Gaia: Bertso
««Itzuli blog osora
“MINBIZIA DAUKADALA ESAN DIDATE”
Xabier Munibe Ikastolaren XVI. Bertso paper lehiaketa. | Erniarraitz |
2007/05/31
15:14
Azkoitian, 2007.5.31Xabier Munibe Ikastolaren XVI. Bertso paper lehiaketa.
1. saria ( 14-16 urte
bitartekoen artean )

ENERITZ ARZALLUZ
“MINBIZIA DAUKADALA
ESAN DIDATE”
|
1.-Berria entzun eta
sortu zen
nire sentipenen guda
bukatzen ez den zulo
iluna
zetorren nire burura
nola azaldu, nola
onartu
bukaeraren ardura
barnean hainbeste duda
tristea nere itxura
egi gordina ezagutzeko
nire garaia heldu da
zein txikia den
bizitzak eta
heriotzak duten muga
2.-Jada helmugara
iritsia naiz
guztia daukat joana
mundu honetan
gelditzen zaidan
denbora daukat emana
hain hurbila dut
datorrena eta
hain urruna iragana
baina etsipenaren zama
ez da etorriko nigana
sentitzen baitut egin
beharra
geroko utzi nuen dana
beti esateko gogoa
izan
ta inoiz esan ez dudana.
3.-Nola azaldu ene
laztana
jada ez naizela biziko
denbora luzez zure
ondoan
ez nauzula ikusiko
baina hala ere
maitatzeari
ez diodala utziko
sentipenei eutsiz
tinko
maitasuna ez da hilko
azkeneko aldiz maite
nauzula
esan zaidazu mutiko
nire ezpainetan irri
batekin
geratu nadin betiko
4.- Orain benetan ikus
dezaket
errealitate bortitza
parean jartzen zaigun
orori
aurka eginez zabiltza
dugunarekin ez
konformatu
gehiago lortzeko
giltza
dirua dugu baldintza
negarra da gure hitza
heriotza aurrez
daukagunean
konturatzea da hitsa
irribar batek
zenbateraino
alai dezaken bizitza
5.-Zail da azaltzen
ingurukoen
babes zabal ta beroa
nahiz ta beraien
begiradetan
tristura den oparoa
aprobetxatu gelditzen
dena
eta onartu geroa
zuena aurrera doa
nirea da igaroa
ez nago triste,
barruan daukat
sentimendu arraroa
lortu ezin den
zerbaitegatik
borrokatzeko gogoa
|
|
ENERITZ ARZALLUZ
Lotura zuzena |
Erantzun
Gu ta gutarrak
Bertso Aste | Erniarraitz |
2007/03/6
12:26
Erniarraitzen Bertso Aste 2007ren azken ekitaldiaren atarian
gaude.
Lehen bi ekitaldiak, nola Azkoitiko Martitteko Bertso
Afaria, hala Errezilgo Borondegiko “Bertso Txapelketa Azkarra” oso
arrakastatsuak gertatu dira. Bietan ere jendez gainezka eta pozik atera zen
jendea, bai bertsolariak eta bai entzuleak. Errezilen gainera sorpresa ederra Eneritz Arzallus eta Eneritz Artetxe, bi
neskak, eman zuten, lehenbizikoa garaile, bat behar-eta, baina saio eder askoak
egin zituzten biek eta beste askok ere, hauekin batera aritu ziren Azpillaga
anaiek esate baterako.
Atarian dugun hirugarren ekintza Korrikaren Kultur
Egitarauaren barruan txertaturik “Gu ta gutarrak” ditugu ostiral honetan,
Azpeitiko Gaztetxean gaueko 22:30etatik aurrera. Espero dugu Azpeitiko Gaztetxea
leporaino betetzea eta iluntze eder bat igarotzea. Orain arte egin duten
ibilbidean dotore doa ikuskizun hau eta ez dugu Azpeitian gutxiago izaterik
espero, guk jar dezagun gure aldetik ahal duguna, gero haiek emango dute beren
onena-eta.
Hiru euroren truke ikuskizun merke eta bikaina, beraz,
ostiral gau honetan Azpeitiko Gaztetxean. Biltzen den dirua Korrikarentzat.
Informazio gehiago helbide honetan: http://www.gutagutarrak.eu/
Lotura zuzena |
Erantzun
'Mak' taldea finalera
Trintxerako saioa. Bertso Parranda | Erniarraitz |
2006/12/18
17:32

Azken finalerdia hirigunetik urrun, Errezilgo Trintxera
jatetxean izan bazen ere, orain arteko saio guztien bidetik arrakastatsu eta
jendez gainezka izan zen bada. NESKAK
eta MAK taldea ziren aurrez aurre. Saioa ona izan zen oro har eta
momentu ederrak izan zituen tarteka. Zortziko txikian Minik eta Leirek egin
zutena, esate baterako. 50na urteko senar-emazteak ziren, inoiz oporretara joan
gabeak eta senarrak, Leireri tokatu zitzaion paper hori, Kubara bidaia egiteko
proposamena egin zion, Mini emazteari. Saioko bertsorik politenetakoak bertan
izan ziren. Emaztea hasi zen Kuba aldea gerria mugitzeko leku aproposa zela esanez
eta hala erantzun zion senarrak:
Zerbait ba omen dago
hango eguzkian
berotzen dakiena
mugitzen hastian
ta gozatuko dezu
palmera azpian
gozatu ez dezuna
bizitza guztian.
Eta Miniren erantzuna ere polita
izan zen
……
neska kubanita bat
bazaizu komeni
Diniokin ederki
ibiliko naiz ni.
Bakarkako lanetan ere bi hauen eskutik etorri ziren alerik
politenak. Hitza gai emanda ‘malkoa’ izan zuen Leirek eta bere aurrean entzule
zuen Maider Egiguren preso ohiari kantatu zion berarekin topo egiteak sortu
zion zirrara, malkoa atera ziola adieraziz. Handik berehala zen Mini
bakarkako lanean eta ‘irria’ hitza zuen kanturako gai. Maiderri kantatu zion
honek ere, askatasunaren poza gogora ekarriz, eta honela amaitu zuen bertsoa:
……
zuen malkoa irri batekin
errez sendatu daiteke.
Ordurako ere behar bada egokiago ari ziren MAK taldekoak,
baina puntutako lanean borobildu zuten beren lana. Errezilgo hiru bertsolari
historiko izan ziren saioari begira eta dotore asmatu zuten, Miniren
‘Baserriren’ imintzio eta guzti, beren buruei eta ondokoei barre egiteko.
Amaieran bertso gosez zegoen jendea baina baita aurkezlea ere zirikatzaile
zebilen eta Leirek eta Minik saio polit bat egin zuten puntutan. Ondoren Gorka
Tolosa bera, Mini eta Ander ere animatu ziren elkar zirikatzera.
Finalean dena den MAK taldeko kideetako bat faltako da, ‘Kurku’,
kanpora joan behar baitu. Lekukoa ‘Xenpelar’ azpeitiar gazteari eman diote eta
MAK taldea MAX bihurtuko zaigu finalean.
Txapelaren jokoan, beraz, abenduaren 29an, Azpeitiko
Gaztetxean, 23:00etan:
XAPIOS: Xabier Azpillaga, Jokin Sudupe 'Pio' eta Silvia
Etxaniz
MA(K)X: Haritz Etxeberria 'Mini', Ander Urbieta, eta Josu 'Xenpelar' izango dira.
Lotura zuzena |
Erantzun
‘Xapios’ taldea txapelaren bila
Etxe Aitzeko saioa. Bertso Parranda | Erniarraitz |
2006/12/4
11:18

Azkoitiko Etxe Aitz lepo beteta zela jokatu
zen Bertso Parrandako lehen finalerdia. Azkoitiar kutsua zuen saioak eta ez Azkoitian
zelako bakarrik, hiru azkoitiar gazte baitziren bertan kantatu beharrekoak, bi
'Xapios' taldean, Jokin “Pio” eta Silvia Etxaniz, eta Lide Rekondo 'Jolin' taldean bestea;
eta Jokin Uranga, azpeitiarra bada ere, behin ere ukatzen ez duena bere amaren
aldeko azkoitiar jatorria. Bertsotan ofiziotan Torriako Aterpetxean jarri zuten
gaian ederki baliatu zuen bere jatorriak han zituela adierazteko.
Saio oso ederra eta orekatua egin zuten bi
taldeek. Esan daiteke ofiziotako eta bakarkako lanak amaitu zituztenean ‘Jolin’
taldearen alde egongo zela balantza, baina puntutako lanak erabaki zuela ‘Xapios’
taldearen alde, aurrez irabazitako aldea galdu zuten bada lan horretan. Lide
Rekondo bere urtebetetzeko oparirik gabe gelditu zen, puntu erdi ziztrin batengatik.
Aipagarria da aurtengo honetan azaldu den
gazte belaunaldiak erakutsi duen maila eta aurretik zebilen Jokin "Piok" egin
duen hobekuntza. Esan behar da hiru hauez gain beste bi ere badabiltzala,
Tibalt Alberdi, Mendizaleetan aurrekoan kantatu zuena eta ‘Neskak’ taldeko
Eneritz Artetxe. Bost azkoitiar gazte, bada zerbait, baina Errezil ere ez da
atzera gelditu, beste bi ordezkari baititu aurten, Eneritz Arzallus eta Nekane
Zinkunegi. Azpeitiko mintegia dabil lehor xamar oraingoz, baina eman du
ordezkari bat honek ere, Josu “Xenpelar”. Espero dezagun garai emankorragoen
aurreko atsedenaldia izatea. Hor agertzen da bertso eskolak isilean egindako
lanaren fruitua.
Zoriontzekoa berauek egin duten lana, duten
zaletasuna eta, nola ez, hauei laguntzen, irakasten aritu diren bertsolari eta
bertsozaleena. Bertso zaletasuna belaunaldiz belaunaldi igarotzeko biderik
onena da hori, hauek baitira gazteagoen ispilu. Zorionak.
Aste hau berezi xamarra izaki, atseden hartuko
du ostiral honetan Bertso Parrandak eta hilaren 15ean jokatuko da herri gunetik
aparte oraingoan, Errezilgo Trintxeran. Txapelketari hasiera irabaziz eman zion
‘Neskak’ taldea eta ‘Mak’ taldea abiatuko dira Gaztetxerako txartelaren bila.
Beraz hurrengo saioa:
♦ Abenduak
15, TRINTXERA (ERREZIL): Gaueko
11:00etan
NESKAK:
·
Leire Ostolaza
·
Eneritz Arzallus
·
Eneritz Artetxe
MAK:
·
Haritz Etxeberria “Ministro”
·
Ander Urbieta
·
Eneko Ibarguren “Kurku”
AURKEZLEA: Gorka Tolosa
Lotura zuzena |
Erantzun
Xebastian Lizasoren bertsoak
Bertso berriak... Onddoei jarriak | Erniarraitz |
2006/11/16
17:04
Hauek dira aste honetan Argian datozen bertsoak. Seguru badela azpeitiar bat baino gehiago lurralde haietan perretxikutan ibilia. Xebastianek esandako arrazoiekin bat ez datorrenik ere izango da norbait agian, nork daki. Aukera ederra du bertsoz erantzuteko.
Doinua: Pasaiako plazatik.
I
Ultzama aldetikan
dator arazoa
jasan ezina nunbait
jende erasoa
neurritikan kanpora
omen da jasoa
naturak emandako
opari gozoa.
II
Bilatuta onddoa
aguro saskira
kilo asko bilduak
gehiagon desira.
Onak dauden artean
hori komeni da
utzitakoak bertan
usteltzen baitira.
III
Buru argiren batek
egin omen plana
xox batzuek tarteko
konpontzen da dana.
Ordaindu beharko da
diru sari bana
lehen denentzako zen
naturak emana.
IV
Hesi ta aberetan
gaitza nabarmendu
hori «peajeakin»
ezinda zuzendu.
Nahiz ta lurrak emana
beretzako kendu
onddotara doanak
natura maite du.
V
Lotura klase asko
mendiakikoak
batzuek noizbehinka ta
asko betikoak
afizio ugari
daude modakoak
eskerrak asko dauden
ofiziokoak.
VI
Hizketan jakituna
edo ta ezjakin
gizakia arrotz da
natura gauzakin.
Ez da ezer konpontzen
lege berriakin
beraz, joka dezagun
gizalegeakin.
Xebastian Lizaso
Lotura zuzena |
Erantzun
Albiste zaharragoak »»