Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abenduek 4,  OSTEGUNE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Blogak »  Zirikatzen

Zirikatzen

(Iñigo Ibarguren)

 ARTXIBOA

 HARPIDETU

  • Jarioa: XML
  • Blog honetara harpidetu nahi? Mezu bat jasoko duzu zerbait idazten duenean. Sartu hemen zure e-posta:



    (rssfwd zerbitzuari esker)

     ORRI HAU...

     

    Familia berri bati

    hiruroi | Iñigo Ibarguren |  2008/11/18  12:21

    Familia berri bat sortu da gure artean. Dikazkaneko laguna buru belarri lanean aritu da aspaldian eta, fruituak oparo datoz orain, udaberrian loreak bezala. Baina ezingo diogu meritu guztia Uztarriako blogari orijinalenari eman, emaztea duen Virginiak ere izango zuen horretan zerikusirik. Bien arteko loturari jarraituz, Maier ttikia etorri da mundura, oraindik ikusi ez badut ere, ziur asko neskato masail bete eta ederra izango dena (barkau Iosu baino, neska politte baldinbaek, Virginian meritue dek hori eh, je.je...)

     

    Zorionak hiruroi, bihotz-bihotzez, eta badakit atrebentzia eta lotsagabekeria handi samarra dela baina, bakoitzari aholkutxo batzuk idaztea pentsatu dut, beti ere intentzio on eta garbienari jarraituz, noski. Aholkuak norbaitek bota eta besteak entzuteko dira, edo norbaitek idatzi eta besteak irakurtzeko, kasu honetan zehatzagoa izateko. Eta normalean niri tokatzen zaidanez entzun edo irakurtzea, ba oraingo honetan idaztea pentsatu dut. Zuek ikusi kasu egin edo ez, hori zuen esku.

     

    Iosu: Eztek makala erten Dikazkan. Hik daukek hik meritue, dio. Bazakiat hemendik aurrea Virginia ta Maierrentzat bakarrik eukiko ditukela begiyek, baina noizien behin hik eindako entsalada rusa gozo hori jaten segiuko nikek ba.... altuo esatie bazeok baino garbiyo ez. Badakik mundu hau lotsagabintzat einda daola. Gaizki ohitu gaituk ta oin badakik... pelotie hire tellatuen zeok. Ze esatek? Maier dala munduko neska politt ta xarmantena? Bai, bai, bazakiat. Hi, hartu noizien behin blog ttiki bat idazteko denborie ehh? Ez galdu ohitura onak. Padrazo.

     

    Virginia: Hola supermother. Bai, bai, bazakiñat Maierrek hire antza daukela (eskerrak, puff...) eta zorionak horreatik. Oin aprobetxau Iosui dienak eta eztienak erañazteko, adibidez: aspiradorie pasau, Maierrei pañalak aldau, hautsek garbiu, plantxie ein, erosketak, sukaldeko lanak,  erropak ixikiu, janaiye preparau, biberoie eman, lurre fregau, periodikue erosi, ogiye erosi, kaleko neskazarkei danak kontau, berriz aspiradorie pasau, berriz pañalak aldau, Maier mimau, heu mimau.... zeoze ahaztu baldinbaziten, heuk esan beai. Madraza.

     

    Maier:  Hola prexioxina. Zer mouz? Ongi etorri Azpeiti, Euskadi ta mundure. Aizu, gauzatxo batzuk esanberdizkizut. Ez esan ezerre aitatxo ta amatxoi ehh??? Biyon sekretotxue izengoa, Uztarriako blog miserable hau irakurtzea ezta iñorre alleatzen ta. Aizu, eder hori, oin aprobetxau zuk nahi dezun negar dana eiteko, atte, ama, amama, attitte, tio, tia.... beti izengozu batenbat laguntzeko inguruen. Zuk ein negar lasai, eguneko o gaueko eozer ordutan. Igual da etxepeko danak esnautare, bale??? Ni ez naiz hor inguruen bizi ta zuk ein kriston makakorruek. Esnie nahi dezula? Negar. Jostailu bat nahi dezula? Negar. Aitatxo o amatxon mimuek nahi dituzula? Negar. Anai o ahizpatxo bat nahi dezula jolasteko? Negar.

     

    Egiye esan, badaukezu zorte pixket ehh, ba aldakizu zure aitatxo ta amatxo irakasliek diela lanbidez? Ta eztie irakasliek lanbidez bakarrik gainea. Ez pentsau hori munduko ume danak daukeben pribilejiyo bat danik ehh??? Eztakizula zer dan pribilejiyue? Bueno, lasai, danetik ikasteko denborie izengoezu ta. Ez heuki presaik. Egunero ikastea bizi hontan zeoze, eta zuk milaka eta milaka egun dauzkezu ikasiberdan guztiye ikasteko. Etorkizune zurie da. 

     

    Gauze geiyo esatie badauzket, baino leno esandizut zure atte ta ama irakasliek diela ta beaiyek erakutsikoizube ikasiberreko geiyena. Hortik aurrea zure esku. Bitartien, ein lo lasai ta aingeruekin amestu. Ta handitzezeanien, ametsetan segiu: amets eitiei etzako beine lagaber. Hankak lurrien eukitzie ondo dao, baino amets eitie baita. Beti. Muxu bat politt hori  (laister emangoizut bat masail borobil ta bigun horren erdiyen Iosu ta Virginiak uzten baldinbaibe, zu lasai, oso guapue ez baino ez naiz hain zatarrare ta...). Bitartien hemendik bialtzeizut bat, MUAKA.

     Segi ondo, FAMILIA.

    Lotura zuzena  |  3 erantzun. Azkena: Eduxarra | 2008-11-27 | 17:43

     

    Pelikulak eta liburuak

    hontaz eta hartaz | Iñigo Ibarguren |  2008/10/20  15:54

    Liburu eta pelikulei buruzko artikulu bat irakurri nuen aurreko batean egunkariren baten. Bertan, bi hauen arteko aldeak edo desberdintasunak nabarmentzen ziren. Eta han azaldutako arrazoi askorekin bat nator.

     

    Adibidez, zinemaren munduak orokorrean askozaz ere estimu handiagoa duela liburugintzak baino. Batzuk ados egongo zarete beharbada, beste batzuk ez. Dena dela, nire ikuspuntua arrazoitzen hasiko naiz.

     

    Memorias de Africa,” titulua esan ezkero, zer datorkizue burura: Ba normalean, Robert Reford eta Meryl Streepek 1985ean egindako film ederraz gogoratuko zarete. Baina gutxi dira Karen Blixen Danimarkarrak idatzi zuela jakingo dutenak (Isak Dinesen goitizenez sinatu bazuen ere) eta bere bizitza kontatzen duela filmean gainera.

     

    El ultimo mohicano” filma gogoratzen? Nola ahaztu Daniel Day-Lewis eta Madeleine Stowek burututako pelikula zirraragarria. Amaiera txundigarria da, eta musika berriz ahaztezina. Ba historia James Fenimore Cooperrek idatzi zuen eta pelikula egin baino zerbait lehentxeago gainera. 1826an sortu zuen, filma baino 170 urte aurrerago.

     

    La lista de Schindler” entzuna egiten zaizue? Bigarren mundu gerrako film zoragarri bezain gogorra. Steven Spielberg handiak zuzendu eta Liam Neeson edo Ralph Fiennes aktoreek antzeztua. Thomas Keneallyk idatzi zuen, eta berez ez zuen “la lista de Schindler” izena, “el arca de Schindler” baizik.

     

    Horrela adibide mordoa jarri daitezke.

     

    Eta zer arraio esan nahi du tipo honek honekin? Pentsatuko duzue agian. Ba ez dakit zuei, baina bitxia iruditu zait niri beti gizarte honek gauza batzuek goraipatu eta besteak gutxiesteko duen joera. “Mohicano” hitza aipatu ezkero, Daniel Day-Lewisen aurpegia etorriko zaigu gehienoi burura baina hotz-hotzean pentsatuta, ez al du meritu handiago historiaren sortzaileak berak? Day-Lewisek ez zuen filma egingo ia bi mende lehenago James Fenimore Cooper bere kabuz idazten hasi ez balitz.

     Adibide eta kuriositate moduan idatzi dut hau. Gizarte hau benetako meritu eta sakrifizioetan oinarrituta egongo balitz, ez lirateke gauzak dauden moduan egongo.

    Lotura zuzena  |  4 erantzun. Azkena: inigoi | 2008-10-24 | 15:20

     

    Ekainberri

    bisita | Iñigo Ibarguren |  2008/10/1  13:09

    Pasaden astean, Ekaingo haitzuloaren erreplika ikusten izan nintzen, Zestoan, Ekainberri izenez bataiatu duten eraikinean. Orain dela gutxi zabaldu dute, baina hori jakingo duzue honezkero, telebista eta komunikabide desberdinetan horren berri eman baitute. Benetako haitzulora iritsi baino 300 bat metro lehenago dago, eta inbertsio handia egin dute antza.

     

    Haitzulo bertako bisita hasi baino lehen, bisitariak museo txiki bat ikus dezake. Bertan Ekaini buruzko informazioa aurki daiteke, bertan aurkitutako harri eta materialen gainean adibidez. Aurkikuntza nola egin zen ere azaltzen da, 1969ko Igande goiz batean. Jose Miguel Barandiaran handia etorri zen handik egun pare batera, eta orduan hasi ziren benetako azterketa eta ikerkuntzak. Beste haitzulo batzuei buruzko informazioa ere aurki daiteke museo honetan, Santimamiñeri buruzkoa kasu.

     

    Baina benetan garrantzitsuena, eta ia seguru bisitari gehien erakarriko duena erreplika bera da noski.

     

    Bisitaria ia erabateko ilunpean sartzen da erreplikara, eta une batetik bestera, iraganean egindako salto ikaragarri baten bitartez, milurteko batzuetan atzera egingo duela irudituko zaio. Ia ilunpean, tenperatura margoak ongi mantentzeko beharrezkoa den 16 gradu egonkorretan eta usain berezi eta magiko batek ingurua betetzen duela. Nola sentituko ziren haitzulo hura 15.000 urte atzerago aurkitu zuten gure arbasoak? Horrelako galderak etortzen zaizkio burura bisitariari bertako gida azalpenak ematen hasten denean.

     

    Ez nahiz xehetasun guztietan gehiegi luzatuko baina, margo gehienetan agertzen den animalia zaldia da. Dirudienez, haitzulo hartako biztanleek ikaragarri miresten zuten, oreinen bat edo hartzen bat ikus daitekeen arren, zaldiak presentzia eta protagonismo berezia dauka. Bitxikeri moduan esan daiteke, zaldi batzuk lantzak sartuak dituztela margoetan, eta gidak esan zuenaren arabera, hau ehizatzera joan aurretik marraztuta izatea litekeena da, beraien usteen arabera, animaliak horrela margotu ezkero, gero ehizatzera joandakoan ahulago egongo zirelako ustea baitzuten. Baliteke horrela izatea, baina hau uste bat besterik ez da.

     

    Hartz pare baten hezurrak ere ikus daitezke, bata gorputzeko hezur guztiekin, bestea ez. Baina ez dira gaur egungo hartzen hezurrak, garai hartako “hartz kabernario” delakoen hezurrak baizik, eta hauek oraingoen aldean handiak ziren. Lehen aipatu dudan museo horretan ikus daitezke bien arteko aldeak. Eta nabarmenak dira.

     

    Motz samarra iruditu zitzaidan ibilalditxoa, hamabost edo hogei bat minutuan amaitzen baita. Baina merezi du. Bost euro bakarrik kostatzen da, eta txorakeria mordoetan diru gehiago gastatzen dugulakoan nago, bai horixe. Zer egin daiteke gaur egun bost euro sinpleren truk?

     Amaieran, gidari galdera desberdinak egiteko aukera dago. Neu ere animatu nintzen pare bat egitera, paleontologo aditu baten itxura eman nahian. Norbait engainatuko banu bezala.... animatu eta egin bisita.

    Lotura zuzena  |  Erantzun bat. Bego | 2008-10-01 | 14:12

     

    Erdikaleko desertua

    galderak | Iñigo Ibarguren |  2008/09/9  15:46

    Lehengo Larunbatean pare bat trago hartzen izan ginen Etxezuri inguru horretan afari baten ondoren. Hamabiak aldean iritsiko ginen bertara eta ez zegoen ia inor.

     

    Harritu egin nintzen eta, lagunei komentatu ostean, aurreko Larunbatean berdin-berdin gertatu zela esan zidaten. Korrale itxita zegoen eta Txarrantxa ere bai antza. “Abuztua pasatu duk ba,” esan nuen neurekiko. Obrak direla eta, erdikalea ez dago oso polita ere baina, ez dut uste horren jende gutxi ibiltzeko aitzakia denik hau.

     Zer arrazoi gehiago egon daitezke egoera hau azaltzeko? Zestoako festak ziren, eta baliteke gazte askok bertarako bidea hartzea. Logikoa dirudi. Delako krisi ekonomikoak zerikusirik ba ote du? Honek ere izan dezake bere pisua. Jendearen joera eta gustuak, bereziki gazteenenak, aldatzen ari ote dira? Orain dela hamabost edo hogei urte Ostiral gauek indar handia zuten Azpeitian. Saltsa egoten zen taberna eta kaleetan, asteburuaren hasera ospatzen hasteko modu bat zen. Berdina gertatuko ote da Larunbatekin ere?

    Lotura zuzena  |  2 erantzun. Azkena: Iosu | 2008-09-09 | 18:49

     

    Epika ala pirrika?

    txirrindularitza | Iñigo Ibarguren |  2008/07/23  18:37

    Kirol guztietan bat hautatu behar banu gogorrena bezala txirrindularitza aukeratuko nuke ziurrenik. Abiadura itzela, malda ikaragarriak, deshidratazioa, izerdia, indar mentala, arriskua, zaleen oihuak... ezaugarri guzti horiek kontuan izanda kirol epikoa dela esan dezakegu, pertsonen sufrikarioa eta muga fisiko nahiz mentalak mutur-muturreraino eramaten dituen kirol batez ari garelako.

     

    Hori guztia egia da. Baina nik ezin dut dagoeneko kirol hau lehen ikusten nuen begi berdinekin ikusi. Eta ez dakit aurrerantzean ikusi ahal izango dudan. Piepoli italiarra eta Cobo espainarrak egundoko etapa egin zuten duela egun batzuk frantziako tourrean. Saunier Duval taldea defendatzen zuten biek, eta eskuak gora igota sartu ziren helmugan, olinpoko jainkoak balira moduan. Ez dago esan beharrik zale guztien babes eta txalo zaparradak jaso zituztela, ohore guztia irabazi zuten, ordu batzuetan behintzat. Talde bereko Ricco italiarrak positibo eman zuen hurrengo egunean ordea, eta Saunier Duval taldeak frantziako tourretik ospa egin du, ahal bezain isilen. Eta tour honetan izan dira aurreragotik ere beste pare bat positibo.

     

    Irabazle izatetik galtzaile izatera ordu eskas batzuetan. Eredu izatetik gorroto eta ezinikusi nabarmenena sortzera zale askoren artean.

     

    Bada gai honetan oso ondo ulertzen ez dudan ikuspuntu bat. Aurretik esan gabe doa ez naizela txirrindularitzan aditua eta nire iritzia guztiz diskutigarria dela. Txirrindularitza horrela dagoela, bata eta bestearen iritziak entzuten dituzu eta entzundakoak harritu egiten zaitu batzuetan, eta “harritu” esatean motz gelditzen ari naiz. Bati entzun nionez, arazoa frantziako tourrak berak du, bere hitzak literalki erabiliz “hainbeste kontrol eta hainbeste traba, utz diezaiotela nahi dutena hartzen, eta gero gerokoak.” Hori da kirol “epiko” honek utzi behar digun ekarpena? Hori al da txirrindularitza benetan maite dutenek lortu nahi dutena? Nola jakin liteke horrela azken egunean Parisera lehen postuan iristen den txirrindulariak benetan irabaztea merezi duela?

     

    Kirolak lehenbizi utzi behar duen irakaspena gardentasuna da nire ustean. Batek egundoko etapa egin, garaile izatea lortu eta zale guztien txalo zaparrada entzun nahi badu, irabazi dezala bere entrenamendu eta izerdiaren emaitzaz, ez laborategian atera duten azken EPOaren sustantzi berriaz. Kirolak orain arte izan duen esentzia eta balore guztiak zaborretara doaz bestela.

     

    Nik ez dakit nola lortzen duten baina, badaude txirrindularitza begi berdinekin ikusten jarraitzen duten zaleak. Garrantzitsuena “espektakuloa” bera dela esaten dutenak. Edozein prezio ordaintzen dela ere. Irabazi eta irabazi. Zer axola du garbi izan edo EPOS LEPO.  Uztarriako Pourrean parte hartzen ari direnei edo txirrindularitza “espektakulo” bezala defendatzen duten horientzat galdera bat dut amaitzeko. Baita txirrindularitza zaleentzat ere, orokorrean.

     

    Nola definituko zenukete zuek kirol hau?

     Epika ala pirrika?

    Lotura zuzena  |  Erantzun bat. joxemai | 2008-07-25 | 20:20

     

    Albiste zaharragoak »»

    uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
    Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
    Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
    Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
    Sareko Argia 2005 - Estatistikak

    Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
    Parte hartzeko arauak