin digun gure hizkuntzaren zailtasunaren mitoak. Askorentzat euskara inork ulertzen ez duen hura besterik ez da, beste askori berriz, hobe genukeela iruditzen zaigu munduak errazago ulertuko baligu. Iritsiko da normaltasuna.

                Normaltasunaz hitzegiten hasita Españiako Konstituzioaren eguna izan dugu hurrengo jai eguna, hego aldeko Euskal Herri osoan behintzat, baina ezin lotuko ditugu bi ideiak. Jende asko dago gure artean Euskal Herriak bere historian jasan duen kalterik hnadiena eta latzena egungo Españiako Konstituzioa dela uste duena bene benetan. Horregatik jaiari kontra eginez lanera joan ohi da egun horretan azpeitiar mordo bat. Nik ez dut ulertzen.

                Ulertzen dut jendea ados ez egotea, guztiz kontra egotea, konstituzio honekin. Ulertzen dut hau ez den beste tresna politikoak ezinbesteko ikustea Euskal Herriarentzat. Euskal Herriak bere nortasun juridikopolitikorik handiena, eta beste inongo erakundetan ez duen aitorpen eta errekonozimendua, konstituzio honetan du, baina esatea ez da komeni nonbait. Jai egun batean lanera joan nahi ez izan eta joateraino.

                Areagoa da oraindik ordea, logika hori jarraituz, inmakulada edo sortzez garbiaren egunean, abenduaren zortzian gertatzen dena. Hor ama birjina, birjina izateaz gain –hurrengo batean arituko naiz horretaz- sortzez garbia zela sinestearen eguna ospatzen da, alegia beste gizaki guztiok omen dugun sortzezko pekaturik gabea. Ez da hori ezer, nahi duenak sinets dezala, nai duenak egin dezala jai, baina jakin dezala erlijio katolikoan fede dogma espaniarrik baldin bada inmakuladarena dela hori, makulagabearena. Hain da indartsua dogma, Españian diot, non jai egitera behartuak gauden iparraldeko gure herrikideak lanera joan beste erremediorik ez dutenean.

                Es zut nik horregatik negar egingo, ez eta parre ere, arriskutsua da. Baina parregura eman... ematen du... ez uka, arren.

    Lotura zuzena  |  5 erantzun. Azkena: ander | 2007-12-09 | 23:30

     

    Animena. Hildakoak maiteago?

    hildakoak urrestilla elizkizunak | Ramon Etxezarreta |  2007/11/19  22:55

    Ohiturek, eta ohiturak zaintzeak eta gordetzeak, balio ikaragarria hartu dute gure artean. Nerurririk gabeko indarra izateaz aparte, ohitura bera noiz den ohitura, noiz betiko, noiz gurea, gutarra.... ez da auzi makala, baina beste baterako.

     

    Hil honetakoez, azarokoez, datozkitk burutazioak, santuguztienetaz, animenaz eta ingurunmariez. Guztiz attite-pollo egina nagoela irudituko zaizue baina ezin dut ebitatu egun ikusten duguna eta nere haurtzaroan bizi genuena alderatzea.

     

    Badirudi santu guztien egunean etxekoen artean hildakorik ez duenak, loretan norekin gastaturik ez duenak alegia, erridikulua egiten duela gizarte osoaren aurrean, herriko jaietan festak direla enteratu nahi ez duenaren parekoa.

     

    Ez nituen nik hala ezagutu. Gure etxean ostiral santuz izaten zen kanposanturako bisita eta, loreena geroago etorri zen, aitagure bana edo errezu bana egin bi amamei eta jaisten gienen herrira, Urrestillara esan nahi dut. Horrekin bukatzen zen dena.

     

    Ez dut esan nahi azaroko santu guztien egun hau izaten ez zenik, izango ez zen bada! Elizak alderdi frankistako santu berriez aparte ezer gutxi asmatu du azken mendean. Bi egun izaten ziren. Bata, santu guztiena, santu izanik inork ezagutzen ez genituen santuena, mundu osoan ospatzen dena,  eta bestea, azaroaren 2koa eta orain inork ez duela gogoratzen dirudiena, animen eguna. Halloween nagusitu da globalizazioan bere bertsioa ezberdinetan.

     

    Animena beste kontu bat izaten zen. Astegun burugorria baina elizkizunak topera, sei meza ezagututa nago Urrestillan, bata bestearen ondoren kedarik gabe. Hau beste animen eguna izaten zen, santu ez ziren guztiena. Españia, Portugal eta Latinoameriketako apaizek hiruna meza ospatzen zituzten, aita santuak ez zien baimenik eman munduko beste apaizei beste hainbeste egiteko.

     

    Nere oroimenean lauso dago, hala ere, animen eguneko kontu hori. Egun horretan uste dut, edo horren aitzakian bezpera arratsaldeko elizkizunean, egiten genuela Urrestillako akolitook diru fortuna handia (gure irudirako noski) jasotzearena. Behingo batean gogoratzen dut nola hirurogeitamasei pezeta eraman nituen etxera nere hileko soldata normala hiru durokoa zenean.

     

    Baina joan ziren kontu haiek eta aldatu dira ohitura denak. Gaur dena azaroaren bata da eta inon halako lore sortak eramaten dizkiegu gure hildakoei eta beste hark zioena esan nahi dut nik ere. “Bizi zenean, onenean ere, salda parrastadatxo bat ez zien opa izango eta orain... hara!”. Ez dauka gezurra zer izanik gizarte itxurakeriak hainbesteko garrantzia duen garai hauetan.

     

    Hala ere, dena esan beharra dago, santu guztienetakoa berria izango da, baina hildakoekin gogoratzearena ez. Garibayk esaten zuen jada bere amagatik: “Fue caritativa, limosnera, abstinetísima, y tan devota de las ánimas del purgatorio, que en su casa poco mas pan era el que comían los vivos que el que se ofrecía en la iglesia por ellas”.   Eta ez zuen ama hori bakarrik izan behar debozio hain sustraitua zuena,  Euskal Herrietako jende asko baizik  Justo Garateri kaso egiten badiogu.  Haren esanera euskalduan oso hildakoei kasu egin zalea zen, hainbeste, non XVgarren mendeko bidaiariren bat, Tetzel, guztiz harritu zen, gure ohiturak behatzen hasi eta, emakumeek beren arauak betetzen baino hilarrien gainean denbora gehiago pasatzen zutelako

    Lotura zuzena  |  2 erantzun. Azkena: ander | 2007-11-22 | 23:35

     

    Toponimoen harira

    Azpeitia, toponimoak, Berdelari, Perdilegi | Ramon Etxezarreta |  2007/10/23  23:09

    Izen kontuetan, ia denok edukiko dugu maniakotasunetik dexente. Nerea behintzat ezkutaezina da. Antzeman izango zenidaten Urrestillako kale izenez eta beste zenbait izenez aritu nintzenean. Jasotako erantzunak ikusita, esan daiteke inork ez zidala ezertxo ere ulertu, baina ziur naiz, hala ere, batek baino gehiagok ederki asko ulertuko zidala.

     

    Han ez bada hemen, badut leku izen edo toponimoekin deskontentu egoteko aitzakiaren bat beti. Neure maniak direla seguru, baina edozein kasutan, ematen zaien garratziaren gehiegiak baduela zerikusirik. Toponimia ttikiak garrantzia handiegia hartzen du gure hizkuntza paisaia zirriborrotzerakoan. Zenbaitetan gehiena amorratzeko forma aukeratzen dela dirudi, alegia, erabilienetik edo alboko hizkuntzetatik urrutien dagoena, horrela nortasuna sendotu, edo nabarmendu, edo antzeko zerbait egiten den ustez edo.

     

    Mania, jakinmin, saltsarako gogo edo, dei nahi duzuen eran, antojuak bultzatuta joan nintzen duela hilabeteren bat edo betahrrandarretako lokalean Azpeitiko udalak antolatutako toponimia erakusketa edo jendaurreko informazio horri bisita egin eta bistaizo bat botatzera.

     

    Zer esanak sobran, adostasunak eta desadostasunak adina, baina dakitenei utzi diegu esan behar dutena esaten. Dakitenei esan dut zeren, bisita egin nuenean, hankasartze eder bat egin nuen arte ez nuen aldegin, eta isilik egon banintz ba... hori.

     

    Han zegoen lanaren egileetarikoarekin hizketan eta eztabaidan aritu ginen. Ez ni bakarrik, han geunden beste hiru edo lau pertsona ere bai, eta esaten hasita esan nuen ederra, gisa honetako zerbait.

     

    -         Perdilegi izena, adibidez, inon ez da dokumentatzen, ez da existitzen, orain ez dela askoko asmazio hutsa da barra barra erabiltzen duguna.

    -         Ba.. gure amari beti entzun izan zioat bada izen hori .....

    -         Ke ba, ez aspalditik ordea – eta horrela utzi nuen nere solaskidea zergatiaren esplikazioa ematen ez nenkiela.

     

    Aretotik aterata etxerakoan, kotxean, zer pentsa nentorrela pentsatu nuen esan nuela ederra, bobo alen honek. Zerbait banekiela baina ez inori erakusteko adina. Erdibidean edo konturatu nintzen zein zen nere errua eta zein de Azpeitian, horrela, eskribauren batek orain asko ez dela, gaizki jaso eta herriko izendegian geratu izena: Berdelari.

     

    Berdelari ikastetxe publikoaren izen bilakatu zen inork ez daki zein indarren poderioz eta nondik eta zertara zetorren jakin gabe. Ikastetxea, parrerik ez mesedez, Perdilegi izeneko kalean dago, inoizko garaian beste arrazoi bategatik sona izan zuten Perdilegi baserriko lurretan.

     

    Perfektoa izan beharrik ez dago baina isilik egonda ere irits daiteke bat perfekziora. Hurrengo batean beharko du. Barkatu. Barkatu jendaurrerako horrelako informazioak zazpi egun eskasetan ikusten uzten digutenei barkatzen diegun bezala.

    Lotura zuzena  |  Erantzun

     

    Albiste zaharragoak »»

    uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
    Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
    Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
    Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
    Sareko Argia 2005 - Estatistikak

    Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
    Parte hartzeko arauak