Gaia: Guipuzcoana
««Itzuli blog osora
Autobuseko bitxikeriak
autobusa, Guipuzcoana | Garbiñe Bereziartua |
2008/06/24
21:33
Baja hartu ote dudan pentsatzen igual egongo da bakarren bat, baino ez, hemen naiz berriro. Aspaldian idatzi ez izanaren aitzakia hau da: ikasketak. Baina bukatu da ikasturtea, eta bukatu dira autobuseko joan-etorriak. Eta azken horixe da, hain zuzen ere, testu honetako gaia: autobuseko gorabeherak.
Askotan hartu izan dut goizean goizeko La Guipuzcoana, eta esango nuke pertsonak baino gehiago robotak ematen dugula. Artean esnatu gabe gaudelako, akaso; edo berez garelako horrelakoxe lehorrak. Baina aurtengo ikasturtean behin baino gehiagotan gertatu izan da autobusean eserlekuak baino jende gehiago biltzea, overbooking, alegia. Eta horri esker robotak humanizatu egin gara, elkarrekin hitz egiten hasteko aitzakia eman baitigu horrek: norberaren alde petralena erakutsiaz, batzuen kasuan; besterik gabe aldamenekoarekin berriketan hasiaz, beste batzuen kasuan. Eskerrak ohikotik ateratzen gaituzten anekdotatxoei.
Beste alde batetik, ni petraltzen nauena hau da: aldamenekoa bere mp3-a entzuten joatea, eta nik ere, ezinbestean, hura entzuten ari dena entzuten joan beharra; bolumena toope igota damakilako. Egoera horren aurrean zerbait egin behar, eta neuk ere mp3-a erosi dut. Nire bolumenak norbait molestatzen badu, esan mesedez.
Aldamenean inor ez esertzeko erabiltzen ditugun estrategiak ere bat baino gehiago dira. Batzuk, leiho ondoan eseri beharrean, pasabide aldean esertzen dira; beste batzuk, leihoaren aldean eseri bai, baina ondoko eserlekuan poltsa edo libururen bat uzten dute; eta azkenik, lagun batekin honi buruz hizketan aritu nintzen, eta esaten zidan zure aldameneko eserlekua libre badago, eta zu datorrenari begira baldin bazaude, jendea errazago esertzen dela, autobusetik kanpora begira baldin bazaude baino. Paragrafo honetan esandakoak esateko ez dut inolako froga zientifikorik egin, beraz, baliteke oker egotea ere; baina nik uste egiatik ere zerbait badutela.
Bestalde, lagun izatera iritsi gabe “ezagun” kategorian sailkatzen ditugun horiekin ere denetik gertatzen da. Zenbaitekin, aldamenean eseri eta elkarri zer kontaturik ez daukagula ohartzen gara. Beste batzuekin, aldiz, hainbesteko afinitaterik ez geneukala uste izan arren, berriketan hasi eta konturatzerako helmugara iristen gara. Beste zenbait kasutan, pista galduta edukitako lagun zaharrekin adiskidantza berreskuratzeko beta ematen digu autobusak. Neuri gertatu zait hori eta eskerrak eman beharrean naiz Guipuzcoana-ri.
Halaber, pertsona mota asko gaude, eta sailkapen ugari egin daitezke. Oraingo honetan proposatzen dudan sailkapena hau da: autobusean doazela telefono mugikorretik hitz egiten eroso sentitzen direnak, batetik; eta ez direnak, bestetik. Eta beno, gauza bat da eroso sentitzea edo ez, eta beste gauza bat da telefonoz bestalde dagoenari ez ezik autobus osoari hitz egitea. Gauza bat da norberari ez inporta izatea bere intimitateak publiko bihurtzea; baina beste gauza bat da gainontzekook ez daukagula haren jarduna zer entzunik. Eta badirudi batzuei ahaztu egiten zaiela hori.
Orain arte esandakoekin batera, bada bitxia iruditzen zaidan beste gauza bat ere. Zeharo toki publikoa da autobusa, baina aldamenean lagun minen bat esertzen bazaigu, gure eserleku-ilara intsonorizatuta balego bezala hitz egiten dugu; zenbaitetan, intimitaterik sakonenei buruz, 30 zm-tara daukagun aurreko edo atzekoak ezer entzungo ez duelakoan.
Horiexek dira momentuz bururatu zaizkidanak. Hurrengo urtean gehiago, akaso.
Lotura zuzena |
2 erantzun. Azkena:
haizeaburuan | 2008-06-30 | 10:09