Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko irailek 5,  OSTIRELA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Blogak »  Zirikatzen »  Gizon batek...

Zirikatzen

(Iņigo Ibarguren)

 ARTXIBOA

 HARPIDETU

  • Jarioa: XML
  • Blog honetara harpidetu nahi? Mezu bat jasoko duzu zerbait idazten duenean. Sartu hemen zure e-posta:



    (rssfwd zerbitzuari esker)

     ORRI HAU...

     

    «« Itzuli blogera

    Gizon batek...

    ... duenean. | Iņigo Ibarguren |  2007/03/19  17:12

    Lasai, ez dut gizon eta emakumeen arteko harreman zail eta korapilatsuak aztertzen hasteko asmorik. Gomendio bat egiteko intentzioz idazten dut oraingoan, norbaiti balioko dion esperantsaz.

     

    Ez naiz oso filma zalea. Normalean, gaur egun, film on gutxi ikusten direla esango nuke. Eta onak gutxi badira, oso onak zer esanik ez. Benetan markatu nauten filmak bi eskuko behatzekin konta ditzakedala uste dut, edo esku bakarrekoekin beharbada. Denbora bat igaro eta gero berriz ikusteko gogoa sartzen zaizun filmetaz ari naiz.  Horregatik iruditzen zait garrantzitsua filma horien aipamena egitea. Niri markatu banaute, litekeena delako beste batzuei ere berdin gertatzea ( ez denei noski ).

     

    Badakit aipatzera noan filma honek pertsona bat baina gehiago utzi duela negarrez, benetan gizakiok ditugun sentimendu garrantzitsu, sakon eta ederrenak ukitzen dituelako: maitasuna, amorrua, beste pertsonekiko dugun dependentzia, errespetua, beldurra...

     

    Ez dago tirorik film honetan. Ezta bonbarik ere. Hilketa odoltsurik ere ez. Ez dago autoan egindako pertzekuzio arriskutsu eta faltsurik. Ez dira Estatu batuak mundu osoko “terroristen” aurka borrokan azaltzen. Ez da sexu eszena morbosorik agertzen.

     

    Zergatik egiten dituzte horrenbeste film biolentziaren inguruan? Armen inguruan? Hilketen inguruan? Erraz egiten direlako. Askoz zailagoa delako mami eder eta elkarrizketa sakoneko film bat egitea. Horregatik eskertu behar dira orain aipatu behar dudan filmak bezalakoak. Gero eta gutxiago egiten direlako.

     

    Antzeman diozue zein pelikulataz ari naizen? Hurbiltzen ari zarete?

     

    Gizon batek emakume bat maite duenean ( Cuando un hombre ama a una mujer ). Andy Garcia eta Meg Ryanek 1994an egin zuten filmaz ari naiz. Urte batzuk baditu eta askotan bota dute telebistan. Gehienoi ezaguna egingo zaizue. Edo ia denoi. Baina beti egoten da despistaturen bat eta, ikusi ez duenari, ikusi dezala aholkatuko nioke. Ez dut uste damutuko zaionik.

     

    Duela hilabete bat edo bota zuten berriro. Igande gau bat zela uste dut. Komedorean sartu nintzenean filma hasi berria zegoen eta nire ama ikusten ari zen. Hau ikusita daukeu ama, esan nion eta berak erantzun: bai eta zer? Ez al du berriro ikustea merezi? Ordurako bi edo hiru aldiz ikusita nuen filma baina egia esan amak arrazoi zuen, berriro ikustea merezi duen horietakoa da. Eta berriro ikusi nuen. Eta ez hori bakarrik. Filman zer gertatu behar duen jakinda ere, une batzuk harritu egin ninduten. Eta beste batzuk hunkitu. Beti uste izan dut hobe dela filma zoragarri bat askotan ikustea, erdipurdiko horiek behin ikustea baino.

     

    Gauza edo une asko nabarmenduko nituzke filma osoan zehar baina denen gainetik daude protagonistek dituzten elkarrizketak. Ziur nago, denok sentitu ditugula uneren baten filmeko pertsonaiak sentitzen dituzten frustrazioa, nahasmena, ikara...norberaren arazoak desberdinak izanda ere. Eta horrek beste gertutasun bat ematen dio filmari.

     

    Behin baino gehiagotan entzun diot jendeari zinemara barre egitera joan behar dela. Bestela ez duela merezi. Norberaren arazoak ahaztu eta pare bat orduan barre egiteko arrazoiarekin joan behar dela zinemara. Dramarik ez dutela nahi. Bizitza errealean badagoela nahikoa drama.

    Ni ez nago bat horrekin. Ondo dago barre egitea, dudarik gabe. Gehiago egin behar genukeen gauza da. Eta ez dut ezer barre egin arazten duen filma baten aurka.

     

    Baina bestaldetik, ikusi ditudan filma hoberenen errepaso bat egiten hasi naizenean, barre egitekoak bigarren maila batean gelditzen direla konturatu naiz. Ez du merezi Ben Hur pelikula ikusteak, barrerik eragiten ez duelako? Ez da La lista de Schindler filma ona drama bat izanagatik ere? Edo Cadena perpetua?

     Ez naiz hasiko Andy Garcia eta Meg Ryanek egiten duten filmaren argumentua azaltzen. Luze joko lidake eta hobe da bakoitzak filma ikusi eta bere ondorioak ateratzea. Ikusi gabe duzuenoi: zorionak, eta ahal duzuenean ikusi. Aspaldi ikusi ez duzuenoi: ikusi berriro eta gozatu.

     

     

    1.  Osky - 2007-03-20 | 10:25
    Nire ustez ez da errezago biolentzia eta akzioz beteriko film bat egitea. Film on bat egitea beti da zaila, berdin da ze generokoa den. Gertatzen dena da, gure gizarte honetan jendeak eskatzen duena, kontsumitzen duena hori da, morboa, biolentzia,sexua....
    Aipatu dituzun filmeak gustoko ditut, baino benetako zinea fillm independentean dago...mugimendu alternatiboetan, Dogma bezala.

    2.  Tximist - 2007-03-20 | 12:54
    Etzakeat pelikula hori ikusita, ta egiye esan Meg Ryan ta Andy Garcia aituta, etzik askoik tiretzen (je, ta sexu eszena morbosoik ez bahake, oindik eta gutxiyo)... baino bueno, hik gomendau dekelako baare, aukera bat emango zoat hurrena tokatze zateanien.

    Bestalde, "normalean, gaur egun, film on gutxi ikusten direla esango nuke" idatzi dek. Ba ni neu ez natxeok bate ados esaldi horrekin. Esanahiat Hollywoodeko superprodukziyuei beira gelditze bahaiz, ba bai. 40 eo 50. Hollywoodeko hamarkadako peli arraskatsu askok (Billy Wilder, eo Ernst Lubitsch eo Orson Welles-enak adibidez) etzakeabe zerrikusik gaur egungo Hollywoodeko hainbat zaborrekin. Baino bueno, Europan, Asian, Hegoamerikan ta EEBBtan e bai Hollywoodetik at, peli on asko ta asko in dituk azken urtietan. Nahi baek hurrena pasakotxiat pelikula batzuk, aber ze iruitze zaxkiken...

    Musikikin bezela dek, "hoi musika putie iteana gaur egun", esateik batek. Bai Joxeina, Los40 ta MTVn aitzean musikan oinarritze bahaiz (ta hori gustatze ez bazak), bai...baino zirkuito hoyetatik at biziye zeok; gaur bertan Matadeixen daon bikote finlandes-fantses baten kontziertue adibidez. Bilatzen jakin ezkeo, beti topatzeituk gustoko gauzek, bai oinguek ta bai oindala 50 urtekuek e. Bai musikan, bai zinien,... (ta baita neska gaztiek e?)



    3.  Miren - 2007-03-21 | 11:11
    Iņigo, nire ez natxiok ados esatekanien gaur egun film on gutxi eiteala, pasatzeana dek txar asko eiteiela eta on bat tokatzeako 5 erdipurdiko ikusi ber!

    Gomendatzen hasite nik KILL BILL ikusteko esateizuet. Orokorrien pelikula biolentuek etzatxit gustatzen, baņo Tarantinok beti harrapatze nau! Pelikula honek bi parte dauzke, bat oso biolentue, bestie pixket gutxiyo. Oso pelikula sakona da: boterie, zeluek, maitasune... Lelengo partien istoriyue ezta bukatzen, derrepentien bigarrena ikusteko gogue pizteu. Nunbait Tarantinok film bakar bat ein tzuen baņe oso oso luzie erten tziyonez bi pusketatan kaleratzie erabaki zuen.

    Zine espaņola gustatze zakonantzat (eta sexue nahi dunak...): LUCÍA Y EL SEXO.

     

     

    Erantzuteko izena eman behar duzu



    »» Pasahitza ahaztu zait
    »» Lehenengo aldia da eta alta eman nahi dut

    uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
    Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
    Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
    Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
    Sareko Argia 2005 - Estatistikak

    Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
    Parte hartzeko arauak