Begietan
- | Iban Etxezabal eta Eneko Garmendia |
2008/02/25
19:21

Esnatzen ari zara,
bizitzaren erroldan ageri zaizu arnasa.
Erretzear den mundua zureganatzear.
Zer esan nahi didazu?
Zertan gordetzen zara bizitzaren lubakietan?
Goiz da zuretzat.
Begietan.
Ilunabarretan.
Hezurrez eginiko lepokoaren kraskak,
Rub al-Jali handiaren uhuriak.
Hutsaren irribarreak asaldatzen zaitu.
Goiz da zuretzat.
Begietatik.
Urik ez den lekuan
neskatoa itotzear.
Zure begietan
eskua luzatuta.
Zure begietan bereak zabalik.
Urik ez den lekuan.
Ilargia azken laino batek besarkatu du.
Ate azpian argia da.
Goiz da zuretzat.
Non egingo du lo Djamilak?
*******************
Djamilari sortaldetik datorkio zigorra.
Ehun beltzak, oinak sugarretan.
Djamila basamortuko zuntz-hausturetan ezkutuka dabil,
nerabezaroa gautzen zaiolarik.
Bihotza entzuten du Djamilak,
hondar-ekaitzek itsutzen dutelako.
Zurrunbiloetan zure begien durundiak
gatz putzuetatik haratago,
ametsen mundura darama Djamila.
Gaur, gamelu zaharren baten haragiak
hiltzeko beste modu bat eskeini diezaioke.
********************
Antzina ziren begi zureak
egipziar erreginen niniak.
Lurralde antzu zirenetan,
lurralde siku direnetan.
Emaidazu ostertza,
marraztu zaidazu zerua izarrez josia.
Zuk ikusten duzuna gura dut
heriotzak libre eraman nazan.
Gari sailak.
Ispiluetan zuhaitzak
hosto urdinez.
Zaldi askeen irrintzia.
Gailurretako elur gaztearen baitan
egarria asetu zaidazu.
Pago eroriaren sutondoa,
egongelako pianoa.
Anai-arreben berotasuna.
Sukaldea.
Amaren presentzia hilezkorra.
Bizkarrean eskua,
sorbalda bat.
Aita.
Textua: Eneko Garmendia
Argazkia: Iban Etxezabal
Lotura zuzena |
Erantzun
Paperezko jainkoen munduan, deserririk ez
- | Iban Etxezabal eta Eneko Garmendia |
2007/12/5
19:52

Presondegiko hesiak erori direla zabaldu da.
Berria, ez dabil aske,
klandestinitatea du bide.
Automatak edonon, erahilketak.
Ez dut denborarik, ez dut denborarik.
Apenas esperoan egoterik daukadan
ekialdean zer ageriko.
Gezurra ala miseria den altxatuko.
Hesiak.
Zurrun joan beharra,
itzalak baliatuz,
ia desagertzeraino, tentuz.
Baliteke bidea,
milia amaigabea,
milia bakarti bihurtzea.
Jarraitzaileak gorroto ditut,
gorrotoz bizi naiz eta.
Ez dago jada Hamelinik,
xirularia erbesteratua izan zen.
Baliteke eroritako hostoen artean galtzea.
Baliteke, bai.
Noraezean.
Baina munduak biran dirau.
Atexka itxi, asperen bat.
Dena abian.
Gogaituta,
ametsa luzapenean.
Amets gaiztoenean kateatuta.
Aspertu naiz jateaz,
harea gorrietan goseak
hilotzak uzten dituenean.
Egonezina sortzen dit ispiluak.
Ito egin nau paperezko jainkoen munduak.
Zertara hator, zergatik hoa?
Erromes.
Zalantzak ilunabarrean.
Itsasoak bakarrik josi ditzakeen labana zauriak.
Harkaitza belauntziarekin.
Oihalak, brankak eta popak.
Baborretik estriborrera,
kateen fereka luzea ahaztu nahirik.
Askatasuna, heriotzean bada ere.
Pakea.
Deserria?
****************
Egia da.
Gartzelako hesiak erori dira.
Orain, odaiertzera begiak.
Ikuspegia ezin hotzagoa suertatu zait.
Lotarakoan urdinagoa zen dena.
Oihal aunitzeko belauntzi zuririk ez,
bi arraun lokartu eta txalupa mesfidati bat.
Horra altxorra.
Jatorri ezezaguneko opari kaxaren
patuaren jabe sentitzen naiz.
Ireki...ez.
Pozoina...lurrina.
Hemen, ene fisterra pribatuan.
Leiho hautsiaren teoriak
inoiz baino indar gehiago duen honetan.
Galbiderako, munduaren galbiderako
gurutze bidea zabalik da.
Altzairua egur bilakatzen ikusi dut.
Errepide marraztuak utzi eta
bidezidorretako txadonetan
txanponak harrika boteaz.
Hamaika gizon gehiago giltzapetik
atera nahian eskuak urratu ditut.
Gaur ordea bide-orriari morrontza zor diot.
Lur-murturru oinazpian dudala.
Puzzlea osaturik.
Jainkoa bera ere epaitzera ausartuko nintzateke,
ene jainkoa, neuk ordaindutakoa.
Apika, azken lerroak idaztera nator.
Terranovako olatuak, bizia palkarik gabe.
Arraun, itsasoaren gatzagetan zauriak erre arte.
Boga, zigor untzietakko atabalen doinu makurra.
Arraun, izua patroi.
Udazkeneko baso birjinak soilik gogoratu nahi ditut.
Boga, malenkonia ezaren anestesiaz.
Mugaren baitan,
munduak nola gogoratuko ote nauen otu zait,
gogoratuko ez dudan mnduak berak.
Ezerezaren orenean.
Ur-jauzi infinitu batean lebitatzea xede.
Mila urtez, mila urtez.
Textua: Eneko Garmendia
Argazkia: Iban Etxezabal
Lotura zuzena |
Erantzun
Datorrenaren Zain
Naturaren haserre geldiezina | Iban Etxezabal eta Eneko Garmendia |
2007/03/9
15:39

Normaltasunez amaituko
dela dirudi.
Urak bare antzean.
Hogeita hainbat orduren
buelta horri so.
Akabo gaurkoa.
Hala dirudi.
Azken boladan ametsak
aldrebesten zaizkit.
Marmario sakon bat.
Danbor edo dunbel hotsa,
ez dakit,
etengabe bailaratik.
Egunerokotasunaren
plazerrak.
Ostiral arratsaldeko
kafea,
garratz sumatu dut.
Ametsetan blai,
zerua gorritzen ote den iruditu
zait.
Ba ote?
Etxeruntz.
Jendea gora begira.
Zeruak dakar, nonbait,
egia.
Atetik kalera pausoak.
Isiltasunak kateatuta,
inguratzen nauen beirazko
munduan
kostaldea agertzen zait.
Itsasuntziak noraezean.
Marruka ilunabarra.
Bost ontz zuri eguerdian.

Lurrak hondoratzen diren gunean.
Begiak lausotu aurretik.
Berandu baino lehen.
Bihotza
hotz.
Hilerria
agerian.
Itsasuntziak,
bata bestearen ondoan.
Begiak soberan, ezinezkoa ikustea.
Lur-muturrean garrasi egin diot
untzi beltz
bati.
Alferrik
da.
Hortzak
agerian babesetik.
Kroskoa
kraskaka.
Urak daramatza gorpuak.
Izuarekin solasaldian,
hondartza bera marrazten saiatu naiz.
Eguzkiaren laztan atsegina,
uraren naturaltasuna.
Murgildu eta edabe zenekoa.
Altxamendura deituak, ozeano eta zeruak.
Inteligentziaz haratago, indarkeria.
Lurrunetara kondenatuak.
Lurruna, mundua itsutzeko.
Lurruna, gizakia jo eta zanpatzeko.
Zurrumurrua, azken kolpearen bezperan.

Lapurtzat
dut ene burua.
Lege
guztien gainetik, aske.
Lotsagabe.
Nazkagarria.
Erosotasunaren jainkosari
eliza eraiki diot.
Txikizioaren itun berritik abiatuta,
natura hanka azpian preso.
Itsasoa, ai itsasoa.
Lehortu nahi izan dut,
biltegi
bilakatu.
Anker
halakoa.
Hotzak
bero.
Gazia, gozo.
Ondorengotzarik ez da jada.
Neurekoikeriaren mugetan dantzan.
Datorrena pairatu beharra
iritsi zait
ustekabean
Ametsak
gaizto.
Egiaren zaztada gordina.
Ostertzean, zerua gorritzen hasi da.
Zerua gorritzen hasi da,
urak urruntzen arratsean.
Arnas hartu
dut, nahi dut.
Zeruak
kezkatzen nau.
Soldadu
beltzak prest.
Badator.
Haitzak
zorrotz,
itsasoa
oldartzear.
Gizateria aienez jantzia.
Odola.
Lapurrak gartzelan, urkamendira bidean.
Amaieran, hasierara.
Liburuaren lehen orrialdera.
Idazlearen
esku.
Bost ontz
zuri…

Testua: Eneko Garmendia
Argazkiak: Iban Etxezabal
Lotura zuzena |
Erantzun
Arbeit macht frei
Gerrari olerkiak. Dachau. | Iban Etxezabal eta Eneko Garmendia |
2006/12/29
17:58

Oraindik bero hura itsatsirik daramat.
Lurralde ezberdin batean jaioa,
okerreko arraza baten jabe antza.
Kolpatua, giza-lotsaren usaina.
Bizirik, heriotzean.
Egurrezko kaiolak,
aurpegiak oroimenean,
errautsak arnas.
Gizon hura gogoan, begirada bat.
Gorenetik usteltzen,
esku bat sorbaldan,
gailu hilgarria zelatan.
Pasabidean atzera begiratu nuen,
guztiaren amaieran.
Ez zen izan garrasirik, bultzadarik.
Zertarako?
Sarraila entzuten dut erortzen.
Iluna eta sugarra,
errautsak arnas.

Egurrezko ateak erori ziren.
Zalaparta zakur hotsarekin,
iltzeak irainetan.
Emaztea lurpean gordea.
Haurrak aspaldi agurtu nituen.
Azken hamaika eskailerak batean.
Hezurrak hauskor,
odoletan ordurako.
Burdinazko sugearen sabeletik at,
ura erasoan, izurritea gara.
Hesi eta arantzazko basamortuan,
anaia gehiegi noraezean.
Lokatza elurraz,
hotza malkoez,
ametsak.
Atarian, pertsona bat zintzilik;
Azala, arraza… biluzik.
Judua.
Kateen besarkada gorputzean.
Ate andana, danbatekoak.
Oinazearen doinua.
Mamuak gauerdian.
Gure amen erahilketen oihua.
Laino artean dator eguna.
Samina.
Arigirik eza guretzat.

Urteetan egunak.
Milaka ordu
pentsamenduan galduak.
Argazkien laztanean,
malkoen lehortzean.
Inoiz, berriro gurutzatu dut infernua.
Ume bat nintzenean bezala.
Germania erorian,
kea eta eraikin eraitsiak.
Askatasunerantz,
preso izan ziren kaleetan barna.
Gorpuak nonahi, euritan itoak.
Isiltasuna.
Britaniar tankeen trakets-hots mutua.
Ibilbide bera.
Hesi, harresi eta arantza.
Geziak ene bihotzera.
Aita ikus dezaket, trapuz jantzita.
Esku latz hark estutzen ninduen,goxatzen.
Amari deika, herioz.
Horma koldarrek irensten zuten izena.
Ezintasunaz etsita.
Azkenean erahila.
Emakume ilehoria datorkit gogora,
seme hila besoetan.
Zauritan blai, hautsaren eta odolaren izarapean,
alemaniar emakume ederra ageri zen.
Soldadu setatsuak, uzkur.
Azken bala bat,
azken judu batentzat.
Ilunantzera bidean.
Karrika goibeltasunezkoan semea betiko.
Hizkuntz arrunt adiezinean,
bizitza trukean.
Hila behar nuke.
Hiru arnasaldi etenen zorra.
Hila nahi nuke.
Hiru arnasaldi etenen pisua.
Arnas haien beroa gogoan.
Bakarrik.
Hila nahi nuke… euren ondoan.
Lotura zuzena |
2 erantzun. Azkena:
enekogc | 2007-01-09 | 18:05