Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko azaruek 20,  OSTEGUNE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Blogak »  Zeako zea

Zeako zea

(Estitxu Elduaien)

 ARTXIBOA

 HARPIDETU

  • Jarioa: XML
  • Blog honetara harpidetu nahi? Mezu bat jasoko duzu zerbait idazten duenean. Sartu hemen zure e-posta:



    (rssfwd zerbitzuari esker)

     ORRI HAU...

     

    Gaia: berdintasuna

    ««Itzuli blog osora

    Batido txokolate

    Frontoia, berdintasuna | Estitxu Elduaien |  2006/12/13  22:03

    Galarretan, lehengo astean:

    Joan dira Azpeitiko bost neska, ezagutze aldera, Galarretara, erremonteko partidak ikustera. Sartu dira, eta denak eurei begira. Emakume koadrilla bat Galarretan? Hauek ze egiten dute hemen? Gizon batzuk begirazun txar xamarrak ere bai. Hasi da partidua, eta, norbait animatu behar eta erremontista azpeitiarrari animoak emanez neska hauek. "Beinga motell! Animo!".

    Eta aurreko iladako gizonak burua jiratu eta halako begirazun bat: "atxo hauek ba al dakibe nun dauden ala?".

    Taberna joan eta: "Gin Tonik bat, batido txokolate huts bat, eta beste bat, Baylesarekin". Kamareroak: "Esto.. eske ez ditut bi batido txokolate. Eske holakorik ez du hemen inork eskatzen. Tartean behin, oso tartean behin, etortzen diren umeren batzuk edo. Eske emakumeak hemen ikusten ohitu gabe gaude". Komuna non dagoen galdetu eta. "Emakumeena itxita egongo da. Ez dugu ohiturarik eta..."

    Holaxe joan zen arratsaldea. Ni enitzen han, baina han izandakok kontatu zidaten. "Animali raro moduen beitze ziguen!".

    Berdintasuna non ote dago... Neskak, gehiago joaten hasi behar dugu. Ze letxes, erosi ditzatela batido txokolate gehiago eta iriki ditzatela komunak. Ah, eta hor aurrean begirazun okerrarekin begiratzen duen horri, bulla gehiago hurrengoan.

    Lotura zuzena  |  3 erantzun. Azkena: Bego | 2006-12-14 | 19:55

     

    EZberdintasuna II

    Sexismoa, berdintasuna | Estitxu Elduaien |  2006/01/26  19:57

    Espero ez nuen deia izan nuen atzo. Ina Sagarzazu, Azpeitiko Kirol Patronatuko arduraduna. Nire blogeko testua irakurri zuela HITZAn, eta gauzak argitu egin nahi zituela. Ez dela egia. Polikiroldegiko txartel familiarra egiterakoan ez diotela langabezian gizonezkoa dagoenean soilik egiten deskontua. Bestelakoa omen da araua: “langabezia deskontua familia batean diru iturririk ez dagoenean soilik egiten dugu. Bikoteko bietakoren batek lana egiten badu, ez dugu deskonturik egiten. Horregatik esango zioten ezezkoa zure ezagun horri”. Batzuetan deskuidatu egiten direla ere esan zidan, “deskontua eskatzera etortzen dena ez badugu ezagutzen, eta hark gizona langabezian dagoela esaten badu, ba aplikatu egiten diogu deskontua”.:

    Beno, bale. Hala baldin bada, hala da. Araua Sagarzazuk esan bezala bada. Lasaiago gelditzen naiz, ez baita diskriminatzailea. Halaxe esan nion. Eta hori nire blogean argituko nuela ere bai. :

    Baina harrituta gelditu nintzen, oso oso bestela kontatu baitzidan kontua kexu zen nere ezagun horrek. Eta deitu egin nion. Sagarzazuk esandakoa azalduz. Eta hura bai gelditu zela aho zabalik. “Ba neri oso bestela esan tzitenabenan. Ta ez behin bakarrik. Bi aldiz jun naun galdetzea. Aurrena pertsona batekin hitzeiñ diñat, eta haren esan tzitenan ezin dala. Orduen, handik egun batzuta beste batekin eiten sayau nitxunan, baño harek e esplikaziyo bea, atte paruen daonien bakarrik itebela deskuentue. Pentsau, beak e esan tzitenan oso arau matxistie dala ta komentatzen eon gitxunan…”:

    Ba hori. Araua Sagarzazuk esanda bezalakoa izan arren, langileek nonbait ez dutela ondo ezagutzen. Edo Kirol Patronatoak ez dietela ondo azaldu. Bakoitzak atera ditzala nahi dituen ondorioak. Nik kiroldegi eta igerilekuko langileek euren lana oso ondo egiten dutela uste dut. Eta beno, nire lagun horrek zer pentsatzen duen ez dut idatziko, bestela laster jasoko dut beste telefono deiren bat. Argi esan zidan Sagarzazuk: "hemendik aurrera, zalantzaren bat duenak neri deitu diezadala". Badakizue. Ea konbentzitzen zaituzten.

    Lotura zuzena  |  2 erantzun. Azkena: nike bai | 2006-01-28 | 15:02

     

    EZberdintasuna

    Sexismoa, berdintasuna | Estitxu Elduaien |  2006/01/23  10:23

    Hona hemen bi kasu:

    Bikote bat. Heterosexuala. Batera bizi dira. Biek egiten dute lana. Biek ekartzen dute dirua etxera. Eta bien diruari esker egiten diete aurre eguneroko bizimoduari. Imaginatu, orain, egun batetik bestera, gizonezkoa lanetik botatzen dutela eta langabezian gelditzen dela. Edo bestela, imaginatu bikoteak haur bat edukitzea erabaki duela, eta umea jaio ostean aitak bera zaintzeko lana utzi eta langabezira joaten dela.

    Bigarren kasua. Bikote bat. Heterosexuala. Batera bizi dira. Biek egiten dute lana. Biek ekartzen dute dirua etxera. Eta bien diruari esker egiten diete aurre eguneroko bizimoduari. Imaginatu, orain, egun batetik bestera, emakumea lanetik botatzen dutela eta langabezian gelditzen dela. Edo bestela, imaginatu bikoteak haur bat edukitzea erabaki duela, eta umea jaio ostean amak bera zaintzeko lana utzi eta langabezira joaten dela.

    Ba al dago desberdintasunik bi kasu horien artean? Galdera zabala da eta denetariko erantzunak ditu. Bale, zehatzago egingo dut: familia horien diru iturriak kontuan hartuta, ba al dago desberdintasunik batetik bestera?

    Ezetz esango nuke nik. Gizonezkoa ala emakumezkoa langabezira joan, berdin-berdin murrizten direla familia bateko diru iturriak. Baina badirudi Azpeitiko Udalarentzat ez dela horrela. Kirol txartela egiterako orduan ez behintzat. Azpeitiko kiroldegi eta igerilekuko txartel familiarra egiterako garaian, familiako aita langabezian badago deskontua egiten dute. Baina langabezian dagoena familiako ama baldin bada ez. Nire ezagun bati behintzat hala esan zioten. Lehen lana egiten zuen; orain langabezian da, baina kirol txartel familiarra egiterakoan ez diote deskonturik egin.

    Harrigarria da. Lotsagarria. Espero dut Azpeitiko Udalak arau hori lehenbailehen aldatzea, atzera gelditu delako, oso, eta diskriminatzailea delako. Eta hori bakarrik ez. Zer gertatzen da bikote homosexualekin? Kontu horiek aztertu gabe izango ditu, ziurrenik, Kirol patronatoak. Ba egin dezala. Bada garaia.

    Lotura zuzena  |  2 erantzun. Azkena: 25 eta zer? | 2006-01-23 | 12:25

     

    uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
    Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
    Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
    Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
    Sareko Argia 2005 - Estatistikak

    Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
    Parte hartzeko arauak