pintau
itxura itzala | Nerea Aranguren |
2005/11/9
16:00
Bada azpeitiarron lexikoian guztiz barneratua den hitz bat edo eremu semantiko bereko hitz sorta bat: pinta(t)u, pega(t)u....eta ez, noski, `margotu´ edo `itsatsi’ren sinonimo gisara, `itxurari dagokionez bat etorri´ adierarekin baizik.
Honela, eguneroko jardunean guztiz ohikoak dira: “Soineko horrek
ez’tizu pegatzen”, “holako mutilek pintatze’izue”, ... Eta duela gutxi
inguruan entzun nuen “eske zuri hor lana e(g)itiek pegatzeizu”. Azken
esaldi honek, ematen dugunarekin bat datorrela gure bizimoduaren zati
bat adierazten eta justifikatzen du. Eta honekin, Fredi Paiak irailaren
30eko Berrian zioena datorkit gogora, hots, “...Sortzen ditugun
aurreikuspenen eta garenaren arteko konparaketaren beldur gar...”ela.
Eta ez ote luke gure bizimodua garenera hurbiltzeak izan behar
justifikazio? Eta ez ote gara itxurakerian eta ematen dugunaren
laberintoan sartuta bizi? Nik uste, ingurukoak harritzeko gaitasuna
galtzen goazela, gero eta gutxiago irteten garela gure roletik, gure
estilotik, ematen dugun iruditik...
Eta hau, ezin argiago lagunekin arropak erostera joatean ikusten
dut. Gehienek jantziren bat gustatu, ondo geratzen zaiela ikusi, baina
beren ohiko janzkeratik ezberdina dela ikusten badute ez dute erosiko
edota erosi eta armairuan utziko dute sits gizenketan. Eta nik buruan
darabilan galdera da: gustatzen zaigunak pintatzen digu ala pintatzen
diguna gustatu behar zaigu?
Eta gai honetaz hausnarrean ari nintzela Joseba Sarrionandiak Ez gara geure baitakoak liburuan biltzen duen pasarte bat aurkitu dut, azaltzen saiatu naizena eta agian lortu ez dudana ezin hobekiago biltzen duena:
Itzala
Pertsona bat, munduan asko legez, ohartu zen itzala beti bere
alboan zuela, eta itzal harek bere mogimendu guztiak imitatzen zituela,
zerbitzari adi eta arraro legez.
Baina apurka apurka ohartuz joan zen itzalak bere kabuz egiten
zituela mogimenduak, itzalak ez zuen bera imitatzen, lehen bulkada
itzalarena izaten zen eta, beraz, bera zen itzalaren mogikerak
jarraitzen zituena.
Orduan, itzalaren segitzaile izatearen kontzientzia hartu zuen,
eta harrezkero bere gorputza ez zen izan itzalaren zerbitzaria
besterik, eta uzetaka zebilen haren atzean, eta lehialki ahalegintzen
zen itzala lokatzetan zikin ez zedin, harrietan minik har ez zezan, eta
itzala aulkian eseri erazten zuen, nahiz eta bera zutik geratu behar.
|
|
Erantzuteko izena eman behar duzu
|
|