Egañazpi hil dela
Trikitia | uztarria.com |
2006/04/22
15:46
Joxe Mari Urbieta ‘Egañazpi’ (Zestoa, Gipuzkoa, 1920) pandero jotzailea hil dela eta (urteetan jardun zuen Faustino Azpiazu ‘Sakabi’ trikitilariarekin), iritzi artikulu hau idatzi du gaur Joxe Mari Iriondo azpeitiar kazetariak ‘Berria’-n.
***
Egañazpi hil dela
Trikitizale elkarteko Agurtzane Aizpuruk hots egin zidan atzo, eta “Joxemari, jakin al duzu Egañazpi hil dela?” galdetu. Ez, artean ezer ez nekiela erantzun nion, azkenengo urte hauetan koplari paregabe haren pista galduta nuen-eta. Baina pena hartu nuen gogotik, eta gogoeta eta pentsamentu pila etorri burura bat-batean. Zorion bila zebilela esan zidan behin, eta zorion horixe izan dezan opa diot.
1962ko udaberrian ezagutu nuen Egañazpi. Sakabi eta Justo Goikoetxea Orkazarrerekin etorri eta Loiolako Herri irratian egin genuen lehenengo grabaketa. Oraindik ere belarrian daukat haren eztarriaren ederra: ‘Zure urtebetetzea’, ‘Ehiztarien gozamena’, ‘Aupa pelotariak’… Zortzi edo bederatzi saio grabatu genituen bata bestearen ondoren.
Handik aurrera, grabaketa gehiago egin genituen berriro Loiolan Sakabi eta Egañazpirekin. Eta irratian urtero antolatu ohi genuen Bertsolari Gazteen sariketak zirela-eta, 1962an Azpeitiko Zelaitxo antzokian eta 1969an Azkoitiko pilotalekuan egin genituen jaialdietan ere haietaz baliatu ginen jendaurreko jaialdiak osatu eta edertzeko. Bikote egokia zen, eta bakoitzak bere zeregina ongi zaintzen zekiten, nahiz eta gidaria Sakabi handia izaten zen.
Ez zuen garai bateko Joxe Oria edo Benito Osaren airea eta tesitura; baina koplari bete-betea zen. Besteak beste, 1970ean Donostian egin zen Trikitilarien Lehenengo txapelketan bikoterik onenaren saria ez ezik koplari onenarena ere eman zioten. Eztarri ederrekoa zen, batere behartu gabe gozo asko kantatzen zekiena. Berdin zitzaion hari lau kopla nahiz 24 kantatu, bere indarrak ondo neurtu eta behar bezala modulatzen zekien-eta. Eztarria nola zaintzen zuen galdetu nion behin, eta “panuelo xahar bat lepoan jarri eta horrelaxe”, erantzun zidan, sano asko.
Jendearen aurrean lehenengo saioa Zarauzko eztei-festa batean egin zuen, eta harrezkero Euskal Herri osoan ibili zen, panderoa jo eta kantatu. 1992ko Santa Lutzia egunean Zumarragan egin zuela azkenengo plaza esan zidan orain hamar bat urte berarekin topo eginda. Bere bizitzako bidea beste bide batzuetan aurkitu zuela eta oso zoriontsu zela aitortu zidan. Eta, ondo pentsatuta, zer hoberik behar du gizonak?
|
1. Josteko makina - 2006-04-24 | 12:55
Amagoia Iban azpeitiar kazetariak iritzi artikulu hau idatzi zuen atzo (igandea) 'Berria'-n:
***
Josteko makina
"Gure diskoteka hauxe!", Karmenek, dantza sokan sartu aurretik. Ez zuen gezurrik esan, haien biribilean saltoka ari zirenetako bakoitzak bere dantzakera pertsonalizatua zeukan. Plaza beste dantza eskolarik izan ez dutenen keinu jolasak, mugimendu aldaera infinituak agerian. Barreak. Eta ile apaindegitik pasatu berria, oinak orratz, emakume bat pista zeharkatzen hasita. Puntada zaparrada musika-jostun haren zangoen tiki-taka. "Zenbat pauso egiten ditu horrek guk bi egiteko behar dugun denboran?", zuen artean galdera. Bataiatu egin zenuten, 'Josteko Makina' eman zenioten izena. Pieza bukatu eta beste bat jotzen hasi ziren musikariak. Sakabiren 'Azpeitiko fandangoa' zen, aspalditik maitea duzulako ezagutu zenuen. Karmen etorri zen, eztarria bustitzera. "Zenbat aldiz berotu digun barrena Sakabik, Egañazpirekin batera! Pieza hau lehen aldiz entzun nuenean... nola esan... hesteak ere urtu egin zitzaizkidan".<br>
Disko bat bilatu, aurkitu, jarri. 'Azpeitiko fandangoa' etxean, Egañazpi hil dela jakitean. Hesteetako etentxoa josteko puntada batzuk asmatu, eta, konturatzerako, dantza etorri. Tristura jotzeko makina bat bihurtu zara.<br>
|
Erantzuteko izena eman behar duzu
|
|