Oporretatik bueltan
oporrak, errealitate desberdinak | Garbiñe Bereziartua |
2008/09/29
23:30
Iritsi da udazkena eta gehientsuenok atzean utzi ditugu udako oporrak. Baina gertuago ala urrutirago, diru-txamar batzuk aurreztu eta hortik zehar ibiltzeko aprobetxatu ohi ditugu gure opor maiteak. Deskantsatzeko, deskonektatzeko, bazterrak ezagutzeko… edo beste errealitate batzuk ezagutu eta geure egoera erlatibizatzeko ere balio izaten digute.
Gu erosotasunez gainezka bizi gara: argia, ura, ikasketak… Baina gu ez bezala bizi den jende asko dago munduan zehar. Guretzat pentsaezina da oinarrizkotzat hartzen ditugun erosotasun horiek gabe bizi gintezkeenik. Ez gara ohartzen magiaren pareko zerbait dela botoi bati eman eta argia izatea, edo beste botoi bati eman eta nahi adina ur izatea. Eta tarteka komeni izaten da beste errealitate batzuk ezagutu eta daukaguna baloratzen ikastea.
Rashid-ek ez daki irakurtzen; ezta idazten ere. Baina badaki ardiak zaintzen; baita ahuntzak ere. Ez dauka Pokemon-en kolekziorik. Baina badaki ardiak zaindu bitartean denbora pasatzen.
Fatma eta Rabja-k aspirinatxo bat nahi dute. Aita buruko minez omen dabil. Gertuen daukaten sendagilearengana iristeko bi egunez ibili behar dute mendian.
Familia honek ez dauka gonbidatuentzako portzelanazko ontziteriarik. Baina bixitariei etxeko atea zabaldu eta te goxo bat ematea ohore bat da beraientzat.
Jadush eta Hera-k ez daukate ontzi-garbigailurik; ezta arrazkarik ere. Lanak errazago egiteko, abestu egiten dute.
Aisha ez du kezkatzen ikasketak zientzien alorretik ala letren alorretik egiteak. Gaztetxoa da oraindik, 10 urte ditu, baina nahikoa lan dauka anaien arropak garbitu eta etxeko lanak egitearekin.
Walit eta Muhdi-k ez daukate musika-eskolara joan beharrik sardina-latekin biolinak egin eta musikaz gozatzeko.
Lotura zuzena |
6 erantzun. Azkena:
Alba | 2008-11-11 | 12:14
Argazkiekin jolasean: "Persaiak"
argazkilaritza, diptikoak | Garbiñe Bereziartua |
2008/07/28
19:15
Oporretan zer egin ez dakizula?
Argazki kamara hartu, ingurura begiratu eta jolastu!




Lotura zuzena |
2 erantzun. Azkena:
AneZ | 2008-07-30 | 23:43
Nola zimurrarazi muturra tabernako zerbitzariei?
festak, zerbitzariak, aholkuak | Garbiñe Bereziartua |
2008/07/7
16:30
Iritsi dira sanferminak. Festa-sasoi bete-betean gaude. Ni ibili ohi naiz tabernako barraren kanpokaldean, baina askotan egokitu izan zait barraren beste aldean egon beharra; eta metro-erdi baten gorabeheran nola aldatzen den errealitate berberarekiko ikuspuntua! Egia esan, niri gustatu egiten zait barraren barrukaldetik mundua ikustea, baina horrek ez du esan nahi tarteka bezeroei aurpegi txarra jartzen ez diedanik. Eta ofizioan aditu gisa, horritxi buruz hitz egin nahi dut oraingoan: zer egin dezakezu tabernako zerbitzariak muturra zimur diezazun? Hona hemen:
- Beste guztiak baino espabilatuagoa zarela pentsatu, eta zure aurretik inor zain ote dagoen begiratu ere egin gabe, barrara iritsi ahala eskua ia izotz-ontziraino luzatu eta zure eskaria egin.
- Nahi duzun hori behar adina ez zehaztu, eta gero zerbitzariak zure pentsamendua irakurri ez dizulako kexatu. Adibidez: bi patxaran txupito eskatu, eta zerbitzariak “La Navarra” edalontzi txikian atera ondoren, “Zoco” izotzarekin nahi zenuela esan.
- Edarien zerrenda eskuan duzun bitartean zerbitzariari tragoak banaka eskatu, berari lana errazten ari zarelakoan.
- Koadrila tabernara iristen doan heinean tragoak banaka eskatzen joan.
- Zerbitzariari tragoa eskatu ondoren zuk nahi baino denbora gehiago itxoinarazten badizu, beste zerbitzari bati eskatu, aurrekoari ez ateratzekorik esan gabe.
- Tabernan zeu beste inor ez dagoela uste izan, eta barrari bizkarra emanda berriketan ari zaren bitartean, zerbitzaria zuri begira al dagoen ikusi ere egin gabe, eskua altxatu eta bururatu zaizuna eskatu.
- Bi edari baino gehiagoz osatutako txupitoak eskatu. Adibidez: pontxe-lima-kola. (Hortik gorakoak asmatzen badituzte, txupito basoak hazi beharrean izango gara…!)
- Mozkortuta eta gainera ahopean hitz egin.
- 8-10 edari desberdin eskatu, eta ateratzen hasi bezain pronto zenbat den galdetu.
- Prezioaz kexatu.
Eta muturrik zimur ez diezazun: aurreko aholkuek diotenaren aurkakoa egin. Hala ere tabernako zerbitzariak aurpegi onik jartzen ez badizu, ez kezkatu, imajinatu zure aurreko bezeroren batek zer egin ote dion.
Lotura zuzena |
2 erantzun. Azkena:
txokola | 2008-07-11 | 15:20
Autobuseko bitxikeriak
autobusa, Guipuzcoana | Garbiñe Bereziartua |
2008/06/24
21:33
Baja hartu ote dudan pentsatzen igual egongo da bakarren bat, baino ez, hemen naiz berriro. Aspaldian idatzi ez izanaren aitzakia hau da: ikasketak. Baina bukatu da ikasturtea, eta bukatu dira autobuseko joan-etorriak. Eta azken horixe da, hain zuzen ere, testu honetako gaia: autobuseko gorabeherak.
Askotan hartu izan dut goizean goizeko La Guipuzcoana, eta esango nuke pertsonak baino gehiago robotak ematen dugula. Artean esnatu gabe gaudelako, akaso; edo berez garelako horrelakoxe lehorrak. Baina aurtengo ikasturtean behin baino gehiagotan gertatu izan da autobusean eserlekuak baino jende gehiago biltzea, overbooking, alegia. Eta horri esker robotak humanizatu egin gara, elkarrekin hitz egiten hasteko aitzakia eman baitigu horrek: norberaren alde petralena erakutsiaz, batzuen kasuan; besterik gabe aldamenekoarekin berriketan hasiaz, beste batzuen kasuan. Eskerrak ohikotik ateratzen gaituzten anekdotatxoei.
Beste alde batetik, ni petraltzen nauena hau da: aldamenekoa bere mp3-a entzuten joatea, eta nik ere, ezinbestean, hura entzuten ari dena entzuten joan beharra; bolumena toope igota damakilako. Egoera horren aurrean zerbait egin behar, eta neuk ere mp3-a erosi dut. Nire bolumenak norbait molestatzen badu, esan mesedez.
Aldamenean inor ez esertzeko erabiltzen ditugun estrategiak ere bat baino gehiago dira. Batzuk, leiho ondoan eseri beharrean, pasabide aldean esertzen dira; beste batzuk, leihoaren aldean eseri bai, baina ondoko eserlekuan poltsa edo libururen bat uzten dute; eta azkenik, lagun batekin honi buruz hizketan aritu nintzen, eta esaten zidan zure aldameneko eserlekua libre badago, eta zu datorrenari begira baldin bazaude, jendea errazago esertzen dela, autobusetik kanpora begira baldin bazaude baino. Paragrafo honetan esandakoak esateko ez dut inolako froga zientifikorik egin, beraz, baliteke oker egotea ere; baina nik uste egiatik ere zerbait badutela.
Bestalde, lagun izatera iritsi gabe “ezagun” kategorian sailkatzen ditugun horiekin ere denetik gertatzen da. Zenbaitekin, aldamenean eseri eta elkarri zer kontaturik ez daukagula ohartzen gara. Beste batzuekin, aldiz, hainbesteko afinitaterik ez geneukala uste izan arren, berriketan hasi eta konturatzerako helmugara iristen gara. Beste zenbait kasutan, pista galduta edukitako lagun zaharrekin adiskidantza berreskuratzeko beta ematen digu autobusak. Neuri gertatu zait hori eta eskerrak eman beharrean naiz Guipuzcoana-ri.
Halaber, pertsona mota asko gaude, eta sailkapen ugari egin daitezke. Oraingo honetan proposatzen dudan sailkapena hau da: autobusean doazela telefono mugikorretik hitz egiten eroso sentitzen direnak, batetik; eta ez direnak, bestetik. Eta beno, gauza bat da eroso sentitzea edo ez, eta beste gauza bat da telefonoz bestalde dagoenari ez ezik autobus osoari hitz egitea. Gauza bat da norberari ez inporta izatea bere intimitateak publiko bihurtzea; baina beste gauza bat da gainontzekook ez daukagula haren jarduna zer entzunik. Eta badirudi batzuei ahaztu egiten zaiela hori.
Orain arte esandakoekin batera, bada bitxia iruditzen zaidan beste gauza bat ere. Zeharo toki publikoa da autobusa, baina aldamenean lagun minen bat esertzen bazaigu, gure eserleku-ilara intsonorizatuta balego bezala hitz egiten dugu; zenbaitetan, intimitaterik sakonenei buruz, 30 zm-tara daukagun aurreko edo atzekoak ezer entzungo ez duelakoan.
Horiexek dira momentuz bururatu zaizkidanak. Hurrengo urtean gehiago, akaso.
Lotura zuzena |
2 erantzun. Azkena:
haizeaburuan | 2008-06-30 | 10:09
Gure jator usteko euskara
euskara jatorra? | Garbiñe Bereziartua |
2008/03/25
11:48
Bai, bai, guk dana euskeraz ite deu…Ezta erreza Azpeiti baño herri euskaldunoik topatzie…! Euskaraz bai, baina zer euskara? Hori beste kontu bat da…
Eske, ze inber deu ba? Euskara batuan hitzein, ala? … Aber zeinek iteun guk baño hobeto! … Gañea, segun non inber deun badakiu ondo iten … Porke tarteka erderazko hitz xar batzuk ibiltzeatik ezin da esan euskeraz ondo ite ezteunik! … Entreke euskerie gero ta jende gutxiyok iteula ta Euskaltzindiak gero ta arau xelebrio jartzeitula, nahikue ite deu senak esateigun bezela hitzeinda! … Oseake, kontuek hartzea beste toki batea!
Kontuak hartzera joateko tokiak nahikoa eta gehiegi daude bai, baina guk bitartean eske, segun, porke, entreke, oseake eta beste hainbat eta hainbat erdarakada hitzetik hortzera. Baina gero si joan nintzen baino ez zeunden moduko zerbait norbaiti entzuten badiogu, hori bai erdarakada! Nola leike?
Eta hor daude zeharo jatortzat jotzen ditugun zenbait esamolde ere: apartatu (aukeratu), apropos (nahita), auskalo (a buscarlo), ditxosozko (zorioneko), enbarazu egin (oztopo egin), errezeloa izan (susmoa izan), majo jan (ondo jan), portzierto (bide batez), pulamentu (ganora), segitun eta derrepente (berehala), sikiera (behinik behin)…
Gure eguneroko jardunean erabat integratuta dauzkagun hitzak dira, eta nik ez dut esan nahi erabili behar ez ditugunik, edo garbizalekerian erori behar dugunik, baizik eta jakinaren gainean egon gaitezela gure ahoan darabilgun hizkuntza ez dela askotan pentsatu izan dugun bezain purua eta jatorra. Geu jatorrak izatea ez da gutxi…!
Proposatu nahi dudan bakarra hau da: erdarakadaren bat egiten dugunean horretaz jabetzea eta ahal dugun neurrian eta nahi dugun neurrian saihestea. Eske, euriye ai zun esan beharrean Euriye ai zun da esatea; edo Segun nun gauden esan beharrean Nun gaudenaren arabera esatea. Noski, bakoitza libre da nahi duen bezala hitz egiteko, baina gero ez dezagula Azpeitiko euskara zeruan jarri. Guk inork baino erraztasun gehiago dauzkagu ahalik eta euskararik jatorrena egiteko. Zergatik ez horretan saiatu?
Lotura zuzena |
Erantzun
Albiste zaharragoak »»