Gaia: Parranda
««Itzuli blog osora
'Mak' taldea finalera
Trintxerako saioa. Bertso Parranda | Erniarraitz |
2006/12/18
17:32

Azken finalerdia hirigunetik urrun, Errezilgo Trintxera
jatetxean izan bazen ere, orain arteko saio guztien bidetik arrakastatsu eta
jendez gainezka izan zen bada. NESKAK
eta MAK taldea ziren aurrez aurre. Saioa ona izan zen oro har eta
momentu ederrak izan zituen tarteka. Zortziko txikian Minik eta Leirek egin
zutena, esate baterako. 50na urteko senar-emazteak ziren, inoiz oporretara joan
gabeak eta senarrak, Leireri tokatu zitzaion paper hori, Kubara bidaia egiteko
proposamena egin zion, Mini emazteari. Saioko bertsorik politenetakoak bertan
izan ziren. Emaztea hasi zen Kuba aldea gerria mugitzeko leku aproposa zela esanez
eta hala erantzun zion senarrak:
Zerbait ba omen dago
hango eguzkian
berotzen dakiena
mugitzen hastian
ta gozatuko dezu
palmera azpian
gozatu ez dezuna
bizitza guztian.
Eta Miniren erantzuna ere polita
izan zen
……
neska kubanita bat
bazaizu komeni
Diniokin ederki
ibiliko naiz ni.
Bakarkako lanetan ere bi hauen eskutik etorri ziren alerik
politenak. Hitza gai emanda ‘malkoa’ izan zuen Leirek eta bere aurrean entzule
zuen Maider Egiguren preso ohiari kantatu zion berarekin topo egiteak sortu
zion zirrara, malkoa atera ziola adieraziz. Handik berehala zen Mini
bakarkako lanean eta ‘irria’ hitza zuen kanturako gai. Maiderri kantatu zion
honek ere, askatasunaren poza gogora ekarriz, eta honela amaitu zuen bertsoa:
……
zuen malkoa irri batekin
errez sendatu daiteke.
Ordurako ere behar bada egokiago ari ziren MAK taldekoak,
baina puntutako lanean borobildu zuten beren lana. Errezilgo hiru bertsolari
historiko izan ziren saioari begira eta dotore asmatu zuten, Miniren
‘Baserriren’ imintzio eta guzti, beren buruei eta ondokoei barre egiteko.
Amaieran bertso gosez zegoen jendea baina baita aurkezlea ere zirikatzaile
zebilen eta Leirek eta Minik saio polit bat egin zuten puntutan. Ondoren Gorka
Tolosa bera, Mini eta Ander ere animatu ziren elkar zirikatzera.
Finalean dena den MAK taldeko kideetako bat faltako da, ‘Kurku’,
kanpora joan behar baitu. Lekukoa ‘Xenpelar’ azpeitiar gazteari eman diote eta
MAK taldea MAX bihurtuko zaigu finalean.
Txapelaren jokoan, beraz, abenduaren 29an, Azpeitiko
Gaztetxean, 23:00etan:
XAPIOS: Xabier Azpillaga, Jokin Sudupe 'Pio' eta Silvia
Etxaniz
MA(K)X: Haritz Etxeberria 'Mini', Ander Urbieta, eta Josu 'Xenpelar' izango dira.
Lotura zuzena |
Erantzun
‘Xapios’ taldea txapelaren bila
Etxe Aitzeko saioa. Bertso Parranda | Erniarraitz |
2006/12/4
11:18

Azkoitiko Etxe Aitz lepo beteta zela jokatu
zen Bertso Parrandako lehen finalerdia. Azkoitiar kutsua zuen saioak eta ez Azkoitian
zelako bakarrik, hiru azkoitiar gazte baitziren bertan kantatu beharrekoak, bi
'Xapios' taldean, Jokin “Pio” eta Silvia Etxaniz, eta Lide Rekondo 'Jolin' taldean bestea;
eta Jokin Uranga, azpeitiarra bada ere, behin ere ukatzen ez duena bere amaren
aldeko azkoitiar jatorria. Bertsotan ofiziotan Torriako Aterpetxean jarri zuten
gaian ederki baliatu zuen bere jatorriak han zituela adierazteko.
Saio oso ederra eta orekatua egin zuten bi
taldeek. Esan daiteke ofiziotako eta bakarkako lanak amaitu zituztenean ‘Jolin’
taldearen alde egongo zela balantza, baina puntutako lanak erabaki zuela ‘Xapios’
taldearen alde, aurrez irabazitako aldea galdu zuten bada lan horretan. Lide
Rekondo bere urtebetetzeko oparirik gabe gelditu zen, puntu erdi ziztrin batengatik.
Aipagarria da aurtengo honetan azaldu den
gazte belaunaldiak erakutsi duen maila eta aurretik zebilen Jokin "Piok" egin
duen hobekuntza. Esan behar da hiru hauez gain beste bi ere badabiltzala,
Tibalt Alberdi, Mendizaleetan aurrekoan kantatu zuena eta ‘Neskak’ taldeko
Eneritz Artetxe. Bost azkoitiar gazte, bada zerbait, baina Errezil ere ez da
atzera gelditu, beste bi ordezkari baititu aurten, Eneritz Arzallus eta Nekane
Zinkunegi. Azpeitiko mintegia dabil lehor xamar oraingoz, baina eman du
ordezkari bat honek ere, Josu “Xenpelar”. Espero dezagun garai emankorragoen
aurreko atsedenaldia izatea. Hor agertzen da bertso eskolak isilean egindako
lanaren fruitua.
Zoriontzekoa berauek egin duten lana, duten
zaletasuna eta, nola ez, hauei laguntzen, irakasten aritu diren bertsolari eta
bertsozaleena. Bertso zaletasuna belaunaldiz belaunaldi igarotzeko biderik
onena da hori, hauek baitira gazteagoen ispilu. Zorionak.
Aste hau berezi xamarra izaki, atseden hartuko
du ostiral honetan Bertso Parrandak eta hilaren 15ean jokatuko da herri gunetik
aparte oraingoan, Errezilgo Trintxeran. Txapelketari hasiera irabaziz eman zion
‘Neskak’ taldea eta ‘Mak’ taldea abiatuko dira Gaztetxerako txartelaren bila.
Beraz hurrengo saioa:
♦ Abenduak
15, TRINTXERA (ERREZIL): Gaueko
11:00etan
NESKAK:
·
Leire Ostolaza
·
Eneritz Arzallus
·
Eneritz Artetxe
MAK:
·
Haritz Etxeberria “Ministro”
·
Ander Urbieta
·
Eneko Ibarguren “Kurku”
AURKEZLEA: Gorka Tolosa
Lotura zuzena |
Erantzun