Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko azaruek 20,  OSTEGUNE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Blogak »  Zeako zea

Zeako zea

(Estitxu Elduaien)

 ARTXIBOA

 HARPIDETU

  • Jarioa: XML
  • Blog honetara harpidetu nahi? Mezu bat jasoko duzu zerbait idazten duenean. Sartu hemen zure e-posta:



    (rssfwd zerbitzuari esker)

     ORRI HAU...

     

    Kutxazainen STOPak

    Kutxazainak | Estitxu Elduaien |  2008/07/29  13:34

    Saninaziyuk pagaextran festak direla entzun izan dut beti. Gogoratzen naiz, oraindik umea izan eta pagaextra zer zen jakin ere ez nekienean nola jarduten zuten nire lehengusuek: "Saninaziyotan earki antzematek jendie pagaextra kobraute ibiltzeala: zerbeza ta kalimotxo gutxi ta konbinaue lepo!".

    Ez dakit hori horrela den ala ez, baina badaezpada, hor doa abixua Azpeitiko banku eta aurrezki kutxen arduradunei (ja, igual irakurriko dute gainera... inuxentea ni): Kutxazainak lepo bete gaurtik aurrera! Asteburuan kalean ibili zaretenok jankingo duzue zertaz ari naizen. Ostiral gauean kaleko kutxazainen gehiengoak "STOP zerbitzutik kanpo" seinalea jarrita zuten, eta hor ibili ginen batzuk dirua non lortu asmatu ezinda.

    "STOP zerbitzutik kanpo" hori zergatik jartzen duten ez dakit, baina nire inguruan ibili dugun espekulazioaren arabera, kutxazainean dagoen dirua gastatu ostean agertzen ei da.Ta Santiyotan jende askok pagaextra ateratzeko erabiliko omen zituen kutxazainak  Beno, eta beste batzuren arabera, nahita jartzen omen dute txikizioak eta ekiditeko... Bata edo bestea izen arrazoia, ez nago batere konforme. Ea, bankura edo aurrezki kutxara dirua sartzera joaten zarenean ez dizute ba inolako trabarik jartzen? Eta ateratzerakoan berriz gero eta zailtasun gehiago. Et et et, baina diru hori gurea da eh, ez banku edo aurrezki kutxarena, eta nahi dugunean ateratzeko eskubidea dugu. Daukagun gutxi hori ere ezin ote dugu ba nahi dugunean erabili?

    "Karterie bete-bete iñda erten!". Pentsatuko du baten batek. Ez ba, karteristak ibiltzen dira eta! Beharrezkoa ateratzea aholkatzen dute askok, harrapatzeaz ere gutxi harrapatzeko..Eta hala ez balitz ere, gure dirue dala ba, nahi deunien gastatzeko geuk irabazitakue!

    Bueno eta kejak keja, diru asko eo gutxikin, ondo pasau danak festak eta oporrak e bai, juteko mouen zeatenak! 

     

     

    Lotura zuzena  |  Erantzun

     

    Krisia

    ekonomia, krisia, pasadizoak | Estitxu Elduaien |  2008/07/9  12:59

    Ditxosozko krisia. Ekonomia gaizki ibili arren agintariek ez dutela hitz hori erabiltzen, zergatik ez duten erabili nahi… oraintxe ez da beste konturik. Ez da giro krisiaren inguruan. Krisia bera zer den jakitea argitu beharko litzateke aurrena: ekonomiak hazteari uztea? Lehen baino gutxiago uztea? Makaltzea?… Teorizatzeko gai sakonegia, ordea, txoko honetarako.

    Baina krisi hitzaren atzean beti misterio ugari egon dela argi dago.  Historikoa da hitz horrekiko ulertu ezina nonbait. Bestela lagun batek kontatutako irakurri. Azpeitiko lantegi batean kontatu ei zion, azpeitiar batek. Pertsonaien izenak ez ditut oroitzen, eta bertsio hau zehazki horrela den ere ezin esan, baina gutxi gorabeherakoa behintzat kontatuko dut.

    Orain dela hamarkada batzuko gertatu omen zen, Azpeitian. Orduan ere ekonomia makalaldian nonbait, eta krisi hitza hitzetik hortzera omen zerabilten azpeitiarrek. Egin dituzte bilerak hainbat lantegitan, eta enpresaburuek krisia datorrela esan diete langileei. Landetako taberna batean txikitoak hartzen ari direla elkarri komentatu diote Martxileneko langile talde batek: "Eztek giro. Krisiye omen zetorrek eta gure nagusiye etziok bate lasai".

    Tartean zen Martxileneko atezaina. Serenoa. Kezkatuta eta kopetilun joan zen egun horretan lanera. Han dago atea zaintzen eta sartu da taillerreko nagusietako bat. "Zemouz?" galdetu dio serenoak. "Garai hobeak ezagutu ditut, baina beno". Lagundu egin behar duela pentsatu du orduan atezainak eta zerbait esatea erabaki: "Badakit krisi dalako hori etorri ta tallerrien kriston aberiye iñgounan bildur zeatela. Baño lasai, nik eztakit zeiñ dan krisi hori, eztet ezautzen, baño ni hemen naon bitartien ezta ate hontatik sartuko, heldu iñ behar baiyot heldu iñgoyot baño tipo hori ezta hemen sartuko!".

    Krisi hitzak zenbaterako ematen duen...

     

    Lotura zuzena  |  Erantzun

     

    Al aguazil....

    Udaltzainak, munizipalak | Estitxu Elduaien |  2008/05/9  12:32

    "Al aguazil, al aguazil, hay ke kortarle hay ke kortarle..." Majina bat aldiz abestu diegu kantu hori Tuli, Pastor eta konpainiei. Umetako kontuak dira, bai, baina hain umeak ez ginenekoak ere bai. Aguazil hitza hitzetik hortzera erabiltzen dudala esan zidan lehengoan irratian batek, eta hitz horrek frankismo garaiko pertsonai bat ekartzen ziola burura.

    Ez ba. Nire kasuan guztiz kontrakoa gertatzen da. Aguazilak garai bateko udaltzainak ziren, gaina egungoak baino "entrañableagoak". Herrikoak, herritarrekin harreman zuzenagoak zutenak. Errieta egiten zizuten autoa gaizki aparkatuta zenuenean, aldrebeskeria bat eginez gero ere abixua ematen zizuten, eta maniobraren bat gaizki eginez gero kotxeko kapotan "ttak-ttak" jo eta "hori zein den eiñ, e!", esaten zizuten. Astunak ziren, bai, eta askotan multa jarri gabe ezin izaten zenien ihes egin, baina beno, traturako behintzat "familiarragoak" ziren.

    Egungoak ez dira aguazilak. Udaltzainak dira, munizipalak. Azpeitiarrak, hiru edo lau bakarrik, beste guztiak nondik etortzen diren arrastorik ez. Autoren bat gaizki aparkatuta dagoela ikusi eta abixua ematen dutenak ia inorrez, eta ixil-ixilik inori ezer galdetu gabe multa jartzen dutenak ia guztiak. Bufff... konparazioak ez dira egokiak izaten, baina "poliziartuta" daudela esango nuke. Fisikoki ere konparatu besterik ez dago: gazteak, gorputz sendokoak eta landutakoa! Tokitan gelditu dira garai bateko txilbor borobildunak... Herrian disziplina bat jartzeko autoritate pixkat behar dela, bale, baina hortik azpeitiar normal baten gainetik daudela sinestea ere... munizipal horietako batek niri iaz esan zidan bezala: "kontra egiten hasten bazara Ertzainei deituko diet, puntuak kenduko dizkizut, eta autoritateari aurre egiteagatik isuna jarriko dizut". Eta hori guztia autoa doblefilan utzi eta une batean denda batetik sartu ertena egin nuelako. En fin...

    Denak ez dira berdinak eta ezin dira zaku berean sartu, baina dioss, aguazilen falta dudala onartu behar dut. Oraingoei ere gustura abestuko nieke "al aguazil, al aguazil, hay ke kortarle hay ke kortarle..." baina seguru abestia ezagutu ere ez dutela egiten. Gainera, autoritateari aurre egiteak egun ekar dezaken kostua kontuan hartuta, barrutik kantatuta hobe! 

    Lotura zuzena  |  10 erantzun. Azkena: IMB | 2008-05-25 | 19:23

     

    Aparteko "apagar extra"

    Errenta aitorpena, zergak | Estitxu Elduaien |  2008/03/25  15:49

    Gipuzkoarren herenak eginda jasoko omen dugu errenta aitorpena aurten. Hala jakinarazi du Diputazioak. Autolikidazio delakoak dira. Etxera korreoz bidaltzen dizkizutenak.

    "Suerte earra!" pentsatu nuen nik neuk orain dela 4 urte horietakoa iritsi zitzaidanean. "Ezer in berrik ez". Eurek bidalitakoa hartu, internet bidez onartu, eta lixto. Gauza bera pentsatu nuen orain 3 urte eta orain 2 urte ere. "Delaostia".

    Disgustoa gero etorri zitzaidan ordea. Orain urtebete ez zidaten bidali eta neuk joan behar izan nuen egitera. Joan naiz papel danak hartuta, egin didate, eta banindoala...: "aizu, hemen arazo bat dago". Aurreko hiru urteetan eurak eginda bidali zidaten deklarazioan erru bat dagoela, hipotekaren desgrabazioa gaizki egin didatela, eta gehiegi kobratu izan dudala. Ni harrituta. "Baina zeuek egin eta zeuk bidali ez didazue ba?". Bai baina batzuten hanka sartzen omen dute. "Igual" urtea bukatzerako aurreko hiru urte horietako diru hori itzultzea eskatuko didatela, gainera.

    "Igual" ez, seguru. Urtarrilean iritsi zitzaidan. 1.500 euro inguru itzuli behar izan nituen. Eta orain arte itzuli ez izanagatik interesak ere kobratu dizkidate. Erreklamazioak jarri nituen bazter guztietan, baina alper-alperrik. Eurak erratu arren nik onartu nuela autolikidazio hori. Eta interesak ere ordaindu egin behar. Niri inork diru hori zor nuela jakinarazi ez arren, azken urteetan ordaindu gabe edukitzeagatik interesak ere ordaindu egin behar. Hala omen dio legeak.

    Hilabeteak pasatu dira eta ahaztu bazait ere, haserrea berriro itzuli zait kanpaina berria badatorrela akordatzean. Alegia, autolikidazioa iristen zaizutenean badaezpada ondo konprobatzeko, Gabonak inguruan aparteko "a pagar extra" bat ez izateko. "Denok gara ogasuna" zioen lemak. Batzuk besteak baino gehiago garela dirudi.

    Lotura zuzena  |  Erantzun

     

    Zezenaren hileta aprobetxatuz...

    Karnabalak, Goenkale, Maria Luisa | Estitxu Elduaien |  2008/01/30  15:08

    Euskadi irratian behin eta berriz entzun dut egunotan Azpeitiko Karnabalen iragarkia. Asteartean zezenaren hileta egingo da aurten ere.

    Aurtengoa "berezia" izan daitekela bururatu zait. Zezenaz gain beste norbait enterratzeko proposamena egingo dut. Gure inguruan ez da giro: astearte horretan bertan, Goenkaleko Maria Luisa hilko dela esan dute, eta disgusto ikaragarria hartu duenik ere bada. 14 urtetan ia egunero afaltzen gurean izan den "kastako" emakumea hil egingo dela, alajaina! "Hori, hori, Maria Luisa, ez barkau!", sarri esaten zuen gure amama zanak. "Horrek jarrikoik ordena hor!", berriz, beste amama zanak. Gazteen batzuren "idoloa" ere badela badakit, baina, beno, badaezpada ez du izenik emango. Itziarko gaztetxean Goenkalaren kapitulo guztiak ikusten omen dituzte, eta Maria Luisak omen ditu fans gehien.

    Karnabaletako programan honela jartzen du: "Beltzez edo lutoz jantzitako herritarren partaidetzarekin zezenaren hileta egingo da plazan". Maria Luisaren argazkia ere ateratzeko proposatzen dut nik. Kontxu Odriozola herritarra dugula kontuan hartuta, gainera, ez dugu aitzakiarik.

    Horrelakoetan esaten den bezala: Maria Luisa Galardi. GOIAN BEGO!

    Ondo pasau karnabalak!

    Lotura zuzena  |  Erantzun

     

    Albiste zaharragoak »»

    uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
    Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
    Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
    Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
    Sareko Argia 2005 - Estatistikak

    Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
    Parte hartzeko arauak