'Mak' taldea finalera
Trintxerako saioa. Bertso Parranda | Erniarraitz |
2006/12/18
17:32

Azken finalerdia hirigunetik urrun, Errezilgo Trintxera
jatetxean izan bazen ere, orain arteko saio guztien bidetik arrakastatsu eta
jendez gainezka izan zen bada. NESKAK
eta MAK taldea ziren aurrez aurre. Saioa ona izan zen oro har eta
momentu ederrak izan zituen tarteka. Zortziko txikian Minik eta Leirek egin
zutena, esate baterako. 50na urteko senar-emazteak ziren, inoiz oporretara joan
gabeak eta senarrak, Leireri tokatu zitzaion paper hori, Kubara bidaia egiteko
proposamena egin zion, Mini emazteari. Saioko bertsorik politenetakoak bertan
izan ziren. Emaztea hasi zen Kuba aldea gerria mugitzeko leku aproposa zela esanez
eta hala erantzun zion senarrak:
Zerbait ba omen dago
hango eguzkian
berotzen dakiena
mugitzen hastian
ta gozatuko dezu
palmera azpian
gozatu ez dezuna
bizitza guztian.
Eta Miniren erantzuna ere polita
izan zen
……
neska kubanita bat
bazaizu komeni
Diniokin ederki
ibiliko naiz ni.
Bakarkako lanetan ere bi hauen eskutik etorri ziren alerik
politenak. Hitza gai emanda ‘malkoa’ izan zuen Leirek eta bere aurrean entzule
zuen Maider Egiguren preso ohiari kantatu zion berarekin topo egiteak sortu
zion zirrara, malkoa atera ziola adieraziz. Handik berehala zen Mini
bakarkako lanean eta ‘irria’ hitza zuen kanturako gai. Maiderri kantatu zion
honek ere, askatasunaren poza gogora ekarriz, eta honela amaitu zuen bertsoa:
……
zuen malkoa irri batekin
errez sendatu daiteke.
Ordurako ere behar bada egokiago ari ziren MAK taldekoak,
baina puntutako lanean borobildu zuten beren lana. Errezilgo hiru bertsolari
historiko izan ziren saioari begira eta dotore asmatu zuten, Miniren
‘Baserriren’ imintzio eta guzti, beren buruei eta ondokoei barre egiteko.
Amaieran bertso gosez zegoen jendea baina baita aurkezlea ere zirikatzaile
zebilen eta Leirek eta Minik saio polit bat egin zuten puntutan. Ondoren Gorka
Tolosa bera, Mini eta Ander ere animatu ziren elkar zirikatzera.
Finalean dena den MAK taldeko kideetako bat faltako da, ‘Kurku’,
kanpora joan behar baitu. Lekukoa ‘Xenpelar’ azpeitiar gazteari eman diote eta
MAK taldea MAX bihurtuko zaigu finalean.
Txapelaren jokoan, beraz, abenduaren 29an, Azpeitiko
Gaztetxean, 23:00etan:
XAPIOS: Xabier Azpillaga, Jokin Sudupe 'Pio' eta Silvia
Etxaniz
MA(K)X: Haritz Etxeberria 'Mini', Ander Urbieta, eta Josu 'Xenpelar' izango dira.
|
|
Erantzuteko izena eman behar duzu
|
|