|
|
|
«« Itzuli blogera
Nola zimurrarazi muturra tabernako zerbitzariei?
festak, zerbitzariak, aholkuak | Garbiñe Bereziartua |
2008/07/7
16:30
Iritsi dira sanferminak. Festa-sasoi bete-betean gaude. Ni ibili ohi naiz tabernako barraren kanpokaldean, baina askotan egokitu izan zait barraren beste aldean egon beharra; eta metro-erdi baten gorabeheran nola aldatzen den errealitate berberarekiko ikuspuntua! Egia esan, niri gustatu egiten zait barraren barrukaldetik mundua ikustea, baina horrek ez du esan nahi tarteka bezeroei aurpegi txarra jartzen ez diedanik. Eta ofizioan aditu gisa, horritxi buruz hitz egin nahi dut oraingoan: zer egin dezakezu tabernako zerbitzariak muturra zimur diezazun? Hona hemen:
- Beste guztiak baino espabilatuagoa zarela pentsatu, eta zure aurretik inor zain ote dagoen begiratu ere egin gabe, barrara iritsi ahala eskua ia izotz-ontziraino luzatu eta zure eskaria egin.
- Nahi duzun hori behar adina ez zehaztu, eta gero zerbitzariak zure pentsamendua irakurri ez dizulako kexatu. Adibidez: bi patxaran txupito eskatu, eta zerbitzariak “La Navarra” edalontzi txikian atera ondoren, “Zoco” izotzarekin nahi zenuela esan.
- Edarien zerrenda eskuan duzun bitartean zerbitzariari tragoak banaka eskatu, berari lana errazten ari zarelakoan.
- Koadrila tabernara iristen doan heinean tragoak banaka eskatzen joan.
- Zerbitzariari tragoa eskatu ondoren zuk nahi baino denbora gehiago itxoinarazten badizu, beste zerbitzari bati eskatu, aurrekoari ez ateratzekorik esan gabe.
- Tabernan zeu beste inor ez dagoela uste izan, eta barrari bizkarra emanda berriketan ari zaren bitartean, zerbitzaria zuri begira al dagoen ikusi ere egin gabe, eskua altxatu eta bururatu zaizuna eskatu.
- Bi edari baino gehiagoz osatutako txupitoak eskatu. Adibidez: pontxe-lima-kola. (Hortik gorakoak asmatzen badituzte, txupito basoak hazi beharrean izango gara…!)
- Mozkortuta eta gainera ahopean hitz egin.
- 8-10 edari desberdin eskatu, eta ateratzen hasi bezain pronto zenbat den galdetu.
- Prezioaz kexatu.
Eta muturrik zimur ez diezazun: aurreko aholkuek diotenaren aurkakoa egin. Hala ere tabernako zerbitzariak aurpegi onik jartzen ez badizu, ez kezkatu, imajinatu zure aurreko bezeroren batek zer egin ote dion.
|
1. jaione - 2008-07-08 | 12:17
Horrelakoak nahita edo nahi gabe egiten dituen nahikoa zagon lehen ere, pistarik eman beharrik gabe ;) Bai, zerbitzaria amorrarazteko moduko beste gauzaren batzuk egongo ditun baina ondo asmatu dun. Pertsiana erdi jeitsita dagoela sartu eta jarri hau eta bestea...berdin zain ezta? hemen hagonan ezkero...(ez ditun konturatzen , edo berdin zaien, tabernariaren eguneko momenturik goxoena izan daitekeela, kafetxo bat pakean hartu egunari aurre egiteko indarrak ematen dituena, ezta? Edo ixteko momentuan sartu "azkena" hartzera eta erretzarekin bizkarrean emanda ere ezin bialdu gero...Barra baten atzean ordu asko pasatutakoan hasten haiz ikasten koadrilako jator itxurakoa dela danetan lerdoena, txistosoenari kostatzen zaiola gehien tragoak ordaintzea...Pertsonak ezagutzen joateko eskola ona dun bai
2. txokola - 2008-07-11 | 15:20
Aupa Garbiñe, 10 "mandamentu" bakarrik jarri ditun, hemen beste batzuk, ia danon artien lista luze bat eiten diñagun, laister ditugun Saninaziyotako, barra barruko danak nazka-nazka einda uzteko, Je Je.
11. Zerbitzari guztiyei, hi rubio, hi jefe, hi artista, hi fenomeno, kamarerooool...
12. D.J. ustekue, hi "XXXXXX" taldien azkenengo kantue ba al daukek? Internetetik jetxi diat aste hontan
13. Betiko kantuek eskatzen ditunak, ingles onakin, hi, ixtofairon txantxan jarri zak.
14. Detallistak, ejem, ebaki deskafeinaue, makinakue, esne hotzakin, izotzakin ta baso haundiyen a Bailey´s txorrosta batekin.
15. Kontatzen ondo ez dakitenak, 4 pintxo ta San Migela sartu tripatxoa ta pagatzeko garaiyen, hi rubio, kobraiek, San migela ta bi pintxo!
Pasapalabra!
|
Erantzuteko izena eman behar duzu
|
|
|