Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abenduek 3,  ASTEAZKENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Blogak »  Kontuk eta komerik

Kontuk eta komerik

(Garbiñe Bereziartua)

 ARTXIBOA

 HARPIDETU

  • Jarioa: XML
  • Blog honetara harpidetu nahi? Mezu bat jasoko duzu zerbait idazten duenean. Sartu hemen zure e-posta:



    (rssfwd zerbitzuari esker)

     ORRI HAU...

     

    Gaia: hika-toka-noka

    ««Itzuli blog osora

    Hik zer dion/k?

    hika-toka-noka | Garbiñe Bereziartua |  2008/02/15  14:09

                Behin baino gehiagotan gertatu zait Azpeititik kanpora norbaitekin gure herria hain euskalduna izateaz hitz egiten hasi eta hurrengo ate-markotik pasatu ezinda gelditzea, zeharo puztu naizelako. Bai,bai, guk dena euskaraz egiten dugu… Bai,bai, guk lagunartean hika egiten dugu… Eta euskalduna ez den norbaiti hitanoaren berri ematen diogunean? Gaztelerazko “tuteoa”ren antzeko zerbait da, baina bereziagoa… Konfiantzako lagunen artean erabiltzen den erregistroa dela, edota anai-arreben artean, edo gurasoek seme-alabei hika egiten dietela baina seme-alabek gurasoei ez…

                Hala ere, nire kasutik hasita, hitanoa egiten dudanetakoa eta gustatzen zaidanetakoa izan arren, ez dut lagun-taldeko guzti-guztiekin hala egiten, ahizparekin zuka egiten dut eta gurasoek ez didate sekula esaldi bat hitanoz egin. Bestalde, esku bateko hatzak ez ditut nahikoa noka behar bezala egiten ez didaten mutilak zenbatzeko.

                Eta beste zerbait aitortu beharrean ere banaiz: neu ere nerabezaroko txoroalditik irten arte ez nintzen hitanoaren edo hobeto esanda noka egitearen aberastasunaz jabetu. Garai hartan neskon artean toka egiten genuen, berdintasunaren izenean. Urte batzuk pasa ondoren ohartu ginen gure jokabidearen zentzugabetasunaz. Baina ohiturak nola aldatu? Urteetako lana izan zen ondo hitz egiten hastea.

                Bikoteen artean gertatu ohi dena ere bitxia iruditzen zait. Hasieran asko hika egiten hasten dira, kasu askotan, gainera, toka. Baina behin harremana finkatzen hasten denean zuka egiten hasten dira. Harremanaren seriotasuna frogatzeko pauso gisa ala noka egitetik eskakeatze aldera?

                Bada, proposamentxo batzuk egin nahi nizkizueke hitanoari bultzada emateko asmoz. Noka egiten ausartzen ez direnei: parranda egunen bat aproposa izan liteke lotsak alde batera utzi eta behar bezala hitz egiten hasteko (esperimentu hau frogatuta daukat eta oso emaitza onak eman ditu). Neskatan egin nahi duten mutilei: neskok ikaragarri erakartzen gaituzte noka egiten duten mutilak. Eta haur txikiak dituzten gurasoei: zergatik ez diezue zuen haurrei txiki-txikitatik hika eginarazten anai-arreben artean edo lagunartean?

                Gure Euskal Herri maiteari begirada bat bota eta beldur naiz hitanoa galzorian ez ote dagoen. Neurri batean gure esku egon liteke bizirik mantentzea. Zer diozue?

    Lotura zuzena  |  11 erantzun. Azkena: garbigarbi | 2008-02-28 | 14:13

     

    uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
    Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
    Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
    Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
    Sareko Argia 2005 - Estatistikak

    Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
    Parte hartzeko arauak