Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko irailek 7,  JAIYE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Blogak »  Di-da!

Di-da!

(uztarria.com)

Azpeitia di-da batean. Sarean topatutakoak, datuak, bitxikeriak... Albiste izatera iristen ez diren kontu txikiak.

 ARTXIBOA

 HARPIDETU

  • Jarioa: XML
  • Blog honetara harpidetu nahi? Mezu bat jasoko duzu zerbait idazten duenean. Sartu hemen zure e-posta:



    (rssfwd zerbitzuari esker)

     ORRI HAU...

     

    Gaia: Gizartea

    ««Itzuli blog osora

    Urtegia, ia beteta

    Gizartea | uztarria.com |  2008/04/1  12:30

    Igoera handia izan du azkeneko egunetan Ibai Eder Nuarbeko urtegiak. Izan ere, martxoaren 25eko datuen arabera, %63,02an zegoen beteta, eta gaur (asteartea, apirilak 1), %88,45ean. Nuarbeko urtegiak Azpeitia ez ezik, Azkoitia, Zestoa, Zumaia, Getaria, Zarautz eta Orio herriak hornitzen ditu; 65.300 biztanle. Denera 11,3 hektometro kubikoko edukiera du.

    Lotura zuzena  |  Erantzun

     

    "Argialde!"

    Gizartea | uztarria.com |  2008/03/25  15:09

    Xabier Euzkitzek lehengo ostegunean Noticias de Gipuzkoa-n idatzitako artikulua da behekoa.
    ---

    Argialde!

    Izaten dira betiko memorian itsatsirik geratzen diren gertakariak. 13-14 urte genituela, lapurreta sonatu bat izan zen Azpeitian, gaur Euskadiko Kutxa denean. Bi mutil gazte sartu ziren, aurpegia estalirik. Banketxeko langileei oihuka eskatu zieten behar zutena: "Dirue! Dirue!". Zer eskatuko zuten ba bestela? Beharginaren erreakzioa ere bitxia izan zen: "Etziok diruik." Arrazoi xelebre hori entzunik, lapurrek logikari erreparatu zioten: "Bankuen diruik eztaola? Ostixek!" Ondorioa begien bistakoa da, lapurrak Azkoitiarrak ziren. Hori bai, egindakoa ezin hobeto disimulatu zuten. Gau hartan bertan txanpain-botila bana eskuetan zutela ibili ziren Azkoitiko kaleetan zehar, eta hurrengo egunean motor bana erosi zuten.

    Astelehen eta asteartez beste lapurreta bi izan dira Gipuzkoan, Andoainen bata, Azpeitian bestea. Azpeitikoa mundiala. Bezperako lapurrek izan zuten arrakastak animaturik-edo, herriko seme batek banketxe batean dirua ostea erabaki zuen. Itxura aldatzea lortuz gero, zein leku aproposagorik norbere herria baino? Banketxearen kokapen eta ezaugarrien berri ongi jakiteaz gain, ezkutalekua gertu. Lapurrak huts egin zuen ordea. Banketxea epaitegiaren ondo-ondoan dago. Azken boladan lanean dihardute eraikin honetan, obratan, baina ertzainak egoten dira, zelatan. Gure lapur gizarajoa banketxean bertan atxilotu zuten.

    Neure burua jarri nahi izan dut horrelako lapurreta bat antolatzen, diseinatzen. Bakarrik egingo al nuke? Laguntzaile bat edo birekin hobe? Nola hurbildu inork gauza arrarorik sumatu gabe? Zein hizkuntzatan mintzatu? Nola izutu jendea? Nola antolatu ihesa? Ez, ez naiz horretarakoa, ez naiz El Solitario. Hura ez zen ez Azpeitiarra, ez Azkoitiarra.

    Lotura zuzena  |  Erantzun

     

    Eugenio Arraiza Langileen Misioen alde Azpeitian

    Gizartea | uztarria.com |  2007/12/12  10:00

    Lehengo igandean zortzi ‘Berria’-n elkarrizketa egin zioten Eugenio Arraiza (Iruñea, 1936) Eusko Kultur Fundazioaren buruari, eta Loiolako kontuak aipatu zituen, besteak beste:

    “Nire bizitzan eragin handia izan du kontra egiteko grinak. Aitak arkitekto izatea nahi zuen, baina nik ez nuen batere argi. Aitak hori nahi zuen, ordea, eta Madrilera joan nintzen ikastera. Baina ez nuen hura batere maite. Hiria hutsa iruditu zitzaidan; hutsa baino, mamirik gabekoa, azal hutsekoa. Beste mundu bat zen. Ondorioz, jesuiten bidea hartu nuen. Kaputxinoak ezagutzen nituen, Lekarozen ikasi bainuen; jesuitak, ordea, ez hainbeste, eta Loiolara joan nintzen. Jesuiten artean ikusi nuen interesgarriak zirela, onak munduarentzat, baina ez zela hura Jesu Kristoren bidea. Tokia hartua zutela mundu berri honetan, eta ezagutzarako motz gelditzen zirela. Han ginen hainbat apaiz, beraz, Langileen Misioan hasi ginen. Jesuitek antolatu zituzten Ama Birjinaren Langile Kongregazioak; guk Langileen Misioen alde egin genuen, Azpeitian. Lantegietara joaten ginen, soldata baten truke. Demokraziaren alde egin genuen trantsizioaren garaian”.

    Lotura zuzena  |  Erantzun

     

    Esther Larrañaga: "Menpekotasun Legearekin kea saldu da asko"

    Gizartea | uztarria.com |  2007/05/15  14:20

    Esther Larrañaga (Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Ekintzako diputatua): "Menpekotasun Legearekin kea saldu da asko, Espainiako Gobernuak beharra daukan bakoitzari hilero 250 euro emango dizkiolako; hau da, behar duena baino %10 gutxiago. Gipuzkoan menpekotasun beharrari ondo erantzuten zaio".

    Lotura zuzena  |  Erantzun

     

    "Ez nekien hilda nengoenik"

    Gizartea | uztarria.com |  2007/04/20  14:59

    Xabier Euzkitzek idatzia atzo (osteguna) Noticias de Gipuzkoa egunkarian:

    “(…) Lehengoan Foru Aldundiaren bulegoetara joan nintzen, paper baten eskean. Artatu ninduen neska ezaguna nuen eta goxo hartu ninduen. Halako batean, aurpegia aldatu zitzaion, zurbildu egin zen. Niri barkamena eskatu eta lankide batengana jo zuen. Berehala ohartu nintzen zerbait xelebrea gertatzen zela, eta badakizue Ogasunarekin ez dagoela txantxarik. Itzuli zenean azalpenak eskatu nizkion, eta erantzunak neu utzi ninduen zurbil: "Ba al dakizu zer gertatzen den? Oso kasu arraroa da, ez dakigu zergatik, baina zu hilda zaudela ageri da gure datu basean, zein egunetan hil zinen ere zehazten du. Lasai, zuzendu dugu". Ez zen txantxetan ari, benetan ari zen, eta ni ere hala ari natzaizue zuei. Bertan hil nadila diodana gezurra bada! Hasieran beldurtu egin nintzen, geroxeago haserretu. Badaezpada ez zioten zergak kobratzeari utzi, ez! Bestalde, hil nintzela garaiz jakinarazi izan balidate, eskelarako bertso itxurazko bat pentsatuko nuen gutxienez. Ez ordea, ez zidaten deus esan. Berriz hiltzen naizenerako erneago egongo naiz".

    Lotura zuzena  |  Erantzun

     

    Albiste zaharragoak »»

    uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
    Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
    Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
    Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
    Sareko Argia 2005 - Estatistikak

    Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
    Parte hartzeko arauak