Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko irailek 5,  OSTIRELA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Blogak »  Zeako zea »  Aitzeizut, baina ez dizut aitzen

Zeako zea

(Estitxu Elduaien)

 ARTXIBOA

 HARPIDETU

  • Jarioa: XML
  • Blog honetara harpidetu nahi? Mezu bat jasoko duzu zerbait idazten duenean. Sartu hemen zure e-posta:



    (rssfwd zerbitzuari esker)

     ORRI HAU...

     

    «« Itzuli blogera

    Aitzeizut, baina ez dizut aitzen

    Pasadizoak | Estitxu Elduaien |  2005/12/1  16:57

    “Esti, niri gipuzkoar batzuk ez dozte aitzen”. Hala esan zidan duela dezente nire landikeak. Bizkaitar peto-petoa da. Muxikakoa. “Jesus neska, gipuzkoarrak bakarrik? Hemen aparteko gorraizie al daukeu bat? Kasualidadie izengoa”. Eta berak orduan parre: “Ez ez, ez da hori. Eske guk aitu ulertu moruen erabiltzen dogu!”. Parrez jardun genuen gaizki ulertuaz. Euskararen bitxikeriak, pentsatu nuen, eta hortxe geratu zen anekdota.

     

    Baina iragan asteaz geroztik hitz horren bi esanahiek lotura misteriotsuren bat badutela sinesten hasia naiz. Baionan izan nintzen, bertan Beñat Etxepare Lizeoan. Joan bezperan hango batek gutxi gorabehera egindako mapa bat eskuan abiatu nintzen, apenas ezagutzen dudan hirira.

     

    Autopistan sartu eta aurrera. Joan eta joan, hantxe, Bayonne. Hantxe agertu zen kartela. Nire mapa bereziari begiratu eta “aurreneko sarrera ez hartu, bigarrengoan sartu”. Bale, hor noa bigarren sarreran barrura. “Baiona Ttipira iritsi, eta han, buelta eman eta harresian gora, Mousselores (holako zeoze) jartzen duen bidetik joan, gora. Bigarren rotondan, ezkerrera, burnizko zubia pasatu eta han ezker. 400 metrora hortxe duzu lizeoa”. Bale, earki, baina hemen eztao lizeorik. Uffaaaa. Bueno, Esti, lasai, 07:30 die ta oindik denborie badakezu. Baño alperrik. Jun da jun, baina beti toki berea, eta lizeorik ez. Telefonoz deika hasi nintzen orduan, baina lizeoan ez zidaten hartzen. Ba baten bati galdeu berkoyon. Bien, hor taberna bat iriki diñabe. Hor noa. “Egunon, euskaraz badakizu?” galdetu nion kamareroari. “Umm, no no…” berak. Uffa, eta ni Planeta Agostiniren kurtsoarekin ikasitako frantsez marabillosoarekin. “U e le lizee Etxeparee?”. Ta berak: “Je ne se pas. Druat, garax, le xamin…” krixtoren erretolika, eta eskuekin aurrera eta atzea, sekulako azalpenak. Baina nik pitoik ulertu ez. “Je ne compre pas. ¿Sabes castellano? Castellanooo. Parle vou castellano? Español?” hasi nintzen altuago. Eta bururarekin ezetz hark. Eta berriz : “druat, garaxx, le chamin…”. Ezer ez nion ulertzen, baina halere, ahotsaren bolumena igo eta “ezkerrera hartu behar dut orduan? EZKERRERAA? ¿A la izquierda?” Ba holaxe, biyok buillaka, eskuekin eta sekulako keinuak eginez, baina elkarri ezin ulertuta

     

    Gizon euskaldun bat sartu zen orduan eta hark lagundu zidan. “Otoi, mintzatu zaitezte emekiagu, haserre ziratela emaiten du eta”, esan zigun barrez. Eta guk ere parre. Azaldu zidan bidea eta azkenean iritsi nintzen lizeora.

     

    Ikasleen aurrean aurkeztu ninduten orduan. “Hau Estitxu Elduaien da, azpeitiarra, eta ‘Matraka’ri buruz hitz egingo dizue”. Orduan, ikasle batek besteari, azpeitiarrei ulertzea zaiala dela eta parrez hasi ziren. Eta ni han hizketan, batek eskua altxatu zuen arte. “Otoi, mintzatuko zira emekiago, ez dut ongi ulertu?”. “Bai, barkatu…” Eta konturatzerako berriro ere altu-altu hitz egiten hasi nintzen. Ez dut sekula ulertuko zergatik hasten naizen ulertzen ez didatenean altuago hitz egiten. Polikiago hitz egitea bale, baina altuago? EZKERRERA buillaka esan ala ezkerrera xuabe-xuabe esan, ezker hitzak zer esan nahi duen ez dakienak ez ditu ulertuko. Baina beti igual egiten dut. Inkoszienteki. Eta nonbait ez naiz bakarra. Kamareroak DRUAT, GARAX, eta LE XAMIN azkenekoz esan zuenean Athleeeeetic! ere esango zuela pentsatu bainuen. Hori pulmoiek. Aitzen nion bai, baina aitu ez.

     

     

    1.  Elena - 2005-12-02 | 10:56
    jeje neri berdina gertatzen zait, baina pixkat altuago eta polikiago hobeto ulertzen dira gauzak.

    2.  susana - 2005-12-02 | 14:11
    Ez dakit seguru nori gertautekue dan, baine Frantzi aldea jundako batzuek hasi die batenbati zerbait galdetzen eta honela erantzun omen zioten: "Señoras frances si, sordo no". Hauek ere altuen ariko zien segurunez.

    3.  behobiakeriak - 2005-12-05 | 14:47
    Behobiarako hainbeste prestatu eta gero... atzo zarautzen a ze itxura txarra eman zenuena! Motel xamar aukeran ezta?

    4.  Estitxu Elduaien - 2005-12-05 | 19:08
    Nola motel? Aspaldiko denborarik onena egin nuen eta...! Sufritu bai, Behobian baino gehiago sufritu nuen, ezpainak lehor lehor eginda eta aurpegia ere txuri xamar, baina batezbeste orduan baino azkarrago egin nuen kilometroa! Aitortu beharra daukat, halere, bigarren bueltan hego haizea bera baino motelago ibili nintzela. Badakizu, sasi kirolarion patua holakoa da, beti nahi eta beti ezin... Eta gainera, Zarautzen medailarik ez!

    5.  Arantzazu - 2005-12-07 | 11:16
    Niri aitu, eta aitu biak egin zizkidan baita ospa ere...
    Jun ginen Luz Ardiden-era egun pasa bat eskiatzen egiteko asmoz.Goizeko 6 tan atera ginen ,lagunen furgonetan,bi pareja eta gure txikia (orduan urtebete edo izango zuen).
    Iritsi ginenean esan nien lagunei, zuek segi kafetegira eta ni kotxean geratuko naiz txikiari biberoia ematen.
    Lasai-lasai banago kotxean eta derrepente PAFFF!, albotik pasatzen ari zen gizon batek eskiekin sekulakoa eman zion ispiluari.Begiratu leihotik eta ikusi nuen ispilua apurtu zuela.
    Nere abiada kotxe kanpora ume ta guzti.Hasi nintzen zuk apurtu dezu eta ahal zen dena esaten eta besteak berriz frantsezez ez zidala ezer ulertzen eta berak ez zuela ezer egin.
    Haiek bai ziela deiadarrak! baina bestea berean ezetz eta ezetz eta gainera ikusten nuen bazijoala.
    Eskuakin keinu zaztar bat egin eta aldegin zidan frantxuteak,harek bai aitu eta bai ulertu biak egin zituen baina ala ere ospa!
    Nire larria kafeteira, aizute aizute ispilua puzkatu digutela!
    Kotxearen jabea jarri zitzaidan begira eta serio serio esan zidan, baina Aran azpeititik ere ala ekarri diñau ispilua, PUZKAUTA!
    Hura zen amorrua, montatu nuen dena eta azkenean frantxuteak arrazoia.Baina ala ere zihur nago gizonak sinistu zuela berak puzkatu zuela eta ospa egin zuela.


     

     

    Erantzuteko izena eman behar duzu



    »» Pasahitza ahaztu zait
    »» Lehenengo aldia da eta alta eman nahi dut

    uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
    Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
    Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
    Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
    Sareko Argia 2005 - Estatistikak

    Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
    Parte hartzeko arauak