Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2010ko martxuek 14,  JAIYE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Blogak »  Zirikatzen

Zirikatzen

(Iņigo Ibarguren)

 ARTXIBOA

 HARPIDETU

  • Jarioa: XML
  • Blog honetara harpidetu nahi? Mezu bat jasoko duzu zerbait idazten duenean. Sartu hemen zure e-posta:



    (rssfwd zerbitzuari esker)

     ORRI HAU...

     

    Benetako istorio bat

    BESTERIK | Iņigo Ibarguren |  2010/01/14  18:54

    Paul Auster idazle amerikarrak ondorengo istorioa kontatzen du bere liburu batean. Benetako istorioa dela azpimarratzen du gainera.

    Yugoslavian gertatu zen, bigarren mundu gerrako azken egunetan. Serbatiev izeneko gaztea Serbiako partisano talde bateko kide zen. Nazien okupazioaren aurka borrokan ari zen Serbiako talde hau. Egun batean, goizean goiz, bera eta bere lagunak izkutatuta zeuden txabola inguratu zuten naziek. Baso baten erdian zegoen txabola eta, negua zenez, elurrak metro erdiko altuera zuen. Partisanoek ez zuten ihes egiteko modurik.

    Zer egin asmatu ezinda, azkenean zorteak erabaki behar zuela erabaki zuten: txabolatik banaka aterako zirela erabaki zuten, korrika eta presaka, elurrean barna desesperazioz nonbaitera aldegingo zuten itxaropenez beterik.

    Zozketa egin eta gero, Serbatiev izeneko gazteak hirugarren lekuan atera behar zuela erabaki zuten. Lehenengo gizona atera zen. Serbatiev leihotik begira zegoen, urduritasuna menderatu ezinda. Arbolen atzetik, metraileta hotsa entzun zen segituan. Gizona segituan erori zen. Ia tarterik gabe atera zen bigarren gizona ere eta emaitza berdin-berdina. Berehala erori zen metraileta balak eraginda.

    Serbatiev gaztearen txanda heldu zen. Ez dakigu zenbaterainoko zalantza egin zuen ateratzeko unean. Ezin jakin zer pentsakizun izango zituen buruan. Korrika atera zen, bere hankek eman zioten abiadura guztiaz. Segundu amaigabe batzuk joan ziren airean. Bat-batean ikaragarrizko mina sentitu zuen hanka batean. Gero, zentzua galdu zuen.

    Esnatu zenean, baserritar baten karroan zihoan, etzanda. Ez zekien zenbat denbora pasatu zen eta bitarte horretan gertatutakoaren berririk. Begiak ireki zituenean zaldi batek tiratzen zuen karroan zihoala egiaztatu zuen. Baserritar bat zihoan karroaren gidari eta Serbatiev baserritarraren buruari begira gelditu zen une batez. Zerbait esatera ausartu nahi zuen baina hitzak ahotik atera aurretik gertuko basotik zetozen eztanda eta tiro hotsak entzun zituen. Baserritarraren burua desagertu egin zen berehala. Serbatiev bururik gabeko gorputz zati hari begira gelditu zen.

    Zarata eta eztanda gehiago. Ezin dugu esan zaldiak karrotik tiraka jarraitu zuen baina bai segundu edo minutu gutxiren buruan tropa errusiar handi bat etorri zela bide hartan behera. Jeepak, tankeak eta soldadu pila bat.

    Agintean zegoen ofizialak Serbatiev gaztearen hanka ikusi zuenean, inguruan zegoen ospitale txiki batera eramatea erabaki zuen. Oso egoera kaskarrean zegoen ospital txiki hau eta ia ez zegoen batere medikamenturik. Ejerzitu errusiarreko medikuak hanka hura salbatzea ezinezkoa zela deliberatu zuen. Moztu beharra zegoen, eta lehenbailehen gainera.

    Serbatiev oihuka batean hasi zen. "Ez moztu hanka, arren. Mesedez, jainkoaren izenean, ez moztu hanka".

    Baina inork ez zion entzun. Enfermeroek operazio mahaian jarri eta korreekin lotu zuten. Medikuak zerra hartu zuen. Zerra azala mozten hasi zenean, beste leherketa bat entzun zen. Ospitale txiki hartako sabaia segituan erori zen eta nahasmena nagusitu zen bazter guztietan. Serbatiev gazteak zentzua galdu zuen berriro.

    Berriro esnatu zenean, ohe batean etzanda zegoen. Izarak garbiak ziren eta logelak usain ona zuen. Serbatiev partisanoaren hanka oraindik bertan zegoen gainera, gorputzari pegatuta. Neska gazte bat sartu zen ondoren plater batekin eta zopa eman zion jateko. Oso ederra zen neska eta irribarre egiten zion aldian behin. Serbatiev gazteak zalantza egin zuen: oraindik bizirik zegoen edo hil ondorengo paraisoan zegoen dagoeneko.

    Pare bat hilabete eman zituen etxe hartan eta neska gaztearekin maitemindu zen. Zoritxarrez, maitasun hark ez zuen etorkizunik izan. Baina Serbatiev gazteak aurrera egin zuen bizitzan eta hankarik moztu gabe. Gero, gerra amaitu ostean, Ameriketara emigratu zuen bizitza berri baten bila.

    Lotura zuzena  |  Erantzun

     

    Sua

    Kultura | Iņigo Ibarguren |  2009/12/16  16:44

    Gaur egun, bertsolaritza artea bilakatu dela ez dut uste inork zalantza egingo duenik. Beharbada beti izango zen artea, baina gaurko bertsolari berriek erabilten dituzten doinu, konparaketa eta metaforek oraindik haratago eraman dute bertsolaritza. Gauza gutxik emozionatuko zaituzte gehiago bertso eder batek baino.

    Eta bertso ederra soberan izan genuen BEC-en jokatutako final ederrean. Zortzi bertsolari on, generazio baten aldaketa, historiak eman duen bertsolari hoberenetako baten agurra, txapela jantzi duen lehen emakumea... hunkitzeko arrazoi nahiko eta soberan.

    Ez naiz bertsolari eta bertso guztiak aipatzen hasiko baina batzuen aipamena egin nahi nuke. Protagonista nagusienak, nolabait esatearren.

    Andoni Egaņa: Bosgarren txapela jantziko zuen zalantza eginez inguratu ziren bertsozaleak
    BEC-era. Ez zegoen erraza antzematen. Denok genekien Andoniri irabazteko bertsotan ikaragarri egin behar dela baina, bestaldetik, bagenekien berari irabazteko moduko bertsolariak bazirela. Berak nahi bezala, oholtza gainean galdu du azkenik txapela. Izan behar duen bezala. Txapelak oholtza gainean irabazten dira, eta galdu ere, bertan galtzea onena. Erarik naturalena da. Andoniren 4 txapelen errekorra hor egongo da pixkatean, norbaitek hautsi nahi badu, saiatu dadila, denen laguntza beharko du eta.

    Amets Arzalluz: Iparraldearentzat urte ona izan da aurtengoa. Gonzalezek lau t'erdiko lehen txapela Azkainera eraman ondoren, hendaiarrak beste horrenbeste lortu nahi zuen bertsolaritzan. Lortu ez arren, zein gertu ibili den. Arratsaldeko kartzelako gaian une batez despistatu eta gelditu zenean, bihotza erdibitu zitzaion ia bat baino gehiagori. Berehala osatu eta hiru bertso gogoangarri bota zituen etorkin baten paperean sartuta. Apuntatzekoak benetan. Hogeita sei urte bakarrik ditu. Iritsiko da bere momentua ere.

    Maialen Lujanbio: Merezitako txapela azkenean. Oso gertu ibili zen 2001an, bigarren postua lortuz. Emakume bertsolari gazte guztiei bide berri bat ireki diela esan dezakegu. Dagoeneko atzetik datozen neska gazteek badakite posible dela. Bertso eder mordoa bota zuen beste behin igandeko saioan baina Amets Arzalluzen aurkako norgehiagokan suari buruz bota zuena gogoratu nahi izan dut ondoren. Sua bezalako elementu soil bat eduki eta bertso bakar batean zuku hori ateratzea ere...


    Sua

    Hura asmakizuna
    homo habilisena
    bi harrik elkar jota
    txispa bat aurrena
    asmakizun handiena
    mendetan barrena
    sua da problema
    zenbait basorena
    edo jaki dena
    berotzen duena
    eta bi begiradek
    sortzen dutena

    (Maialen Lujanbio)


    Finalera iritsi ez diren beste bertsolari batzuk aipatuko ditut azkar batean. Igor Elortzaren zuloa sumatu dugu. Bertsolari trebea. Bizkaiko txapelduna ez dakit zenbat aldiz. Ea hurrengoan berriro sartzen duen burua finalean. Baina ez da erraza izango. Uxue Alberdi aipatu nahi dut ondoren. Finaletik oso gertu gelditu da elgoibartarra. Bere ahots goxoak edonor erakartzen du. Bereziki agurretan erabiltzen dituen doinuak gustatzen zaizkit. Zerbait berezia dauka eta 2013ko finalean erakutsiko digu. Kontuz hemendik aurrera Miren Amuriza edo Ainhoa Agirreazaldegi edo Jone Uriarekin ere. Women power delakoa iritsi dela ematen du. Eta Azpeitira hurbilduta? Lortuko ote du Jokin Urangak 2013ko finalera iristea? Zaila dago baina... Baina Azpeitiarrez hitz egiten hasita nola ahaztu Maialeni txapela jarri zion Joxe Agirre. Denok bertso bat botako zuelakoan eta... lau bota lasai asko. Eta bai ederrak. Beste zazpi txapel falta izan zitzaizkion eskuetan denei txapela jazteko.

    Zorionak Maialeni amaitzeko. Unai Iturriagak agurreko bertsoan esan zizun bezala (eta zuk zeuk esango zenukeen bezala) eajaaa zea. Txapelduna.

    Lotura zuzena  |  Erantzun bat. Joks | 2009-12-17 | 10:21

     

    564-755

    Politika | Iņigo Ibarguren |  2009/11/18  18:42

    Hertzainak musika taldeak laurogeiko hamarkadan abestia atera zuenean 564 euskal preso zeuden. Horrelaxe deitzen zen kantua bera ere, 564. Orain dela egun batzuk irakurri nuen berria egunkarian gaur egun 755 direla euskal presoak. 755 !!! Erraz esaten da gero. Zenbakiak harrituta utzi ninduen, azken aldi honetan presoen gorabeherak ahaztu samar izan ditudala aitortu behar baitut.

     

    Azken bi hamarkada hauetan, arazoak konpondu eta errepresioari amaiera eman ordez, gero eta handiagoa izan da zapalketa. Kopuru ikaragarri hori jaitsi beharrean ia berrehun pertsona gehiagotan handitu da.

     

    Presoek, gutxien-gutxienik, beraien etxeetatik gertu egoteko eskubidea dute beste zenbait beharren artean. Zilegia da, justizia kontu bat, ez gara espainiako gobernuari fabore bat eskatzen ari. Badakizue zenbat euskal preso dauden euskal herriko kartzeletan une honetan? Bederatzi. Bederatzi besterik ez. Orain dela egun gutxi arte hemeretzi ziren baina beste hamar urrundu dituzte azken egunotan espainiako kartzeletara.

     

    Patxi Lopez eta bere partiduaren eragina antzematen ari garela ematen du. Baina ez du ematen gehiegi konturatzen garenik, mundu osoko arazo handiena eta ia bakarra krisi ekonomikoa dela ematen duen garai honetan. Hilabete amaierara iritsiko ote garen edo ez. Beste arazorik ez dugula ematen du, ez gaituela kezkatzen beste ezerk. Eta ez diot ekonomiari garrantziarik kendu nahi. Denok kezkatzen gaitu horrek, gehiago edo gutxiago. Baina beste arazoen aurreko perspektika galtzen ari garela ematen du. Ez dute alferrik esaten diruak itsutu egiten gaituela.

     

    Patxi, 755 nahikoa eta soberan dituk. Jaitsi dadila kopurua hemendik aurrera. Egin ezak euskal herriagatik, bertako lehendakari haizen aldetik.

    Lotura zuzena  |  Erantzun bat. gaztie | 2009-12-01 | 21:12

     

    Azpeitia eraikitzen

    GIZARTEA | Iņigo Ibarguren |  2009/09/15  11:55

    Nola alda litekeen herri bat urte gutxiren buruan. Gezurra ematen du. Azken 15 edo 20 urteetan herriak bilakaera izugarria izan du. Orain dela 20 bat urteko Azpeitia datorkit gogora. Goizetan eskolara ateratzen nintzeneko irudiak ikusten ditut oraindik. Harzubian bizi nintzen ni orduan eta inguru hori oso desberdina zegoen. Nahiko gaztea izanik dagoeneko horrelako aldaketa ikusi badut pentsa zaharrago direnek zenbaterainoko eraldaketa ikusiko zuten.

    Nire etxetik irten eta zezen plazara iritsi baino lehen, bazen zezenei eta zezen zalei zuzendutako taberna bat. Bertara bidaltzen ninduten aita edo amak noizean behin, enkargu batekin. Tabernaren izena ez dut gogoan baina irudi batzuekin akordatzen naiz.

    Bazen autoen tailer mekaniko bat ere. Bertako gizona beti buzoarekin eta erdi zikinduta egoten zen, autoko motorraren artean aurpegia zikinduta. Baina oso jatorra zela gogoan dut. Mutiko bat baino gehiago gerturatzen zen bertara futbol edo saskibaloi pelota husten zitzaionean, mekaniko hark irribarre batekin puzten laguntzen baitzion. Orain etxe mordoa eraiki dute inguru guztian. Lehen baino ederrago eta txukunago dago guztia. Baina gustora ikusiko nuke berriro dena lehen zegoen bezala. Minutu batean bada ere. Nostalgiko samarra naizela uste dut.

    Loiola inguruan ere zenbat etxe egin dituzte azken hamarkadaren bueltan? Eta orain etxebeltz deituriko etxe hoiekin dena nola aldatuko den aipatu beharrik ez dago.

    Imanol Eliasek oso liburu interesgarria dauka gai hau aintzat hartuta. Gaztaroko kronikak deitzen da eta bere haurtzaroko bizipenak kontatzen ditu besteak beste. Umea zela egindako zenbait gaiztakeria eta lanean hasi zeneko lehen urteak. Orduko Azpeitia nolakoa zen ere deskribatzen du, 1950. urte inguruko Azpeitia hura. Plaza nagusia, errebala eta parte zaharrak osatzen zuten ia erabat orduko Azpeitia. Gustora egingo nuke bidaia labur bat iraganera, orduan gauzak nola zeuden ikusteko.

    Eta etorkizunean? Nola egongo dira gauzak etorkizunean herrian? Irudimena piztu beharra dago horretarako...

    Lotura zuzena  |  5 erantzun. Azkena: ibarzabal | 2009-09-24 | 13:29

     

    Eskutitzak infernutik

    BESTERIK | Iņigo Ibarguren |  2009/06/26  12:45


    Ramon Sampedroren omenez

    Gogorra den gai bati buruz idatzi behar dut gaurko honetan. Ziurrenik, ez da uztarrian idazteko gai egokiena, baina pena merezi duela uste dut. Ramon Sampedro eta bere bizitzaz jardun nahi dut. Sampedro 1943an jaio zen Galizian. 19 urte zituela barku batean mekaniko bezala lanean hasi eta munduko bazter eta portu desberdinak ezagutzeko aukera izan zuen zeregin honetan. Bidaiatzeko modu hobe eta merkeena zela esaten zuen.

    25 urte zituela, lagun batzuekin arratsaldea pasatzen zegoen bere etxetik gertu. Abuztua zen, bero zegoen eta kosta ondoko haitz batetik salto egitea pentsatu zuen, beste hainbatetan bezala. Saltoa ez zuen ondo kalkulatu ordea: uste baino sakonera gutxiago zuen urak eta Ramonek azpiko hondarrarekin jo zuen burua. Bizitza salbatu zuen baina salto hark prezio handiegia utzi zion: tetraplejiko geratu zen betirako. Aurpegia mugi zezakeen eta buruak ondo funtzionatzen zion, baina hanka, beso eta gorputz osoko sentiberatasuna betirako galduak zituen. Nola egiten zaio aurre horrelako gertaera bati? Edo galdera beste era batera eginda, egin ahal daiteke aurre bizitzari horrelako zerbait gertatu eta gero?

    Baietz erantzun daiteke. 1968an izan zuen istripua Sampedrok eta 1998an hil zen. Ia hogeita hamar urte eman zituen ohean. 1996an, Sampedrok "eskutitzak infernutik" izeneko liburu bat argitaratu zuen. Berak urteetan idatzitako gutun eta poesiak irakur daitezke bertan. Duela egun gutxi amaitu dut eta liburu zoragarria dela esan dezaket, paregabea. Sampedrok aurreiritzi eta beldurrak alde batera utzi eta benetan pentsatzen duenari buruz idazten du. Heriotzari zuzenean begiratzen dio eta ez dio beldurrik. Bere eskutitzak duintasunari, justiziari eta askatasunari egindako oihu zoragarri bat dira. Inoiz ez ditut irakurri sufrimenduari, maitasunari eta errespetuari dagozkion horrelako pasarte ederrak. Norberaren kontzientzia pertsonala defendatzen du Sampedrok erlijio eta lege ororen gainetik. Gordinak dira bere hitzak, gordinak baina egiaz beterik. Benetan idatzitako hitzak. Sampedrok bazekien zertaz idazten zuen. Ia hogeita hamar urte ohean pasa dituen pertsonak badaki sufrimenduari eta askatasunari buruz zerbait. Derrigor.

    Sampedro izan zen Espainiako estatuan eutanasia legez eskatu zuen lehen teraplejikoa. Luzapen eta antzerki ugariren ondoren, ezetz esan zioten. Ez ziotela bakean hiltzen utziko. Espainiako magistratu eta lege gizon gorenak ez ziren gai izan bere buruaz beste egin nahi zuen pertsona bati baimenik emateko. Gauza bat ulertu behar da kontu honetan: Sampedrok bizitza maite zuen beste guztiaren gainetik. Baina bizitza DUINA. Jaten lagundu egin behar zioten. Ezin zuen berak bakarrik posturaz aldatu. Ezin zuen telefonoz deitu nahi zuenean zenbakirik markatu. Ezin zuen maite zuen emakumearen aurpegia eskuaz laztandu. Ezin zituen bere eginbehar arruntenak duintasunez bete. Garbi esanda, gutariko gehien-gehienok sekula imajinatu ere ezin dugun infernu batean bizitzea suertatu zitzaion ia 30 urtez. Bizitzak beti pena merezi behar du. DUINA izan behar du. Eta EZIN hitzak beste guztia menderatzen duenean DUIN hitzak esanahia guztia galtzen du. Ez dago unibertsitatera joan beharrik zenbait gauza ulertzeko. Baina espainiako legedia eta konstituzio gorena ez ziren hori ulertzeko gai izan. Pena da gero, horrenbeste estudiatu duen jendea pertsona baten sufrimendua ulertzeko gai ez dela ikustea... gizakiak horrelakoetan erakutsi behar dugu gizakiak garela...

    Sampedrok ez zuen eutanasia tetraplejiko guztientzat eskatzen. Berarentzat eskatzen zuen, hau da, nahi zuen edonork eskubide hori izatea defendatzen zuen. Eskubidea baliatu edo ez norberaren erabakia da beti. Horrenbeste sufritzen ari diren pertsonentzat eskubide eta legedi berri bat lortu zuen pertsona izan nahi zuen. Hori lortu eta gero hil nahi zuen. Duintasun osoarekin. Baina ez zioten utzi. Azkenean ezkutuan hiltzera kondenatuta ikusi zuen bere burua. Ezkutuan hiltzera kondenatu zuten legegizonek. Ezin izan zuen familia eta lagunengandik nahi zuen moduan agurtu. Eta hori ez dago ondo. Hori aldatu egin behar da.

    Ekilibrio hitza agertzen da askotan Sampedroren idatzietan: pertsonak zoriontasun neurri bat izateko fisikoki eta psikikoki oreka bat behar zuela uste zuen. Eta berari ezinezkoa egin zitzaion bere egoeran zoriontasun hori lortzea. Horrek ez du esan nahi beste tetraplejiko batek lor ezin dezakeenik.

    2004an Alejandro Amenabar zuzendariak filma zoragarria egin zuen Sampedroren istorioa baliatuz, askori ezaguna egingo zaizue: "Mar adentro".

    Ez nuke bloga amaitu nahi bere hitz batzuk jarri arte. Liburuak gutun desberdin asko ditu. Batean espainiako presidenteari idazte dio zuzenean. Juan Pablo II orduko aita santuari ere bai. Eta baita jainkoari ere. Denetatik pasarte bat edo beste ipini nahi nuen baina gehiegi luzatuko nintzateke. Azkenean orduko justizia ministroari eta bizitza beste modu batetara ikusarazi nahi izan zion mediku bati idazten diona jartzea erabaki dut. Hemen doaz bi testuak.

    Justizia ministro zaren horri:

    Egun batean zuengana zuzendu nintzen askatasuna eskatuz. Nire bizitzan agintzeko eskubidea eskatzen nizuen. Nik nahi nituen erabakiak hartzeko. Neure buruaren artzain, epaile eta mediku izateko. Zuen begiekin ikusi beharreko kodigoekin erantzun zenidaten, zuen sentimenekin pentsatu eta sentitu nezan. Bizitzaren balore goren batek bultzatuta egiten duzuela diozue. Ba nik ere bizitzaren hobe beharrez egiten dut, baina bereziki gizonaren duintasunak eta askatasunak bultzatuta.

    Nire bizitza eta heriotza tutelatzeari utz diezaiozuen gomendatzen dizuet. Ni naiz neure maisua. Eta, zuri, ministro, epaile eta legegizon zaren horri zintzoa izateko gomendatuko nizuke. Beldurrak eraginda jokatzen baduzu ez zara etikoa izango inoiz.



    Mediku jauna:

    Nire bizitza aldatzeko gauza bakar bat nahikoa da: sendatzea. Horretan laguntzeko zientziarik ez baduzu, gure autoritate etikoa eta morala berdin-berdinak dira. Printzipio hau onartu eta defendatzen baduzu lagunak izango gara.

    Milesker zure laguntzeko eskaintzagatik, baina nire eutanasia eskatzeko eskubideari entzungor egiten badiozu ez dugu beste ezertaz mintzatu beharrik.

    Filosofiaren akats handienetako bat pertsonari bere buruaz beste egiteko aukera ezabatzea da. Horrek bizitza gure buruari ez dagokigula esan nahi du. Ez dela gure jabetza. Bakoitzaren bizitzak heldua eta askea izan behar du. Beti.

    Heriotzak balio moral handiagoa dauka sentidurik gabeko bizitza sufritu batek baino.


    Norbaitek Ramon Sampedroren bizitzaz gehiago jakin nahi badu:

    - Cartas desde el infierno (1996, liburua.)
    - Mar adentro (2004, filma.)

    Lotura zuzena  |  Erantzun

     

    Albiste zaharragoak »»

    uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
    Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
    Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
    Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
    Sareko Argia 2005 - Estatistikak

    Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
    Parte hartzeko arauak