Lilatoia bai, ta gero?
Berdintasuna | Estitxu Elduaien |
2007/03/19
21:01
Kontau berra dauket. Bestela errebentau iñgo naiz.
Zestoako krossa izan zen atzo. Bezperan, azkeneko momentuan beste lagun batekin hitz egin eta bale, aterako ginela. Biok batera, hura nire pausoan (poliki-poliki) eta ni harenean.
Pare bat zurito hartu eta banoa etxera eta zer esango batek eta: "Ah, baño zu neskie zea ta bi buelta iñ ber dituzu, ez hiru!". Eta nik adarra jotzen ari zelakoan: "8 kilometro pasatxoko krossa, hiru buelta, danak igual izengoen. Hori adarra jotzen ai zan". Eta hala joan nintzen ohera.
Jaiki goizean, jantzi mallak eta zapatillak, eta Zestuko plazara. Izena ematera. Nere laguna eta biok. Eta han kartela: neskak 5 kilometro pasatxo, eta mutilak 8 pasatxo. Krixton kabreoa harrapatu nuen. Ze, ez al gara ba gu gai 8 kilometro egiteko? Makalago bai, baño eiteko modue badeu. Nire lagunari begiratu eta esan nion, "nik hiru buelta iñgoitut, zurekin batera". Noski, bera mutilla zen.
Eta hasi gara korrikan. Buff, gogorra rekorridoa e! Aldapa ta aldapa ta aldapa... ta bi buelta egin ta juxtu xamar, baino buru gogorra ni: "Lasai, hiru iñgoitut". Ba esan banuen esan nuen. Iritsi naiz helmuga parera, eta han gizon bat, txistuarekin: "zu helmugara, zu helmugara". Eta nik ezetz, nik jarraitu egin behar nuela. Eta tipoa txistuka! "Ezetz, zuk bukau iñ ber dezula!", eta ni alde batera, eta bera harea, eta ni bestera eta bera ere bai, bidea ixten! Ezin nuen sinetsi, rubgiko partida bat ematen zuen ia-ia! Azkenean lagunak besotik heldu eta tira egin, eta han pasatu nintzen.
Hirugarren buelta egin, iritsi naiz toki berera, jendea txaloka, eta hor entzuten dun urrutira tipo horren ahotsa: "aizan, rubia, hiri bronka bota behar dinak, hori ezin dun egin!!! Oraindik txistuka eta haserre zegoen!
Federazioak jartzen omen ditu lasterketa horiek horrela. Neska eta mutilena desberdin. Zer ba? Distantzia horiek denok egiteko modukoak dira, neska ere badugu gaitasuna, sobran, hori egiteko. Makalago, bale, baina egin egin dezakegu, eta inork ezin digu bronkarik bota! Ze ederki ematen dugun Lilatoian eh, ze ondo... Baina gero egunerokoan ze, eta horrelako zaplastekoa.
Seko harrituta geratu nintzen. Eta haserre. Uste dut horrelakoekin gutxietsi egiten gaituztela emakumeak. Ni, behintzat, hala sentitu nitzen. Eskerrak hiru bueltako karreran aurreneko neska izan nitzen! Bueno, bai, azkena ere bai. Oraingoan ere azkena izan nintzen helmugan. Baina zortzi kilometro egiteko gai izan nintzen, beste edozeinen moduan.
|
1. NINEU - 2007-03-20 | 09:41
Hoin arte enitxinan uztarrian erregistrau... baino honek eman diten amorrun amorrukin hauxe erantzuteko badare... Earki einunan... heuk esan denana mutilek baino polikixo normalien baino... 8km eingo eztitxinau ba... Denboraik etzinabanan da nahiko "alperrik galdu" feminan zai...
Dana dala pentsatzeinat federazixuen esplikazixo zentzuzko bat eukikoinabela ez... eo beti hola izen da ta punto esangoine...
2. onintzaIrureta - 2007-03-20 | 12:59
1. Ni Onintza Irureta naiz, Zestoako Krosean antolatzaile-laguntzaile ibili nintzan eta karrera korritu nuen.
2. Zergatik gizonek baino buelta bat gutxiago: garai batean buelta bakarra egiten genuen eta orain bi. Arrazoia: emakumeak animatu nahi ditugu parte hartzera eta herritar dezentek esaten zuen bi buelta asko dela, beraz buelta bakarra egiten zen. Gero, herritar ez diren korrikalari ohituak hasi ziren esaten buelta bakarra motzegia zela. Konforme: bi buelta. Zergatik gutxiago? Emakumeak animatzeko! Kontuan hartu Zestoan aldapa majua igo behar dela buelta bakoitzean. Badira gizonak ere etortzen ez direnak, aldapa latza delako.
3. Emakumeak ere kapaz garela 8 km egiteko eta gizonen pare? Batetik, nere ustez gizonak gehiago dira korrika emakumeak baino, ezaugarri fisikoengatik. Bestetik, modan jarri da kirolean gorputzari astindu izugarriak ematekoa, emakumeok ere bide beretik segi behar al dugu? Emakumeok ere erronkak jarri behar dizkiogula gure buruei? Bai horixe! Baina mingaina atera eta gizonen atzetik ez ezta?
4. Federazioa: Zestoako buelta kopurua herriko antolatzaileek erabakitzen dute, ez federazioak.
5. Arazo latzagoa: diskutitu dezakegu ea karreren luzerak bera izan behar duen gizon eta emakumeentzat, diskutitu dezakegu ezaugarri fisikoetan hain diferenteak garen... kontua da Zestoan kadete mailatik beteranoen arteko karrera nagusi horretan 117 gizonek korritu zutela eta 43 emakumek. Emakumea plazara ateratzen dago lana, oraindik ere emakume asko ilundutakoan eta ipurdia tapatuz txandala gerrian lotuta ibiltzen da.
6. Proposamena: aurten Lilatoirako autobusa bete dugu azpeitiar eta zestoarrek. Datorren urterako oraintxe bertan has gaitezen entrenatzen, neskak animatzen Lilatoirako, eta Zestuko karrerako. Bi buelta, hiru buelta... ez dit inporta, baina egun argiz, gorputza erakusteko lotsarik gabe, mutilekin, neskekin, bakarrik...
Aupa neskak!
3. Ijitoa - 2007-04-13 | 21:58
Nik ere nire burua erregistratu egin dut, erantzuteko, amorrua ezin eutsita, bai gertatuagatik, bai Onintza Iruretaren erantzunagatik.
• Onintza, ondo dago emakumeak korrika egitera animatzea. Baina hortik emakumeei hirugarren buelta korri egin nahi izatera alde handia dago! Bi buelta egin nahi dituenak egin ditzala bi eta hiru egin nahi dituenak egin ditzala hiru.
• Gizonak gehiago? Gizon batzuk emakume batzuk baino gehiago, eta emakume batzuk gizon batzuk baino gehiago. Ia egunero egiten dut korrika eta badira ziztu bizian pasatzen nauten emakumeak.
• Emakume bakoitzak erabakiko du bere gorputzari astindua eman nahi dion edo ez, edo zortzi kilometro eginda gozatzen edo sufritzen duen. Jarrera paternalista samarra duzula iruditzen zait.
Animo neskak eta animo neska korrikalariak!
4. onintzaIrureta - 2007-04-17 | 15:22
Eskerrik asko erantzuteagatik, zarena zarela. Eta ni inolako amorrurik gabe ari naiz idazten, benetan.
Ez dakit Estitxuri epaileak nola jardun zion hirugarren buelta ez egiteko, nik ez nuen ikusi. Nik, epailea banintz, hauxe egingo nuen: esan neskari bi buelta direla eta ez hiru, eta ikusiz gero hala ere neskak segi egin nahi duela ba segi dezala, problemarik ez.
Paternalista naizela uste duzu? Beharbada bai. Baina ni ez nintzen ari laguntzarik, bultzadarik behar ez duten nesketaz, ni besteetaz ari nintzen, kirola jendaurrean eta lehiaketa moduan egiteko ohiturarik ez dutenetaz.
|
Erantzuteko izena eman behar duzu
|
|