Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko irailek 6,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Blogak »  Erniarraitz

Erniarraitz

Erniarraitz Bertsozale Elkartearen bloga (Elkartearen informazio orokorra)

 ARTXIBOA

 HARPIDETU

  • Jarioa: XML
  • Blog honetara harpidetu nahi? Mezu bat jasoko duzu zerbait idazten duenean. Sartu hemen zure e-posta:



    (rssfwd zerbitzuari esker)

     ORRI HAU...

     

    Gaia: Finaleko

    ««Itzuli blog osora

    ‘Xapios’ taldea txapeldun Gaztetxean.

    Finaleko saioa. | Erniarraitz |  2007/01/2  12:49


    Finala uste bezain bero eta bikain gertatu zen. Giro aparta zegoen, jendez gainezka, txapelketa guztian zehar izan duen jarraipen eta berotasuna areagotu egin zen finalean. Saioa atzerapen pixka batekin hasi zen Ander Urbietak izan zuen ondoez txiki bat tarteko. Saioan zehar ere izan zuen eragina MAK taldearen errendimenduan. Agurrean bertan sumatu zen talde batek nahiz besteak zekarren aldartea. Agur bana jarriko dugu lekuko gisa.

     
    AGURRAK

    Jokin Sudupe (Xapios)

    Bertso Parrandan iturria ere
    oraindik ez da agortu
    ta Gaztetxean ikusten danez
    giro ona zaigu sortu
    hona bidean bi burutapen
    honelaxe zaizkit otu
    gaurko saioaz gozatu eta
    ahal bada txapela lortu.

     
    Ander Urbieta (Mak)

    Gabon, zahar eta gazte,
    Aitton ta amonak.
    Zer moduz pasa dira
    aurtengo Gabonak?
    Orain hasiko dira
    gure bertso bromak.
    A, ta atzoko partez
    danoi zorionak.

     
    Saioan zehar izan ziren momentu oso onak eta baita erantzun bikainak ere. Adibide gisa:

     
    Ofiziotan Zortziko Handian, Silvia eta Josu neska mutilak ziren. Pelikula erromantiko bat ikustera gogoz kontra joan da Josu, baina argia piztu denean negar egin duela igarri dio neskak.

     
    Silvia:

    ………
    Negar egizu nire aurrean
    biok pertsonak gara ta.

    Josu:
    Nahiz pelikula gaur iruditu
    zaidan oso atsegina,
    jakin ezazu orain barnean
    nik badaukadala mina.
    Nola golpetik sortua zaidan
    gaur sexurako den grina
    eta tamalez ez degu egiten
    pelikulako berdina.

     
    Silvia:

    Hori aitzaki bat besteik ez da
    ez det egiten zalantza,
    irudi triste hoiekin zuri
    barrenak hamaika dantza.
    Ta sexu grina omen dezula
    gaur aitortu dezu antza.
    Jo ba, eskatu. Uste nuen nik
    bagenula konfiantza.

    Zortziko Txikian izan zen saiorik politena behar bada, eta osorik jarriko dugu.

    Larunbat gauero hamabiak aldera Xabier, amonatxoak, Gaztetxera etorri eta kubalibre bat eskatzen du. Mini da barrako arduraduna.

    Mini:

    Ikusi beharra da
    amonaren planta
    burua okerturik
    ta baita’re hanka.
    Gaztetxeagatikan
    ez dabil marmarka
    ‘Aitonenan’ baino’re
    merkeago data.

    Xabier:

    Gaztetxe barruraino
    ni erdi presaka,
    beste taberna denak
    albora lagata.
    Hemen merkeago, ba,
    atera kubata,
    lo egiteko oso
    gauza ona da ta.

    M: Lo egiteko orduan
    hainbat enbarazu,
    nahiz Jaungoikuai egin
    hamaika errezu.
    Gazte artean ondo,
    ederki zaude zu.
    Kresta bat egitea
    pentsatu al dezu?

    X: Hori entzundakuan
    eman didazu min,
    holakua zinanik
    oraindik ez nekin.
    Krestaik ez det egingo
    zergatia jakin,
    ilerik gabe ezin
    delako hau egin.

    M: Ilearekin dezu
    orduan problema,
    baina ez pentsa denik
    gauzarik txarrena.
    Beste kubata hartu
    zuk barran barrena
    etxearen kontura
    baidezu hurrena.

    X: Bi gehiegi direla
    ordea kontura.
    Zertan hartu behar det
    hemen abentura,
    baina gogoan daukat
    ez zuk izan duda
    ta hurrengo astekoa
    zerorren kontura.

    Bakarkako lanean Xapios taldeko bi ekarriko ditugu, biak izan ziren eta politak:

     

    HITZA: Eskola

    Xabier Azpillaga

    Bertso-eskolan daramakigu
    guk azkeneko bolada,
    afiziua hauxe dugu ta
    ezin ba alde bat laga.
    Zuen artean inbidirikan
    sentitu duenik bada
    ateak zabal-zabalik daude
    zatoz Bertso-eskolara,
    asteazkenez biltzen gara.

    OINAK: Aparta, galanta, falta, da ta

    Silvia Etxaniz

    Ene, hau da anbiente
    bero ta aparta.
    Bertso Parrandak sortu
    du giro galanta.
    Jendearen txalorik
    behintzat ez da falta.
    Zuek holaxe segi
    eskertutzen da ta.

    Ondoren puntutako lanak izan ziren, horretan dute gazteek eskarmenturik gutxien eta biziago aritu ziren ohi bezala MAK taldekoak. Azkenean epaimahaiak XAPIOS izendatu zuen txapeldun eta MINIk gizalegez onartu zuen erabakia bere agurreko bertsoan aitortu zuenez, izan ere bigarren urtez izan baita bigarren:

     
    Mini

    Hauek hobeto jardunak dira
    nahiz gu ez egon erdi lotan.
    Beti atzetik ibilia naiz,
    bigarrengoz aurtengo hontan.
    Neure buruai esaten diot,
    “lasai Ministro!”, askotan.
    Sateliteak egon behar dira
    izarrak egotekotan.

    Agur zoriontsua eman diogu bada 2006ko Bertso Parrandari eta zaletasuna zabaldu eta bertsoa kaleratzeko ahalegin horretan bere fruituak eman dituen ustez amaitu ere. Eskerrik asko denei, tabernari, bertsozale eta bertsolariei. Berotasun horren aparra jaisten denean Erniarraitzen inguruan, Bertso-eskolarako nahiz beste lanetarako jende berririk etorriko den ustetan, aurrera ere bertsoaz gozatzen jarrai dezagun. Hurrengo erronka otsaileko Bertso Asten izango dugu. Urte berri oparoa.

    Lotura zuzena  |  Erantzun

     

    uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
    Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
    Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
    Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
    Sareko Argia 2005 - Estatistikak

    Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
    Parte hartzeko arauak