Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abuztuek 28,  OSTEGUNE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Blogak »  Erniarraitz

Erniarraitz

Erniarraitz Bertsozale Elkartearen bloga (Elkartearen informazio orokorra)

 ARTXIBOA

 HARPIDETU

  • Jarioa: XML
  • Blog honetara harpidetu nahi? Mezu bat jasoko duzu zerbait idazten duenean. Sartu hemen zure e-posta:



    (rssfwd zerbitzuari esker)

     ORRI HAU...

     

    Gaia: Etxe

    ««Itzuli blog osora

    ‘Xapios’ taldea txapelaren bila

    Etxe Aitzeko saioa. Bertso Parranda | Erniarraitz |  2006/12/4  11:18

                                            


    Azkoitiko Etxe Aitz lepo beteta zela jokatu zen Bertso Parrandako lehen finalerdia. Azkoitiar kutsua zuen saioak eta ez Azkoitian zelako bakarrik, hiru azkoitiar gazte baitziren bertan kantatu beharrekoak, bi 'Xapios' taldean, Jokin “Pio” eta Silvia Etxaniz, eta Lide Rekondo 'Jolin' taldean bestea; eta Jokin Uranga, azpeitiarra bada ere, behin ere ukatzen ez duena bere amaren aldeko azkoitiar jatorria. Bertsotan ofiziotan Torriako Aterpetxean jarri zuten gaian ederki baliatu zuen bere jatorriak han zituela adierazteko.

    Saio oso ederra eta orekatua egin zuten bi taldeek. Esan daiteke ofiziotako eta bakarkako lanak amaitu zituztenean ‘Jolin’ taldearen alde egongo zela balantza, baina puntutako lanak erabaki zuela ‘Xapios’ taldearen alde, aurrez irabazitako aldea galdu zuten bada lan horretan. Lide Rekondo bere urtebetetzeko oparirik gabe gelditu zen, puntu erdi  ziztrin batengatik.

    Aipagarria da aurtengo honetan azaldu den gazte belaunaldiak erakutsi duen maila eta aurretik zebilen Jokin "Piok" egin duen hobekuntza. Esan behar da hiru hauez gain beste bi ere badabiltzala, Tibalt Alberdi, Mendizaleetan aurrekoan kantatu zuena eta ‘Neskak’ taldeko Eneritz Artetxe. Bost azkoitiar gazte, bada zerbait, baina Errezil ere ez da atzera gelditu, beste bi ordezkari baititu aurten, Eneritz Arzallus eta Nekane Zinkunegi. Azpeitiko mintegia dabil lehor xamar oraingoz, baina eman du ordezkari bat honek ere, Josu “Xenpelar”. Espero dezagun garai emankorragoen aurreko atsedenaldia izatea. Hor agertzen da bertso eskolak isilean egindako lanaren fruitua.

    Zoriontzekoa berauek egin duten lana, duten zaletasuna eta, nola ez, hauei laguntzen, irakasten aritu diren bertsolari eta bertsozaleena. Bertso zaletasuna belaunaldiz belaunaldi igarotzeko biderik onena da hori, hauek baitira gazteagoen ispilu. Zorionak.

    Aste hau berezi xamarra izaki, atseden hartuko du ostiral honetan Bertso Parrandak eta hilaren 15ean jokatuko da herri gunetik aparte oraingoan, Errezilgo Trintxeran. Txapelketari hasiera irabaziz eman zion ‘Neskak’ taldea eta ‘Mak’ taldea abiatuko dira Gaztetxerako txartelaren bila.  

     Beraz hurrengo saioa:

    ♦     Abenduak 15, TRINTXERA (ERREZIL): Gaueko 11:00etan

    NESKAK:

    ·        Leire Ostolaza

    ·        Eneritz Arzallus

    ·        Eneritz Artetxe

    MAK:

    ·        Haritz Etxeberria “Ministro”

    ·        Ander Urbieta

    ·        Eneko Ibarguren “Kurku”

     

    AURKEZLEA: Gorka Tolosa

    Lotura zuzena  |  Erantzun

     

    uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
    Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
    Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
    Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
    Sareko Argia 2005 - Estatistikak

    Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
    Parte hartzeko arauak