Gaia: zerbitzariak,
««Itzuli blog osora
Nola zimurrarazi muturra tabernako zerbitzariei?
festak, zerbitzariak, aholkuak | Garbiñe Bereziartua |
2008/07/7
16:30
Iritsi dira sanferminak. Festa-sasoi bete-betean gaude. Ni ibili ohi naiz tabernako barraren kanpokaldean, baina askotan egokitu izan zait barraren beste aldean egon beharra; eta metro-erdi baten gorabeheran nola aldatzen den errealitate berberarekiko ikuspuntua! Egia esan, niri gustatu egiten zait barraren barrukaldetik mundua ikustea, baina horrek ez du esan nahi tarteka bezeroei aurpegi txarra jartzen ez diedanik. Eta ofizioan aditu gisa, horritxi buruz hitz egin nahi dut oraingoan: zer egin dezakezu tabernako zerbitzariak muturra zimur diezazun? Hona hemen:
- Beste guztiak baino espabilatuagoa zarela pentsatu, eta zure aurretik inor zain ote dagoen begiratu ere egin gabe, barrara iritsi ahala eskua ia izotz-ontziraino luzatu eta zure eskaria egin.
- Nahi duzun hori behar adina ez zehaztu, eta gero zerbitzariak zure pentsamendua irakurri ez dizulako kexatu. Adibidez: bi patxaran txupito eskatu, eta zerbitzariak “La Navarra” edalontzi txikian atera ondoren, “Zoco” izotzarekin nahi zenuela esan.
- Edarien zerrenda eskuan duzun bitartean zerbitzariari tragoak banaka eskatu, berari lana errazten ari zarelakoan.
- Koadrila tabernara iristen doan heinean tragoak banaka eskatzen joan.
- Zerbitzariari tragoa eskatu ondoren zuk nahi baino denbora gehiago itxoinarazten badizu, beste zerbitzari bati eskatu, aurrekoari ez ateratzekorik esan gabe.
- Tabernan zeu beste inor ez dagoela uste izan, eta barrari bizkarra emanda berriketan ari zaren bitartean, zerbitzaria zuri begira al dagoen ikusi ere egin gabe, eskua altxatu eta bururatu zaizuna eskatu.
- Bi edari baino gehiagoz osatutako txupitoak eskatu. Adibidez: pontxe-lima-kola. (Hortik gorakoak asmatzen badituzte, txupito basoak hazi beharrean izango gara…!)
- Mozkortuta eta gainera ahopean hitz egin.
- 8-10 edari desberdin eskatu, eta ateratzen hasi bezain pronto zenbat den galdetu.
- Prezioaz kexatu.
Eta muturrik zimur ez diezazun: aurreko aholkuek diotenaren aurkakoa egin. Hala ere tabernako zerbitzariak aurpegi onik jartzen ez badizu, ez kezkatu, imajinatu zure aurreko bezeroren batek zer egin ote dion.
Lotura zuzena |
2 erantzun. Azkena:
txokola | 2008-07-11 | 15:20