Gaia: saioa
««Itzuli blog osora
Azpeitian bertsozalea zorioneko
Txapelen Omenezko saioa | Erniarraitz |
2006/12/18
11:56

Urtea ongi amaitzeko bi aukera berdingabe izango ditugu:
Ostiralean, hilak 22, 23:00etan Azpeitiko
Betharrandarretan Txapelen Omenezko saioa, kanturako talde bikainarekin,
inolako zalantzarik gabe: Euskal Herriko Bertso Txapelketan, 2005ean BECen, txapeldun
eta txapeldunorde izandako Andoni Egaña eta Unai Iturriaga, lehengo larunbatean
Bizkaiko txapelketan, Euskaldunan, garaile ateratako txapeldun berria, Xabi Paia
eta, aurrekoen pare nahiz hobeto kantatzeko gai diren Sustrai Colina, Jokin
Sorozabal eta Imanol Lazkano. Gai-jartzaile lanetan ere bertsolaria dugu
aurten, Joxe Luis Gorrotxategi. Betharrandarretako aretoa osorik izango dugu
aurten, baina txiki geldi daitekeena inguru hauetako bertso zalea, besteak
beste Bertso Parrandan, erakusten ari den berotasuna kontuan hartuta. Zale
guztiak gonbidatuak zaudete datorren ostiralean Txapelen Omenezko jaialdira.
Eta, nola ez, bezperan, abenduaren 21ean, tradizio handiko Santo Tomas
eguneko plazako saioan ere. Hor beste bostek izango dute aukera, Sebastian
Lizaso gidari dutela: Aitor Mendiluze, Amets Arzallus eta herriko bi gazte, Jokin
Uranga eta Beñat Lizaso.
Zer gehiago eska daiteke!
Lotura zuzena |
Erantzun
'Jolin' nagusi Azkoitian
Zurteko saioa bertsoparranda | Erniarraitz |
2006/11/20
11:16

Azpeitian jokatutako bi kanporaketak bezalaxe Azkoitian ere oso arrakastatsua gertatu zen hirugarren kanporaketa. Taberna leporaino beteta eta halako beroa zenez izan zen bat baino gehiago txakal-aldia eman eta kanpora irten beharrean. Jende gaztearentzat erakarmen berezia dute Bertso Parrandako saio hauek, argi dago gauza hori, eta zerbait antolatzen duenak horixe nahi izaten du.
Bi talde oso desberdinak, JOLIN Jokin Uranga eta bere bi ikasle, Lide Rekondo eta Nekane Zinkunegi. Oilar ekin zioten agurretan, hala sentitzen zirelako baino gehiago behar bada beren buruei indarra emateagatik. ZAHARRAK, Josu Azpillaga, Eduardo Kaminburu eta Joxin Iturrioz, apalago azaldu ziren, beharrik gabeko hanka-sartzerik ez egiten ikasitakoen eskarmentuz. Talde bakoitzetik bertsolari bana nabarmendu zen, Jokin Uranga batean eta Josu Azpillaga bestean. Esan beharrik ez dago Josu Azpillagak berak gehiago harritu zuela jendea, Jokin Uranga ez bezala inon ez dabilen bertsolaria baita. Jendearen ustez beste erronka batzuetan ere azaldu behar luke Josuk, badu-eta kategoria, baina horixe izan ordea berak bere buruari ematen dion maila, eta hori ere errespetatu beharra dago. Bi neskak bezala bi beteranoak ere urduritasunak menderatu ezinez ibili ziren, batzuetan asmatuz eta beste batzuetan hala moduz, baina ez zuten erritmorik eten eta saio entzungarria izan zen. Bertsolariek agurrak epaia jakin aurretik kantatzen dituzte eta JOLIN taldeak galtzailetzat jo zuen bere burua, bertsoz adierazi zutenez. Epaia ez zegoen bada garbi eta epaileek lan estua izan zuten, baina haiei zegokien erabakia ematea eta JOLIN taldeari eman zioten aurrerako aukera. Batzuek pozik eta beste batzuek harrituta beren lagunek irabazi uste/nahi zutelako. Beteranoak pozik larritasunak amaitu zitzaizkielako eta baita gazteak ere hurrengoan hobeto egin dezaketela sinistuz. JOLIN taldeak datorren ostiralean sailkatzen denarekin neurtuko ditu indarrak finalerdietan, Azkoitian, ETXE AITZEn.
Hurrengo kanporaketa beraz:
♦ Azaroak 24, MENDIZALEAK (AZPEITIA): Gaueko 11:00etan
MIRUT:
· Mikel Berasategi
· Ruben Gorrotxategi
· Tibalt Alberdi
XAPIOS:
· Xabier Azpillaga
· Jokin Sudupe “Pio”
· Silvia Etxaniz
AURKEZLEA: Mikel Arregi
EPAILEAK:Lope, Ixabel
Lotura zuzena |
Erantzun
Bertso Parranda
Orkatzeko saioa bertsoparranda | Erniarraitz |
2006/11/6
11:41
BERTSO
PARRANDA 2006
Hasiera ezin hobea eman dio aurtengo
ekitaldiak. Orkatz lepo beteta, Erdi-kalean ere bazen jendea saioa entzuten
barrura sartu ezinez geldituta, bertsolariak behar duen urduritasun puntu
horrekin eta entzuleak errespetu handiz, entzunez, bertsolaria lagunduz eta
gogotik txalotuz. Oso ondo entzun zen saioa. Entzule gisa gozatzekoa, nesken ausardia eta
zorroztasuna, mutilen zenbait une distiratsu. Orokorrean saio polita eta
entzungarria izan zen. Hasiera honek iragartzen digu aurten ere saio guztietan
tabernak lepo beteko direla eta finalean zer esanik ez. Saioan izandako gauzatxoren
bat aipatzeko nesken taldeko Leire Ostolazak, hitza OLATUA gai modura emanda, honako
bertso hau bota zuen:
Ur haudietan berdinak dira
lehena eta biharra,
hondar gainean jarri ezkero
zein eder bere marmarra,
haizearekin aurpegiraino
etortzen zaigu aparra,
batzutan laztan suabea degu
bestetan berriz indarra.
Hauxe da behin joan arren berriro
itzultzen zaigun bakarra.
Bukaerako agurretan neskak jakitun ziren lan
on xamarra egin ote zuten eta nagusi zirela esan zuten lotsagabe. Epaile lanak
German eta Aiertzak egin zituzten eta azken honek bertsoz adierazi zigun
epaia:
Parrandazale, astuna izan da
seikote hau epaitzia,
bolada baten pentsatu degu
Garzon berari deitzia.
Azkenerako kostata baina
atera da sententzia:
Puntu erdi bat bakar bakarrik
zegoen diferentzia,
beragatikan neskek daukate
aurrerako lizentzia.
Hurrengo saioa
Azaroak
10, TXARRANTXA (AZPEITIA): Gaueko 11:00etan
BAX:
- Beñat Lizaso
- Aitor Zinkunegi
- Josu "Xenpelar"
MAK:
- "Ministro"
- Ander Urbieta
- "Kurku"
AURKEZLEA: Aitzol Iparragirre
EPAILEAK: Jose Migel, Manuel
Lotura zuzena |
Erantzun