Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 6,  JAIYE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Blogak »  Kontuk eta komerik

Kontuk eta komerik

(Garbiñe Bereziartua)

 ARTXIBOA

 HARPIDETU

  • Jarioa: XML
  • Blog honetara harpidetu nahi? Mezu bat jasoko duzu zerbait idazten duenean. Sartu hemen zure e-posta:



    (rssfwd zerbitzuari esker)

     ORRI HAU...

     

    Autobuseko bitxikeriak

    autobusa, Guipuzcoana | Garbiñe Bereziartua |  2008/06/24  21:33

    Baja hartu ote dudan pentsatzen igual egongo da bakarren bat, baino ez, hemen naiz berriro. Aspaldian idatzi ez izanaren aitzakia hau da: ikasketak. Baina bukatu da ikasturtea, eta bukatu dira autobuseko joan-etorriak. Eta azken horixe da, hain zuzen ere, testu honetako gaia: autobuseko gorabeherak.

    Askotan hartu izan dut goizean goizeko La Guipuzcoana, eta esango nuke pertsonak baino gehiago robotak ematen dugula. Artean esnatu gabe gaudelako, akaso; edo berez garelako horrelakoxe lehorrak. Baina aurtengo ikasturtean behin baino gehiagotan gertatu izan da autobusean eserlekuak baino jende gehiago biltzea, overbooking, alegia. Eta horri esker robotak humanizatu egin gara, elkarrekin hitz egiten hasteko aitzakia eman baitigu horrek: norberaren alde petralena erakutsiaz, batzuen kasuan; besterik gabe aldamenekoarekin berriketan hasiaz, beste batzuen kasuan. Eskerrak ohikotik ateratzen gaituzten anekdotatxoei.

    Beste alde batetik, ni petraltzen nauena hau da: aldamenekoa bere mp3-a entzuten joatea, eta nik ere, ezinbestean, hura entzuten ari dena entzuten joan beharra; bolumena toope igota damakilako. Egoera horren aurrean zerbait egin behar, eta neuk ere mp3-a erosi dut. Nire bolumenak norbait molestatzen badu, esan mesedez.

    Aldamenean inor ez esertzeko erabiltzen ditugun estrategiak ere bat baino gehiago dira. Batzuk, leiho ondoan eseri beharrean, pasabide aldean esertzen dira; beste batzuk, leihoaren aldean eseri bai, baina ondoko eserlekuan poltsa edo libururen bat uzten dute; eta azkenik, lagun batekin honi buruz hizketan aritu nintzen, eta esaten zidan zure aldameneko eserlekua libre badago, eta zu datorrenari begira baldin bazaude, jendea errazago esertzen dela, autobusetik kanpora begira baldin bazaude baino. Paragrafo honetan esandakoak esateko ez dut inolako froga zientifikorik egin, beraz, baliteke oker egotea ere; baina nik uste egiatik ere zerbait badutela.

    Bestalde, lagun izatera iritsi gabe “ezagun” kategorian sailkatzen ditugun horiekin ere denetik gertatzen da. Zenbaitekin, aldamenean eseri eta elkarri zer kontaturik ez daukagula ohartzen gara. Beste batzuekin, aldiz, hainbesteko afinitaterik ez geneukala uste izan arren, berriketan hasi eta konturatzerako helmugara iristen gara. Beste zenbait kasutan, pista galduta edukitako lagun zaharrekin adiskidantza berreskuratzeko beta ematen digu autobusak. Neuri gertatu zait hori eta eskerrak eman beharrean naiz Guipuzcoana-ri.

    Halaber, pertsona mota asko gaude, eta sailkapen ugari egin daitezke. Oraingo honetan proposatzen dudan sailkapena hau da: autobusean doazela telefono mugikorretik hitz egiten eroso sentitzen direnak, batetik; eta ez direnak, bestetik. Eta beno, gauza bat da eroso sentitzea edo ez, eta beste gauza bat da telefonoz bestalde dagoenari ez ezik autobus osoari hitz egitea. Gauza bat da norberari ez inporta izatea bere intimitateak publiko bihurtzea; baina beste gauza bat da gainontzekook ez daukagula haren jarduna zer entzunik.  Eta badirudi batzuei ahaztu egiten zaiela hori.

    Orain arte esandakoekin batera, bada bitxia iruditzen zaidan beste gauza bat ere. Zeharo toki publikoa da autobusa, baina aldamenean lagun minen bat esertzen bazaigu, gure eserleku-ilara intsonorizatuta balego bezala hitz egiten dugu; zenbaitetan, intimitaterik sakonenei buruz, 30 zm-tara daukagun aurreko edo atzekoak ezer entzungo ez duelakoan.

    Horiexek dira momentuz bururatu zaizkidanak. Hurrengo urtean gehiago, akaso.

    Lotura zuzena  |  2 erantzun. Azkena: haizeaburuan | 2008-06-30 | 10:09

     

    Gure jator usteko euskara

    euskara jatorra? | Garbiñe Bereziartua |  2008/03/25  11:48

    Bai, bai, guk dana euskeraz ite deu…Ezta erreza Azpeiti baño herri euskaldunoik topatzie…! Euskaraz bai, baina zer euskara? Hori beste kontu bat da…

                Eske, ze inber deu ba? Euskara batuan hitzein, ala? … Aber zeinek iteun guk baño hobeto! … Gañea, segun non inber deun badakiu ondo iten … Porke tarteka erderazko hitz xar batzuk ibiltzeatik ezin da esan euskeraz ondo ite ezteunik! … Entreke euskerie gero ta jende gutxiyok iteula ta Euskaltzindiak gero ta arau xelebrio jartzeitula, nahikue ite deu senak esateigun bezela hitzeinda! … Oseake, kontuek hartzea beste toki batea!

                Kontuak hartzera joateko tokiak nahikoa eta gehiegi daude bai, baina guk bitartean eske, segun, porke, entreke, oseake  eta beste hainbat eta hainbat erdarakada hitzetik hortzera. Baina gero si joan nintzen baino ez zeunden moduko zerbait norbaiti entzuten badiogu, hori bai erdarakada! Nola leike?

                Eta hor daude zeharo jatortzat jotzen ditugun zenbait esamolde ere: apartatu (aukeratu), apropos (nahita), auskalo (a buscarlo), ditxosozko (zorioneko), enbarazu egin (oztopo egin), errezeloa izan (susmoa izan), majo jan (ondo jan), portzierto (bide batez), pulamentu (ganora), segitun eta derrepente (berehala), sikiera (behinik behin)…

                Gure eguneroko jardunean erabat integratuta dauzkagun hitzak dira, eta nik ez dut esan nahi erabili behar ez ditugunik, edo garbizalekerian erori behar dugunik, baizik eta jakinaren gainean egon gaitezela gure ahoan darabilgun hizkuntza ez dela askotan pentsatu izan dugun bezain purua eta jatorra. Geu jatorrak izatea ez da gutxi…!

                Proposatu nahi dudan bakarra hau da: erdarakadaren bat egiten dugunean horretaz jabetzea eta ahal dugun neurrian eta nahi dugun neurrian saihestea. Eske, euriye ai zun esan beharrean  Euriye ai zun da esatea; edo Segun nun gauden esan beharrean Nun gaudenaren arabera esatea. Noski, bakoitza libre da nahi duen bezala hitz egiteko, baina gero ez dezagula Azpeitiko euskara zeruan jarri. Guk inork baino erraztasun gehiago dauzkagu ahalik eta euskararik jatorrena egiteko. Zergatik ez horretan saiatu?

    Lotura zuzena  |  Erantzun

     

    Hik zer dion/k?

    hika-toka-noka | Garbiñe Bereziartua |  2008/02/15  14:09

                Behin baino gehiagotan gertatu zait Azpeititik kanpora norbaitekin gure herria hain euskalduna izateaz hitz egiten hasi eta hurrengo ate-markotik pasatu ezinda gelditzea, zeharo puztu naizelako. Bai,bai, guk dena euskaraz egiten dugu… Bai,bai, guk lagunartean hika egiten dugu… Eta euskalduna ez den norbaiti hitanoaren berri ematen diogunean? Gaztelerazko “tuteoa”ren antzeko zerbait da, baina bereziagoa… Konfiantzako lagunen artean erabiltzen den erregistroa dela, edota anai-arreben artean, edo gurasoek seme-alabei hika egiten dietela baina seme-alabek gurasoei ez…

                Hala ere, nire kasutik hasita, hitanoa egiten dudanetakoa eta gustatzen zaidanetakoa izan arren, ez dut lagun-taldeko guzti-guztiekin hala egiten, ahizparekin zuka egiten dut eta gurasoek ez didate sekula esaldi bat hitanoz egin. Bestalde, esku bateko hatzak ez ditut nahikoa noka behar bezala egiten ez didaten mutilak zenbatzeko.

                Eta beste zerbait aitortu beharrean ere banaiz: neu ere nerabezaroko txoroalditik irten arte ez nintzen hitanoaren edo hobeto esanda noka egitearen aberastasunaz jabetu. Garai hartan neskon artean toka egiten genuen, berdintasunaren izenean. Urte batzuk pasa ondoren ohartu ginen gure jokabidearen zentzugabetasunaz. Baina ohiturak nola aldatu? Urteetako lana izan zen ondo hitz egiten hastea.

                Bikoteen artean gertatu ohi dena ere bitxia iruditzen zait. Hasieran asko hika egiten hasten dira, kasu askotan, gainera, toka. Baina behin harremana finkatzen hasten denean zuka egiten hasten dira. Harremanaren seriotasuna frogatzeko pauso gisa ala noka egitetik eskakeatze aldera?

                Bada, proposamentxo batzuk egin nahi nizkizueke hitanoari bultzada emateko asmoz. Noka egiten ausartzen ez direnei: parranda egunen bat aproposa izan liteke lotsak alde batera utzi eta behar bezala hitz egiten hasteko (esperimentu hau frogatuta daukat eta oso emaitza onak eman ditu). Neskatan egin nahi duten mutilei: neskok ikaragarri erakartzen gaituzte noka egiten duten mutilak. Eta haur txikiak dituzten gurasoei: zergatik ez diezue zuen haurrei txiki-txikitatik hika eginarazten anai-arreben artean edo lagunartean?

                Gure Euskal Herri maiteari begirada bat bota eta beldur naiz hitanoa galzorian ez ote dagoen. Neurri batean gure esku egon liteke bizirik mantentzea. Zer diozue?

    Lotura zuzena  |  11 erantzun. Azkena: garbigarbi | 2008-02-28 | 14:13

     

    uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
    Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
    Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
    Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
    Sareko Argia 2005 - Estatistikak

    Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
    Parte hartzeko arauak