Gaia: jaiak
««Itzuli blog osora
Erdi-Aroko azoka
jaiak parte-hartzea | Nerea Aranguren |
2005/10/10
13:38
Asteartetik
hasi ziren kaleak izaraz apaintzen, asteburuan Erdi-Aroko II. Azoka izango zela
inor ahantz ez zedin. Herria kolorez jantzita ikusi dugu, Historiako garairik
ilunena goraipatzea xede hartuta. Eta,
kaleak jendez gainezka eta poliki
apaindurik ikusi baditugu ere, herritar gehienon jai honetako parte-hartzea
hutsean geratu da; urtero bezala, Udaletxeak azokaren eta jaiaren antolamendua
enpresa espezializatuen esku uztean.
Enparango dorretxean, esaterako, hor ikusi dugu UZTARROZ zioen oihal
lodia, kale animazioan ere herriko banda ibili bada ere, gainontzeko talde,
bufoi etabarrekoak ez ziren herrikoak.
Eta ez da ni kanpokoen parte-hartzearen aurkakoa naizela kontua, baizik eta
bertako herritarrek egin ditzaketen lanak besteen esku ez uztearen aldekoa
naizela; herria museo mugikor bihurtzearen eta herritar gehienok ikusle eta
erosle soil bilakatzearen aurkakoa.
Entzuna
dut, Artziniegako Erdi-Aroko Azokan herrira edo hiribildura sartu nahi duen
orok garaiko jantziez egin behar duela, herri sarreran kokatutako postu batean
arropak trukaturik; jaia parte-hartzaileagoa izateko ez legoke gaizki
-santotomasero baserritarrez janzteko lanak izaten dituen herrirako
errealistegia den ez dakidan arren-. Jaia herritarrona izateko beste bide bat
herriko malabarista, "klown" antzezle,... eta antzekoengana jotzea litzateke,
bufoiz jantzi eta kale animazioa beraien esku gera dadin. Eta, azkenik, zenbait
herri-taldek ere, litekeena da, jaian esku-hartu nahi izatea –kale-animazioan,
antzerkiren bat prestatuz, postuak jarriz...- bide batez beti ere ondo etortzen
diren sos batzuk lortuz. Gauza txikiak dira hemen proposatutakoak, lortu
daitezkeenak; eta ziur hortik zehar badituzuela proposamen eta aholku hobe eta gehiago
ere.
Eta amaitze aldera, gogoeta bat: Ez al litzake hobe
jai gehiago asmatu beharrean, ditugunak duinago eta asegarriago egiten
saiatzea? Ez al litzake hobe museotik auzo-lan eta auzo-festara pasatzea?
Lotura zuzena |
9 erantzun. Azkena:
naroa | 2006-03-24 | 16:46