Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko urriyek 7,  ASTEARTIE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Blogak »  Erniarraitz

Erniarraitz

Erniarraitz Bertsozale Elkartearen bloga (Elkartearen informazio orokorra)

 ARTXIBOA

 HARPIDETU

  • Jarioa: XML
  • Blog honetara harpidetu nahi? Mezu bat jasoko duzu zerbait idazten duenean. Sartu hemen zure e-posta:



    (rssfwd zerbitzuari esker)

     ORRI HAU...

     

    Gaia: Imanol

    ««Itzuli blog osora

    Pertsona ala abereari jarriak

    Imanol Lazkanoren bertsoak | Erniarraitz |  2007/03/22  16:50


     argazkia

    Imanol Lazkano

    Hara hemen aste honetan Argiak dakartzan bertsoak, kantatzeko nahiz ikasteko.

    I

    Mundu zahar honi begiratuta
    dago aitortu beharra
    denen gainetik azaltzen dela
    gizakiaren indarra.
    Baina begira nora daraman
    duen adimen azkarra
    bere senaren aurka dabilen
    abere mota bakarra.

      II

    Betidanikan izan direnak
    zorionaren barruti
    sendia eta lagunartea
    egin ditugu lau zati.
    Hirian bizi bagara ere
    bihurtu gara basati.
    Jende ugari dugu ondoan
    baina pertsona urruti.

    III

    Zerbait maitatu beharra dakar
    bizitzak bere muinean.
    Nik ingurua ta inguruak ni
    hori da azken finean
    pertsonekiko maitasun hori
    garrazten doan heinean
    gozo guztia isurtzen dugu
    beste abereen gainean.

    IV

    Aurrerapen ta inbentuekin
    gizona dabil harro ta
    hau dugu irin gozorik eho
    ezin dezakeen errota.
    Azken batean ez al da dena
    gizakiaren porrota?
    Zakurrak eta katuak maite
    eta pertsonak gorrota.

    V

    Bihotz oneko hainbat pertsona
    nonahi aurkitu daitezke.
    Abere mota guztientzako
    maitasun ta babes eske.
    Hainbat pertsona gosez ta gudan
    bizi ez direnak aske.
    Haien bizitzak ez ote dira
    abereenak hainbeste?

    VI

    Abere mota denak direnez
    izadiko ondareak.
    Egia esan neronek ere
    maitatzen ditut nereak
    nahiz ta benetan zilegi zaigun
    mimatzea norbereak.
    Lehenik pertsonak maita ditzagun
    eta gero abereak.

    Lotura zuzena  |  Erantzun

     

    uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
    Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
    Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
    Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
    Sareko Argia 2005 - Estatistikak

    Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
    Parte hartzeko arauak