Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko urriyek 12,  JAIYE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Blogak »  Zeako zea

Zeako zea

(Estitxu Elduaien)

 ARTXIBOA

 HARPIDETU

  • Jarioa: XML
  • Blog honetara harpidetu nahi? Mezu bat jasoko duzu zerbait idazten duenean. Sartu hemen zure e-posta:



    (rssfwd zerbitzuari esker)

     ORRI HAU...

     

    Gaia: San

    ««Itzuli blog osora

    Danbor hotsak

    Jarrai-Haika Segi, San Sebastianak | Estitxu Elduaien |  2007/01/19  15:50

    Danbor hotsak entzun eta danborrada etortzen zait burura. Eta gaur San Sebastian bezpera izanda, are gehiago. Baina gaur, zoritxarrez, bestelako tanbor hotsak ere entzun dira Azpeitian. Eta Euskal Herri osoan ere bai. Danbor hotsak gerra hotsa ere esan nahi baitu, gatazka hotsa.

    Orain baietz, orain "talde terroristako kide" direla. Kafe ere bai. Hala entzun dut irratian, eta Sarriegiren doinuak tanbor hots bortitz bihurtu zaikit. Buruko mina ematen duen horietako tanbor hotsa, bihotzeko mina ere eragiten duten horietakoak.

    Eta danborra ikusi dut gure etxeko gela batean. Eta Amnistiaren Aldeko taldeko traje bat. Eta kontraesanak jan nau. Aldarrikapenerako danbor hots alaiagoak espero nituen gaur gauerako. Tristeak imaginatu ditut albistea entzun bezain pronto.

    Ez, ez dira goizean imaginatu bezain alaiak izango gaur gaueko danbor hotsak. Buruko eta bihotzeko mina eragiten duten danbor hotsak ere isilduko ez direlako, eta entzun nahi ditudan danborjole baten danbor hotsak entzungo ez ditudalako.

    Bidegabea, injustoa... ez dut betikoa esan nahi, baina esan egin nahi dut. Esan beharra daukadalako. San Sebastian bezperako danbor hotsak soilik entzun nahi ez ditudalako, eta horiek bakarrik entzun nahi dituztenei bestelako danbor hotsak ere entzun arazi nahi dizkiedalako. "Jaiak bai, baina borroka ere bai". Hala zioen garai bateko lemak. Ez dut hainbeste eskatzen, ez dut hainbeste nahi. Baina ezingo nuke sinestu batzuk bestaldera begiratu eta ezer gertatu ez balitz bezalako danborrada egingo balute gaur. Ez disimulatu, gaur, Azpeitin, denok dakigu ez dela San Sebastian bezpera soila. Danbor hots ilunak ere denontzat dira.

    Muxu bat Kafe. Besarkada bat. Bide batez, zorionak Iker. Ez dira betiko garai onenak... Baina argituko du eguzkiak. Danbor hots gozoenak gailenduko dira, noiz edo noiz.

    Lotura zuzena  |  2 erantzun. Azkena: inigo | 2007-01-20 | 00:49

     

    Kantinero eta danborrerak

    San Sebastianak, sexismoa | Estitxu Elduaien |  2006/01/13  12:53

    Azpeitiko neskak, adi. Egunotan kalean ibiltzen bazarete, aukera handiak dituzue gizonezko koadrila bat gerturatu (bakarka ere ibiltzen dira batzuk) eta proposamen bat egiteko. Ez beldurtu. Ez aztoratu. Garai honetan ohikoa da, urterokoa: “Kantiñera ertetzie nahi?” Santo Tomasak geroztik dabiltza horrela. Eta espero dut asteburu honetan ibiltzen direnak bakanak izatea. Bestela malo. Ate joka baitira San Sebastianak.

    Proposamen lizuna ez da. Ez egokia ere ez, niretzat. Baina aurten zer pentsatua eman didala ezin ukatu. Donostiako elkarte batzuk emakumeei danborradan parte hartzen utzi dietenaren albisteak zer pentsatua eman dit. Konparazioak gorrotagarriak dira, bai, baina nahi gabe ere Azpeitiko egoerari begira jarri nau ni. Emakumeek eta gizonezkoek eskubide berdinak al dituzte Azpeitiko danborradan? Galdetu diot behin eta berriz neure buruari. “Bueno, bai. Nik dakidala, nire inguruan danborra jotzen atera nahi izan duen orok izan du egiteko aukera”. Pentsatu dut aurrena. Baina elkarte batzuetan emakume danborrerarik ez dudala ikusten ere konturatu naiz, kantinerak soilik izaten direla neskak. Ez dakit zergatik den, aitortu beharra daukat ez ditudala Azpeitiko elkarteen arauak ezagutzen, baina beno, kuriosoa iruditu zait. Ah, eta kantinerorik ere ez dut ikusi inoiz. Abanderadoak bai, hori bai.

    Eta hala ere Azpeitiko danborrada ez dut inoiz diskriminatzaile sentitu. Ez dut horren inguruko liskarrik ezagutu. Baina egia da parte ere ez dudala ia inoiz hartu danborradan. Eta garai batean eztabaidak egongo zirela pentsatzen dut. Edo agian ez.

    Burutazio horiekin nenbilela, nire lankideak horren inguruko erreportai bat egiten ari direla jakin dut (Igandeko BERRIAn aterako da, IGANDEA gehigarrian. Publizidadea egiteko aprobetxatu dut, bai, badakit). Herri askotako kontuak aipatzen dituzte, eta azpeitiarrekin ere hitz egin dutela esan didate. Zerbait aurreratze aldera, Amnistiaren taldea sortu zenean kontu honi buelta asko eman zizkiotela dio, baina eztabaidarik ez zela egon ere bai. Gehiago ere esaten du, noski, baina ezin dut kontatu!

    Kantinerak “mujer objeto” moduan ikusten ditu askok. Eta hotz-hotzean pentsatzen jarrita, hala da. Baina ez dakit. Ni neu ere atera nintzen orain dela urte mordoa, eta ez nintzen “mujer objeto” sentitu. Alderantziz, oso-oso ondo pasatu nuen.

    Ba hori, gauzak ez ditudala bat ere argi kontu honen inguruan. Eta halere, ze gustoa ikusikotan danborradie ostegunien… Eta bitartien zenbatetan pikauko dituten lagun donostiarrak “Sebastian bat bada zeruan… AZPEITI bat bakarra munduan….” kantauiez…

    Lotura zuzena  |  15 erantzun. Azkena: beste azpeitiar neska bat | 2006-01-22 | 18:01

     

    Santuak santutik gutxi

    San Inazio | Estitxu Elduaien |  2005/11/17  12:16

    Iruñean izan nintzen larunbatean. Frontoian. Ondoan, gizonezko bat nuen, Urrozkoa (Nafarroa), eta, horrelakoetan sarri gertatzen den moduan, azkenean partida komentatzen hasi zitzaidan.  “Hori akatsa egin duena Ruizek…” “A ze burukoa hartu duen Aimarrek…”. Eta ni, buruarekin “bai, bai, bai”. Eta horrela ari ginela, nongoa nintzen galdetu zidan. Eta nik Azpeitikoa nintzela erantzun. “Joño, kojo, faxista eta espainol horren herrikoa orduan eh?”

     

    Amorru puntuarekin esan zuen eta ni aho zabalik. Hiru segundotan herriko politikoak errepasatzen hasi nintzen eta, ejem, kojorik behintzat ez nuen aurkitu. Ezin asmatu zeinengatik ari zen. Eta berak antzeman egin zidan nonbait, berehala bota baitzidan: “San Inazio kabroi hartaz ari naiz! Guk ere jarria diogu hemen estatua bat, baina…” 

     

    Ahhhhhh!

    Sarri entzun ditut santuak santutik gutxi zuenaren esamesak, baina ezer zehatzik ez. Eta Urrozko gizon hark esandakoa entzun ostean informazio bila ibili naiz. Baina elizarekin egin dugu topo. Interneten-eta, “Jesusen konpainia fundatu eta dezu armatu”… Besterik ez. Hoixe, Inazio gure patroi handia.

    Eskerrak, halare, kontrahistoriadoreak ere badiren. Jose Luis Urrutia idazleari egindako elkarrizketa bat topatu dut azkenean eta ttak-ttak… hortxe. Inaziok zituen biziok.

    Loiolako Inazio gaztea harroa, indarkeriazalea eta gonazalea izan omen zen gaztaroan. Sasiko alaba bat ere ba omen zuen, gainera. Hala dio Urrutiak: “Maria Loiola izeneko neska bat bazen, Maria Villarealen alaba. Naxeran bizi zen (Errioxa), eta Iñigo inguru hartan bizi zen garaian sortu zen neska hura”. Neska hori Inazioren alaba zela nola edo hala ziurtatzen duen agiri bat ere ba omen dago.

    Kartzelan ere egon omen zen. Gaztelan bizi zen garaian, Inazio gazteak Azpeitiko karnabaletara etortzeko ohitura omen zeukan. 1515eko karnabaletan, 20 bat urte zeuzkala, gizon bat zauritu edo hil egin omen zuen gona kontuengatik. Kartzelara sartu omen zuten gure patroi handia, nahiz eta gero laster atera, bere familiari esker.

    Eta Gaztelaren aldekoa zen Inazio, “espainola”. Jende askok uste du euskaldunen gidaria izan zela, baina Nafarren kontra ibili zen, eta Gaztelaren alde. Ahh, horregatik zuen halako amorrua frontoiko gizonak! Iruñearen setioa gertatu zenean, zauritu zuten arte, Nafarroako Erresuma berreskuratu nahian zebiltzan nafarrak hiltzen aritu omen zen.   

    Ba hori, santuak santutik gutxi eta Inaziok gustuko zituela biziok. “Inazio gure … handia…”

    P.d.: Norbaiti interesatzen bazaio, Jose Luis Urrutiaren liburua “Ignacio. Los años de la espada” da.

    Lotura zuzena  |  33 erantzun. Azkena: gipuzkoarra | 2006-05-21 | 13:38

     

    uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
    Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
    Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
    Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
    Sareko Argia 2005 - Estatistikak

    Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
    Parte hartzeko arauak