Euskal Herriko emakumeen eskubideen gutuna (I)
EMAKUMEA | Emakumeen eskubideen gutuna |
2007/03/6
08:57
SARRERA:ERREALITATEA MARGOTZEN
Milurteko berri honen hasieran, Mundu Martxarako nazioarteko sarea osatzen
dugun emakumeok, gure eskubideekin zer gertatzen zen aztertzea izan genuen
helburu. IZADIARENTZAKO MUNDUKO EMAKUMEON GUTUNA da lan horren emaitza, eta
orain gure herrian bertan zehaztu nahi dugu lan hori, gure ustez, geuri
dagozkigun eskubideen lorpenean aurrera egiten eta eskubideok beteko direla
bermatzen duten mekanismoak exijitzen lagunduko digun tresna behar dugulako
eta, era berean, borroka feministaren helburuak eta jarraitu beharreko
estrategiak eguneratzeko. Ez da erraza izango, ez horixe.
Badira hiru hamarkada, herrialde honetan antolaturiko Mugimendu Feministari
errealitate patriarkalak eztabaidagai bilakatu duela, emakumeentzat
problematikoa, bidegabea eta legez kontrakoa izateagatik; berau ahalbidetzen
duten arrazoiak bilatzen aritu izan da eta gizon-emakume guztiontzat hobea
litzatekeen gizarterako proposamen alternatiboak eratzen.
Izan dira, bai, oztopoak bidean, baina ikuspuntu formal batetik, esan dezakegu
berdintasuna izan badela: legezko eskubideak eta gure ugalkortasunaren kontrola
konkistatu ditugu, goi-mailako heziketara ailegatu gara, lehenago guretzat
pentsaezinak ziren lanbideetan aritu gara eta jendartean betetzen dugun
funtzioaren gainean antzina zeuden sinesmenak behera bota ditugu,… Orduan,
hainbeste adierazpen, lege eta egitasmo izanda, zergatik gertatzen dira
oraindik indarkeria sexista, diskriminazio, zapalkuntza eta ikusezintasun
egoerak? Bi estatutan eta hiru administraziotan banatuak gaudelarik lege
ezberdinak dira. Emakumeok uste dugu ez dagoela benetako borondaterik, ez
interesik, jendarte-guneetako esleipen hierarkizatua generoaren arabera
aldatzeko, eta honi amaiera eman ahal izateko, jendarte osoaren jarrera
aldaketa da beharrezkoa eta gizonezkoena bereziki, gizon izateagatik bakarrik
dituzten pribilegioei uko egiten ikasi beharko dutelarik. Gizonak jaio egiten
dira eskubidedun, guk borrokatu egin behar dugu, lortu nahi baditugu.
Eta lan egingo dugu lortzeko. Euskal Herrian bizi garen emakumeak: hemen
jaiotakoak zein kanpotik etorriak, langabetuak, esplotatuak, lesbianak,
sakabanatu eta kartzelaratuak, txiroak, sexua ogibide dutenak, etxekoandreak,
nekazari eta abeltzainak, gazteak, zaintzaileak, erasotu eta kolpatuak,
pentsiodunak, sindikalistak, intsumisoak, artisauak, ekologistak, euskaltzale
eta feministak, EMAKUME GUZTIOK eduki nahi dugu geure eskubideen gutuna, gaur
egun gure herrian bizi dugun egoera islatu eta gure desioak zehaztuko dituena.
Patriarkatuak, mundu osoan berbera izanda, ez gaituelako era berean ukitzen.
Badagoen jendartearen izaera eta egoera politikoaren arabera itxura ezberdinak
izaten ditu.
Euskal Herrian biztanleriaren erdia baino gehixeago gara emakume, gero eta
emakumezko gehiago ikus daiteke jendartearen arlo ezberdinetan (sozialean,
kulturalean, lan-arloan, sindikalean…), baina hala eta guztiz ere, botere eta
erabaki guneetan gutxiengoa gara: kristalezko sabaia delakoa da.
Balore ekonomiko eta politikoko arloetan oso ordezkaritza murritza daukagu, oso
sektore zehatz eta feminizatuetan sartu gara lan munduan, eta gainera,
eskalarik baxuenetan, gaizki ordaindutako sektoreetan eta kontraturik
prekarioetan. Langabezian luzaroen egoten den pertsona taldea gara, eta beraz,
zerbitzu sozialaren eta halakoen beharrik handiena duena… Prekarietatea eta bazterkeria
dela eta, arreta berezia eskatzen duten sektoreak, alde batetik, etxeko
langileak dira, Gizarte-segurantzaren erregimen orokorrak babesten ez
dituelako, eta bestetik, sexu langileak , eskubiderik ez izateaz gain,
jendarteak loidoztu egiten dituelako. Esanguratsua da arlo bi hauetan batzea
herrialde txirotuetatik etorritako emakume gehienak; izan ere, Atzerritartasun
Legearen arabera, lan ezegonkortasunera kondenatuta baitaude. Arreta berezia
eskatzen du emakume baserritarren egoerak jasaten duen bazterkeriagatik,ingururako
elikagaiak ekoizteak duen errekonozimentu ezagatik,emakume baserritar asko
laguntza familiarra, ezkonkide edo titular kide epigrafeen azpian ezelako
errekonozimentu gabe daude.
Bizitzaren iraupenerako eta zainketarako lanen %80 emakumeok egiten ditugu,
jakien eta elikadura katean emakumeen partehartzea %80koa da, baina lan horiek,
sozialki eta ekonomikoki, ez dira inoiz aintzat hartzen pertsona guztien
bizi-baldintzen ongizatea eta jendarte-antolaketa osatzen laguntzen duten jarduera
bezala. Politikan eta ekonomian, erakundeek eta gizonek, etengabe baztertzen
dute gure lana.
Emakumeen kontrako bortizkeria da giza eskubideen urraketarik larrienetakoa eta
hedatuenetakoa gure jendartean, eta emakume jaio izateagatik bakarrik, geure
kontra egiten diren indarkeria mota guztiak sartzen dira hor: sexu
gehiegikeriak, derrigorrezko prostituzioa, laneko sexu erasoak, bikotekide
ohiaren eskutik emakumeek jasotzen dituzten jipoiak, bai eta heriotza bera
ere…. Mugimendu feministari esker, orain dela urte gutxira arte familia
arazotzat edota arazo pribatutzat hartu izan den fenomeno hau, jendarteko arazo
sozial eta politiko garrantzitsua dela ikusi da. Testuinguru honetan,
nabarmentzekoa da botere publikoen ardura zuzena. Nahiz eta gero eta salaketa
gehiago egin, epaitegi bereziak sortu eta langile gaituak prestatu, emakumeok
gizonen eskutik jasaten dugun biolentziak jendarteko gaitza izaten jarraitzen
du.
Une honetan, emakumeon sexualitatea genero-agindu anitzek mugatzen dute, eta
afektibitate eta sexu-portaerarako jarraibide zehatz batzuek markatzen dute.
Sexu-heziketak zeri begiratzen dion ikustea besterik ez dago:
heterosexualitateari eta koitoari edota nahi ez diren haurdunaldien
prebentzioari. Kontrazepziozko neurriak geuri zuzentzen zaizkigu ia beti.
Abortua kasu jakin batzuetan baino ez da onartzen. Hegoaldean bada Izatezko
Bikoteen Lege bat, emakume lesbianen eskubideak emakume heterosexualenekin
parekatzen dituena, baina, hala ere, lesbianok ikusezin jarraitzen dugu,
identitaterako ezelako keinu txikiena egitea ere zaila delarik.
Edertasun femeninoaren gurtza ez da desagertu, aitzitik, masifikatu egin da,
era guztietako produktuen etengabeko ekoizpenean eta kontsumoan oinarritzen den
sistema ekonomiko honi esker. Kontzientzia kolektiboan barneratu den guraria
da, betiko edertasuna eta gaztetasuna edukitzea, politagoak, argalagoak eta
erakargarriagoak izatea… desiragarriagoak azken batean, eta hori lortu ahal
izateko, arropa eta kosmetikoak erosi behar dira, neurriz kanpoko gimnasia saioak
eta kirurgia arriskutsuak egin, zenbaitetan nahita gosea pasatzeraino ere.
Kultu unibertsala da, eguneroko eginbeharra, emakumeok geure buruaz eta munduan
dugun estatusaz daukan ideiari eragiten dion giza agindu bat.
Euskal herriko emakumeok, beste gatazka politiko bat bizi dugu, gatazka
politikoa, eta herri honetako partaide garen heinean, gure eskubidea da
gatazkaren konponbidean parte hartzea eta eragitea.
Hau dena ez da kasualitate hutsa. Emakumeok, gizonek eta gizonentzat eraikitako
munduan sartu gara. Mundu honek, emakumearen ezkutuko lanaren menpe dagoelako
baino ezin dezake funtzionatu, eta horrela, ezinezkoa da emakumea izanda eroso
sentitzea. Emakumeok gerok eta Mugimendu Feministak egindako presioari esker,
batez ere, hoberanzko aldaketak izan direla ukatu ezin badugu ere, aldaketek,
eurekin batera, kontuan hartu eta aurre egin behar zaien beste erronka batzuk
ekarri dituzte. Horretantxe dihardugu. Feminismoak gai izan behar du, XXI.
mendeko emakumeok aurrean ditugun kontraesanei erantzun politikoak eta jendarte
eredukoak emateko.
|
|
Erantzuteko izena eman behar duzu
|
|