Urriak 12, "Aizkorrin barrena" mendi martxa berezia
Kontu-kontari | Haritz Ibarzabal |
2008/10/7
18:42

Aurtengo maietzean aipatu nizuen Legazpiko Udala “Aizkorrin barrena” izeneko mendi martxa bat antolatzen ari zela, Legazpi, 400 urtez aske programaren barne. Urriaren 12an izango da ibilaldi hau, Izadi-Zaleak, Armuño, Burdinola, Arriurdin elkarteek eta gaztetxeak sustatzen dutelarik. Eguna gainean dugunez, berriz gogoerazten dizuet Azpeitiko mendizale zareten guztioi, propaganda txiki bat egingo niola agindu bait nion nire Legazpiko lagun KxK-ri.
Bi ibilbide izango dira: bata 16 kilometrokoa eta bestea 31koa. Aldez aurretik izena ematen dutenek 10 euro ordaindu behar dituzte eta irteeran ematen dutenek 12 euro. Izena emateko Legazpiko Izadi-Zaleak elkartera, gaztetxera, kiroldegira edo Urbeltz tabernara jo behar da. Internetez ere egin daiteke: http://izadi-zaleak.com/index2.htm helbidean.
Ibilbide luzea osatuko duten mendizaleak 7.00 eta 7.30 bitartean aterako dira Brinkolako plazatik. Ibilbide motzekoak 8.00etatik 9.00ak bitartean abiatuko dira, toki beretik. Eguerdian eta arratsaldean jai giroa izango da bertan.
Antolatzaileek trenez gerturatzea gomendatzen dute. 31 kilometroko martxako partaideek tren berezia izango dute eta 6.30ean aterako da Zumarragako geltokitik.
Beraz animatu zaitezte parte hartzera, igande bikaina igarotzeko aukera izango baiduzue. Edozein zalantza edo galdera baduzue lasai deitu Izadi-zaleak elkartearen telefonora: 943 – 731168, bertan guztia zehatz argituko baidizuete.
Blog pertsonala: ibarzabaltxokoa
Lotura zuzena |
Erantzun
Diaporama batez Saninaziyuek gogoratuz
Kontu-kontari | Haritz Ibarzabal |
2008/09/9
13:49

Kaixo berriro ere guztioi, aspalditxo itzulia naiz udako oporretatik nahizeta hemendik ez agertu orainarte. Saninaziyo jaietako diaporama bat egiten egon naiz blog honetan ezartzeko nahi duenak ikusi dezan, eta egun hauetan zehar horretan pasa ditut ia eguneko ordu guztiak, horra hor nire berririk ez izanaren arrazoia.
Esan bezala denbora ugari igaro dut diaporama hau egiten, orduak eta orduak, pazientzia ze esanik ez, eta hainbat haserre nire buruarekin, baina tira, gero emaitza ikustean nahiko gustora geratu naiz.
Diaporaman, hasi uztailak 27 egunetik eta festak bukatu arteko egun guztiak agertzen dira, 324 argazkiz osatua dago eta hainbat kantuz lagundua.
Beraz gaurkoan nire diaporama berriarekin uzten zaituztet. Betiko moduan sartu ondorengo helbide horretara eta deskargatu artxiboa. Agian denbora dexente beharko du diaporama deskargatzen, luze xamarra baitda, baina uste dut pena merezi duela. Ikusi eta esango didazue zuen iritzia.
Diaporama deskargatu
Blog pertsonala: ibarzabaltxokoa
Lotura zuzena |
Erantzun bat.
botijo | 2008-09-11 | 12:45
Oporrak
Kontu-kontari | Haritz Ibarzabal |
2008/08/4
16:01

Kaixo guztioi, festen aurretik idazteko intentzioa nuen oporretarako agurtuz, bainan astia beste gauz batzuetan joan zitzaidan eta azkenean txupinazoko egunak harrapatu ninduen ezer egin gabe. Gauzak horrela izanik, festak igaro bezain laster idaztea erabaki dut guztiz alfertu baino lehen.
Aurtengo gure Azpeitiko Saninaziyuek oso interesgarriak iruditu zaizkit egitarau aldetik, eta benetan sentsazio onekin utzi didate. Iritzi berdineko jende asko tokatu zait, beraz, zerbait esan nahi duela pentsatzen dut. Betiko zezenketa, su festak, pilota partiduak eta hainbat ekitaldiez gain, izan diren musika kontzertuak ere guztiz erakargarriak iruditu zaizkit. Bainan jendeak gehien estimatu duena egon diren berrikuntzak izan dira, adibidez: uztailak 26an ikusi genituen castellers edo giza dorreak, baita ere hainbat umeek gozatu dituzten entzierro txikiak, plazan jarri zuten zaldi domaketaren ikuskizuna eta abar…
Jarraitu beharrezko bidea dela iruditzen zait hau, aurtengo festa hauetan guztiontzat egon baida zerbait, haur, gazte edo heldu. 2008ko Saninaziyuk antolatzen parte hartu duten denei zorion beroak eman nahi nizkieke, eta baita ere nola ez geure buruoi, jarri dizkiguten jaiak borobiltzen jakin baidugu, jeje.
Ah!! Gauzatxo bat esan nahi nuke agurtzen hasi baino lehen. Bi hitz esan nahi nizkioke nire lagun den Sebastian Lizaso-ri. Gehienetan festetan egiten dugu elkar topo eta aurrekoan ere zera esan zidan, “zee, gaurre baii!! Gaurre mozkorkeian!! Erretirau berkoiauba!! Hik itek gero earra, blog-ean besten kontuk idatzi ta hireak gorde.” Lagun Sebastian, ezdiat ukatzen eznaukenik juergan ibiltzen, eta ezta ere urarekin ibiltzen naukenik. Baina konturatuaiz festa bakoitzean biok topo egiteko hik ere bertan egon behar dekela? Nik hire bezelako maixuengandik ikasi dizkiat horrela gauzak, agian ikasle bezala ere ona izango nauk, baina hik ere maixu moduan domina guztik dituk. Besarkada bat “mi rey”.
Bueno lagunok, hemen agurtzen naiz irailerarte oraingoz. Oporretara zoazten guztiok kontuz errepidean eta berriz ere itzuleran nahi zaituztet. Bertan gelditzeko intentzioa duzuenok berriz ongi pasa eta gozatu inguruan ditugun txoko ederretaz. Agur bat guztioi eta onak izan.
Blog pertsonala: ibarzabaltxokoa
Lotura zuzena |
Erantzun bat.
Bego | 2008-08-04 | 19:55
"Azpeitiko Metal Boskotea"ren kontzertua Zestoan
Kontu-kontari | Haritz Ibarzabal |
2008/07/22
13:58

Gaurkoan kontzertu baten albistearekin natorkizue. Datorren ostegunak 24, “Azpeitiko Metal Boskotea”k kontzertu bat eskainiko digu arratsaldeko 8etan Zestoan, Pio Baroja plazan.
Jon Aramendi, Juan Pineda, Iñigo Aranbarri, Iñigo Larriba eta Agustin Jiménez-ek osatzen duten boskoteak, zazpi kantuko saio polit bat eskainiko digute. Beraz, santiyo aurretik motorrak berotzen hasteko ez da aukera txarra.
Blog pertsonala: ibarzabaltxokoa
Lotura zuzena |
Erantzun
Azpeitiar bat Filipinetan debuta egiteko prest
Kontu-kontari | Haritz Ibarzabal |
2008/07/2
12:42

Aitor Gorostola azpeitiarra Santa Ana Cagayan Valleyko (Filipinak) Eusko Basque Jai Alain debuta egingo duen Zumaiako eskolako pilotarietako bat da. Puntista gazte hau Goikoetxea munduko txapeldunaren lehengusu batek bultzatuta hasi zen jokatzen eta etorkizunean Floridara joateko aukera izateko, orain daukan aukera aprobetxatu nahi du.
Elkarrizketa bat egin berri diote eta honelako albisteak gustoko ditudanez hona hemen gure Aitorren hitzak:
Urduri zaude Filipinetan hasiko duzun ibilbide honen aurrean?
Gogotsu nabil, baina ez urduri. Bidaiaren aurreko hiru edo lau egunetan urduriago egongo naizela uste dut.
Profesionala izatea amets bat izango da.
Bai, jokatzen hasi nintzenetik profesionala izateko ametsa neukan. Orain aukera dut eta dena eman nahi dut hau aprobetxatzeko eta nirekin asmatu dutela erakusteko.
Zu azpeitiarra zara, baina beti egon zara Zumaiako eskolan.
Hala da, Goikoetxearen lehengusu bat aproba bat egitera bultzatu ninduen, gustatu zitzaidan, eta gaur arte.
Asiara hiru lagunekin joatea oso garrantzitsua izango da zuretzat.
Bai, hain urruti bakarrik, ala hiru lagunekin batera joatea erabat ezberdina da, horrela babesa handiagoa duzulako, batez ere herrialdea ezezaguna dela kontuan hartuz.
Zein izango da zure helburua Filipinetan?
Dena ematea, ahalik eta ondoen egitea eta ea gero Amerikara joateko aukera agertzen zaidan. Han Korta, Goikoetxea, Enbil eta beste asko daude eta Floridara abiatzea beti da helburu bat.
Nola imajinatzen duzu Asiako herrialde hau?
Ez dakit, hemengoa baino askoz ezberdina izango da, eguraldi tropikalarekin, hondartzekin, bero handiarekin eta abar. Bestalde, ez dakit zer aurkituko dudan.
Zer botako duzu faltan etxetik hain urrun egongo zarenean?
Lagunak, familia, neska. Orokorrean, dena.
Moldaketa gogorra izango da?
Batek daki, kinielak jokatu ditut eta ohitureei, ordutegiei eta, batez ere hain berotsua izango den eguraldiari moldatzea izango da gauzarik gogorrena. Bestalde, hara joango garen gehienak ezagunak gara eta zentzu horretan ez da inolako arazorik egongo.
Zer dauka Zumaiak handik hainbeste puntista irten daitezen?
Jokatzeko, Odieta frontoia ezin hobea zen, laburra zelako eta erreboteatzeko eta errematatzeko aproposa zelako. Era berean, txikien artean beti egon da frontoira joateko zaletasun hau eta munduko bost onenen artean hiru edo lau zumaiarrak beti egon izanak ere bere eragina izan du. Hala ere, frontoi berria eraikita egonez gero, egoera hobea izango litzateke, gaur entrenatzeko arazoak ditugulako.
Zuentzat, profesional mailan dauden zumaiarrak erreferentzia bat dira.
Bai, ni Lopezek debuta egin zuen urte berean hasi nintzen jokatzen eta zuzenean ikusi dudan lehenengo partida Goikoetxea eta Enbilen neurketa bat izan zen. Handik aurrera askoz gehiago ikusi nituen.
Herrikide hauek ezagutzen dituzu, ezta?
Bai, eta Estatu Batuetan dauden beste batzuk ere, besteak beste, Korta, Beñat, Zinkunegi edo Luis.
Goikoetxea, Enbil eta beste izarrekin topo egiten duzu udan etortzen direnean?
Bai, inoiz Enbil eta Lopezekin entrenatu naiz eta hau opari bat bezalakoa izan zen. 16 urteko hasten ari den mutil batentzat, munduko txapeldun batekin pilotakada batzuk botatzea gauza ikaragarria da.
Inoiz haien kontra lehiatzeko ametsa duzu?
Oraindik oso urrun ikusten dut, oso pilotari handiak direlako.
Noiz hasi zinen zestaz?
2002an, Goikoetxeak lehenengo Mundiala irabazi zuenean, eta, egia esan, ez nuen profesional izatera hain azkar heltzea espero.
Eustaquio beti izan da zure entrenatzailea.
Bai, hasieratik berarekin egon naiz, eta oso gustura, gainera. Zerbait txarto egiten baduzu, argi eta garbi esaten dizu, akatsak zuzen ditzazun. Ondo egiten baduzu ere, esaten dizu. Beno, ondo eginez gero, ez du ezer esaten, je, je. Bera isilik egotea seinale ona da, horrek dena ondo egiten ari zarela esan nahi duelako, je, je.
Zein izan da afizionatu mailako zure oroitzapen onena?
Ez dakit, agian kadete mailan jokatu nuen Euskadiko lehenengo txapelketa. Gero hiru finala jokatu nituen, bi irabazi, eta bat galdu. Orokorrean, oroitzapen gozoak gordeko ditut.
Gure herritar puntistari zorterik onena opa diot Filipinetan, eta han bakarrik ez, hastear dagoen ibilbide profesionalean ere jarriak dituen helburuak betetzeko aukera eta indarra izan dezala.
Animo Aitor eta ez etsi inoiz hire amets horiek beteartean!!
Blog pertsonala: ibarzabaltxokoa
Lotura zuzena |
Erantzun
Albiste zaharragoak »»