Gaia: bost
««Itzuli blog osora
Nemearen erronka
bost sekretu | Iñigo Ibarguren |
2007/02/23
11:39
Estitxu
Elduaienek bota zigun enbidioa bost blogariri duela gutxi eta berehala
hartu nuen erantzuteko erabakia. Erronka polita iruditu zitzaidan.
Baina egia esan, ez nuen espero erantzutea horrenbeste kostatuko
zitzaidanik. Kontua da (ez dakienarentzat), geure bizitzan izan ditugun
bost sekretu kontatu behar genituela blog batean, eta kostatu bazait
ere, uste baino izerdi gehiago bota eta gero, atera zaizkidala
azkenean. Eta, amaitu dudanean, hustuta sentitu naiz, bederatzi
hilabete eta gero, ume bat erditu duen ama bat izan banintz bezala
(hori zer den jakin banu bezala). Hemen doaz, nire bizitzako sekretu
edo, nire izakera neurri batean markatu duten pasadizoak:
1- 1986.
Zazpi bat urte nituen. Haron (Errioxan) geunden udara pasatzen. Hamabi
pertsona inguru (gurasoak, anaiak, izeba eta osaba, lehengusu bat edo
beste...)
Arratsalde
batean, izebak 200 pezeta eman eta gertu zegoen kantinara joateko esan
zidan. Lehengusu eta anaientzat, guztiontzat, gozoki batzuk erostera
bidali ninduen. Eta baita ni joan ere. Baina bidean, beste denak baino
azkarrago nintzela pentsatuko nuen nonbait, gozoki guztiak eskuan ikusi
nituenean, neuk jatea erabaki bainituen. Guztiak batera. Zertarako eman
besteei? Ez nintzen neu joan erostera? Baina niretzat tamalez, ez dut
gogoratzen nork baina, norbaitek momentu hura inmortalizatzea pentsatu
zuen. Horrela azaltzen naiz, Haron gutxien uste nuenean atera zidaten
argazki hartan, aho guztia gozokiz beteta, ito beharrean, kamera
aurrean nire delitua frogatzen zuten gainerantzeko gozokiak esku artean
ezkutatu nahian, alferrik noski. Oraindik ere, noizean behin, entzuten
ditut orduan egindakoagatik galantak.
2- 1990
ingurua. Hamar bat urte. Txikitan asko gustatzen zitzaizkidan
platanoak. Gehiegi. Orain ere bai, baina orduan gehiago. Kontuak kontu,
arratsalde batean, zazpi jan nituen. Ia konturatu gabe. Eskerrak ez
dudan hesteetan arazorik.
3-
1994 ingurua. Hamalau urte. Esklabetan estudiatzen hasi ginela lehen
urtean. Klaseko lehen eguna. Presentazio eguna. Pixka bat harrotuta.
Gelakide berriak, Zestoarrak, Azkoitiarrak... jende berria. Barrutik pentsatzen: Horko hori neska politte (ona…), beste hori nere mouen ikasle txarra izengoek…Eta
eseri eta gero, irakasleak etortzen hasten dira. Lehenengoarekin dena
ondo. Lenguajeko irakaslie (seriyue, aspergarriye, normala...) Baina
bigarrena iristen denean problema gehiago. Ingleseko irakaslie. Altua,
argala, betaurreko borobilak, burusoila eta txistua tragatzen zuen
bakoitzean eztarriko intxaurra bizirik zuela ematen zuena. Gora eta
behera, igogailu modernuenak baino azkarrago. Eta, eutsi ezinik, barre
atake histeriko horietako bat eman zidan. Ezin gelditu. Txantxa bat
izango zela uste nuen, hura ez zela irakaslea, norbaitek sartu zuela
hura han parre pixka bat egiteko, lehenengo eguneko tentsioa kentzeko.
Eta azkenean, normala, moskeatu egin zen. Kalera. Presentazio egunean.
Bigarren minutuan. Esklabetako errekorra. Ta ni, garai hartan, harro.
Izena galdetu zidan atetik ateratzen ari nintzela
-Iñigo
ja,ja,ja Ibarguren- nik eutsi ezinda, bere ahots serioak barregura
gehiago eman baitzidan. Ez zuen bere itxurarekin zer ikusirik.
-Kalera, eta gainera apuntatu egingo dizut hau... por tonto- berak.
Badakit ez zegoela ondo baina, pasiloan barrez jarraitu nuen.
4. Eskulanetan
beti izan naiz baldar samarra. Oso baldarra, egia esan. Txikitan
andereñoak ume bakoitzari marrazki bat egiteko esaten zigun. Ume denen
historia. Betikoa. Etxe handi bat, aita eta ama, ume bat edo beste,
eguzkia hori bat goian, hodei batzuk... eta ez dakit nola egiten nuen
baina pertsonak beti lauki formaz ateratzen zitzaizkidan. Bularraldea
irudikatzeko, lauki handi bat, hanka bakoitzeko beste lauki bat...
bolada batean ahaztea eta dena lortu nuen, baina lagunak arduratzen
dira ahaztu ez dezadan. Afari baten baino gehiagotan gogoratu didate
nire marrazteko abilezia. Leonardok ikusi banindu...
5. Harzubi aldean
bizi izan nintzen duela urte batzuk arte. Auzo hartan baziren bi edo
hiru famili kanpotarrak. Extremaduratik etorritakoak. Familia bat
behintzat bai. Eta umeak izan zituztenean, euskalerrirra integratzeko
ahaleginetan edo, izen euskaldunak jartzea erabaki zuten. Bati Harkaitz
ipini zioten. Baina bat da Harkaitz izena jartzea erabakitzea eta
bestea, oso desberdina, ondo ahoskatzea. Kontua da, askotan balkoitik
deitzen ziotenean, “Harkaitz” hots egin beharrean “Aka hai” moduko bat
esaten ziotela. Eta nik, eta nire anaiek, barre batzuk egiteko
aprobetxatzen genuela. “Akaaaiiii...”
Lotura zuzena |
Erantzun