Gaia: beste
««Itzuli blog osora
Eguneroko protagonistak
beste inor ez | Iñigo Ibarguren |
2007/05/1
01:09
Egunero agertzen dira komunikabideetan. Prentsa, irrati eta telebistan. Hutsik gabe. Beraien presentzia bizitzeko ezinbestekoa izango bagenu bezala. Eguneroko ogia edo arnasa behar ditugun bezala behar ditugula ematen du. Nola jarraitu aurrera bestela!!!
Azter dezagun edozein eguneroko albiste saio bat, “Gaur egun” bera, adibidez. Badira egunero azaldu behar duten berriak. Auto istripuak egunero agertzen dira. Ez gaituzte batere harritzen. Zergatik? Egunero gertatzen direlako. Baina hala ere, nire ustez, azaldu egin behar dute. Auto istripu hori izan duen pertsona, bakarra delako, besteekin alderatuz desberdina eta, inguruko famili eta lagunengan eragin duen samina ikaragarria izango delako.
Irak ere egunero azaltzen zaigu. Apenas erreakzionatzen dugun aurkezleak hamar, hogei edo berrogeita hamar pertsona hil direla aipatzen duenean. Anestesiatu egin gara. Hain bihurtu zaigu ohikoa hango atentatuen berri entzutea ze, egunero berri bera ( juxtu bera) entzuten ari garela ematen du. Baina hala ere, nire ustez, ondo dago berri hori ematea ere, jendeak zer gertatzen ari den jakin behar baitu, eta han hildako jende errugabe bakoitzak, gure moduan, bere historia du, amets eta pena guztiak barne. Ez direlako ez gu baino gehiago ezta gutxiago ere.
Horregatik, higuin edo amorru moduko bat sentitzen ari naiz aspaldian politikoak egunero ikusten ditudanean. Bazter guztietan ageri dira eta guk kontsumitu egiten ditugu, nahi edo ez, guregan halako menpekotasun zentzazio bat sortaraziz. Lehen ez zitzaidan gehiegi axola baina aspaldian, ezin dut jasan. Badakit polítika inguruan dabiltzanak edo alderdi politikoei berebiziko garrantzia ematen dien orok artikulu hau kritikatzeko arriskua hartzen ari naizela, baina gero eta nazka handiagoa sentitzen dut egunero Zapatero, Rajoy, Ibarretxe, Imaz eta atzetik ibiltzen dituzten morroi guztiak ikusi beharraz. Zergatik azaldu behar dute egunero telebistan? Zergatik entzun behar ditugu egunero gauza berdinak? Horren garrantzitsuak badira zergatik ez dute behingoz Euskal herriko gatazka konpontzen? Justifikatu ahal izango dituzte egunen batean jende honek irabazten dituzten diru kopuruak? Horrenbeste errespetu zor diegu? Errespetua, uste dut, irabazi egin behar da.
Errespetua merezi dute isilean lan pila egin eta soldatarik irabazten ez duten etxeko andrek. Errespetua merezi dute beharrak eraginda atzerrira joan eta bizimodu berri bati ekin behar izan dioten etorkinek. Errespetua merezi dute pentsio miserable batekin bizitzera behartuta dauden alargunek. Errespetua misiolariek merezi dute, beste mundu bat posible dela sinetsi eta gauzak aldatzen saiatzen direlako, edo atzegi bezalako erakundeetan dirurik ikusi gabe lan egiten duten boluntarioek. Edo presoen eskubideen alde borrokan egiten dutenek. Hauek ez dira egunero telebistan agertzen. Zergatik ote?
Gizartea aurrera ateratzeko orduan, politikoak garrantzitsuago dira goian aipatutako hauek baino? Hala gizartean agintzen dutenek politikoak garrantzitsuago direla sinestarazi nahi digute?
Amaitzeko aholku bat: albistegi desberdinak ikusi nahi baldin badituzue
( hau da, politikari gutxi ikusi nahi baduzue ) ikusi La 2 kateko albistegiak.Beste kateetan ia aipatzen ez diren kontuak ( animaliak, ekologia, globalizazioaren aurkako ekintzak...) aipatzen dituzte. Albistegi desberdinak dira.
Lotura zuzena |
Erantzun bat.
Ander | 2007-05-01 | 13:05
kafe+21
beste behin | Iñigo Ibarguren |
2007/02/11
14:52
Martutenetik Bonxera. Donostiatik Lugora. Euskal herritik Galiziako kartzelara. Hauxe da Garikoitz Etxeberria “Kaferi” Espainiako Auzitegi Gorenak ezarri dion bidaia. 600 kilometro. 7 orduko bidaia. Lau urte beteta izatea nahikoa ez nonbait, eta orain sei urte omen zirela eta, beste biak betetzeko atxilotu dute.
Antzeko egoeran beste hogeita bat gazte. Ezezagunak guretzat, (neretzat behintzat) kafe ere, Azpeitiarra izan ez balitz, ezezaguna izango litzatekeen moduan.
Ia urtebete joan zaigu ETA-k su etena iragarri zuenetik. Alde guztietako ordezkariei entzun izan diegu gauzak ondo zihoazela, baikorra izan behar zela, denbora kontua zela, oraingo honetan atzerapausurik ez zela egongo, oinarri sendoak zeudela...
Baina memoriak ez badit hutsik egiten, espainiako gobernuak ez du aurrerapauso bat eman ( ez da bat ere) gatazkari benetako irtenbide bat ematen hasteko.
Nik dakidala ETA-k hiru edo lau komunikatu atera ditu joan den Martxotik. Iraila edo Urri inguruan atera zuen bat. Gogoan dut gogoz irakurri nuela, nuen esperantzari eutsiko zion zerbait irakurtzeko irrikaz. Baina ez nuen ETA-ren komunikatuan baikorregi izateko argudiorik bilatu. Hori baino gehiago, azken urtebete honetan egia bere gordintasun osoan esan duen bakarra dela esango nuke. Eta denborak, arrazoia eman dio.
Urtea amaitzera zihoala, Abenduaren 30ean atentatua Madrilen, eta denak eskuak burura eramaten ditugu. Gizarteari, beste behin, gezurra esan diote, iruzur egin diote, gauza bat sinestarazi eta oso bestelako errealitatea erakutsi diote. Albiste txarra denontzat. Barkatu, ia denontzat. Popularrentzat albiste ona baitzen noski.
Eta, hiru asteren buruan ( kasualitate hutsa? ) epaia auzitegi gorenetik: Kartzela zigorra kafe eta beste 21 gazteri.
Ez naiz politikan aditua. Ezta gutxiago ere. Artikulu hau irakurtze hutsarekin egiaztatu dezakezue. Kontu ilunegia iruditzen zait egia esan. Lanbrotsuegia. Gezur eta interes gehiegi mugitzen den kontua. Konplexuegia. Sustrai gehiegitan zabaltzen dena.
Abenduaren 30eko atentatu hori izan ez balitz kafe eta beste 21 horiek kalean egongo liratezke. Ez dakit ziur, baina nire ustez hala da. Kasualitate handiegia iruditzen zait horiei emandako epaia atentatua izan eta denbora gutxira. Horrek ematen du pena. Batzuen interes faltagatik beste gazte batzuen bizia (eta familia edo lagunena) hankaz gora jartzea. Baina berriro baikorrak izan behar dugula esango digute, gauzak ondo doazela, ari direla hitz egiten, erdi ezkutuan edo...
Animo kafe eta beste 21entzat!
Lotura zuzena |
16 erantzun. Azkena:
EnekoitzEsnaola | 2007-02-16 | 11:25