Gaia: -
««Itzuli blog osora
Okinaren semea
- | Iban Etxezabal eta Eneko Garmendia |
2008/05/28
10:01
Okinaren
semea naiz.
Hemen, ene arima,
ez zuri, ez beltz bizi da.
Erazarri bezperatan entzuten ahal dut
zurruntasunez, lainopetik,
tximeleta gorrien hegadaren usaina.
Lamia ulegorrien berbotsa,
behiala gizon-emakumeen erreinu zen honetan.
Zaldun basatien lorratzez jantzia.
Ezpata hotsez lokartzen ziren egunak,
okinaren auspoaren ufadak
goiztiri urdinak zekartzan.
Okinaren semea naiz.
Errepiren jabe,
gari sailetan ostentzeraino.
Basoko izaki ororen ahurride,
pago lotien xirula hotseko arnasak hala nahita.
Ibaiko uren gainetik atzaparrez
olerkiak irudikatzen zituen arranoarekin
berba egiten saiatua,
zaldi zurien kondairak lumadian leituz.
Hostotza tapituen gorteiatze
dantzak
gailurretara ninderaman.
Eta bide-gurutzean etzanda,
lurrak, joandakoen ehunka adioz
torturatzen ninduen.
Bihurrerak,
umanten* bihurrerak, geritu.*
Okinaren auspoaren ufadak
isildu ziren arte.
Okinaren auspoarentzat
eskurik ez zenean,
ene mundua erre ez zedin,
ene mundua keetan gal ez zedin,
arrotzen mundua erre nuen.
Arrotzen mundua keetan infernuratu nuen.

Ilargi
amaren mugetan
entzun zitezkeen
otsoen uhuri odolez histuak,*
joandakoen zainetatik
egarri eraile.
Arradizetatik,*
saminez armatuta,
azken zaldidi bat.
Aberritik desterrura.
Gure ibarretatik,
etxola hutsen surmurra,
gizonen malkoa,
bortxaren urrina,
asaben mundua.
Zaldien
aho-burdinen ikarak
erakutsi zigun ostertza.
Sull-zra haran handiaren atea,
harrizko zubi ttipia,
aberriaren asasinoen arnasats asegaitza.
Loreen eskualdeko gudamutilak gizazain,
hatzak goseak hamikatuz,
ezpata-buruaren fereka eskuturrean.
Ezkutarma eta altzairu
elikatzen ginen,
hisia* bihotzaren ohaide.*
Trumoiak garrasien ataurrean,
haragiaren etena ondoren,
arrastiri gorria anaientzat.
Zuk idatzi zenidan hilartitza
Oh aberri maite,
arrastiri gorria munduari.
Lainoetan gure odola,
auhenak isildu ziren
Oh aberri maite.
Zure emasabelera ostera
Oh ama aberria.

Sustraietan
existitzen da ene bizilekua,
urak ausart
euren bidetik atera diren
ene gartzelan.
Atarian,
ehun urtez urkaturiko neskatiko urdina.
Zuhaitz hiztunen pentokan*
zaindari agertzen naiz,
hil-beltzeko ilargien garaian.
Ene borreroekin jarritako hitzordura,
bekatuen zaurietatik
betikotasunera.
Eguna
zen hartan,
gauaren eskuizkribuak lege.
Oskarbi zuloetan
lainoa makur.
Lurraren egarririk eza,
arimaren kateen astuna.
Hau
da niri dagokidana,
ponitu beharrekoa.
Ene pentokan,
zaldi zurien jaun,
borreroen borrero,
umant ustean,
umezurtzen negarra bidaide.
Amen nahigabearen garrasi lehertua.
Ezereza.
Idatzi
zaidazu azken lerro bat,
amaiaren hasera.
Udaren azkeneko arginabar moteletan,
zu zara hosto herdoilduak
zapaltzen lehena.
Nintzenetik zara,
ginenetik kimu.
Behinola hemen,
ameskeriaz,
paradisua arimaratu nuen.
Ene abernuaren gainetik
ni arimaratu nahi nauzu.
Zure hitzen doinutik
pakea eros ahal dut.
Errautsetatik aberria.
Zure arimatik nirea.
*************
Umant:
Heroi.
Geritu: Sendatu
Histuak: Asetuak.
Arradizetatik: Sustraietatik.
Hisia: Tema, setakeria.
Ohaide: Amorante
Pentoka: Mendi muino.
Textua: Eneko Garmendia
Argazkia: Iban Etxezabal
Lotura zuzena |
4 erantzun. Azkena:
parapa | 2008-05-31 | 18:57
Begietan
- | Iban Etxezabal eta Eneko Garmendia |
2008/02/25
19:21

Esnatzen ari zara,
bizitzaren erroldan ageri zaizu arnasa.
Erretzear den mundua zureganatzear.
Zer esan nahi didazu?
Zertan gordetzen zara bizitzaren lubakietan?
Goiz da zuretzat.
Begietan.
Ilunabarretan.
Hezurrez eginiko lepokoaren kraskak,
Rub al-Jali handiaren uhuriak.
Hutsaren irribarreak asaldatzen zaitu.
Goiz da zuretzat.
Begietatik.
Urik ez den lekuan
neskatoa itotzear.
Zure begietan
eskua luzatuta.
Zure begietan bereak zabalik.
Urik ez den lekuan.
Ilargia azken laino batek besarkatu du.
Ate azpian argia da.
Goiz da zuretzat.
Non egingo du lo Djamilak?
*******************
Djamilari sortaldetik datorkio zigorra.
Ehun beltzak, oinak sugarretan.
Djamila basamortuko zuntz-hausturetan ezkutuka dabil,
nerabezaroa gautzen zaiolarik.
Bihotza entzuten du Djamilak,
hondar-ekaitzek itsutzen dutelako.
Zurrunbiloetan zure begien durundiak
gatz putzuetatik haratago,
ametsen mundura darama Djamila.
Gaur, gamelu zaharren baten haragiak
hiltzeko beste modu bat eskeini diezaioke.
********************
Antzina ziren begi zureak
egipziar erreginen niniak.
Lurralde antzu zirenetan,
lurralde siku direnetan.
Emaidazu ostertza,
marraztu zaidazu zerua izarrez josia.
Zuk ikusten duzuna gura dut
heriotzak libre eraman nazan.
Gari sailak.
Ispiluetan zuhaitzak
hosto urdinez.
Zaldi askeen irrintzia.
Gailurretako elur gaztearen baitan
egarria asetu zaidazu.
Pago eroriaren sutondoa,
egongelako pianoa.
Anai-arreben berotasuna.
Sukaldea.
Amaren presentzia hilezkorra.
Bizkarrean eskua,
sorbalda bat.
Aita.
Textua: Eneko Garmendia
Argazkia: Iban Etxezabal
Lotura zuzena |
Erantzun
Paperezko jainkoen munduan, deserririk ez
- | Iban Etxezabal eta Eneko Garmendia |
2007/12/5
19:52

Presondegiko hesiak erori direla zabaldu da.
Berria, ez dabil aske,
klandestinitatea du bide.
Automatak edonon, erahilketak.
Ez dut denborarik, ez dut denborarik.
Apenas esperoan egoterik daukadan
ekialdean zer ageriko.
Gezurra ala miseria den altxatuko.
Hesiak.
Zurrun joan beharra,
itzalak baliatuz,
ia desagertzeraino, tentuz.
Baliteke bidea,
milia amaigabea,
milia bakarti bihurtzea.
Jarraitzaileak gorroto ditut,
gorrotoz bizi naiz eta.
Ez dago jada Hamelinik,
xirularia erbesteratua izan zen.
Baliteke eroritako hostoen artean galtzea,
baliteke bai,
noraezean.
Baina munduak biran dirau.
Atexka itxi, asperen bat.
Dena abian.
Gogaituta,
ametsa luzapenean.
Amets gaiztoenean kateatuta.
Aspertu naiz jateaz,
harea gorrietan goseak
hilotzak uzten dituenean.
Egonezina sortzen dit ispiluak,
ito egin nau paperezko jainkoen munduak.
Zertara hator, zergatik hoa?
Erromes.
Zalantzak ilunabarrean.
Itsasoak bakarrik josi ditzakeen labana zauriak.
Harkaitza belauntziarekin.
Oihalak, brankak eta popak.
Baborretik estriborrera,
kateen fereka luzea ahaztu nahirik.
Askatasuna, heriotzean bada ere.
Pakea.
Deserria?
****************
Egia da.
Gartzelako hesiak erori dira.
Orain, odaiertzera begiak.
Ikuspegia ezin hotzagoa suertatu zait,
lotarakoan urdinagoa zen dena.
Oihal aunitzeko belauntzi zuririk ez,
bi arraun lokartu eta txalupa mesfidati bat.
Horra altxorra.
Jatorri ezezaguneko opari kaxaren
patuaren jabe sentitzen naiz.
Ireki...ez.
Pozoina...lurrina.
Hemen, ene fisterra pribatuan,
leiho hautsiaren teoriak
inoiz baino indar gehiago duen honetan,
galbiderako, munduaren galbiderako
gurutz-bidea zabalik da.
Altzairua egur bilakatzen ikusi dut.
Errepide marraztuak utzi eta
bidezidorretako txadonetan
txanponak harrika boteaz.
Hamaika gizon gehiago giltzapetik
atera nahian eskuak urratu ditut.
Gaur ordea bide-orriari morrontza zor diot.
Lur-muturra oinazpian dudala.
Puzzlea osaturik.
Jainkoa bera ere epaitzera ausartuko nintzateke,
ene jainkoa, neuk ordaindutakoa.
Apika, azken lerroak idaztera nator.
Terranovako olatuak, bizia palkarik gabe.
Arraun, itsasoaren gatzagetan zauriak erre arte.
Boga, zigor untzietakko atabalen doinu makurra.
Arraun, izua patroi.
Udazkeneko baso birjinak soilik gogoratu nahi ditut.
Boga, malenkonia ezaren anestesiaz.
Mugaren baitan,
munduak nola gogoratuko ote nauen otu zait,
gogoratuko ez dudan mnduak berak.
Ezerezaren orenean.
Ur-jauzi infinitu batean lebitatzea xede.
Mila urtez, mila urtez.
Textua: Eneko Garmendia
Argazkia: Iban Etxezabal
Lotura zuzena |
Erantzun