Emakumeok elkartuz eskubideak borrokatu!!!
EMAKUMEA | Emakumeen eskubideen gutuna |
2007/03/6
08:56
2007ko martxoaren 8a iritsi da. Egunkari,
aldizkari, irrati eta telebistako programetan izango du emakumeen egoerari
dagozkien tertulia eta artikuluek beraien lekua egun batez bada ere.
Urola kostako koordinadora feministak ere bere irakurketa plazaratu nahi du
gaur egun dagoen berdintasun faltsu honetatik atera eta benetako jendarte
parekide bat eraikitzearen alde.
Udaletako berdintasun planak, EAE-ko berdintasun legea, espainiar estatuko
tratu txarren aurkako legeak eta itxura hutsean gelditzen diren beste zenbait
neurriren bidez berdintasunaren garaian bizi garela irudikatu nahi digute.
Baina errealitatea oso bestelakoa da. Arlo ekonomiko eta politikoetan oso
ordezkaritza murritza dugu, balore kulturalen sorkuntza eta transmisioan izan
dugun garrantzia ez da ezagutzen, langabezia tasa altuena eta lan kontratu
prekarioenak ditugu, egunero arlo pirbatuan emakumeak egiten dituen lanak ez
dira jendartea sustengatzeko ezinbesteko lan moduan errekonozitzen eta baloratzen,
indarkeria sexita etengabea da, etxean, lanean, kalean, jaietan… gure gorputzak
“perfektuak” izan behar direnaren mezuak etengabe sartzen dizkigute, gure
osasuna arriskuan jartzeraino. Eta oraindik geure gorputzaren gaineko erabakiak
hartzeko ere ez dugu eskubiderik (abortatzeko eskubidea).
Hala ere badira urteetan zehar emakumeen egoeraren inguruan egin diren
lorpenak. Gaur egun “feminismoa” modu despektibo batean ikusarazi nahi diguten
arren, argi dugu emakumeok elkartu gaituen mugimendu feministak urteetan zehar
egindako borrokari esker eman direla aurrerapausoak. Emakumeon egoeraren
inguruko kontzientzia handiagoa dugu, eta arlo desberdinetan elkartu eta
borrokatuz gure lanari etekinak ateratzeko gaitasun handia dugula erakutsi
dugu. Euskal Herriko sentsibilitate desbedinetako emakumeon artean gure
eskubideen gutuna adostu dugu. 2. mailako herritarrak izatetik aterako gaituen
baloreetan oinarritutako jendartea definitu dugu, eta gauden honetatik
emakumeen aurkako zapalketarik gabeko jendarte horretara iristeko ezinbestekoak
zaizkigun eskubideak zerrendatu ditugu.
Argi dugu berdintasun itxura bat ematea gainditu eta benetako helburua
emakumeen aurkako zapalketarekin bukatzea izango duten neurri errealak jarri
behar direla martxan.
Guztion ardura da emakumeon eskubideak bermatuko dituen jendarte eredua
gauzatzea. Patriarkatuan oinarritutako gizartea irauli eta beste bide
batzuetatik ekitea. Horregatik emakume guztiok elkartu eta borrokan jarraitzeko
garaia da! badugulako gauzak aldatzeko gaitasuna, antolatu eta elkartzeak
indartzen gaituelako! Berdintasun faltsu honekin amaitu eta benetako jendarte
parekide bat eraikitzeko garaia delako!!! Emakumeok elkartuz gure eskubideak
borrokatu!!!
|
|
Erantzuteko izena eman behar duzu
|
|