Sinestearen beharra
Erlijioa | Estitxu Elduaien |
2006/09/1
12:41
"San Inazioren omenezko abesbatzak abestuko du gaur. Agian interesatuko zaizue. Nafarra zen-eta San Inazio"... Eta nire azpeitiar sena atera zen orduan: “Nola San Inazio nafarra zela? Ez ez, azpeitarra zen hura, nire herrikoa, Gipuzkoa…”. Barre ederrak egin zituzten nire inguruan zeudenek: “Hi, Esti, horrek etzakin ez Gipuzku ez Naparrue eta ez Euskal Herriye nun dauden, alperrik ai haiz!” batek. “Enee, hi Saninaziyo zuena dala esaten? Blogien idatzitakuek idatzi ta gero eozeñek esango luke hure zuena dala esanez harrotuko hintzenanik…”, beste batek. Eta nik parre. Lotsatuta, baina parre. Arrazoia zuten bai batak eta bai besteak. Baina askotan neure buruak harritu egiten nau etxetik milaka kilometro Azpeitiko erreferentziaren batekin topo egin ostean izaten ditudan erreakzioek.
Senegalen gertatu zen, orain pare bat aste. Hantxe izan naiz oporretan, eta hainbeste kontu eta komeri ikusi eta bizi izan ditut beste lau gaunekin batera. Eta gezurra badirudi ere, San Inazioz akordatu naiz! Ez ez, ez dut Josu Badiolak Mauritanian ikusi zuen San Inazio hura ikusi (hobe bai), ez eta azpeitiarron patroi haundiaren ohiko irudirik ere, baina isla hartako gia harekin izandako solasaldiak eman zidan zer pentsatua. Senegalen oso gutxi bezala (gehiengoa musulmana da), kristaua zen gia hura. 30 urte zituen, eta hezurretaraino sartuta zeukan fedea. Fede xumea zuen, benetakoa, handitasunik gabekoa. San Inazioren komentarioa egin eta santua gurean jaiotakoa izateaz harro egongo ginela esan zidan, xume-xume. Benetako fededuna zen, eta ez nintzen ausartu kontra gehiegi egitera: “Egia esan, ez diot miresmen handiegirik santuari. Beno, eta orokorrean, Eliza katolikoak ez nau gehiegi erakartzen”. Harrituta begiratu zidan. Eta harrituta galdetu: “Bai, entzuna dut Europan-eta gazteak fedea galtzen ari zaretela, elizara joateari utzi diozuela, jainkoari errezatzeari utzi diozuela. Baina zergatik?”.
Hainbeste arrazoi emateko gogoa izan nuen, baina isilik geratu nintzen. Besteak beste, hango “Eliza” eta hemengoa oso desberdina ikusi nituelako. Eta mutil hura erantzunaren zain begira-begira genuela hitzok entzun nituen ondotik: “Ba al dakizu zer gertatzen den? Gizakia premia eta beharra duenean soilik akordatzen dela jainkoaz. Jesusez, Allhaz edo dena delakoaz. Eta gu orain, ondoegi bizi gara eta dena daukagu. Zuek ere, egunen batean dena edukitzen baduzue, ez duzue jainkoaren beharrik izango ”. Bertsolaria izan erantzuna eman zuena, erantzunak azkar eta bizi ematen dituen horietakoa. Ez zaio arrazoirik falta.
|
1. Julen Z (nafarra) - 2006-09-04 | 19:41
Beno, ez al dute erraten Euskal Herria Nafarroa dela?Lehen dena zela Nafarroa? ba polemikarik gabe erran daiteke San Inazio ere Nafarra zela.
Bertsolariaren erantzuna ona!ozenago erran daiteke baina argiago ez.
oporretako buelta lasaia izan eta segi kontu kontari!ongi segi!
2. Mikel - 2006-09-05 | 11:59
Senegalen oporretan? Joe ba egun hauetan handik Kanariaseta allatzen ai dan jende mordue kontuen hartute, etzenuen panorama earra topauko. Zemouzko herrialdie da? Hain gaixki al daude?
3. Larraitz - 2006-09-05 | 16:09
2.erantzune idatzi dun Mikel hori zein da? Abizena jarriko al dezu. Azpeitin Mikel asko daude ta ta igual herritarrak ezautukoizue Mikel ___________.
Eskerrik asko
4. 3.ai - 2006-09-05 | 16:32
Hara, ta Larraitz hori zein da? Abizena jarriko al dezu. Azpeitin Larraitz asko daude ta igual herritarrak ezautuko zaituzte. Larraitz ------------. Eskerrik asko
5. xabier - 2006-09-05 | 17:21
Ba mootel
6. Larraitz Garmendia - 2006-09-06 | 20:06
Hor nire abizena. Eta Mikelena zein da ba?
7. Beno - 2006-09-07 | 12:02
Beno nahikue diñau. Ta oain zerta zetorren ba izen ta abizena jartzien kontue? Eztiñat uste Mikelek ezer berezik esan dunik beakin hola sartzeko!
8. ai ama - 2006-09-07 | 18:05
bueno, bueno, mikel gixajoa bushen pare jartzen ai gea! blogean berriz sartzen danen sorpresa earra hartukou
9. MIKEL ARANGUREN - 2006-09-08 | 18:39
bere abizena hor duzue. Bere gaztetako lagun bat. Ez haiz batere aldatzen Mikel ño!!!
10. Garikoitz - 2006-09-12 | 13:54
Euskal Herrian gazteok ez dugu fedea galdu. Ez dugu elizara joatea edo errezatzea utzi. Horretan oker zebilen senegaldarra. Izan ere, fedea galtzeko, lehenago eduki egin behar da. Eta guri ez zaigu azaldu fedea zer den ere. Ez dugu Jainkoa ezagutu.
Eliza "uztearen" hainbat arrazoi eman nahi izan zenituen, baina isilik geratu zinen, hango eliza hemengoaren desberdina ikusi zenuelako. Begirada desberdinarekin gauza bera desberdin ikusi ohi da. Hemengo elizaz ari zarenean ez dakit Euskal Herrikoaz, Azpeitikoaz, edo Vatikanokoaz... ari zaren (Espainiakoaz ariko zara agian...). Seguru nago, nik hemen ezagutzen dudan eliza, eguneroko eliza (eta ez telebistan agertzen digutena), zuk han ezagutu duzunaren berdina dela.
Bestalde, larrialdian gaudenean Jainkoaz gehiago gogoratzeak ez du esan nahi fedea larrialdiak sortzen duenik. Gure bizitzaren helburua ongizate materialera mugatutakoan atera ohi dugun ondorioa da hori. Bizitzaren dimentsio espirituala zer den jakin gabe, Jainkoa jeinu moduko bat dela pentsatzen dugu, gizakion gurariak betetzeko errezatu behar zaiona. Beharrizan materialik ez duenak, noski, ez dauka jeinu beharrik.
Beraz, nire ustez fedea galtzearen arrazoia Jainkoa ez ezadutzea da. Eguzkia bezalakoa izan beharko litzatekeela uste dugu, baina ez da horrela. Jainkoa, zeruko izarrik txikiena bezalakoa da. Begira ez dagoenak ez du ikusten. Gau ilunean aurkitzea errazagoa da, baina horrek ez du esan nahi eguzkiak ikusten uzten ez digunean hor ez dagoenik. Gure begietara izarrik txikiena izan daiteke, baina Beragana hurbiltzen goazen heinean, inoiz ezagutu dugun argirik handiena baino handiagoa dela ohartuko gara. Eguzkiak ordea, begiak itxutzen dizkigu.
11. trujas - 2006-09-12 | 15:19
jajajajajaja earra uan
12. neu - 2006-09-12 | 17:23
Oso ipuin politte bai!
|
Erantzuteko izena eman behar duzu
|
|